Oskar Matute: «Nazio espainolaren esentzia jarri dugu eztabaidan»

  • 1972an jaioa Bilbon. EHUn diplomatua enpresa-ikasketetan. Intsumisio mugimenduen eta alderdi komunistaren ildotan aritua. Ezker Batua/Berdeak (EB) Presidentziako kidea eta honen ordezkaria IUn. EAEko legebiltzarkidea da. EBren subiranotasuna, gizarteari lotutako politika eta euskal ezkerraren batasuna ditu helburu. Ibarretxe Plana Diputatuen Kongresutik pasa aitzin mintzatu ginen Oskar Matuterekin. Plana atzera botako zutela iragarrita zegoen ordurako. Planari buruz eta egoera politikoaz bere iritziak oso interesgarriak iruditu zaizkigu.

2005eko otsailaren 06an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Eusko Legebiltzarreko eztabaidek ezaguna egin dute Oskar Matute. Legealdi honetan hasi berria izaki, hastapenean ea tribunan bertigoa sentitzen ote den aipatu diogu: «Politikako bertigoa Lizarra-Garaziko Akordioaren eztabaidetan gainditu nuen, hasi berria eta gazteagoa nintzela. Orduko eztabaidek asko lagundu zidaten Legebiltzarreko geroko agerraldietan lasai eta ziur samar aritzeko. Hala ere, oraindik ere une bereziak bizitzen ditut. Gizarte mugimenduetatik nator, muturreko jarrerak defendatzeko ohituta. Batzordeetako eztabaidetan ere berdin gertatzen zait, alderdiaren programaren maximoekin zoaz negoziatzera eta txinpartak ikusten dituzula atera zaitezke. Defendatzen duzuna ez da zuk nahiko zenukeen guztia eta finean pragmatikoa izan behar duzu».

Nola hartu zenuen Eusko Jaurlaritzaren Estatutu Berrirako Proposamena Legebiltzarrean onartu izana?
Ustekabez, eta besterik dioenak gezurra dio. Zurrumurruak ibili ziren, baina, SA kenduta, gainontzekook ez genekien ezer. Gainerakoan, harrezkero jokaleku politikoa aldatu da. Alderdi politiko guztiok Ibarretxe Plana onartu gabeko jokaleku politikoa sumatzen genuen une honetarako, eta EAJ-EAri bereziki, eta guztioi oro har, maiatzeko hauteskundeetarako bestelako egoera politikoa ekarri digu.

EBtik nola aztertu duzue egoera?
Egoerak alderdi guztiok une politikoa arakatzera behartu gaitu. Ez gaitu gure diskurtsoa aldatzera behartu, baina gure diskurtsoaren zein zatik zentzurik ez duen aztertzera behartu gaitu. Tempo politikoa aldatu da. Dena dela ere, baikorrak izan behar dugu, Ibarretxe Plana ez da EBrena, gurea Atxikimendu Libreko Federalismoa da. EAk ere badu berea, Batasunak planaren parte bat baietsi du. Garrantzizkoena Ibarretxe Planaren birtualtasunak Euskadi estatuko eztabaida politikoan kokatu izana da.

Plana onartutakoan IUren jarrera ez zen oso lagungarria. Harritu al zintuen?
Bai. Planaren onarpenak IU ere ustekabean harrapatu zuen. Nik IUren jarrera ulertzen dut, errespetatu ere, baina ez nator bat. IUk ausartagoa izan beharko luke, eta ez EBri mesede egiteko. IUk estatuko ezkerra izaki, ezkerraren sen demokratikoa erakutsi behar dio gizarteari eta PSOEri berari. PSOEren politika aldaketarako nahikundea besterik ez da, alderdikeria. IUk, aldiz, aldaketarako nahikarian, estatua demokratizatzeko jarrera tinkoa agertu behar du. Ezkerrak herrien nazio eskubideen aldeko jarrera sendotu eta errespetatu behar du.

Ibarretxe Plana ahulduta al dago?
Ez. Eszenatokia ez da horrenbeste aldatu. Ez dago onartua izan ez balego baino ahulduagoa. Legebiltzarrean aurrera egin ondoren indartuago dago, eta aldi berean, Diputatuen Kongresuan aurrera egingo ez duenez, bere ibilbidea bukatuko da. Nolanahi den ere, nik plana prozesu baterako lokomotora gisa ikusten dut, bere bagoiak euskal gizartea dira. Bidez bide, lokomotora berritu edo indartu beharko da, batzutan abiadura batean joango da, eta bestetan beste batean. Alabaina, prozesua abian da, eta lehen helmuga da jakitea ea herri honek bere norabideaz erabakitzen ahal duen edo ez. Eta erabakitzen duena errespetatzen den edo ez.

Bidez bide, estatu krisiaz ere mintzatu da.
Guztiok teorizatu dugu jokalekuaz, baina ez genuen espero horren arin jarri beharko zenik praktikan. Teorizatzea erraz samarra da, praktikara eramatea, berriz, ez. Nazio espainolaren esentzia eztabaidan jarri dugu Legebiltzarrean. Herri eta nazioak Espainiako Estatuan egoteko moduaz eztabaidatzen ari gara. Estatuko sektore erreakzionarioen lekua »frankismoaren garaitik hor daudenak» zalantzan ipini dugu. Eragile bakoitzaren rola aldatuz joan da poliki-poliki eta orain estatuko botereetan beldurra dago.

Beldurra edo aldaketa kontrolatzeko beharra dago. Erregea, Raxoi eta Zapateroren bilera lekuko.
Egia esan, Erregea, Zapatero eta Raxoiren bilerak zertxobait beldurtu ninduen. Erregeak 1981ean jokatu zuen rola berriz ere jokatu nahi eta ahal izatea izugarria da. LOAPA bideratu eta estatu kolpea ekarri zituena, alegia. Koroa nazio kohesiorako osagaia izateak nazkatzen nau. Ez dut monarkian sinesten, ez nazio kohesio inposatuan. Hau da, PP »honetan dudarik gabe» eta PSOE alderdietako sektore zenbaitek oraindik ere Espainiaren patua unibertsaltasunaren patua dela pentsatzen dutela sentitzea ikaragarria da.

PSE-EEko «Patxi Lopez lehendakaria» aukera ahulduta omen dago orain. Nola ikusten duzu PSE eta PSOE oro har?
Lekuz kanpo ikusten ditut. Ziur aski nik ez ditudan datuak eta elementuak dituzte eta horrek abantaila ematen die. Baina, antza, eztabaida ez da joan haiek nahi zuten moduan, denboran eta erritmoan. «Patxi Lopez lehendakaria» kanpaina, PSE-EE Pasqual Maragallen ildoan garatzeko nahia eta Aldaketa hauteskunde-plataforma soziala pikutara joan zaizkie neurri batean. Alabaina PSOEk erantzukizun berebizikoa eta historikoa dauka. Sozialistek gatazka klabe politikoetara egokitu behar dute, berau amaitzeko aukera landu. Arazoa mahai gainera eramateko unea iritsi zaio. Alderdi sozialista ausartuko al da, edo aitzitik, orain arte bezala uzkurtuko ote?

Batasuna egoeraz jabetu dela dirudi. Batasunaren erabakiek tsunami politikoa eragin dute. Zer diozu Batasuna eta PSOEren arteko balizko harremanez?
Egoera eta ingurua aztertzen ari dira. Bakoitzaren asmoak eta konfiantzak ari dira neurtzen, test moduko bat burutzen ari dira. Erantzun neurritsuak ematen dizkiote elkarri, horien arabera zein neurrian aurrera egin dezaketen ikusteko. Tsunami politikoarena egia da, azken hamar urtetan ezagutu diren hamar egun zorabiagarrienak izan dira. Legebiltzarreko bozketa, proposamenak, eskutitzak…

Alderdien arteko mahaia osatzearen beharra aipatzen dute bi alderdi horiek. EBtik nola baloratzen duzue egoera?
Ondo dago. Baina duela bi urte alderdien mahaia osatzearen beharra aipatzea ETAren aurrean amore ematea zen, PP eta PSOEren hitzetan behintzat. Orain, bat-batean, Batasunaren jarrera aldaketak sozialisten jarrera aldaketa ahalbidetu du eta PP bakarrik geratzeko beldur da. PSOEk Estatutuaren aldaketaz hitz egiten du eta PPk Estatutua sakontzeaz. Baina, kontuz, alderdi bi hauek hitzekin jolasten trebeak dira oso. PSOEk eta PPk hitzei beraiek nahi duten zentzua ematen diete. Hau da, guk «alderdien arteko mahaiari bai» diogu, baina ez entzungorren arteko elkarrizketa gauzatzeko. EBren aldetik ez ditugu alderdien arteko mahai gainean baldintzak jartzen, baldintza demokratikoak sortu behar direla eta alderdien arteko akordioa herri kontsultak berretsia izan behar duela diogu. Areago, akordioak ez duela behin betiko izan behar, etorkizunean ere berritu ahal izateko zabalik izan behar duela baizik. Hori da alderdien arteko mahaia osatzeak eskatzen duen test edo proba. Euskal Herriak »duela 25 urte bezala» libre izan behar du hautatzeko, baina ez betiko, batzuek nahi duten bezala.

Lizarra-Garaziko zikloa gogoan, nola dago EB ziklo berri honen aurrean?
Gero eta hobekiago. Lizarra-Garaziko prozesuan asko ikasi genuen politikaren erritmoez eta pedagogiaz. Gure burua hobeto ezagutzeko prozesua izan zen. Ez naiz damutzen EBk prozesu hartan jokatu zuen rolaz. Egun ez dut orduko gizartean ikusten nuen beligerantzia sumatzen, ez dago Lizarra-Garaziko prozesuaren ondoren sorrarazi zen izua. Dudak daude, baina ez beldurra. Artean, guk subiranotasunaren bidean eboluzionatu dugu, gure hautesleentzat eta gizartearentzat gure xedeak geroz eta logikoagoak eta arrazionalagoak dira. EBk bere tokia aurkitu du, gero eta hobekiago kokatuta gaude.

Zer balantze egiten duzu EBk Eusko Jaurlaritzan egindako lanaz?
Hasteko, nik neronek 15 legebiltzarkide eduki nahi nuke EAEko gobernuan aritzeko. Hartara, hobekiago babestuko genituzke ezkerreko helburuak eta areago eragingo genuke gobernu honen politikan. Baina 3 gara eta ez 15. Edonola ere, ariketa praktiko ona egin dugu ezkerretik. Kontzientzia kolektiboaren alderdia izan nahi dugu, jendearen kontzientzia kritikoa esnatu eta bere arazoak konpontzen saiatu gara. EBk politika publikoa kudeatzeko modu berriak erakutsi ditu. Etxebizitza, droga-mendekotasun eta inmigrazio gaietan lortutakoak, egin ote ditugun akatsak baino gehiago dira. Balantzea baikorra da. Gure espektro ideologiko eta gure jomugen ibilbidean aritu gara, gure nortasuna galdu gabe, EAJren helmugetatik desberdindu gara. Jakina, guk ezkerraren gobernu hegemonikoa nahi genuke, ezkerreko nortasun ezberdinez osatua. Baina, hori lortu bitartean beharrezkoa da gobernu anitzetan ezkerraren parte-hartzea, ezkerra gobernu mota hauetan aritzea jarduera publikoaren kudeaketa gizarteko sektorerik xumeen mesedetan jartzeko modua da.

Inoiz gatazka egoera hau gaindituko balitz, non aurki lezake EBk bere tokia euskal politikan?
Euskal ezkerrean. Erakunde politikoak, sindikal nahiz sozialak ez dira helburu, bidegabekeriak aldatzeko tresnak baizik. Horretan du zentzua erakundetze publikoak, herritarren mesederako lanabes baliagarria bihurtzean. Beti ere, ahaztu gabe, lanabes hori ezkerraren zati bat dela, eta ez osoa. Etorkizuneko euskal ezkerrak EB kontuan hartu beharko du. Ataka honetatik ateratakoan etorkizun sendoa aurreikusten diot EBri. Mapa politikoa argitu ostean, konfigurazio berriak izango dira eta EBk bere tokia aurkituko du. EB da Espainiako Estatuan azken 10 urtetan bilakabide azkarrena izan duen alderdia. Arriskuak hartuz, gidoia aldatuz, unean uneko klabeak ulertuz, zenari uko egin gabe beste eremu batzuetara bide egin du EBk. Espainiar eskuina/ezkerra eta euskal eskuina/ezkerra bitasuna hautsi ditu, modu teorikoan oraindik. Etorkizunean ordea, euskal ezkerraren ezaugarri asko EBrenak izango dira.


Azkenak
Gazara martxak bere helburua mantentzen du Egiptoko Gobernuaren errepresioaren gainetik

Egiptoko Poliziak militante ugari atxilotu ditu ostiralean, eta hainbat zauritu eragin, protesta oztopatzeko saiakeratan. Nazioarteko martxaren antolatzaileek adierazi dute aurrera jarraituko dutela, eta datozen orduetan erabakiko dituzte hurrengo pauso zehatzak.


Euskadi nazioa da

2025eko Aberri Egunean, Imanol Pradales lehendakari jaunak “Euskadi Nazioa da” eta “hemen jarraitzen dugu eta jarraituko dugu, gure hizkuntzarekin eta gure nazio nortasunarekin, ez izan zalantzarik”, ozenki esan zituen.

Euskalduna naizen aldetik,... [+]


Sader-Profersaren Zorrotzako lantegien jarduera etetea eskatu dute auzokideek osasuna kaltetzen duelako

Auzo elkarteak, herri mugimenduak eta ekologistak batu ziren asteazkeneko kontzentrazioan. Lantegien jardueraren amaiera itxaroten ari dira duela hamar urte.
 


Landaguneen despopulazioa
Perotx oinetxea birgaitu, Nafarroako Urraul Goiti biziberritzeko

Nafarroako landa gune asko daude despopulazio arrisku larrian eta horietako bat da Urraul Goiti Pirinioaurreko bailara. Hango Adoain herrian biztanle bakarra bizi da iraunkorki eta 93 urte ditu. Han da ere Perotx oinetxe zaharra eta berau birgaitzeko herri ekimena abiarazi dute.


Tunisiatik Gazara abiaturiko ‘Al Soumoud’ auto-karabana geldiarazi dute Libiako Sirte hirian

Asteartean pasa zuten Tunisia eta Libiaren arteko muga, ondotik Egiptora sartu eta bertatik Gazara heltzeko asmoz. Berez, Libiako autoritateen babesa jasota du ekimenak, eta jarrera horri segika bidea berriz irekitzea galdetu diete poliziei antolatzaileek.


Israelen erasoaren aurrean, Iranek mendekua iragarri du eta 100 bat dronerekin erantzun du

Israelek Iranen aurka orain arte egindako aire eraso gogorrena egin du ostiral goizaldean, Leon operazioa-rekin. Erasoan, Israelgo Armadako 200 bat gerra hegazkinek hartu dute parte eta kalte handiak eragin dituzte Iraneko nuklear programa garatzeko eta misil balistikoak... [+]


Bilboko San Frantziskon ertzainek egindako eraso bat ikertzen ari da Segurtasun Saila

Erasoa Bilboko kale horretako ile apaindegi batean egin zuten maiatzean. Erasoa grabatua izan zen eta auzokideek salatu zuten.


Agus Gorbea, Gazako martxatik deportatua
“Martxak ezin badu aurrera egin, beste alternatiba batzuk jarriko dituzte martxan; zerbait egingo dute ziur”

Gazarako Martxara bidean, Kairoko aireportuan atxilotu zituzten euskal herritarren artean dago Agus Gorbea, eta momentuz deportatu duten bakarra izan da. Euskal Herrira bidean dagoela erantzun ditu ARGIAren galderak.


2025-06-13 | Irutxuloko Hitza
Palestinaren aldeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian

Palestinako herria pairatzen ari den genozidioa salatzeko bi eguneko baraualdia egingo du Argituz elkarteak Donostian asteburu honetan, larunbatean eta igandean. Garibai kaleko 19. zenbakian egingo dute elkartasun ekintza.


Israel gosea arma gisa erabiltzen ari dela salatu du Nazio Batuen Batzar Orokorrak

Espainiako Estatuak eta Palestinak bultzatuta, 146 herrialdek alde bozkatu dute, 12k kontra eta 19 abstenitu dira. Ebazpenak Gazako sarraskia eta Israelen hedapena Zisjordanian salatu ditu eta nazioarteko ebazpen judizialak betetzea eskatu.


Zer egin Lemoizko zentral nuklearragaz?

1984an, Lemoizko zentral nuklearrak bere ateak betirako itxi zituen, konpondu gabeko urteetako gatazka eta zauriak atzean utzita; zentralaren azpiegitura ia berdin mantendu da, eta gertatutakoa, isilpean iraun du. Orain, tokikoek hainbat proiektu proposatu dituzte Basorda kalako... [+]


Eguneraketa berriak daude