Almadiak, egurra garraiatzeko baltsak


2004ko abenduaren 12an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Erronkariko oihanetako aberastasun handiena, egurra, hirira ateratzeko sortu zituzten almadiak XVI. mendean. Geroago sistema bera sartaldeko haranek bereganatu zuten. Eta almadiak Zaraitzu eta Irati ibaietan ere azaldu ziren. Almadia hitza «armadia»tik omen dator, izan ere, hasieran armadako ontziak egiteko erabiltzen zen egur gehiena. Jeneralean Ezkako almadiek hiruzpalau zati izaten zituzten. Pago, pinu, urki edo haritz enborrak hurritz sokez lotu eta aitzinean lemazain bat edo bi eta gibelean bestea joaten ziren.

Egurra garraiatzeko biderik azkarrena eta merkeena zen ibaia; baita arriskutsuena ere. Almadieroek ibaiko harkaitz, zurrunbilo eta urjauziak saihestu behar izaten zituzten bideko haitzartetatik pasa eta Zangozara onik iristeko. Handik oinez itzultzen ziren herrira, biharamunean beste almadia gidatzeko. XVIII. mendera arte Gipuzkoan ere erabiltzen zituzten almadiak, eta Zuberoan beranduago ere bai. Euskal Herrian ez ezik Aragoiko eta Kataluniako ibaietan ere nabigatu zituzten almadien gisako baltsak; Cincan nabatak eta Nogueran raisak. Burgin Almadiaren Eguna ospatzen dute maiatzeko lehendabiziko igandean.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!