Argitalpenak


2021eko uztailaren 27an

Boga, boga
Batzuen Artean
Elkar
172 orrialde + CD
18,20 euro

Laurogeita hiru herri kantu

Tonuak edonork kantatzeko moduan egokituta dituzten hogeita bi abestiren grabazioa duen CD batez lagundurik plazaratu du Elkar argitaletxeak Boga, boga, guztira laurogeita herri-kantu biltzen dituen liburu txikia. Agur jaunak, Antoni eta Anton, Bautista Bazterretxe, Festa Biaramona, Elurra teilatuan, Gernikako Arbola, Maritxu nora zoaz, Santa Ageda, Boga-Boga, Ikusten duzu goizean, Ixil ixilik dago, Ara non diran edota Aldapeko bezalako herri-kantuak edozein taldek ezagutu eta abesteko oso aproposa den material eder hau 1959. urtean plazaratu zen lehenengo aldiz, Donostiako Apaizgaitegiaren ekimenez, Anton Garro eta Andoni Basterretxea apaiz euskaltzaleek beren gain hartu zuten lanari esker.

Kika Supersorgina eta momia
Knister
Gero
124 orrialde
8 euro

Neskato Supersorgina antzinako Egiptoko piramideetan

Elbiriña sorgin kaskarinari ahaztutako magia liburua neskato honek ohe alboan topatu zuenetik, makina bat abentura bizi ahal izan dituzte Knisterrek sortu eta Iñaki Aristondok euskaratutako Kika Supersorgina bildumaren jarraitzaileek. Kika Supersorgina eta momia zazpigarren alea baita. Kontu handiz tratatu beharreko liburua da Elbiriñarena, irakurtzerakoan hitz bat huts eginez gero jaten ari zaren izozkia ozpin bilaka baitaiteke eta, badaezpada, Kikak ez dio eman inori bere aurkikuntzaren berri, ezta hainbeste maite duen bere anaia txikiari ere. Baina hain zuzen Daniri esker hasiko da Kika Egiptoko momiaz interesatzen. Mutikoari besoa bendatu eta igeltsua jarri dion sendagilea egiptoarra izaki!

Albokaren alde batzuk
Manu Gojenola Onaindia
Herri Musikaren Txokoa
359 orrialde

Alboka eta albokariak gurean

Oiartzungo Herri Musikaren Txokoa lagun kaleratu du Manu Gojenola Onaindiak albokaren gainean egin duen ikerketa sakon hau. Oso atzera egin beharko genuke euskal herri musikan alboka bezalako soinu-tresnak noiz agertu ziren jakiteko. Nolanahi ere, Manu Gojenolari esker XIX. mende bukaeratik egungo egunera bitartean izan diren alboka eta albokarien berri ugari jakin dezakegu: kokagunea eta erabilera soziala, erromeriak eta alboka, musika tresna hau ia isilik gelditu zeneko garaiak eta ondorengo berpizkundea, gerra ondorengo agerpena, izan duen errepertorioa, albokaren esparru geografikoa, zeintzuk eta nolakoak ziren albokari tradizionalak, eta albokari berrientzako eskolak, txapelketa eta sariak sortu arte zubi eusle egin zuten haiek...

Euskal Herria
Batzuen artean
Sua
120 orrialde
5,15 euro

Ori mendia, Orbaibarra...

Sua Edizioak plazaratzen duen Euskal Herria aldizkariaren 13. zenbakian, Ori mendiaren panoramikoa eskaintzeaz gainera, Urkulu, Okabe, Astobizkar, Azkar, Aitzorrotz, Astxiki, Bizkargi, Kolitza, Altamira eta Lastra mendien historia eta Fitero, Zestoa, Karrantzako El Molinar eta Kanboko bainuetxeak ezagutzeko aukera dugu, beti ere ohizko argazki zoragarrien laguntzaz. Orbaibaibar barrena ibilaldia egiteko modua eskaintzen du, irudimenarekin bada ere bertako erromanikoa »eta trufak!» dasta ahal ditzagun. Gosez amorratzen jarraitzen dugula? Badute horri konponbidea jartzeko gairik ere: Bilboko jatetxe exotikoetan mokaduren bat hartzeko beta izango baitugu. Eta jandakoa jaisteko, Euskal Herrian zehar dauden hainbat ibaietan barrena abia gintezke.

Untxi Txiki Zuria gaixorik
Marie-France Flory, Fabienne Boisnard
Ibaizabal
20 orrialde
5,60 euro

Untxi Txiki Zuriaren azken abentura

Oraingoan, Untxi Txiki Zuria leher eginda dago. Belarriko mina du eta doministikuka ari da: katarroa harrapatu du. Beraz, medikuari deitzea erabaki dute gurasoek. Untxi Txiki Zuria beldurtu egin da, zer egingo ote dio mediku horrek? Belarriko min maltzur hori ez balu... Baina badu eta aitak ezagutzen duen doktorea hori kentzeko gai omen da. Gauzak horrela, Untxi Txiki Zuria ohean sartu eta doktorearen zain gelditu da. Zintz egiten ez zekien elefantearen ipuina kontatuko dio amatxok. Hura entzuten ari dela, ateko txirrina, medikua iritsi denaren seinale. Auskultatudu, eta dauzkan infekzioak kentzeko sendagai batzuk eman dizkio. Oso jatorra da Basaran doktorea.

Consumación...
Manuel Francisco Reina
Kutxa Fundazioa
69 or./ 3,5 euro

Consumación de Estío, 2003ko Irun Hiria saria

1974an Cadizen sortu zen Manuel Francisco Reinak irabazi zuen 2003an Kutxa Fundazioak urtero antolatu ohi duen Irun Hiria olerki lehiaketa. Aurretik ere, olerki sari andana irabazia da bere poemetan andaluziar kutsua nabarmen agertzen duen Manuel Francisco Reina, Mushim Alramli poeta irakiarrak arabiar kulturako www.nisaba.net orrialderako arabierara itzuli duen olerkaria. Gainera, Los Santos Varones nobelaren egilea da, eta 2003an La Paz y La Palabra (Letras contra la Guerra) apailatu zuen.

Itzalak
Iban Zaldua
Erein
174 orrialde 13 euro

Iban Zalduaren azken ipuin bilduma

Bost ataletan banatu ditu Iban Zalduak Itzalak izeneko liburuan agertzen diren ipuinak, bereizketa egiteko orduan beste hainbeste aurpegi dituen prisma erako istorio bat erabiliz. Bizkartzain baten babespean bizitzera kondenatua dagoen emakume politikoak, harekin topo egiten duen aspaldiko lagunak, azken honekin bizi den ezker abertzaleko militanteak eta garai batean honen adiskide izandako bizkartzainaren ikuspegiak osatzen dituzte, hain zuzen, liburuko itzalak. Idazle on guztien atzean irakurle on bat egon ohi dela, eta Iban Zaldua irakurzaletasunaren gaitzaz jota dagoen pertsona izateak ekarri duela Iban idazlea aldarrikatu zuen Pello Lizarraldek egile donostiarraren lan honen aurkezpenean, ipuin bilduman dauden bi eratako istorioak aipatzerakoan. Bi eratakoak baitira Iban Zalduak oraingoan eskaintzen dizkigun hogeita hemezortzi ipuin hauek: liluratu duten hainbat idazleren lanak eragin dioten zirrara ardatz harturik sortu dituen istorioak, batetik, eta egungo munduan zein geure gizarteko gertakizunen edo portaeren ordainetan idatzi dituen ispilu-erantzun gisakoak, bestetik.


Azkenak
Lan mundua euskalduntzeko ere Herri Akordioa

Lan munduaren euskalduntzea euskararen normalizazio-prozesuaren erronka nagusietakoa dena diagnostiko partekatua da euskalgintzan eta eragile euskaltzaleon artean. Hamarkadatan belaunaldi berriak euskalduntzen egindako inbertsio guztia (hor ere egiteko asko geratzen dela ahaztu... [+]


2024-05-17 | UEU
37 euskal ikertzailek hartu dute parte Txiotesia7 lehiaketan

37 euskal ikertzailek hartu dute parte asteartean Txiotesia7 lehiaketan. Mastodon eta X/Twitter sare sozialetatik zabaldu zituzten beren ikerketa lanak, euskaraz.


Estatuaren indarkeriaren biktimei aitortza ekitaldia eginen die Nafarroako foru gobernuak

Maiatzaren 30ean eginen dute Estatuaren eta eskuin muturraren indarkeriaren biktimen aitortza ekitaldia, Baluarten. Biktima zehatzei egiten zaien molde honetako lehen ekitaldi publikoa izanen da, eta 2019ko legearen babespean gauzatuko da.


2024-05-17 | ARGIA
Gose greban hil da Tailandiako monarkiaren aurkako preso politiko bat

28 urteko Netiporn Sanesangkhom preso politiko tailandiarra hil da asteartean, gose greban 110. egunera iritsi denean. Urtarrilean atxilotu zuten eta epaiketarik gabe zeukaten bertan. Monarkiaren aurkako irainak egotzi zizkioten, 2020an eginiko protesta batean parte... [+]


Eguneraketa berriak daude