Nafarroak independentzia elektrikoa lortuko du 2010ean


2005eko urtarrilaren 23an
Nafarroako Gobernuaren Industria eta Teknologia sailaren asmoak betetzen baldin badira, Nafarroak independentzia elektrikoa lortuko du 2010. urtean, energia berriztagarrien erabilerari esker (eguzki energia, eolikoa, hidraulikoa eta biomasa). Urte honetan bertan, 2005ean, aipatutako Nafarroako Gobernuko sailaren kalkuluen arabera, herrialde euskaldun honetako teknologia berriztagarrien potentzia kontsumo elektriko osoaren %95ekoa izango da. Potentzia horrek aurreikusitako kontsumo elektrikoa gaindituko du 2010. urtean eta Nafarroak independentzia elektriko osoa izango du.

Hego Euskal Herriko beste herrialdeetan, dagoeneko badira hiru parke eoliko (Elgea eta Urkilla Araban eta Oiz Bizkaian), aurreikusitako Badaia eta Ordunteko parke eolikoen proiektuek zenbait oztopo bizi badituzte ere: lehenengoaren kasuan Arabako Foru Aldundia da eragozpen nagusia eta bigarrenean zenbait talde ekologista eta herritar. EAEko Gobernuaren asmoen arabera, parke eolikoen energia ekoizpenak urtean 654 megawattekoa izan beharko luke 2010erako eta horretarako aurreikusitako inbertsioa 510 milioi eurokoa izango da urte horretara arte. Egun martxan dauden instalazioek ia 85 megawatt ekoizten dituzte. Horren guztiaren berri testu honen bigarren atalean emango da. Iparraldeari dagokionez, instalazio isolatu batzuk salbu, ez da inolako planifikazio eolikorik ezagutzen.

483 milioiko inbertsioa hamar urtetan

Egoera ez da gauetik goizera besterik gabe sortu. Honaino iristeko, planifikazio bat beharrezkoa izan da, apustu sendo eta inbertsio ekonomikoez gain. Energia berriztagarrien garapenean lanean diharduten 40 enpresa nafarrek 483 milioi euro baino gehiago inbertitu dituzte azken hamar urteotan energien ustiapen sistema eta instalazioetan, Nafarroako Gobernuko Industria eta Teknologia Sailak emandako datu ofizialei jarraiki.

Inbertsio horren banaketa honela egin da: inbertsioen %81 (392,14 milioi euro) instalazio eolikoetan erabili da, %11 (51,09 milioi) biomasa instalazioetan, %7 (36,49 milioi) eguzki energia instalazioetan, eta %1 (5,14 milioi) instalazio hidraulikoetan. Nafarroako Gobernuak inbertsioon sustapenerako emandako diru-laguntza erregionalak 55,75 milioi eurokoak izan ziren aldi berean.

Gaur egun 40 enpresa baino gehiagok egiten dute lan sektore honetan Nafarroan. Enpresok 3.600 lanpostu sortu dituzte; horietatik 2.400 enplegu zuzenak dira eta besteak industria inguruko arloei dagozkie. Gainera, industria horien ezarpenak diru-iturri berriak eratu ditu nekazal giroko zenbait eremutan eta horietako asko eta asko ekonomikoki biziberritu ditu.

Mila haize-errota urte bukaerarako

Nafarroa bisitatzen dutenek erraz ikusiko dute lurralde osoko zenbait eremutan parke eoliko ugari daudela. Bertako 28tik gora parke eolikoek mila haize-errota edo aerosorgailu izango dituzte urte bukaerarako (936 megawatt aurreikusten dira). Horretaz gain, Nafarroak Espainiako Estatuko planta fotovoltaiko handiena dauka Tuteran (1,2 megawatteko potentzia). Zangozak Espainiako Estatuko biomasa instalazio garrantzitsuenetako bat du, lasto erreketaren bitartez elektrizitatea sortzen duena (25 megawatt). Badira beste 120 instalazio hidrauliko lurralde osoan zehar sakabanatuak. Azkenik, biodiesela sortzeko lantegi bat martxan jarri berri da Caparroson; 20 milioi euro inguruko inbertsioaren fruitua da eta urtero 30.000 tona sortzeko gaitasuna izango du.

Apustu energetiko garbi hori aurrera ateratzeko, arlo ezberdinetako enpresak daude. Batzuek energia berdea eskuratzeko mekanismo teknikoen optimizaziorako ikerketan lan egiten dute. Besteek pala-aerosorgailuak eta bestelako tresna eolikoak sortzen dituzte. Bestalde, parke energetiko garbien sustapen eta kudeaketan diharduen enpresa ugari dago ere.

Eolikoa, garrantzitsuena

Zalantzarik gabe, Nafarroan ekoizten diren energia berriztagarrien arteko garrantzitsuena da energia eolikoa. 2003. urtean, berriztagarriek sortutako energia elektrikoa Nafarroan kontsumitutako elektrizitate guztiaren %61 izan zen (3.800 gigawatt/ordu/urte). Energia horren %43,6 eolikoa zen, %12 hidraulikoa, %5,3 biomasari dagokiona eta %0,05 eguzki energiari dagokiona. 2005 urterako Nafarroako energia berriztagarrien potentzia kontsumo elektriko osoaren %95ekoa izango da eta 2010 urterako aurreikusitako kontsumo elektrikoa gaindituko du, erabateko independentzia elektrikoa lortuz.

Lehen itsas parke eolikoa Luzero lurmuturrean
Orain arte, parke eolikoak gure artean kokatu izan dira, lurrean, eta modu berezian mendian. Aldiz, dagoeneko badira parke eolikoak itsasoan eraikitzeko lehen planteamenduak. Eta azpimarratu beharra dago egun dauden bi proiektuek Euskal Herriarekin zerikusia dutela. Espainiako Estatuko lehen itsas parke eolikoa Bizkaian egingo da, Luzero lurmuturrean, Zierbena inguruan. Era berean, bada halako beste proiektu bat Euskal Herritik kanpora egiteko, Espainian, Nafarroako Energia Hidroelektrikoa Korporazioa enpresa euskaldunak (NEH) burutuko duena; berau ACCIONA taldearen burua da energia berriztagarrien kudeaketan.

Hain zuzen ere, Bilboko Portuko Agintaritzak iragan den abenduan Guascor Renovables S.A. enpresak aurkeztutako proiektu bat onetsi zuen Bilboko Portuan parke eoliko bat eraikitzeko, Luzero lurmuturraren inguruan zehazki, Zierbenan. Adostutako emakida 25 urtekoa da eta aurreikusitako inbertsioa 10 milioi eurokoa da. Itsas parke eoliko horrek, lehenengoa Espainiako Estatuan, bost aerosorgailu ditu, bakoitza 2 megawattkoa. Luzero lurmuturreko dikean instalatuko dira, kostatik urrunen dagoen aldean, ontziak atrakatzeko kaietatik harago, horrek ez baitu eragotziko portuko jarduerarik.

Aerosorgailuok 1.580 metro koadroko lurrazalera izango dute, 78 metroko garaiera eta 87 metroko diametroko errotorea; hormigoi armatuzko zimendua izango dute ere. Lurrazpiko kanalizazioak (4.350 metro koadroko lurrazalera) aparailu barruko bihurgailuen energia garraiatuko du, azpiestazioraino, energia bertatik kanporatzeko.

Bigarren parke eolikoa, handinahiz beterik, NEH enpresak eraikiko du 2.000 milioi euroko inbertsioaren truke. Trafalgargo Itsasoa izena emango zaio (Mar de Trafalgar), parke eolikoa Cadizeko Trafalgar lurmuturraren kostatik hogei miliara kokatuko delako. 600 eta 1.000 megawatt arteko potentzia izango du. Nafarroako NEH enpresa, ACCIONA taldeak %90ean kontrolatzen duena, dagoeneko elkarlanean ari da Airtrycity enpresa irlandarrarekin batera beste proiektu batean: Irlandako kostako Arklow Bank-eko parke eolikoaren sozietate sustatzailea.

Energia berriztagarriak
Energia berriztagarriak energia-iturri garbiago eta merkeago berriei esaten zaie, hala nola eolikoari, biomasakoari, eguzkitikoari eta geotermikoari. Energia eolikoa haizeak sortzen duena da. Haizea da energia alternatiboetan konpetitiboena. Haizearen indarra baliatuz elektrizitatea sortzea oso printzipio sinple bati zor zaio: aireak helize bat mugiarazten du, eta generadore batek errotazio hori argindar bihurtzen du. Kilowatt bakoitzeko 1etik 11 zentimorako kostua du batez beste. Mota horretako energia gero eta gehiago produzitzen da Hego Euskal Herrian, eta Nafarroak dauka Espainiako Estatuko parke eolikorik handiena. Biomasa nekazaritzako hondakin lehorretatik, hondakin organikoetatik eta zur-fabriketako hondakinetatik (zerrautsa) ateratzen den energia da. Zabor horiek galdara batean errez edo gasifikatzeko tenperatura altuetara berotuz, elektrizitatea eta beroa lortzen dira. Kilowatt bakoitzeko 3tik 12 zentimorako kostua du batez beste. Eguzki-energiaren kasuan, eguzkiaren bitartez, elektrizitatea eta beroa sortzea lor dezakegu. Kilowatt bakoitzeko 20tik 90 zentimorako kostua du batez beste. Energia geotermikoa lurraren bihotzetik datorrena da. Lur azpiko beroa baliatzetik lortzen da. Lurrazalak egundoko bero-potentziala dauka bere baitan eta argindar bihur daiteke edo zuzenean berokuntzarako erabili. Kilowatteko 15 zentimoko kostua du batez beste.

Planifikazio erregional onenaren Europako aintzatespena
Nafarroak energia garbi eta berriztagarrien alde egindako apustu sendoak sekulako oihartzuna izan du atzerrian. Joan den urteko urtarrilean, herrialde euskaldun honek Europako Batasunak ematen duen energia berriztagarriei buruzko planifikazio erregional onenaren saria jaso zuen, garapen iraunkorraren eta sektore honen hazkunde ekonomikoaren alde egindako ekarpenengatik. Gogora dezagun bestela, datu soil gisa, Nafarroak Espainiako Estatuak baino 80 aldiz gehiago energia eoliko sortzen duela bataz beste biztanleko; Mundu osoko inbertsioen %2,5 eta Estatuko %14 erabiltzeari esker, alegia.

Nafarroako Enpresa Hidroelektrikoen Korporazioak, NEHak »bere kapitalaren %50 publikoa izan zen, Sodena eta Caja Navarraren zati hori iaz Grupo Accionari (eraikuntza eta zerbitzu enpresari) saldu bazitzaion ere», energia garbien aldeko apustuaren bultzatzaileak, joan den urtearen erdialdera energia berriztagarrien urteko sustatzaile saria jaso zuen. Saria Euromoney finantza-komunikazio eta Ernst & Young aholkularitza taldeek eman diote, Europan energia berriztagarrien garapenari egindako ekarpenagatik.

Espainiako Gobernuak ere egindako ahalegina onartu du: hori dela eta, Nafarroa Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalaren egoitza bilakatu da (Centro Nacional de Energias Renovables, CENER); instalazioak Iruñea ondoko Berrikuntzaren Hirian kokatuta daude. Industrialde teknologiko horrek Espainiako Estatuko teknologia garbien ikerketan diharduten enpresa esanguratsuenak bilduko ditu: Gamesa Eolica, EHN, Aesol, Ingeteam, Cetia eta Fluitecnik, besteak beste. Zentroak espezializazio maila handiko laborategiak izango ditu, energia eoliko, fotovoltaiko, tenperatura baxuko energia termiko, biomasa eta arkitektura bioklimatikoa aztertzeko.


ASTEKARIA
2005eko urtarrilaren 23a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Ei politikariak, “pope” akademikoek esaten badizuete, aktibatuko al zarete behingoz?

Behetik gorako komunikazioetan ez da erraza mezuen garrantzia transmititzea eta makinaria politikoa aktibatzea. Askotan, gure mezuak "belarri batetik sartu eta bestetik atera" egiten direla sentitzen dugu. Beraz, gaurkoan, nazioarteko ikertzaile ospetsu batzuek... [+]


Mundu mailako lapurra

Azeria kanido bat da, otso eta txakurren familiako haragijalea. Animalia zuhur, maltzur eta argiaren fama dauka, eta ez alferrik! Ez da indartsuena izango, baina beti moldatzen da han eta hemen, mokaduren bat lortzeko.


Eguneraketa berriak daude