Ibarretxe Planaren onarpena: analisia eta erreakzioak

  • Ibarretxe Planaren onarpenak gauetik egunera jarri du hankaz gora mapa politikoa. Horrek une honetan zer esan nahi duen argitzeko, ordea, iragan beharko du denbora apur bat. Gertatutakoak sortu duen egoeraren analisiaz gain, erreakzioen hemeroteka eta Xabier Barandiaran, Iñaki Antiguedad eta Xabier Aierdiren iritzi artikuluak bildu ditugu ondoko orrialdeetan.

2021eko uztailaren 27an

2004ko abenduaren 30eko Eusko Legebiltzarreko ezustekoa itzela izan zen eta erreakzioetan arakatu izan duenak ezustekoa benetakoa izan zela ikusi ahal izango du. Hala ere, bitxia eta arraroa da pentsatzea tamainako ondorioak dituen erabaki batek aldez aurretik ez daukala beste inongo sukalde lanik. Gauza bat da ez jakitea Batasunak bozketaren unean zer egin behar zuen, eta hala dela dirudi, eta beste gauza bat da egindako sukalde lanek halako erabaki bat ontzeko moduko lur eremu edo gutxieneko giroa sortua duten.

Era batera ala bestera, Euskal Herrian bizi den gatazka bideratzeko beste leiho handi bat ireki da berriz aurrez aurre, klase politiko eta gizarte osoaren aurrean. Anoetako proposamenarekin garai berri bat iragartzen zuten adierazle ugari agertu ziren eszenatokian, eta Ibarretxe Planak aurrera egiteko izan duen moldeak garai berri horretan bete-betean gaudela baiesten du. ETAren atentatu moldea esanguratsua da aspaldi; kale borroka ekintzak ere bereziak izan dira, esate baterako Lizarra-Garaziko garaiarekin erkatuta: ez da berdin alderdi baten egoitza erretzea edo pintatzea; ENAMen kohesio sendoa agertu da Anoetako ekarpenarekiko eta bere hainbat adar eta eremuetatik, atxikimendu agerpenak zegokien erritmoan erori dira, gutxienez desadostasun publikoetarako tarte txikiak utziz. Desakordio publikoetan, erantzuna ere berehalakoa izan da. Ezker abertzaleko zuzendaritzan borroka armatua alboratzeko ustea jadanik ondo errotua dela dirudi azkenean; noiztik den hori horrela jadanik ez da horren garrantzitsua, baina ez dirudi atzo goizekoa denik.

Maiatzeko hauteskundeak

Zer demontre gerta liteke datozen aste eta hilabeteetan? Aktore nagusiek nola jokatuko dute euren rola? Zein une eta osagai garrantzitsu daude elkarren arteko lehian edo elkar sostengatzen? Datorren astean bederen, horietako une garrantzitsu bat eszenifikatuko da, hilaren 10a eta 15a bitartean bilduko baitira Juan Jose Ibarretxe eta Jose Luis Rodriguez Zapatero estatutu berriaren erreformaren tramitazioaz jarduteko eta egoeraz beren iritziak elkar trukatzeko.

Maiatzeko hauteskundeak ere hor dira, jadanik errealitate politiko ia guztia bere zurrunbiloan irentsiz: Ibarretxe Plana onartu izan ez balitz, EAJk eta EAk plana hauteskunde programa bihurtu eta jadanik kanpainan leudekeela esan da. Sozialistak ere aspaldi dira kanpainan. Batasunaren giltza kolpeak hauteskunde kanpainaren mezu eta erritmoak moldatzera behartuko du, baina berdin-berdin esan daiteke hauteskunde kanpaina abian dela jada, agian lehen baino indar handiagoz gainera. Eta era batera edo bestera, gainerako indar politiko guztiek ere, biziko den hauteskunde kanpaina luze eta indartsuan indarrak nola metatu eta dosifikatu behar dituzten planifikatua dute jada.

Hauteskundeek estatutu berriaren onarpenarekiko erreferendum kutsu handia hartuko dute eta gai horren inguruan egituratuko da lehia, 2001ean bezala, abertzale eta ez abertzaleen arteko aurrez aurreko grinatsuarekin, baina oskolak funtsean gordeko duen mamia euskal eta espainiar burujabetzen lehia izango da, ea zein burujabetzak eskuratzen duen herritarren sostengurik handiena, eta zer kopururekin.

Hori eztabaidaren ardatza izango bada ere, hori bezain garrantzitsua edo gehiago izango da Batasunak edo haren ordezko batek hauteskundeetan parte hartzeko aukerarik izango duen ala ez. Burujabetzen talka horrez gain, gatazkaren konponbidearen termometro ere bilakatuko dira hauteskundeak eta ezker abertzaleak parte hartu ahal izatea neurgailu garrantzitsua izango da. Gaur egun dagoen giroarekin bi eragile nagusiren menpe izango da hori: ETAren su-etena, eta PSOEren Gobernuaren jarrera. ETAren su-etenik gabe gaitza da pentsatzea Batasunak edo haren ordezkoren batek parte hartu ahal izango duenik, baina ezker abertzalearentzat hauteskundeetan parte hartzea eta Eusko Legebiltzar berrian izatea funtsezkoa da datorren garai erabakigarrian nahi den bultzada ahalmena eta nahi diren giltzak eduki ahal izateko.

ETAren historia kontuan hartuta, nekez pentsa liteke Batasunak EAEko hauteskunde autonomikoetan parte hartu ahal izateko erakunde armatuak su-etena emango lukeenik, baina kronograma baten barruan su-etena ematekotan baldin bada, hauteskunde aurreko garaia baliatzea litzateke logikoena. Hautesontzien atarian, gainera, hor da Aberri Egunaren data sinbolikoa. Denak aditzera ematen duenez, ETAk datozen bizpahiru hilabeteko epean eman beharko luke euskal gizartean eta, batez ere ezker abertzalean, horren desiratua den menia hori. Bestela, Anoetako ekarpenak eta orain Ibarretxe Planari emandako baiezko bitxi horrek jai izango lukete. Ezker abertzalea ez dago Josu Jon Imazek irudikatu nahi duen bezain ahul eta behartuta, ezta gutxiago ere. Baina ezta ere Arnaldo Otegik eta Batasunako zuzendaritzak irudikatu nahi duten bezain seguru eta indartsu. Nahiko barreiatuta dagoen ideia, ordea, honakoa da: denborak eta faseak ez dira alferrik iragaten, eta elkarrizketa edota negoziazio urrats bakoitzean lortu ahal diren lorpenak gero eta urriagoak dira; eta elkarrizketa ziklo horiek bideratzea gero eta astunago eta korapilotsuagoa da.

Gatazkaren bideratzea

Euskal gizarteak bizi duen gatazka bortitzarekin amaitu nahi du, beste gauza asko agian ez daude horren argi baina hori behintzat bai; horrek, gainera, hauteskundeetarako geratzen diren bost hilabeteak baino askoz denbora gehiago eskatuko du.Osagai giltzarri ugari dago, baina lehenbizi edukiak baino joko arauak jarri beharko dira argi eta izango da lanik horretan: biolentzia eta indarraren erabilera baztertzea, giza eskubideen begirunea, eta herri borondatearen nagusitasuna. Hiru bloke handi horietan oinarrizko akordioak lortu gabe, negez heldu daiteke edukien inguruko akordioetara.

Hari luzea eta korapiloz betea, beraz, aurrera begira geratzen dena, eta tartean osagai ugari, oztopo edo akuilu gisa eragingo dutenak, horien aurrean eragile sozial eta politikoek izango duten jokaeraren arabera. Hasteko, datozen asteetan »urtarrilaren amaieraz hitz egiten da» ezagutuko da Kataluniako Estatutuaren erreformaren eduki zirriborroa. Zapatero presidenteak bultzatzen duen Espainiaren eredu instituzional berriaren nondik norakoak. Hor da, halaber, PSOEren eta PPren arteko lehia. Espainiako eskuinaren prentsari begirada bat ematea nahikoa da bere jarrera zein den ikusteko: Estatuaren indarra erabiltzea bere molde guztietan, Konstituzioaren 2, 8, 155 eta behar diren artikulu guztiekin. Araba EAEtik banatzeko mehatxua. Ibarretxe Planari buruzko herri galdeketaren data. Presoen egoera. 18/98 auzi ospetsua ere hor da, eta honen bilakaera ere termometro garrantzitsua izango da, ez bakarrik Espainiako judikaturak nola erantzuten duen ikusteko, indar abertzale eta aurrerakoiek eskubideen urraketa duten jarrera antzemateko ere bai. Ilusioa eta esperantzaren ateak berriz ireki dira parez pare euskal gizartean, eta klase politikoari dagokio egoera kudeatzeko adinako heldutasuna erakustea.

Xabier Barandiaran Irastorza (Iritzi Publikoko irakaslea Deustuko Unibertsitatean): «Euskal Herriaren trena»
Eusko Legebiltzarrak gehiengo osoz onartu berri du Euskal Autonomia Erkidegorako (EAE) Estatutu politiko berri baten egitasmoa. Hirukoaren botoez gain ezker abertzaleak hiru boto erabakigarri jarri zituen gehiengo osora iristeko. Alderdi bakoitzak gertaturikoaren irakurketa propioa egin arren, bozketaren emaitzak errealitate jakin batera apuntatzen du: EAErako oinarriko erakunde arau berri batera.

Legebiltzarraren Estatutu politiko berriaren legeak Madrilgo Kongresuan ezezko borobila jasoko duela iragarrita dagoen moduan, Lehendakariak herri kontsulta burutuko duela adierazi du biolentziarik gabeko eszenatokia ziurtatzen den kasuan. Ibilbide hau burutzen bada euskal politikagintzaren errealitate politikoa guztiz aldatuko da. Lehendakariak, euskal auzia konpontzearen mesedetan, euskal erakundeetan inork eman ez duen pausoa eman du: EAEko herritarrek demokratikoki adierazitako hitzaren balioa Espainiako Konstituzio sistemaren mendekotasunetik ateratzeko ildo politiko demokratikoa proposatu du. Bide hau baieztatzen den kasuan euskal politikagintzaren zutabeak aldatu egingo dira. Proposamen honek aurrerapauso garrantzizkoa suposatzen du herri honek bere etorkizun politikoa erabakitzeko duen eskubideen defentsan eta Euskal Herriko auzi politikoa parametro demokratikoetara biltzen du bere osotasunean. Ezker abertzaleak onartu duen prozesu honek ETAren indargabetzea ezinbesteko egiten du. Beranduxeago baino lehen tregua gauzatu daitekeenaren hipotesia geroz eta ukaezinagoa da.

Ilusioz beteriko bide honi buruz idaztea errazagoa da aurrera eramatea baino. Espainiako estatuak eta alderdi konstituzionalistek dagoeneko demokraziatik kanpo kokatu duten prozesu hau itotzeko bi bide osagarri erabiliko dituzte: herritarrak estatutu politikoaren aurka egin dezaten komunikazio politiko indartsua burutuko dute alde batetik eta egungo araubidea eta araubide horren zerbitzura dagoen indarra erabiliko dute bestetik.

Espainiako indar konstituzionalistek euskal gizarteari etengabeko deia egingo diote abertzaletasun historikoa erakundeetatik kanpo jartzeko. Esparru publikoa menderatzen duten komunikabide konstituzionalistak giro hori eraikitzen hasi dira. Bada, abertzaleen artean ere, polarizazio egoera hauteskundeetarako mesedegarri dela pentsatzen duenik. Nire ustez, konplexua den errealitatea zuri-beltzera ekartzeak etorkizuneko gizarte integrazioari mesede eskasa egiten dio. Hala ere, Jose Luis Rodriguez Zapaterok ez du Mayor Orejaren estrategia berbera erabiliko. Bestalde, estatuak baliabide guztiak erabiliko ditu herri kontsultara ez iristeko eta, iritsiz gero, emaitzak lege bidezko baliorik gabe uzteko. Gasteiz eta Madrilen arteko erakunde harremanak nahiz alderdien artekoak errotik aldatu ditu abenduaren 30ak. Ireki berri den egoera honek, hauteskunde lehiaren atarian uzteaz gain, kudeatzea erraza ez den hiru arazo nagusi planteatzen ditu:

1. Legebiltzarrak onartutako Estatutu politiko berria Eusko Jaurlaritzaren proposamena zen soilik orain arte. Orain lege izaera hartu du eta hirukoak malgutasun gutxiago du alderdi sozialistarekin negoziatzeko. Epe laburrean abertzale eta ez abertzaleen arteko komunikazioa ia ezinezkoa izango da eta komunikazio hori beharrezkoa da benetako herri integrazio batetara iristeko. Bestalde, Estatutu politiko berriaren alde egiten duten alderdien arteko harremana ere ez da batere erraza gertatuko, bakoitzak bere interesak izateaz gain egoeraren irakurketa ezberdinak egiten dituelako. Lehendakariari etxe barruko nahiz kanpoko harreman politikoetan buruhauste bat baino gehiago egokituko zaio.

2. Lehendakariak orain arte herritarrekin izan duen erlazioan aldaketa kualitatibo bat emango da. Juan Jose Ibarretxek euskal gizartearen atxikimendua bereganatu zuen herritarrek oinarri etiko eta politiko jakin batzuekin identifikatzen zutelako, baina oinarri horiei forma politikoa emateak gizarte zibilarentzat eta gizarte antolatuarentzat botoa ematea baino ahalegin handiagoa eskatuko du. Gizarteak Ibarretxeren oinarri politikoak bereganatzeaz gain Estatutu politiko honen gauzatzeak suposatzen duena barneratu beharko du. Ibilbide hori egiteko oraindik asko geratzen da. Erakunde arteko enfrentamentu egoeran egitura politiko berri bat eraikitzeko indar politikoaz gain gizarte zibil eta antolatuaren indar bateratua beharrezkoa da. Prozesu hau lideratzen dutenei egokituko zaie bide hori nola burutuko den gizarteratzea. Egungo markoaren "gainditze demokratikoaren ariketa" zein edukiren bidez eta nola gauzatuko den ondo pentsatu behar da. Eroso bizi den gizartea esfortzuetara bideratzea ez baita batere erraza, ezta Madriletik etorriko denari eustea ere.

3. Egoera guzti honetan ezker abertzalearentzat ere gauzak ez dira errazak gertatuko. Etorkizun politikoa sistema barruan kokatzen da eta normalizazio hori »preso eta kanpoan dagoen jendearen egoerarekin batera» Madrilen eskuetan dago hein handi batean. Orain arte eginiko apustuak bere kostua izango du eta ikusteke dago hauteskundeetara aurkeztea posible izango duen ala ez.

Hemeroteka


Gara
2005-01-02, Juan Joxe Petrikorena.

«Imaz haserre dago eta ez da gutxiagorako, hauteskunde autonomikoetarako 'plan-jostailua' desmuntatu diogulako, agerian utziz EAJk egun ez duela bakerako estrategiarik».


2005-01-02: Editoriala

«Orain behar dena da indar politikoek egoerari behar besteko perspektibarekin eustea, interes elektoralen helmuga estutik baino urrunago begiratzeko; hurrengo legegintzaldiko eserlekuak betetzea baino zerbait gehiagora aspiratzeko, konponbide demokratikoa lehenetsiz, hiritar denen eskubideak posible egin ditzan, norberaren epe laburreko proiektu politikoen aurretik».


El Diario Vasco
2005-01-02: Editoriala

«Baldintzarik gabeko elkarrizketara deitzea, inposizio eta mugarik gabeko elkarrizketara, aitzakia erretoriko bihurtzen da, Euskadiko elkarbizitza arriskuan jartzen denean, biztanle denak behartuz nortasun bat edo bestea hautatzera. Horrela nortasun konpartituak ukatzen dira (...).
Beharrezkoa da hiritar denek »zeinek inkestetan aitortzen duten ez dituztela Ibarretxe Planaren edukiak ezagutzen» eragoztea gertaerek eraman ditzatela, eta galdegin dezatela Euskadi ez ote dagoen hobeto orain dagoenean, zalantzazko ondorioak ekarriko dituen abentura batean sartu beharrean. (...)
Euskaldunek egin beharko diete aurre estrategia subiranistaren nahiei, Euskadi hutsune historikoan jartzeko arriskua baitute».


Deia
2005-01-02, Antonio Alvarez Solís

«2004ko abenduaren 30etik ez da posible demokrazia gezurrez janztea. Edo onartzen da herriaren borondatea dela errealitate politikoaren sortzaile, edo garbi adierazi behar da joko arauak deitzen diren horiek opresioaren koartada hutsa direla».


La Vanguardia -Katalunia-
2004-12-31, Fernando Onega

«Nahiz eta Alderdien legea aplikatzerakoan bere alderdia legez kanpokoa deklaratua izan, Otegi Euskal Herriko arbitro bihurtu zen. Ibarretxek bataila irabazi du, Batasunarekin zorretan geratu da eta arazoa gobernu eta parlamentu espainiarrera lekualdatu da».


Florencio Domínguez

«Lizarrako Paktuko berberak. Alde batean, nazionalistak, testuaren aurka dagoela dioen baina aldeko botoa eman duen Ezker Batua apaingarri exotikoarekin. Bestean ez nazionalistak. Euskal Herrian gerta zitekeen aukerarik okerrena».


Editoriala

«Otegiren eta bere babesleen taktika, koherentziarik gabea iruditu arren, Madrileko kongresuak logikoki Ibarretxe plana ezeztatu ondoren, euskal nazionalista moderatuak muturreko egoeran jartzea da. (...) Alegia, Ibarretxe plana bere egitea, berbideratzeko».


Avui -Katalunia-
04-12-31, Pere Martí

«Ibarretxe plana blokeoa konpontzen saiatzeko apustu erabat demokratikoa da. Hutsune argiak ditu, Euskadi barruko kontsentsu gabezia kasu eta hori da bere ahultasun nagusia, baina demokratikoki aukeratua izandako gobernu batek sustatzen du eta indarkeriarik gabeko baldintzetan egingo litzatekeen erreferendum batean euskal hiritarren gehiengoak sostengatuko balu bakarrik aplikatuko da. Lehendakariaren proposamena zalantzazko kalitate demokratikoa duen lege batek legez kanpoko deklaratutako alderdi bateko hiru diputaturen babesa jaso duelako deslegitimizatzea, errealitateari aurre egin nahi ez izatea da. Udaberrirako aurreikusitako euskal hauteskundeen ondoren burutuko zen prozesua azkartu besterik ez dute egin Otegiren botoek».


El Mundo -Espainia-
2004-12-31, Mariano Ferrer

«Edo Batasunan nahasmen ikaragarria dago eta nora jo ez dakiela dabil, edo atzoko Parlamentuko tsunamia ezker abertzalearen baitan herri honek behar duen norabidean gertatzen ari den barruko mugimendu baten hedatze-uhina besterik ez da. Bere hasierako inpaktuak kostu bat izanik ere».


2005-01-02, Pedro J. Ramirez

«(Abraham Lincoln, Winston Churchill eta De Gaulle) Hirurek indarra erabili zuten demokrazia salbatzeko, diktadura etnikoa edo sezesioa inposatu nahi zutenen ekintzen aurrean. Ipar Amerikako XIX. mendeko eta Europako XX.eko gaitzak Espainiako izkin honetan modu surrealistan gainjartzera etorri balira bezala, XXI. mendearen hasierako Euskal Herrian sezesionismoa eta etnizismoa ditugu. Dena »legea, indarra, Europa» dago gure alde bi aldiz kantzerigenoa den kimuari lepoa mozteko».


La Razón -Espainia-
2005-1-2, J. M. Zuloaga / R. L. Vargas

«PNVren baitan tentsioak sor daitezke. Ibarretxe eta Imazen sektoreak espero ez zuen pozoitutako opariarekin topo egin du. Beraien estrategia Planaren errefusatzetik hasten zen, ondoren Plana hauteskunde programa bihurtu eta, EArekin batera, gehiengo osoa lortuko zuten Batasuna aurkeztu ezin izango den hauteskunde batzuetan. Egibarren sektorean, eta Arzallusenean, pozik daude gertatutakoarekin. Segur aski zer gertatu behar zen zekiten bakarrak ziren eta ez daude gertatutakotik kanpo».


El País -Espainia-
2004-12-31, José Luis Barbería

«ETA-Batasuna prozesu berri baten hasieran parte hartzeko tentazioan erori da azkenean. Prozesu horrek berak beti nahi izan duen puntuan kokatzen du liskarraren marra: Euskadi eta Espainia aurrez aurre jartzen dituen gudu zelaian».


2005-01-02, Jordi Sevilla, Espainiako Gobernuko Administrazio Publikoetako ministroa

«Euskaldunen zati handi batek dio ez duela Ibarretxe plana ezagutzen, eta Kongresuan planaren eztabaida politikoa ostuko balitz Auzitegi Konstituzionalean aurkeztutako helegite bategatik, lehendakaria biktima gisa aurkeztuko litzateke euskal iritzi publikoaren aurrean, eztabaida blokeatzean Gobernu zentralak planaren ezagupena galarazi duela esanez. Beraz, Ibarretxe plana hautestontzietan garaitzeko helburura moldatu behar da estrategia, eta horretarako euskaldunek ezagutu egin behar dute, jakin behar dute plan horrek Espainiarekin eta Europarekin aurrez aurre jartzen dituela. Azken finean, erronka honen gakoa hautestontzietan erabakiko da, maiatzeko euskal hauteskundeetan».


ABC -Espainia-
04-12-31, Andrés Ferrer

Nazka
«Horixe sentitzen da, antro bihurtutako Euskal Autonomi Erkidego espainoleko Legebiltzarrean, sekta nazionalistak antolatu zuen zeremonia ‘iniziatikoa’ ikusita. (...) Ustezko euskal herriak Tolkienen sagako ‘elfo’en herriak izan dezakeen entitate historiko berbera du».


Le Monde -Frantzia-
2004-12-31

Eusko Legebiltzarrak Euskadirako Estatutu Berriaren proiektua onetsi du
«Ibarretxe buruzagiaren plana ustekabean onartu da Sozialista Abertzaleak (SA) taldearen hiru boz independentistari esker. Osoko bilkuraren hasieran, Ibarretxek ‘euskaldun guztiek, hots, hemen bizi eta lan egiten duten guztiek, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea daukate eta inork ez du gure ordez erabakiko’ adierazi zuen».


Libération -Frantzia-
2004-12-31

Euskal Herria: Boz subirano zalea
«Euskal nazionalisten proiektu zatitzailea, Euskadi Espainiari asoziatutako Estatua nahi duena, gehiengo osoz onartua izan da parlamentu erregional autonomikoan. ETAren adar politiko Sozialista Abertzaleak taldeko separatisten bozek Ibarretxek proposatutako ‘erreferenduma’ egin ahal izateko bidea eman dute».


Sud-Ouest -Frantzia-
2004-12-31

Ibarretxe Plana onartua
«Ezker nazionalista erradikaleko Arnaldo Otegi eledunak Ibarretxeren planari hiru boz ematean zur eta lur utzi ditu Gasteizko parlamentu erregionaleko biltzarkideak. Otegik sasitan dagoen Urrutikoetxea legebiltzarkidearen eskutitza irakurri zuen. Eskutitza ETAk planari ipinitako zigilutzat jo da».


Clarín -Argentina-
2004-12-31

«Euskal Herria Espainiari asoziatutako Estatua izatea proposatzen duen proiektua onartu dute. (...)
Euskal nazionalistek garaipen historikoa izan dute, planak parlamentuaren babesa lortzeaz gain, gero eta isolatuagoa dagoen nazionalismo erradikalaren babesa behartu baitute».


The Guardian -Britainia Handia-
2004-12-31

Euskal nazionalistak Madrilekin aurrez aurre jarri dira
«Euskal talde nazionalista aurkariek atzo elkarren arteko desberdintasunak alde batera utzi zituzten parlamentu erregionalean lege proiektu eztabaidatua bultzatzeko. Horrela, erregioarentzako independentzia areagotzea aukera egingarria litzateke eta Madrilekiko liskarra ia saihestezina».


The Independent -Britainia Handia-
2004-12-31

Euskaldunek borroka hasi dute Madrilekin independentzia lortzeko
«Madrilek konstituzionalki erreferendum erregional bat debekatzeko eskubidea dauka, baina gobernuak hauteskundeetan euskaldun gehienek babestutako proposamena suntsitzearen ondorioak neurtu beharko lituzke.
(...) Orain plana, Madrilen, Diputatuen Kongresura igaroko da eta atzera botako dute. Proposamena Madrilen eztabaidatze bera ere garaipen sinbolikoa da Ibarretxe jaunarentzat. Eztabaidak, segur aski, espainolak beren burua nazio gisa definitzeko moduaren inguruan pasio sakonak eragingo ditu eta liskar erregional garratzagoak berpiztuko dira».


The Miami Herald -AEB-
04-12-31

Eusko legebiltzarkideek autonomia plana eztabaidatu dute
«Eusko Legebiltzarrak erregio honi Espainiarekiko independentzia birtuala emateko proposamena onartu du, ETA talde armatuaren adar politikotzat jotzen den legez kanpoko alderdiaren azken uneko bultzadari esker».

Xabier Aierdi (EHUko soziologia irakaslea): "Quo Vadis, Juan José?"
Joan den osteguneko hiru botoen onarpena hanka-sartzetzat daukat, hala Ibarretxe nola EAJren aldetik. Botoen eskaintzari onespena eman aurretik, hamarrera arte kontatu ondoren, erantzun behar izan zion hirukoak. Kontua da hirukoa ez dela gurean trinitate katolikoa, hiru izaten jarraitzen du. EAk ondo erraz egin dezake propio Batasunaren logika finalista, EBk nahikoa du gobernutik ez irtetearekin, eta EAJn nork agindu du oraingoan: Ibarretxeren antsietateak ala bere barneko balizko tutti fruttiak? Bestalde, Batasunak maisu jokaldia burutu zuen. Egungo panoraman, PPrekin batera, posiziorik argiena dauka. Gainontzekoak osakin ideologiko eta estrategiko ezberdinekin nahaste taktikoak egiten dabiltza.

Ibarretxe Planaren hitzaurrea Herri Batasunaren doktrina historikoa da eta erradikaltasun nazionalista eskatzen du. Ez du zertan biolentziara eraman behar »ETA eta ezker abertzalearen hanka-sartzea» baina boterea galtzeko arriskua jokoan ipini behar da -EAJren izua-. Hitzaurrea demokrazia nazionalaz ari da: nahi dugun sistema politiko aukeratu -legitimoa izan- aurretik nor eta nortzuk garen -subjektua- erabaki behar dugu.

Horrela, Egibarrek Otegiri goizean luzatu zizkion sasi-irainak ia abertzale batek Planari nola ezezkoa eman ziezaiokeen galdetuz, tsunami baten antzera bueltatu zitzaion arratsaldean: "abertzale zarela, ba orain egiozu aurre datorkizun olatuari...". Guzti honen ostean barealdi urduria etorri da, eta hor dabiltza Imaz eta Batasuna barne premiazko egoera elkarri egotziz. Batasunak barne premia gordinak ditu -oinarri sozialaren eskari argia-, baina ez ote da oraingoan EAJ berak egin nahi zuen amaraunean erori? Otegik argi utzi zuen horrelako hitzaurre batek ez zuela konponendarik ametitzen, hitzaurrea sakrifizioz beteriko haustura baita.

Hiru botoak onartzearekin EAJk hainbat aukera galdu du. Zuzenean, kaltetuena EAJ da eta, neurri batean, zeharka Zapatero. Batasunak ez du ezer galtzeko, dena galdua baitu, ezingo baita hurrengo hauteskundeetara aurkeztu.

Kaltetuei buruz: 1) Astebete on baten amaieran »aurrekontu eta Atutxa aferaren sasi konponbidea» Planaren aprobazioak programa elektoralik gabe utzi ditu EAJ eta EA. Presa handia programarik gabeko koalizioaren berri emateko. Programa, Batasuna aurkeztu ezinaz gain, planaren ukazioa zen. 2) Zapatero ahuldu da eta PP berrindartu. PP eta espainiar iritzi publikoaren presiopean, Zapaterok irmotasun politika esageratu egin beharko du. Bide batez, bertan, denbora faltan Lopez Plana ahuldu egiten da eta Rosa Díez-ena indartu. Eta 3) Zapaterok planaren tramitazioa azkartu egin lezake eta, arte martzialetako estrategia erabiliz, gehiago ahuldu abertzalegoa bere orokortasunean: aurkaria garaitu eta zorura botatzeko bere indarra eta bulkada erabili.

Legalitateari legitimitatearekin eta kontsentsuari gehiengoarekin aurre egitea estrategi bat da, ez egokiena. 1998tik, abertzalegoak legitimoki bere eskariak intentsifikatu eta azeleratu egin ditu. Guzti honek fronte nazionala eta, kontsentsu faltan, gehiengoaren bilakaera dakartza. Egungo egoera zentrifugoan ez dago gehiengo kuantitatibo -edo kualitatibo- nahikorik, eta euskal gizarte faktikoaren arabera ezin da egon. Baldintza hauetan, SAren botoak onartu izana hanka-sartzea da, irabazpenak baino galera gehiago dakartzalako, batez ere euskal gizarterako, erdia ignoratua baita. Gainera, konbentzitua nago ezin daitekeela inolako konponbiderik bilatu PSOEren partaidetzarik gabe. Posible izango ote da inoiz bertako nazionalismoak helburuen inguruko kontsentsu bat konkretatu eta gero PSOErekin bigarren mailako bat lortzea?

Nora zoaz, Ibarretxe Lehendakaria? Gogo eta arrazoi izanda ere, gure aspaldiko kantari bat parafraseatuz: gehiengoak dakarrena/ gehiengoak daroa/eta, gu, hemen/beti, gu, hemen!

Iñaki Antiguedad (EHUko irakaslea eta EHko legebiltzarkide ohia): «Beharrezko astindu ederra»
Astindu ederra gero, ostegunean Gasteizko Legebiltzarrean bizi izan zena. Sozialista Abertzaleak taldeak sortu du astindua Lakuako hirukoaren Estatutu Politiko Berrirako Proposamenari nolabaiteko bidea egiten hasteko behar zituen botoak oso modu kritikoan eskainita. Talde horretako hiru kidek ahozko baietza, beste hiruk ahozko ezetza eta zazpigarrenak idatziz argitu zuen baietzon eta ezetzon zentzu bateragarria.

Bat nator astinduarekin. Izan ere, herri honetako egoera politikoak bazuen astindu baten beharra, aspaldian zegoelako inertziak hartuta, burujabetzan geldi. Askotan esan da, eta egia da, prozesu batean edukia dela inportantea, baina moduak ere badu garrantzia. Eta kasu honetan, Proposamenaren testu osoa bera baino inportanteagoa izan da, nire ustez, batzuek politikaren taula behingoz mugitu eta bizi-berritzeko agertu duten prestutasuna, Proposamenaren funtsezko hitzak abiapuntu hartuta taulako pieza guztiak ezinegonean utziz, eta, bide batez, batzuen interes elektoral neurtuak atzekoz aurrera jarriz. Legebiltzarra epizentroa izan da, eta orain sortutako olatua serio kudeatu beharra dute, astintzaileek batez ere.

Ezker abertzaleak arriskatu egin du, astindu guztiek dakarten arrisku-maila bereganatuz; ez da gutxi, denok egingo balute! Belodromoan egindako apustuari zentzuzko segida eman dio. Gatazka gainditzeko metodo adostu eta baliagarriaren beharra aipatu zuen han, eta berdin egin du osteguneko bilkuran ere, beren botoen ulergarri: "Aukera politiko guztiak berdintasunean garatu ahal izango diren benetako egoera demokratikoa zabaltzeko" metodoa, zazpigarrenaren hitzetan. Bazuen ezker abertzaleak eremu politikoan bazter geratzeko arriskua ere, hirukoak behin eta berriro, batere gelditu gabe, ahalegindu direlako "ezetzaren blokean" sartzen, konstituziozaleekin batera, herri honi galdetzeko aukera bera ukatzeko jarrera modu maltzurrean leporatzeraino. Zaila zuen ezker abertzaleak, gizarte zabalari begira, bere kontrako ekaitz maltzurrean aterpea bilatzea, "Konekta zaitez" garai honetan guztiok ez dutelako konektatzeko aukera bera. Hala ere, sinestuta nago osoko bilkuran hartutako jarrera ez dela aterpe hutsa izan, Anoetako apustuaren benetako neurri bat baizik.

Eta orain zer? Proposamena dagoeneko Legea da, hemen behintzat. Jada ez da datozen hauteskundeetarako batzuen balizko programa; akabo bide hori, beste zerbait eskaini beharko dute. Legea izanda bidean hastea dagokie agintariei, eta ez dirudi bidea luzea izango denik, Espainiako Gorteetako ezezkoa argia izango delako, profeta ez banaiz ere. Gatazka instituzional zabala ekarriko du horrek. Gatazka politikoa, gatazketan gatazkena, behingoz gainditzeko aukera ezin hobea izan daiteke, sortu berri den konfrontazio politiko demokratikoa modu egokian kudeatzen badakite hemengo eragile guztiek, edo gehienek behintzat, eta ez bakarrik politiko huts direnek. Sozialista Abertzaleak taldeak emandako baietza bidea egiten hasteko baietza delakoan nago, jakinda bidean hamaika gauza adostu behar direla, hamaika oztopo saihesteko, eta horretarako metodo adostua behar dela. Metodoa. Osoko bilkuran emana ez da txeke zuria izan, ez beltza ere; grisez gris jauzi kualitatiboa eginez metodoa adosteko txekea baizik, nire ustean.

Bai astindu polita! Eta bai paradoxa!, ezker abertzaleak 2001eko legalitatean baino sinesgarritasun sozial gehiago dauka 2005eko ilegalitatean. Atera bitzate kontuak burua udaberrian jarrita dutenek! Zer ondorio ekarriko du irekitako prozesuak orduko hauteskundeei begira? Egoera berria ahalbidetu duen formazio politikoa legez kanpo segitzea onartuko al du herri-galdeketa, hiru lurraldeetan, batzuen biolentziarik gabeko egoeran egingo dela etengabe esaten dagoenak? Hauteskunde-deia egin behar duen berak? Olatua abian da.


Azkenak
Paloma Castro (AEMET Nafarroa)
“Udaberria arrunta izan da eta uda ohi baino beroago izango da”

Ostegunean hasi da uda. Hartara, udaberriko eguraldiaren balorazioa eta udakoaren iragarpena egin du gaur AEMETek. Apirila 1961az geroztik hilabeterik lehorrena izan den arren, udaberri “arrunta” izan da eta uda ohi baino beroagoa izatea aurreikusi dute.


2024-06-21 | Sustatu
AA irudien lehiaketa batean tranpa, benetako argazkia aurkeztuta

Interneten oinarria duen argazkigintza lehiaketa batean, 1839 Color Photography Awards delakoan, tranpa gertatu da. Kategoria berezia sortu zuten 2024ko ediziorako, Adimen Artifizialeko irudiak aurkeztekoa, eta irabazleak tranpa egin zuen, argazki erreala aurkeztuta irabazi zuen... [+]


2024-06-21 | Gedar
Gasteizko Azkena Rock jaialdiko lan-baldintza miserableak salatu ditu Laneko Autodefentsa Sareak

Last Tour enpresa eta Gasteizko Udala seinalatu ditu erantzule gisa, azken horrek "langileon prekaritatea finantzatzen eta legitimatzen" duela nabarmenduta. Azkena Rocken aritu diren hainbat langileren lekukotzak bildu ditu LASek.


Kike Diaz de Rada hil da, aktore, antzerki zuzendari eta idazle donostiarra

64 urterekin, Kike Diaz de Rada donostiarra hil da, Eneko Olasagasti lankideak asteazken arratsean sare sozialetan jakinarazi duenez. Ibilbide luzeko aktorea izan zen eta Tanttaka teatroaren eta Orain gipuzkoar antzerki taldearen sortzaileetako bat.


Eguneraketa berriak daude