Iruzur fiskala


2004ko abenduaren 05an
Orain arte, sindikatu abertzaleek urtez urte eta datuak eskuan Hego Euskal Herriko iruzur fiskala salatu dute, aipatutako eremuan %14,5eko hazkunde-erritmoa izan duen iruzurra. Bere jatorria erdi eta goi mailako klaseetan datza batez ere, klaseok ez dutelako beste edozein langilek duen hileko nomina bidezko kontrolik. Horren adierazgarri, euskal enpresariek langileek baino 6.600 euro gutxiagoko diru-sarrerak dituztela adierazten dute errenta aitorpenean. Iruzur hori zuzendu ahal izango balitz, atzipetutako hiritarren bizi-baldintzak hobetzeko erabil liteke, batez ere laguntza gutxien dauzkaten populazioko taldeen edo gutxieneko soldata ere jasotzen ez dutenen kasuetan.

Orain, jakin berri dugu era ofizialean Bizkaiko Ogasunak azken urtean 144 milioi euroko iruzur fiskala (24.000 milioi pezeta!!!) aurkitu duela. Parterik handiena BEZaren ordainketari eta sozietateen gaineko zergari dagokie, erdi eta goi mailako klaseen kasuan gainera. Hala ere, Bizkaiko Ogasunak ez du inolako ekimenik abiarazi datu horiek jakinarazteko. Ez. Batzar Nagusietan agertzeko deia jaso zuen, kasuari zegozkion datuak eman zitzan. Eta zergatik? Antza, datu batzuk isilean pasatu ziren, besteak beste, Bilboko Athletic futbol talde historikoarekin zerikusia zuten zenbait. EAEko hiru Ogasunen arabera, 287 milioi euroko hainbat enbargo-espediente ireki dira, zor fiskal gisa kobratzeko, batez ere BEZa, sozietate-zerga eta lan-atxikipena ez ordaintzearren.

Aldeko tratua? Bizkaiko Ogasuneko arduradunak, eginarazitako agerraldi publikoan, iruzur fiskalaren aurkako gerlari indartsuenen gisa azaldu ziren, urtean zehar 640.000 ikuskapen egin direla argudiatuz, "egoera irregularrak direla eta". Era berean, argi utzi nahi izan zuten Aldundiak ez diola mesederik egin edo tratu berezirik eskaini Athletic taldeari, 2001 eta 2003 urteetan zehar egin ez dituen likidazioen kontzeptu gisa zor dituen lau milioi euroak aztergai zutela. Zorraren ordainketa zatikatua negoziatzen ari dira gaur egun. Aldiz, ez zuten esan Bizkaiko Ogasunak aukera eman duela 1995-2000 urte bitartekoan Athletic taldearen likidazioei zegokien sei milioi euroko diru-sarreren ordainketarik ez egiteko, dagoeneko egitateek preskribitu dutelako!!! Zein egitate? Honakoak: 1995etik Athletic taldeak bere jokalariek kobratzen zituzten fitxa garbiak aurkezten zizkion Ogasunari, gordinak zenbatu beharrean, legeak xedatu bezala. Ondorioa: Ogasunak, 1995-2000 bitartean, ez ikusiarena egin izan zuen urtez urte eta diru-kutxa publikoek sei milioi euro inguru galdu zituzten!!! Ukatuta ere, izandakoa, ezbairik gabe, taldearen aldeko tratua izan zen!

Halako pribilegiozko egoeraren aurrean, zilegi da askoz gauza gehiago susmatzea. Adibidez, zer gertatu zen aipatutako urteak baino lehen? Eta zer gertatuko zatekeen 2001-2003 urteetako lau milioi euroekin kasua argitaratu ez balitz? Horren kopuru esanguratsuak "lurruntzeko", erantzukizun politiko eta foral handiko inork »ez ikuskari edo ikuskari-buru soil batek» inplikatuta egon behar izan du. Nor dira auziaren erantzuleak? Zein egoeratan daude gaur egun? Bizkaiko hiritar atzipetuek erantzunak izateko eskubidea dute.

Baldin eta Athletic taldearekin hala jokatu bada, pentsa genezake beste hainbat sozietate garrantzitsurekin ere, horien BEZ eta kasuan kasuko enpresekin berdin egingo zutela. Ogasunak onartu baldin badu 2003 urtean 144 milioi euroko iruzurra "aurkitu" duela, zenbat ote dira, adibidez, azken 20 urteetan pila litezkeen milioi guztiak? Zenbat milioi euro "lurrundu" dira azken urteotako preskripzioan? Noren aldekoa izan da politika hori? Oso interesgarria litzateke izenok ezagutzea. Argi dago ez direla hileko nominari esker bizi diren pertsonak, Bizkaiko Foru Aldundia eta Ogasuna kontrolatzen dituzten politikoekin aski lotuta dauden sozietate eta gizabanakoak baizik. Iruzurraren biktima diren bizkaitarrek izen horiek ezagutzeko eskubidea dute ere. Datuen konfidentzialtasunaz baliatzea datuok ezkutatzeko, lege-hauste fiskalez ari garenean, delinkuenteen konplize izatea da.

Etxebizitza sozialak eta pobrezia. Milioika euro "lurruntzen" diren bitartean, Elkartzen moduko kolektiboek eta "Etxebizitza Guztiontzat" plataformak bi errealitate larri gogorarazi dizkigute. Elkartzenen arabera, Hego Euskal Herrian 500.000 pertsona txiro daude gutxieneko soldata ere jasotzen ez dutenak. Ehun gizarte-eragilez osatutako etxebizitzaren aldeko plataformak guztiontzako etxebizitza duinak eskatu dizkie euskal administrazio publikoei, baita gizarte-alokairua sustatu eta espekulazioa erauzteko ere. Aipatutako iruzur fiskalaren euro milioi batzuekin, gizartearen eskabide horiek guztiak erraz bideratuko lirateke. Ogasunek eta euren arduradun politikoek »ELA-STVk deitutako "neoliberal basati" berriek?», ez baldin badute iruzur fiskal larria zuzendu eta ezabatzen, etxebizitza gabeko familia, gazte eta pobreen aurkako hainbeste lapurreta eta erasoren laguntzaile izango dira.


Azkenak
Konponbiderik gabeko desoreka?

Ordizian orekara eramango gaituen interbentzio plan berezi bat behar dugu; urteroko matrikulazio lehia eta arriskutik atera, egonkortasuna eman eta herriko ikasleak modu orekatuan batzeko aukera emango digun plana.


Hauteskunde kanpainan isildutako makroproiektuei buruzko eztabaidak

Igande honetan egingo dira hauteskundeak Katalunian. Procésaren ondorenak eta Carles Puigdemonten balizko itzulerak estali ditu zenbait mintzagai. Baina abian dira bi proiektu erraldoi eta esanguratsu, biak ala biak, jakina, turismoari estuki lotuak: Hard Rock aisialdi... [+]


2024-05-07 | Euskal Irratiak
"Zenbat dugun kontatzeko!" Euskal Herriko mapa sortu dute

"Zenbat dugun kontatzeko!" mapa ilustratu bat sortu dute elkarlanean Ikas Bi, Biga Bai, Euskal Haziak, Seaska eta Euskal kultur Erakundeak.


Eguneraketa berriak daude