Net Hurbil: Mexikoko langileak 'maquila'rekin menderatu dituzte


2005eko urtarrilaren 23an
David Bacon-ek The job’s up for grabs (euskaraz, Nahi duenak lana badauka esango genuke) ipini dio izenburu artikuluari, The New Internationalist aldizkarian. Kazetari eta argazkilari lanek ezagun egin dute David Bacon kaliforniarra. Duela gutxi foto erakargarriz eta erreportaia biziz hornitutako The Children of NAFTA (NAFTA-ren haurrak) liburua plazaratu du. Bertan, Amerikako Merkataritza Askeko Ituna sinatu zenetik, hamar urteotan merkataritza libre horrek Mexikoko muga aldean ekarri dituen ondorio larriak dokumentatu ditu.

Hamar urte ditu Estatu Batuak, Kanada eta Mexikoren arteko hitzarmen horrek. Bush presidenteak esan du sekulako arrakasta izan duela eta Latinoamerika osora zabaldu nahi du. Aurreko lehendakari Clintonek NAFTAren onurekin igarri zuen denak izango zirela irabazle. Ikusi denez, batzuk behintzat atera dira irabazle: enpresa handi batzuek irabaziak handitu dituzte AEBak eta Mexiko arteko mugaren hegoaldean lantegiak martxan jarrita, eta Mexikon milioidun belaunaldi berri bat erne.

Aldiz, mugaren bi aldeetako jende xeheak larrutik pagatu du merkataritzaren irekitze kontrolgabea. Itunarekin AEBetan zenbait lanpostu galduko zela aurreikusita zegoen, baina gero agertu da kalkuluetan oso behetik jo zela. Urteotan NAFTAgatik 800.000 estatubatuar geratu da lanik gabe, ikertzaile independenteen kalkuluetan. AEBetako lan departamenduak aldiz kontaketak eten egin ditu, Bushek hala manaturik.

Mexikon ere itzelezko aurrerapenak agindu zituen Carlos Salinas de Gortari lehendakariak: Mexikok bereganatuko omen zituen AEBek galdutako lanpostuak, eta Rio Grandetik gora emigrazioan zihoazen herritarren odolustea sistema berriak konponduko omen zuen.

Ez da holakorik suertatu. NAFTA sinatu eta urtebetera Mexikok galdua zuen milioi bat lanpostu, behartutako pribatizazioengatik. Hainbat greba eta mobilizazio egin zituzten trenbide, aireplano eta beste enpresa publikoetako langileek, baina alferrik. Etsipenak jota, lehen baino mexikar gehiago saiatu zen AEBetara emigratzen. Salinas de Gortari bera ezin harrituko da Mexikoren historiako lehendakaririk gorrotatuena bihurtu bada.

Washingtongo gobernuak bultzatutako itunak erdietsi zuen esperotako beste eragin bat, hasieran: asko ugaldu ziren mugaren Mexikoko aldean eraikitako maquiladora faktoriak. Maquiladora horiek (maquila azpikontratazio sisteman ari direnak) batzutan faktoria osoak dira eta beste askotan jostundegi bat baino askoz handiagoak ez diren tailerrak. Ia erabat AEBetako merkatuarentzat egiten dute lana, eta Maquiladora Elkartearen kalkuluetan 2001erako 1,3 milioi mexikar ari ziren horietan.

Baina 2001ean errezesioan murgildu ziren Estatu Batuak, eta bat-batean 400.000 lanpostu galdu ziren Mexikon. Ezbehar batek besteari dei egiten dionez, hamarkada honen hasieran Txinaren konpetentzia agertu zen bazterrak nahasten. Ez dakigu mandarin-txineraz maquiladora nola esaten duten, baina han ere badira, eta mexikarrak bezain merkeak.

Nork aipatu ditu eskubideak?

NAFTA itunak Mexikoko hainbat giza talde hondatu du. Horietaz (laborariak eta beste, baita muga aldetik oso urrutikoak ere) artikulu gehiago eskaini ditu The New Internationalist hilabetekariak dosierrean. David Bacon bereziki muga ondoko langileen egoeran zentratu da, bai bere argazki lanean eta baita artikuluetan ere. «NAFTAren ondoriorik latzena langileen babes eskubideen galera izan da. Mexikora inbertsioak erakartzearren, agintariek sindikatu ‘ofizialen’ konplizitatearekin batera egin dute lan, soldata apaletan eta langileen kontrolean oinarrituz».

Coalición pro Justicia en las Maquiladoras erakundearen kalkuluetan, gaur gobernuak behartutako jornal minimoa eguneko 4,20 dolarretakoa da... duela hamar urte zenaren berdintsua! Galoi bete esnek (3,8 litro) 3 dolar balio du Tijuanan: maquiladorako langileak 5-6 orduz ari behar du lanean hori erosteko.

Torreon hiriko aldiri batean lau pertsonako familia mantentzeko 1.500 peso inguru behar da astean. Aldiz maquiladorako langilearen soldata 32-350 pesotan dabil. «Gure auzoetan ikusiko dituzu bederatzi edo hamar urteko haurrak komertzioetan poltsak betetzen laguntzen edo autoen berinak garbitzen bidegurutzetan» esan dio kazetariari bertako batek, eta hala ikusi eta argazkietan bildu ditu. Edozein familiatan gazteek 15 urterekin hasi behar dute maquiladoran lanean, gurasoek nahi izanda ere, ikasketak egiteko modurik ez du ia inork. Horrek guztiak esplikazio erraza du: azken hogei urteotan %81ean jaitsi da Mexikoko soldaten eroste ahalmena.

Sindikatuen konplizitateak bereziki egin dio min sindikalisten semea den David Baconik. Maquiladora batean lan egiteko, grebarik ez egiteko tratua egin duten sindikatuetako batean apuntatu behar dute jendeek. Baconen erreportaietan eta erretratuetan naro ageri dira presio eta jipoien artean sindikatu alternatiboak antolatzen ari diren langile militanteak. Langile elkarte berriak legeztatzerik ere ez dute lortu.

Maquiladoraren batean sustraitzea lortu dutenean, estraina sindikatu handiek beren matoiak bidali dizkiete, eta ondoren, estatuak, inolako errukirik gabe, polizia bereziak. Baconek argazkietan bildu ditu Tijuanan 1998an Han Young enpresan greba haustera sartu ziren Fuerzas Especiales edo SWAT direlakoak. Epaileren batek arrazoi eman dienean ere langileen garaipena deusetan geratu da.

Egoera berrian sindikatu zaharrek garesti ordaindu dute aldaketa. Hamar urte dituen sistema berri honek kate motzean lotu ditu: Mexikon langileen hiru laurdenak afiliatuak ziren, eta gaur %30 baino gutxiago. Handi zaharrak ahulduta eta askotan nagusiek erosita, eta berriei bidea nola edo hala moztu egin nahi.

Maquila deitu eredua da Munduko Bankuak mende berri honetarako begikoena duen sistemetako bat. Hala doa zabalduz mundu osoan. Utikan 40 orduko lan asteak, gutxieneko jornalak, beharreneko gauzen prezio babestuak, grebak eta osasun eskubideak.

100 milioi biztanletik gora du gaur Mexikok. Horien artean 40 milioi txirotasun egoeran bizi da eta hauen barruan 25 milioi erabateko txirotasunean. Langabetuak bederatzi milioitik gora dira, beharrerako gai direnen artean laurdena. Estatu Batuetako eta Mexikoko soldatak konparatuta, mexikarrek yankien herena irabazten zuten duela hamar urte. Gaur, zortzirena.

Sermoi handirik gabe, hona David Baconen konklusioa: «Nazioarteko merkataritza egitura goitik behera aldatzen ez bada, lekuan lekuko merkaturako produkzioan eta soldaten igoeran oinarritutako garapen alternatiborik ez da posible izango». Esan beharrik ez dago gaur inork ez duela amestu ere egiten aldaketa hori gertatuko denik.

www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


ASTEKARIA
2005eko urtarrilaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude