Eliza barruko iraultza

  • Denborak aurrera egin ahala aldatu ohi dira gizarteko baloreak, iritziak, legeak... Boterea bera aldatzen da, edo, botere hori betetzen dutenak aldatzen dira. Eliza ordea, ez da aldatu. Hori da behintzat azkenaldian Elizako zenbait ordezkarik egindako adierazpenek agertzen dutena. Alderdi sozialistak Espainiako gobernuan dagoenetik hainbat lege erreforma iragarri du. Eliza Katolikoaren doktrinak onartzen ez dituen gaien ingurukoak dira erreforma ugari. Horregatik, denbora igaro ahala gero eta handiagoa dirudi gizartea eta Eliza katolikoaren arteko aldeak. Elizan bertan, barrutik erakundearen aldaketa eskatzen duten ahotsak ere agertzen ari dira pixkanaka. Eliza Gara izeneko mugimendua da ahots horien adibideetako bat: Eliza barruan ikusten dituen hainbat jokaera kritikatzen ditu mugimendu honek, baina aldi berean mugimendu horren sortzaileek Elizaren barruan jarraitu nahi dute.

2005eko urtarrilaren 30an

Kanpandorreek erakusten dute Eliza Katolikoaren handitasuna. Oraindik ere, gure ingurura begiratu eta herri gehienetako eraikinik nabarmenenak elizak dira. Garai batean, Erromatik abiatutako erakundeak izandako nagusitasunaren erakusle dira.

Denbora, ordea, ez da alferrik pasatzen eta garaiak aldatu egiten dira. Hainbeste esparrutan izan zuen nagusitasun hura, murriztu egin da. Politika mailan ez du ia aparteko eraginik, gizarteak ez dio lehen adinako jaramonik egiten bere moralari eta jarraitzaileak urritu egin dira.

Hori, gure artean, nabarmenagoa izan da Espainiako Gobernuan alderdi aldaketa izan denetik. Iazko martxora arte, Alderdi Popularra agintean izanda, Elizako agintarien ahotsa ez zen gehiegitan entzun.

PSOE agintera iristearekin, ordea, lege erreforma askoren iragarpenak, Elizako goi agintarien amorrua azaleratu du.

Erreforma horietako asko, Eliza Katolikoaren doktrinak zigortzen dituen gaien ingurukoak dira: abortoaren lege erreforma, dibortzioarena, homosexualen arteko ezkontzak baimentzea... Eskola publikoetatik erlijio ikasgaia kentzea edota Elizari diru publikoa emateari iraungitze data jartzeak ere haserrea piztu du.
Gai hauek guztiek erabat asaldatutako gotzain askoren adierazpen publikoak eragin dituzte. Agerraldi horietan esandakoek, komunikabideetan bildu eta gehientsuenetan, iritzi publikoaren babesik ez dute jaso. Are gehiago, gizarte mugimendu eta herritar askoren haserrea piztu dute.

Adibide argiena, orain gutxi eman du Fernando Sebastian Iruñeko Artzapezpiku eta Tuterako Gotzainak, gutun pastoralean. Homosexualen ezkontza legeztatzearen harira, homosexualak gaizki eratutako pertsonak direla eta dena libre den gizartean, homosexual epidemia sor daitekeela esan zuen.

Inor ez da gutun pastoral horren alde hizketan nabarmendu. Aurka berriz, ahots asko entzun da, jendea kalera irten da eta homofobia bultzatzeagatik epaitegietara eramatea komeni dela aipatu duenik ere bada.

Eliza gizartearen gehiengoarekin bat ez datorrela argi adierazten du horrek. Askoren ustez, Elizaren adierazpen atzerakoiak, txikitzen ari den inperio batek defentsiban dagoela izandako amorraldiaren ondorio dira.

Elizatik, ordea, bere doktrinan gauza bat esan arren eta hierarkiaren adierazpenak norabide berean doazen arren, bestelakorik ere irtetzen da. Eliza Gara mugimendua horren erakusle da: Eliza barrutik, Eliza bera berritu, aldatu eta astindu nahian.

Jarrera ofizialarekin deseroso

Bea eta Egoitz, errealitate desberdinetatik datozen arren, biak giro elizkoiean haziak dira. 30 urteren bueltan dabiltza.

Adin horretarako, gazte gehientsuenak aldenduak dira, egungo gizartean, Eliza Katolikoaren itzaletik. Eurek, ordea, bertan jarraitzeko hautua egin dute.

Kristautasuna barruan sentitzen dute eta Elizaren baitan bizi izan dute betidanik. Ez daude, ordea, eroso. Gizarte honetakoak dira eurak, gizarte honetako arazoak dituzte, eta ez zaie iruditzen Eliza Katolikoak gaur egungo arazo hauei erantzuten dakienik.

Horregatik sortu zuten orain dela bi urte, Eliza Gara taldea. Nazioarteko mugimendu batek Bizkaian duen espresioa da uneotan Eliza Gara. "Ordurako, lagun baten etxean biltzen ginen, Eliza barruan lanean genbiltzan eta erreta geunden hainbat lagun. Pastoral lan desberdinak egiten genituen, bai boluntario, bai kontratatu bezala eta gure burua deseroso sentitzen genuen Elizaren jarrera ofizialarekin", dio Bea Uriartek. Urtebeteko gogoeta sakonaren ondoren erabaki zuten, nazioarteko mugimenduaren atal bezala eratzea.

1995. urtean sortu zen mugimendua, Alemania eta Austrian. Oso denbora gutxian hedatu zen Europako beste lurralde askotara.

Ez datoz Elizarekin bat. Sutu egiten ditu hierarkiari ikusten dizkioten hainbat jokamoldek. Baina ez daude Elizatik alde egiteko prest. Horregatik diote, "Eliza Gara".

Zer aldatu asko

Eliza solidario bat aldarrikatzen dute, emakume eta gizonezkoen artean bereizketarik egingo ez duena, demokratikoa, homosexualitatea begi onez hartuko duena edota zelibatoa aukera askeko joko duena.

Gaur egun Eliza Katolikoaren hierarkiak duen planteamendu askotatik urrun dago, eurek nahi luketen Eliza. Bea Uriartek, esaterako, emakumeak erabat bazterturik ikusten ditu. "Nik, emakume izateagatik, ezingo nuke inoiz iritsi, gizonezko bat Elizaren hierarkian irits daitekeen mailara. Ezin dut esaterako, apaiz izan. Horrexegatik, lagunen batek seminariorako bidea hartuko balu, iraindua sentituko nintzateke, nire gainetik jarri nahi duela ulertuko bainuke".

Demokrazia gutxi ikusten dute hierarkia horretan. Goitik datozen aginduak, behean obeditzen direla esaten dute. Egoitz Zabala ausartzen da esatera, Eliza "inon dagoen erakunderik antidemokratikoena" dela.

Goia eta behea bat ez datozela ere uste dute. Homosexualitatearen kasuan esaterako, Elizaren hierarkiak ez du homosexualitatea begi onez ikusten. "Kristau komunitateetan ordea, homosexualek normaltasunez bizi dezakete euren joera sexuala", dio Egoitzek.

Zergatik jarraitu?

Desadostasunak neurri honetarainokoak izanda, neurri batean kosta egiten da Eliza Katolikoaren barruan parte hartuz zergatik jarraitzen duten ulertzea. Eurek ere sarri egin omen diote galdera hori euren buruari. Egoitzek onartzen du, "orain bi urte Eliza Gara sortu izan ez balitz, agian ni gaur erabat aldenduta egongo nintzateke".

Ez zaie iruditzen, ordea, fedea, kristautasuna eta Eliza bera, hierarkiaren jabego direnik. Eurak ere Elizaren parte sentitzen dira, Ricardo Blazquez Bilboko gotzainak, "Eliza gara, ez da eliza" esan ziela gogoan duten arren.

Egoitz Zabalaren esanetan, "gauza on asko eman dizkit niri Elizak eta haren bidez jende askori lagundu ahal izan diot. Hori argi izan arren, argi dut baita ere Eliza honetako gauza askorekin ez natorrela bat eta horregatik nahi dut barrutik aldaketa eragitea".

Aldaketa horiek eragin nahian, orain arte hainbat kanpaina burutu dute. Euren lehenengo kanpaina, apaiz izateko prest leudeken 200 bat emakumeen sinadura biltzea izan zen. Urkiolako meza batean, Bilboko gotzainaren aurrean euren asmoak azalduz eta hierarkia amorratuz idatzi bat ere irakurri zuten. Laizismoaren aldeko manifestu bat sinatu berri dute orain beste hainbat talderekin eta ondorengo hilabeteetarako ere badute aurreikusitako zereginik.

Desberdintasun nabarmena ikusten dute, bestalde, nazioarteko mugimenduaren eta eurenaren arteko lan moduetan. Espainian, esaterako, "gehiago dira hitzaldiak eman, gogoeta egin eta jardunaldiak antolatzekoak. Gu ekintza zaleagoak gara", dio Bea Uriartek.

Dozena bat lagun baino gehiago biltzen dira Bilbon astero egiten dituzten bileretan. Durango, Mungia eta Arratialdean, berriz, babesten dituzten taldeak daude, egingo diren ekintzetan parte hartzeko prest.

Itxaropenik, apenas

Badakite, ordea, euren helburua zaila dela. Ez dute gainera itxaropen askorik ageri, Elizako hierarkia inoiz baino egoskorrago ikusten baitute.

Eliza aldatzen bada, hierarkiaren beharragatik izango omen da, uste osoengatik baino. Emakumeei ardura gehiago ematen bazaizkie, esaterako, ez omen da izango hala pentsatzen dutelako, apaiz eskasia handia dagoelako baizik.

Baina lorpen bezala ikusten dute gizartean eztabaida sortu izana. "Kristau komunitateetan orain arte tabu ziren gaiak ari dira irteten, jendearen artean kontzientziazio lana ari gara egiten eta eztabaidarako esparruak sortu ditugu. Hori asko da", dio Bea Uriartek.

Urkiola mugarri
Eliza Gara mugimenduaren garapenean, ahaztu ezinekoa da Urkiolan iazko apirilaren 25ean gertaturikoa. Bizkaiko Elizbarrutiak, urtean behin gazteekin egiten duen elizkizun-topaketa batzuren amaieran, Egoitz Zabala aldarera igo zen. Kolonbian txiroen artean izandako esperientzia kontatu behar zuen berez, baina bere hitzak, beste norabide batean joan ziren.

Berak bezala, Elizaren barruan beste edonork ere argi hitz egiteko gutxienez hiru minutu behar lituzkeela aldarrikatu zuen. Elizaren egitura matxista eta hierarkizatuak baztertzen dituenei elkartasuna adierazi zien eta aipamen berezia izan zuen itzalean lan egiten duten emakumeentzat. Homosexualitatearen eta fedea bizitzearen artean kontraesanik ez dagoela ere esan zuen eta Elizako arduradunei argitu zien joera sexualaren adierazpen askea ukatzeak, pertsona mugatzen duela eta frustrazio eta diskriminazio egoerak sortzen dituela.

Urduritasunez jarraitu zituzten Egoitzen hitzak Elizako arduradunek. Behean zegoen jendeak hirutan eten zuen bere jarduna, txaloekin.

Apirileko igande hartan gertaturikoak, ondorio eta zalaparta asko ekarri du.

Komunikabideetan oihartzun nabarmena izan zuen gertakariak eta ondorioz, gizarteak izan zuen Eliza Gara mugimenduaren berri.

Bestalde, Aitor Urresti, Bilboko Elizbarrutiak kontrataturik zuen gaztea, lanetik bota zuten. Eliza Garako kide da Urresti, eta garai hartan gazteen pastoralean ardurak zituen. Berak ahalbidetu zuen Egoitz Zabala aldarera igotzea.

Anjel Mari Unzueta Bikarioak dio Urkiolako elizkizunean ez zela batere garbi jokatu: »Gotzainak Aitorri azalpenak eskatu zizkion arren, berak ez zion horrelakorik eman. Ordura arteko konfiantzazko loturari eustea ezinezkoa bilakatu zen".

Urrestiren kaleratzeak elizbarrutiko talde askoren haserrea piztu du, eta elizako talde desberdinetan lan egiten duten ehunka lagunek argitara eman berri dute kaleratze hau salatzeko sinatu duten eta Ricardo Blazquez gotzainari igorri dioten gutuna.

Elizari entzunak
Raymond Burke (La Crossem Wisconsingo gotzaina): «Abortoa edo eutanasia babesten duten elizbarruti honetako legegizonak, ez daitezela jaunartzera etorri. Ez zaie komuniorik emango».

Juan Antonio Reig Pla (Segorbe-Castellongo gotzaina): "Eutanasia antidemokratikoa eta antisoziala da, heriotza eta hiltzeko obsesioa, justiziaren esparruan jartzen dituelako».

Antonio Maria Rouco Varela (Espainiako Gotzain konferentziako presidentea): "Bikote homosexualei ezkontzen uzteak, Gizarte Segurantzaren porrota ekarriko du... populazioa zahartzea eta haur eta gazteen sufrimendua ekarriko duelako».

Juan Antonio Martinez Camino (Gotzain Konferentziako bozeramalea): "Ez da egia, preserbatiboa erabiltzea sexu segurua izatea denik. Arrisku handia dago. Hiesa bezalako gaixotasunak ez hartzeko bide eraginkorrena, fideltasuna da".

Jose Gea Escolano (Mondoñedo-Ferroleko gotzaina): "Dibortziatu batekin ezkondu den emakume batek erlijio eskolak ematea, Taliban batek demokrazia eskolak ematea bezalakoa da".

Eliza Gara-ren 10 oinarriak
1- Eliza solidario eta pobrea. Munduko txiro eta baztertuen askapenarekin bat egiten duena.
2- Anaia eta arreben eliza, gizon eta emakumeek eskubide berdinak izango dituztena.
3- Eliza partehartzaile eta demokratikoa, artzaiak aukeratzea denen esku egonik.
4- Zelibatoa askea eta aukerazkoa izango duen Eliza.
5- Sexualitatea era positiboan baloratzen duen eliza, homosexual eta heterosexualen arteko bereizketarik egiten ez duena.
6- Eliza harrerakoi eta ulerkorra, inor mehatxatzen eta baztertzen ez duena.
7- Naturaren babesarekin konprometitutako eliza.
8- Eliza kulturanitza, irudi, lengoaia eta fede espresio anitzak dituena.
9- Ekumenismoarekin konprometitutako eliza, beste erlijio batzuekin topo egiten duena.
10- Justizia soziala, bakea, askatasuna eta zoriontasunaren alde borroka egiten duten pertsona eta giza taldeekiko Eliza irekia.

Barruko ezinegona
Eliza Katolikoak gure inguruan bizi duen egoera aspalditxoko kritikoena dela Elizako artzainek ere aitortzen dute. Nabarmena da euren begietara ere, gero eta jende gutxiago gerturatzen dela mezetara, erakunde politikoekin gero eta desadostasun gehiago dituztela.

Juan Maria Uriarte Donostiako gotzainak aitortu zuen iragan Eguberri eguneko homilian "Elizaren jendea biltzeko gaitasuna eta sinesgarritasun morala gero eta txikiagoak direla".

Eliza Gara bezalako mugimenduek agerian uzten dute barruan badagoela ezinegona. Anjel Mari Unzueta, Bizkaiko Bikarioaren esanetan, "Eliza Garak agertzen dituen eskakizun edo asmoak, eliztar askorenak dira, oro har". Dena den, eta inguruko parrokia eta elkarteetako arduradunekin hitz egin ostean dio, "elkarte honen aldarrikatzeko bideak edo pedagogiak ez duela horrenbesteko babesik. Era horretan esan behar denik ez dugu ikusten eta irtenbide zehatzik ere ez dute proposatzen".

Bikario honen esanetan, Eliza garai berrietara moldatuz doa, "baina ez ditu bere izaera eta ekintza behar beste egokitu. Berrikuntza lana astirotxo doa eta luzarorako dela ematen du".

Espainiako Gobernuarekin Elizako hierarkiako hainbat arduradunek izandako eztabaiden inguruan, Anjel Mari Unzuetak dio bi aldeetatik tentsioa lasaitu nahi izan den arren, oihartzun handiagoa lortu dutela muturreko jarrerek. "Gotzain batzuk eta elkarte batzuetako arduradun batzuk izan dira konfrontazioa janaritu dutenak", dio Unzuetak.

Erreformen edukiari dagokionez, Unzuetak gaiak bereiztu egin behar direla dio, "bakoitzari duen garrantzia emanez, giza bizitzarekin duen hurbiltasunaren arabera. Ez daude, beraz, maila berean, abortoa eta dibortzioa".

Etorkizunean kristau elkarteak murriztuz joango direla uste du Anjel Mari Unzuetak eta Elizak ebanjelioaren mezua indartsu eta argiago zabaltzeari ekin beharko diola.


ASTEKARIA
2005eko urtarrilaren 30a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude