Landareak: Bizitza hesitu, hesia bizitu


2005eko urtarrilaren 30ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Landaketa sasoi betea da. Eguna luzatzen hasia da eta konturatzerako izerdi berria mugituko da eta landaketak ahantzi eta txertaketak eta inausketak egin beharrean izango gara. Izerdia berritu arteko tarte hau dugu hostoa galtzen dutenak aldatzeko: zuhaitzak, arbolak, zuhaixkak... banaka, multzoka, ilaran, hesian...
Hesiak gero eta ugariagoak dira, jabego moderno berekoiaren adierazle argi. Barrukoa neurea da, dotorea eta kanpokoa denona, publikoa, lardaskeria... Landare bakarrez osatutako hesiak dira nagusi, ia erabat koniferoren batekin eginak. Urte osoan kolore eta forma bera mantentzen dutenak: kartzela monotono eta itsusiak.
Hesiren bat egin asmotan bazara bizitza hesitu beharrean hesia bera bizitu ezazu. Eman kolore, forma, lore, fruitu eta abar itxiturari. Hesi itxia bizitzara suspertu, ireki. Hostoak galtzen dituztenak eta hostaiari eusten diotenak, hosto handiak eta txikiak, hostoak eta orriak, landare tenteak eta makurtuak, urte-sasoi guztietan loreak emango dituztenak, hostoak gorri, hori eta arretuko dituztenak, hostoak ihartuagatik eroriko ez zaizkienak, fruitu gozoak eskainiko dituztenak... aukera ikaragarria da: gurbitza, gorostia, hagina, pagoa, ereinotza, arkakaratsa, zumea, sahatsa, elorri zuria eta beltza, artea, basa-erratza, hurritza, txilarrak, huntzak, astigarrak, urkia, zumalikarra, garoak, zuhandorra, maltza, otsolizarra...
Hesia egiterakoan urte guztian izan dezakezun ikuskizun bizia edo beti berdin izango den eta atzenean ikusi ere egingo ez duzun horma bat diseinatu dezakezu. Nahi izatera, horra hor, ortzadarra zure esku... egunero.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!