Zortziko nagusia Euskaldunan


2004ko abenduaren 19an

Urrian eta azaroan egindako bost kanporaketen ondoren hiru finalaurrekoak jokatu ziren Bermeon, Getxon eta Elorrion, hurrenez hurren. Jendetsuak izan ziren hirurak, 500 entzule inguru batez beste. Goi mailako saiorik ez genuen entzun, eta kanporaketetako maila gainditu bazen ere, gazitik eta gozotik, bietatik dastatu genuen. Bertsoaldi bikainak eskaini zizkiguten bertsolariek. Akatsak ere zenbat gura. Epaileen zenbakiek zerbait adierazten dutelakoan, horra: kanporaketetan inork ez zuen 6ko batez besteko puntuazioa lortu, eta finalaurrekoetan lau bertsolarik gainditu zuten (Elortza, Lekue, X. Paya, Iturriaga). Epaiak epai, finalaurrekoetan balekotik gorako bertso on asko entzun genituen, eta bikainak ez gutxi. Bermeokoa izan zen frontoian jokatutako bakarra. Bertan txapela irabazteko bi faboritoak ez zirela-eta aldez aurretik saio orekatuena zirudienak ez zuen huts egin. A. Estiballes, I. Ibarra eta F. Paya parean ibili ziren saio osoan zehar, bertsotan fin eta finaleko txartela aldarrikatzen. Saioaren azken zatian Frediren arnas hartze gehiegizkoak »poto egin zuen arnasa hitza errepikatuz» eta Onintza eta Oihane Enbeitaren gorakadak asko estutu zuen sailkapena. Estiballesek irabazi zuen Bermeon (503 puntu); erregulartasunak eman zion finalerako lehen txartela. Iratxe (484,5) eta Fredi (480) ere sailkatuko ziren saio honetatik, eta Enbeitatar biak atarian geratuko.

Getxon Etxahun Lekue eta Unai Iturriaga nabarmendu ziren. Bide desberdina aukeratu zuten baina finalera heltzeko. Etxahunek, agurrean bueltaka zebilzkion nerbioei agur esanda, ziurtasun kutsagarriarekin ekin zion saioari, eta lehenengo ofizioetatik nabarmendu zen bertsokera natural, aberats eta sinesgarriarekin. Kartzelako lanean puntuei ere ondo erantzun zien eta gaiarekin ez zuen behera egin. Unairen bidea bestelakoa izan zen. Ez du gustoko antzokian kantatzea »ezker pareta zalea da Unai bertsotarako orduan», eta Txapelketa Nagusi batean Getxon bertan ezagututako mamuarekin ametsetan edo, kontua da lo hasi zuela saioa. Bigarren ofizioan esnatu zen, eta hirugarrenerako bagenuen bere ironiaren seinalerik. Kartzelako gaiarekin jo zuen goia, konkreziorako duen erraztasunarekin gozarazi gintuenean. Txapela lortzeko hautagaitza aurkeztu zuten Etxahunek (511) eta Unaik (507). Ez ziren aparte Arkaitz Ugartetxea eta Oihana Bartra. Arkaitzek saio erregularra egin zuen, ofizioetan lagun ona dela erakutsiz. Oihanak »20 urteko bilbotarra izan da finalaurrekoetan gazteena», ofizioetan lan polita egin ondoren kartzelako gaiarekin egin zuen estropozu eta hango potoak galarazi zion ametsa. Goraka datorren bertsolaria da Oihana, eta berriki Xenpelar sarian lortutako bigarren tokiak konfirmatzen du hori. Finalean Iratxe izango da emakume bakarra, baina finalaurrekoetan kantatu duten beste hirurak hurrengo lau postuetan geratu dira.

Elorrion erabaki ziren gainerako finalistak. Elortza txapeldunak ez zuen bere sozioaren nagirik eraman Arriola aretora eta hasieratik utzi nahi izan zuen argi ez diola laugarren txapelari uko egingo. Hori bai, ofizioetan fin aritu eta bakarreko lanean antza emozio apur bat eman nahi izan zion saioari, epaileak pototik gertu zebilen proposamenarekin kontzienteki tentatu zituenean »"dena dela" eta "izango dela"», eta hori gutxi balitz aukeratutako doinua ezin ekarri eta birekin nahastuta ibili zenean. Azken agurrean aitortu zuen doinuarekin egindako hutsa hurrengoan gutxienez disimulatzen saiatuko zela. Ez dakigu epaileek nola hartuko zuten, baina lortutako puntu mordoa ikusita (523,5), ez dirudi kalte askorik ekarri zionik. Igorrek berak Xabi Payak harrapatuko zuen susmoa zuela ere aitortu zigun amaieran. Egia esan saio borobila egin zuen payatar gazteenak. Susmoa txapelketa hasieran geneukan askok: Xabi finalean ikusiko genuela. Sasoi ederrean dago algortarra. Bertsoak goitik behera jantzi eta ideia biziekin edertzen ditu. Lortu du helburua »finalean da 508,5 punturekin, eta hasierako agurrean ohiko umorez adierazi zuen bezala, anaia Fredik baino puntu bat gehiago lortzearekin konforme zen». Igor Muniategik ere merezita lortu zuen finalean sartzea (485), hizkuntza dotore erabili eta tarteka ideia borobilak ekarri eta gero. Eñaut Intxaurragak txapelketa polita osatu du »Arratiako Txapelketa eta Zeanuriko kanporaketa irabazita» eta finaletik kanpo geratu arren, bertsolari dela erakutsi digu.

Final erakargarria

Azken balorazioak txapelketa amaierarako uztea komeni bada ere, txapelketa honek berretsi duen joera bat nabarmendu nahi nuke. Gero eta gehiago dira bizkaieraz kantatzea erabaki duten bertsolariak. 1996an Elkarteak Amurizaren eskutik abiatutako proiektuak bere fruituak eman ditu. Finalean arituko diren zortzietatik bostek kantatu dute bizkaieraz (Elortza, Iturriaga, Lekue, Ibarra eta Fredi). Zer normalizatua badagoen arren, naturaltasunez entzuten ari gara bertako euskalkia Bizkaian, eta hori euskalkiarentzat ez ezik, euskararentzat ere osasungarria da. Erabileraren datu tristeak eta kalitatearen joera kezkagarria bizi ditugun garaiotan, bertsolaritzak gotorleku behar du. Eta eragile.

Oraingoz finala. Zortzi bertsolariak 22 eta 30 urte bitartean daude. Gazteena Xabi Paya finalista berria. Zaharrenak Unai eta Iratxe. Bertsolariek eman dezaketenaren erakusgarri, ezagutarazi ditzagun bakoitzaren armak. Elortza durangarrak aurreko hiru txapelak ditu akreditazio onena. Bertsolari fina da, eta zorrotza. Arriskua auzoan du. Unaik baditu bi txapel eta beste lautan bigarren geratu izanak esperientzia handia eman dio. Finaleko beteranoa »Igorrek eta biek zortzigarren finala dute», ironian eta konkrezioan bilatuta oparituko digu jenialitaterik, seguru. Iratxek ere beterania gradua merezi du. Markinarrak hau du bosgarren finala eta euskalkiarekiko arduratik askatzen bada »lan polita egiten ari da bizkaieraz» ez harritu zuzentasunetik lotsagabekeriarako bideak esploratzen ikusten badugu. Han aurkituko du Fredi. Payatar zaharrenak hirugarren finala izango du. Bertsolari ausarta eta lotsabakoa, plazak konkistatzen dakien horietakoa da, finalean geratzen den tokian geratuta ere, entzulea zutik jartzen ahaleginduko da »belauniko inoiz ez». Arkaitz Estiballesek bigarren finala izango du, 2000koaren ondoren. Galdakaoztarra finalera bueltatu da eta plazako bertsolariaren dohainekin »bertsokera zuzena, umoretsua, kinesia aberatsekoa» Euskalduna ere poltsikoratzen ahaleginduko da. Etxahun Lekue larrabetzuarrak ere bigarren finala du aurten. Finalaurrekoetan Elortzaren fintasuna igarri diogu, eta ziurtasun handia. Eta naturaltasuna. Eta kontuz. Igor Muniategirentzat ere bigarren finala da. Gazteena Xabirekin batera, esperientzia gehiago du halere, eta betelanean zuzentasunean beste asmatzen badu, gauza politak emango dizkigu. Eta Xabi Paya, behingoz Frediren anaia izateari utzi nahi dion bertsolari dotorea. Argia eta zorrotza, goitik behera janzten du bertsoa eta ideia jenialak botatzen ere badaki. Asko egin du finalean sartuta. Ez dena.

Kinielak egiten hasiko ziren asko honezkero. Durangarren arteko merienda dela hau, Larrabetzukoak Etxahunekin sinetsita, payatarren lehia txapela baino haratago ote doan... Irabazleak gu, Euskaldunara bertso gosez joango garen zaleak. Eman dezaketena emango dutelako. Txaloz hartu eta txaloz bultzatu nahi ditugulako. Zabal bitez Euskaldunako ateak, Bizkaiko bertsolaritzari harrera egin biezaio, euskal kulturaren altxorretik hurrengo funtzioa hastear baitago. Oihala gora.


ASTEKARIA
2004ko abenduaren 19a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude