Txomin Badiola: «Ikusleak jarrera aktiboa hartu behar du, bestela ez dago obrarik»


2021eko uztailaren 12an
2002an Bilbon eta Bartzelonan zure lanaren inguruko atzera begirako erakusketak aurkeztu ziren. Aro baten amaiera markatu zuten erakusketa horiek?
Bai, dudarik gabe. Hamabost urtetako lana biltzeak barne gogoeta bat dakar berekin, egiten aritu zaren horretaz eta baita etorkizunean egin nahi duzunaz ere. Dena den, ondoren ez zen erabateko geldialdi bat etorri, urtetan zehar lanean aritzeak inertzia batean murgiltzen zaitu, eta atzera begirako horietatik eta inertzia horretatik beste zenbait erakusketa ere atera dira.

Hamabost urte horietan zein izan da zure lanaren funtsa?
Betidanik izan dudan aspirazio bat betetzea, hau da, nire bizitzako alor guztiak elkartzen dituen lan bat sortzea. Gai zehatz bati buruzko lan bat egin gabe, planteamendu artistikoak, arazo sozialak, nire bizitza pribatuari dagozkionak... normalean bazterrean geratzen diren gai horiek guztiak elkartu nahi nituen. Atzera begirakoetan ikus zitekeena helburu horretara iristeko urtetan egindako ahaleginaren emaitza izan zen.

1988an Londresa joan zinen bizitzera eta 1990ean New Yorkera. Han bizi izan zinen 1998. urtera arte. Alde egin behar horrek izan al zuen loturarik "euskal artista" izatetik urruntzeko beharrarekin?
Faktore askok eragin zuten. 1987an, Madrilen, oso arrakastatsua izan zen erakusketa bat jarri nuen eta 1988an Oteizaren gaineko erakusketa antologikoa zabaldu zen. Nire ibilbide artistikoko une garai batean nengoen. 1988rako, bestalde, EHUko Arte Ederretako fakultateko nire lanaz nazkaturik nengoen, nabarmena baitzen, zenbait proiektutan lanean aritu ostean, denbora galtze bat besterik ez zela. Eta gainera, 1988an hemen bizi genuen egoera ere erabat etsigarria zen, maila guztietan. Faktore hauek guztiak elkartu ziren eta argi ikusi nuen beste gauza batzuk probatu behar nituela. Lehenik Londresa joan nintzen eta hango denboraldia bukatzean, New York izan zen nire aukera.

Artista bezala lantzen duzun kontzeptuetako bat bukatu gabeko obrarena da. Zein izango litzateke ikuslearen rola zure lanen aurrean?
Ikusleak jarrera aktiboa hartu behar du, bestela ez dago obrarik. Artelana elementu ezberdinen artean eta konplexutasun handi baten erdian jartzen den zerbait da. Artelana, egileak bere buruarekin, egileak ikuslearekin, ikusleak bere buruarekin, ikusleak gizartearekin... duten harremanean bitartekari lana jokatzeko ezartzen den tresna komunikatiboa da. Harreman horiek guztiak abiarazi ditzakeen korapiloa. Horixe da artelanaz nik dudan ideia.

Hori lortzeko, ordea, artelana ezin da ikuslearen kontsumorako elementu bat bezala aurkeztu, ikuslearen parte-hartzea bultzatu behar du. Artelanak bizirik iraun behar du, ikusleen interpretazio anitzek elikatu eta aberastu dezaten.

Artearen definizioa geroz eta konplexuagoa eta zabalagoa den arren, museo askok artearen ikuspegi tradizionala lantzen dute beren aretoetan. Ez al gaude kontraesan baten aurrean?
Bi mugimendu ezberdin dira, eta bietan jarri beharko genuke arreta. Batek artearen kontzeptu barreiatuena eta zabalena jorratzen du eta bestea aldiz, artea funtsean gauza bera izanarazten duen horretaz arduratzen da. Pertsona bat artista izatera bultzatzen duen behar horretan badago mendeetan zehar mantendu den zerbait. Nahiz eta zentzu askotan aldatu, behar hori bera izan da garai ezberdinetan. Kontuan hartu beharrekoa ez da soilik artearen barreiatzea eta nahasketa, arteak berezko duen horrek ere merezi du arreta. Artearen esentzia mendeetan zehar sortutako artelanek komunean duten horretan egongo litzateke.

Zure azken proiektua, Oteizaren erakusketa, zabalik egongo da urtarrilaren 23a arte. Zein proiektu dituzu etorkizun hurbilean?
Orain hurrengo erakusketak prestatu behar ditugu Madrilen eta New Yorken. Beraz, Oteizaren afera oraindik ez da amaitu. Dena den, honekin bukatzeko eta beste kontu batzuekin hasteko irrikaz nago. Duela gutxi Tel Aviven erakusketa bat zabaldu dut aurrez erakutsitako zenbait lanekin eta orain lan berrietan murgiltzeko gogoz nago. Nire lanari erabateko dedikazioa eskaintzen diot eta bi lan dauzkadanean ez naiz ongi konpontzen. Nahiago dut gauza batzuk alde batera utzi eta gero, denboraz, berriz ere haiengan arreta jartzea. Halere, Oteizaren kontuak oraindik lan dezente emango digu, erakusketa jarri behar dugun aretoetako espazioak oso ezberdinak baitira eta beraz, momentuz behintzat horrekin jarraitu beharko dugu.

Oteizaren erakusketa
Azken hilabeteetan Guggenheimen zabaldu den Oteizaren erakusketa prestatzen aritu zara. Non egon da zailtasunik handiena?
Zailena, hamasei urte igaro ondoren berriz lan beraren ardura hartzea izan da. Sekula ez da nire helburuen artean egon erakusketa honetako komisario izatea. Oteiza oso pertsonaia konplexua da, horregatik, bere artelanak eta bere ibilbidea ezagutzeaz gain, bere ingurua eta izaera ezagutzen zituen pertsona bat behar zuten. Margit Rowell-en lana ezinbestekoa izan da, arte garaikidean aditua den pertsona bat delako, baina beharrezkoa zen Oteizaren konplexutasun hori guztia gertutik ezagutzen zuen norbait. Horregatik parte hartu nuen proiektuan. Baina zure galderari erantzunez, zailena, erakusketa honetan komisario izan behar nuela onartzea izan da.

Zein helburu zehatzekin osatu duzue Oteizaren erakusketa berri hau?
Oteizaren atzera begirako lehen erakusketa 1988an egin zen. Oteizaren ibilbideko une garaietako bat zen hura eta aukera asko ikusi genituen Oteizak nazioarte mailako izena har zezan. Kontuan izan behar baita nazioartean erabat ezezaguna dela. 1988an Oteizak merezitako lekua har zezakeela ikusi genuen, bera bezalako artista handi batek merezi duen izena eta errekonozimendua, alegia. Azkenean, ordea, guztia konplikatu egin zen eta ez zen horrelakorik lortu.

Gerora, Oteiza Fundazioa sortu zuten eta bazirudien erakunde horren helburu nagusia Oteizaren lana ezagutarazi, ikertu eta garatzea izango zela. Baina ez da horrelakorik egin. Beraz, hamasei urte igaro ondoren, egoera berdinean gaude. Erakusketa honekin lortu nahi duguna, aurrekoan lortu nahi genuen gauza bera da: Oteizak duen garrantzia nazioarteko arte munduan eta artearen historian nabarmentzea.

Horretarako, bere artelanak sortu zituen garaiari lotuta aurkeztu nahi izan ditugu. Kontuan izan behar dugu, beharbada inguruan zuen jendeagatik edo zahardadeagatik azken hamar urteetan Oteizaren lanak izugarrizko eraldaketa jasan zuela. Planteamendu ideologiko zehatz bati erantzuten dion heinean, Oteizaren lana oso hauskorra da, eta, ulertzeko, planteamendu ideologiko hori ulertu behar da. Planteamendu hori errespetatzen ez den momentuan, guztia hankaz gora geratzen da. Eta azken hamar urteetan errespeturik izan ez duen lehena Oteiza bera izan da. Beraz, hainbesteko eraldaketen ondoren, erakusketa honen helburua dena bere neurrira itzultzea izan da. Eta behin bere neurrian jarrita, har dezala hartu behar duen garrantzia. Era berean, erakusketa Madrilera eta New Yorkera eramanda, honi guztiari ahalik eta garrantzi handiena ematea nahiko genuke.

Eta Oteizak Guggenheimekiko zuen ezinikusiak nolabait eragin al du prozesuan?
Oteizak zituen ezinikusi horiek oso konplexuak ziren. Kontraesanez betetako pertsona bat zen, bere buruarekin etengabeko borrokan bizi zena. Nik bere jarrera argi nuen hasieratik eta, beraz, ez dut uste erakusketa honetan eragin duenik. Berak esandakoak ez dit bere lanaz dudan ikuspegia aldaraziko. Eta beste maila batzuetan ere ez dut uste eragin duenik. Nik ezagutzen ditudan Oteizaren inguruko sektore guztiek bat egin dute erakusketarekin, guztiek sentitzen baitzuten erakusketa behar-beharrezkoa zela eta, are gehiago, hau antolatzeaz arduratu behar zuen erakundea, egun dagoen erakunde boteretsuena zela, Guggenheim, alegia.


Azkenak
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak negoziazio mahaira deitu ditu sindikatuak ostegunerako eta proposamen “berria” iragarri du

Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek deitutako greba astearen atarian dator Hezkuntza Sailaren mugimendua. Ostegunean bilduko dira sindikatuak eta Hezkuntza Saila, bertan ezagutaraziko du sailak proposamen zehatza, baina zenbait eduki aurreratu ditu asteartean Begoña... [+]


Langile bat hil da lan istripuan, Laudion

Langile bat hilik topatu dute astearte goizean Laudioko Bebidas Serrano enpresan. Osalanek adierazi du hipotesi nagusia gizonak bihotzeko bat izan duela dela. Istripu honetan hildakoarekin, 2025ean 19 langile hil dira jada lan istripuetan.


Ertzaintzaren eraso arrazista bat salatu dute Bilboko San Frantzisko kalean

Erasoa ile apaindegi batean egin zuen Poliziak iragan astean, Bilboko Kontseilu Sozialistak salatu duenez. Ile apaindegiko kamera baten irudiak zabaldu dituzte.


Merzek ez du eskuratu kantziler izateko gehiengo osoa Alemaniako Parlamentuan

CDU-CSUren eta SPDren arteko aliantzak 328 aulki baditu ere Bundestagen, 310 diputaturen babesa jaso du Merzek astearteko bozketan, gehiengoa lortzeko behar direnak baino sei gutxiago. Lehen aldia da Alemania errepublika federala denetik ez dela kantzilergai bat lehen bozkaketan... [+]


2025-05-06 | Estitxu Eizagirre
Amasa-Villabonako Udala Premier enpresarekin negoziatzen ari da Amasamendiko herri lurretan bi haize errota jartzeko baldintzak

Ander Goikoetxea Amasa-Villabonako zinegotzia da eta EH Bilduko Legebiltzarkidea. Premier ESPF Ipaz Haizea enpresak Amasamendin ezarri nahi dituen bi haize erroten orain arteko prozesua nola izan den azaldu du.


2025-05-06 | Mikel Aramendi
ANALISIA
Haitz galdu batzuek baldintzatuko ote dute Asia Ekialdea?

Taiwan eta Japoniaren artean dauden Diaoyu edo Senkaku irlak hizpide izan dira berriro: Txinako kostazaintzako helikopteroek japoniar hegazkin koxkor bat uxatu zuten pasa den larunbatean irlen ingurutik “legez kanpo txinatar aire-espazioan” sartzeagatik. Bost... [+]


2025-05-06 | Antxeta Irratia
Irungo Lakaxita gaztetxeak pintaketa faxistak salatu ditu berriz

Joan den abenduan gaztetxeak pintaketa nazi-faxistak salatu zituen ere, eta oraingo honetan “Stop LGTBI”, “Fuera degenerados” edota “No os dejaremos dormir” bezalako mehatxuak izan dira asteburuan Lakaxitako hormetan azaldu diren mezuak, diana... [+]


23 eurodiputatuk Europar Batasunari eskatu diote esku hartzeko Askatasunaren Ontzidiaren alde

EBko diplomaziaburuari gutuna bidali diote lau talde parlamentarioko hainbat legebiltzarkidek, tartean EH Bildukoak. Oraindik nazioarteko uretan segitzen du Askasunaren Ontzidiak.


Errumaniako lehen ministroak dimisioa aurkeztu du, eskuin muturraren gorakadaren aurrean

Errumaniako presidentetzarako hauteskundeetan Simion eskuin muturreko hautagaiak lortu duen garaipenaren ondorioak azkar heldu dira. Marcel Ciolacu sozialdemokratak dimisioa eman du, ultraeskuinaren hazkundea geldiaraztea xede zuen gobernu koalizioak "jarraitzeko arrazoirik... [+]


Josebe Iturrioz Naizenen biltzarrean:
“Sarritan ikerketa objektu bezala tratatzen gaituzte trans pertsonak”

Naizenek I. Nazioarteko Biltzarra antolatu du haur eta gazte transexualitateaz hitz egiteko. Egitaraua maiatzak 5 eta 6 artean egin dute eta hitzaldiz josia izan da. Eztabaida eta hausnarketa bateraturako "espazioak sortzeko" ezagutza arlo ugaritan espezializatutako 400... [+]


Bridgestonek kaleratzeen kopurua murrizteko eta horien baldintzak hobetzeko asmoa erakutsi du

Pneumatikoen multinazionaleko langileek elkarretaratzea egin dute astelehenean, Japoniak Madrilen duen enbaxadaren aurrean. Sindikatuek enpresarekin izan duten bileran, zuzendaritza prest agertu da kaleratutako beharginen kopurua murrizteko eta kaleratze horien kalte ordaina... [+]


2025-05-06 | Gedar
“Selektibitatea hezkuntzaren elitizazioan sakontzeko tresna da”, salatu du IAk

Elkarretaratzeak egingo dituzte selektibitateari eta Baxoari ezetz esateko. Gainera, apunte-banku bat eta klase partikularrak jarri dituzte martxan IAko kideek.


Unax Aizpurua eta Aroa Arrizubieta izan dira Gaztetxeak Bertsotan finaleko txapeldunak

Martxoak 14an Itsasuko (Lapurdi) Goxoki Gaztetxean hasitako sei saioko ibilbideak maiatzaren 3an izan du finala Gernikako gaztetxe okupatu berrrian. Egurre Gazte asanbladaren laguntzaz egun osoko egitaraua izan zen larunbatean. Finaleko bigarren fasera, Maddi Aiestaran eta... [+]


Eguneraketa berriak daude