Belarri guztientzako doinuak


2004ko azaroaren 28an
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas
Elkarrek 39. edizio honetarako ekarri dituen musika nobedadeak ikusiz hasiko dugu Barrenkaletik bidaia. Azken urteetako bideari jarraiki, Euskal Herriko musikaren historian mugarriak jarri dituen artista baten lanak berreskuratuz dator Elkar argitaletxea. Izan ere, mahai gainean Benito Lertxundiren hasierako diskografia osoa berrargitaratu dela ikus dezakegu, berriro masterizatuta eta formatu berezian. Bilduma horretan, Ez dok amairu, Oro laino mehe batek, Eta maita herria ükan dezadan plazera, Zuberoa, Altabizkar, Pazko gaierdi ondua, Mauleko bidean, Gaueko ele isilen balada eta Hitaz oroit diskoak kaleratu dira. Altabizkar eta Zuberoa diskoan, lehenbiziko argitalpenean sartu ez ziren beste zenbait kantu gehitu zaizkiela esan digu standaren bestaldean dagoen gizon bibotedunak.

Bilduma osatuekin jarraituz, Benito Lertxundiren lanaz gain, Oskarbi taldearen antologia ere argitara eman du Elkarrek. 60ko hamarkadan sortu zen taldea eta 70ekoan folk eta zelta doinuz osaturiko hainbat disko kaleratu zituzten. Orain lan haietan azaldutako hauei beste hiru abesti gehitu dizkiete Esperantzari leiho bat disko bikoitzean.

Bakarlariak

Elkarren erakusmahaitik urrundu gabe, azken urteotan eszenatokietatik urrun egon ondoren, Garik disko berria kaleratu duela ikusten dugu: 0-tik. Bakarlari gisa argitara eman duen hirugarren diskoan, kantu eguzkitsu nahiz intimistak bildu ditu.

Bada, ordea, bestelako nobedaderik; Alboka taldearen Lau anaiak, Imanol Lartzabal zenak abiatutako proiektua, Bolona-molona, eta Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen Altza Pelipe musika lanak daude paratuta standean.

Belaunaldi berriak

Udazkenarekin batera, primizian, lehen aldiz diskoa kaleratzen duen talderik ere aurkitu dugu. Gor diskoetxearen mahaian, hain zuzen ere, Euskadi Gazteako maketa lehiaketan epaimahaiaren saria eskuratu zuen Kerobia taldearen diskoa ikusi dugu.

Jende artean burua sartu eta Gor diskoetxearen mahaian gauden honetan, Tocamas 70eko hamarkada amaierako taldearen kantuak berreskuratzeko diskoa osatu dutela ikusteko aukera izan dugu. Musika lan honen atzean aurkitu ditugu Toño Muro eta Patxi Osinaga musikariak.

Gustura gabiltza sasi-miatzen, baina, bidaian aurrera jarraitu behar dugu, izan ere, konturatzerako Azokako ateak itxi eta itzulerako trena ere galdu egingo baitugu. Barrenkalen aurrera, Gaztelupeko Hotsak ikusi dugu letra larriz, aurrean dugun afixan. Bertara hurbildu eta, hau da hau, aukeren zurrunbiloa. Hamar dira hain zuzen ere aurtengo edizioari begira Azokara ekarri dituzten nobedadeak. BatGehio taldearen lana hartu dugu lehenik esku artean. Euskal Herria eta Kataluniako musikariek osatutako taldeak pop eta flamenkoa uztartuz Diaspor han izeneko diskoa osatu du. Grabaketa estudioetan Ojos de Brujo taldeko teknikarien laguntza izan dutela irakurri ahal izan dugu.

Talde ez hain berrien lan berriak

Bide Ertzean talde aski ezagunak ere bosgarren diskoa dakar aurtengoan Durangoko Azokara. Esan Bare izenburupean argitara eman den lan berri honetan, Joserra Senperena bosgarren taldekide bihurtu da, hammond eta pianoarekin egin dituen ekarpenekin.

Kokein rock boskote eibartarrak ere lehen lan luzea kaleratu du udazken honetan. Lotuta egon arren diskoa Rafa Rueda mungiarraren gidaritzapean grabatu dute eta 11 kantu bildu dituzte bertan.

Ez dut disko denak esku artean hartzeko aukera, baina diskoetxearen mahaian paratuta daude besteak beste; Gorkhiru taldearen Gorkhiru, Txuma Murugarren bakarlariaren laugarren lana, Nire anaiaren kotxeko giltzak, eta Jose Ignazio Ansorena eta Joserra Senperena bikoteak osatutako Chillida-Lekutik. Nire alboan dagoen gizon gorbatadunak Rogelio Botanz, Karidadeko Benta eta Teresa Zabaltza boskotearen lanak sartu ditu zorrora.

Agorila diskoetxeak ere ez dio urteroko gonbitari hutsik egin nahi izan. Standean aipagarri dagoen afixan Sustraia taldearen Ze bizia diskoa ageri da.

Kantu zaharrak gaur

Hamar urte pasatu dira jadanik Hiru Truku taldeak Mendebaldeko euskal baladak berreskuratu zituenetik. Zazpi, ordea, Mendebaldeko euskal kantuak berreskuratu zituenetik. Aurtengoan berriz, Metak diskoetxearen mahai gainean ikusi ahal dugu, Ruper Ordorika, Joseba Tapia eta Bixente Martinez hirukoteak osatu duen lana: Nafarroako kantu zaharrak. Oraingoan Nafarroara jo dute, eta bertako kantu tradizionalak gaur egungo ikuspegitik landu dituzte.

Ez da, ordea, Metak diskoetxeak 39. edizio honetara ekarri duen nobedade bakarra. Captain Nemo taldearen lan berria hartu dugu esku artean. Donostiako punk-rock hardcore taldeak euren lehen lana osatu du. Aurretik talde desberdinetan ibiliak dira taldeko partaideak, oraingoan baina, Korrontearen kontra, urpekari bat lanarekin datozkigu. Jende mordoa dabil, baina zirrikitu batetik Metak diskoetxeak Azokara ekarri duen nobedadeen zerrenda ikustea lortu dugu. Betagarri taldearen Betagarri eta Arren Erro Zaharra, Zein? taldearen Photograma, Sagarroi taldearen Toulouse dira nagoen tokitik zerrendan irakur ditzakedan nobedadeak. Baina gehiago ere badira.

Oihuka

Oihuka diskoetxearen standean ere bada berritasunik. 15-16 urte bitarteko neska gazte talde bat aditzen dut urrundik oihuka. Izan ere, sinatze lanak burutzen ari da, DJ Axular Mutrikuko gaztea. Iazko markak errepikatu nahian, techno progressivea erritmo latinoekin lotzea izan da argitara eman duen lanaren emaitza.

Belaunaldi berriek ere badute Oihuka diskoetxearen standean zeresana. Euskadi Gazteako maketa lehiaketan entzuleen saria jaso zuten Kauta (Izan zaitez zu) nahiz Keike (Oinetan kea) taldeek euren lanak argitara emateko aukera izan baitute. Laseda (Bilbao despierta), Materia (Forget the music), Urgabe (Edan hemendik), La lengua de Trapo (La lengua de trapo) eta Txapelpunk (Tonto el que lo lea) taldeek ekarri duten uzta ere ez da batere makala.

Bi pauso aurrera eta Hirusta diskoetxea. Jabier Muguruzak, bere aldetik, Liverpoolgo LIPA musika eskolako ikasleekin grabatutako Liverpool-Gernika diskoa eman du argitara. LIPA institutuak Muguruza gonbidatu zuen orain dela hilabete batzuk bertan eskolak eman zitzan eta ondoren hainbat kontzertu egin zituzten Muguruzak eta ikasleek. Zuzeneko emanaldi haietan, kantariaren kantuak moldatu zituzten eta, hain zuzen ere, grabazio horiek jasotzen ditu diskoak. Muguruzaren lanarekin bat, Hirusta Recordsek kaleratu duen Mikel Errazkin & Hfren disko berria ikusiko dugu: 10.0.

Autoekoizpenak

Euskal Herrian azken urteotako historian zeresan handia eman duten bi gitarra jolek beren proiektuak ekarri dituzte Durangoko Azokara. Batetik Joseba Irazoki beratarrak segida eman dio duela hiru urte Onddo taldearekin hasitako ibilbideari. Oraingoan, ordea, bere izenpean kaleratu du Irri eta solas, doinu akustikoen gainean eraikitako lan intimista eta iradokitzailea. Bestalde Mikel Markezek, Erabil nazazu izenburupean, disko berria atondu du.

Gure bidaia birtuala bukatu da. Dakizuenez, gauzak bertatik bertara ikustea baino hoberik ez dago, eta horrexegatik abenduaren 4tik 8ra bitartean Durangoko Azokara bil zaitezten egiten dizuegu gonbita.

Kontzertuak Plateruenan
- Abenduak 3: Betagarri
- Abenduak 4: Txuma Murugarren eta Kokein.
- Abenduak 5: Kauta, Keike eta Lor.
- Abenduak 6: Karidadeko Benta.
- Abenduak 7: Split 77 eta Zein?
- Abenduak 8: Xabi San Sebastian.
Emanaldi guztiak gaueko 22:00etan hasiko dira, Abenduaren 8koa ez beste. Xabi San Sebastianen emanaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko baita.

Maketa lehiaketaren emaitzak
Hiru dira, Durangoko Azokan, Euskadi Gazteako maketa lehiaketara aurkeztu eta diskoa kaleratu duten taldeak: Kauta, Keike eta Kerobia.


Azkenak
11 urteko mutil bat hil da, igandean Bilboko igerileku batean bero kolpea jasan eta gero

Bilboko Errekalde auzoko igerileku batean gertatu zen ezbeharra. Larrialdi zerbitzuek erreanimazio lanak egin zizkioten adin txikikoari, eta Gurutzetako ospitalera eraman zuten; hiru egunetara hil egin da.


Ostiraleko bileran Putinek su-etena onartu ezean, Trumpek dio “ondorio larriak” izango direla Errusiarentzat

Ostiralean Alaskan izango duten bileraren bezperan heldu da mehatxua. Friedrich Merz Alemaniako kantzillerrak deituta, gailur birtual bat egin dute asteazkenean Zelenskik, Trumpek eta Europako hainbat agintarik. Ukrainako presidenteak adierazi du Trumpen eta Putinen arteko... [+]


50 maliar inguru ari dira kale egoeran bizitzen Gasteizen asilo eskaera ebazten duten bitartean

Ostegunean eman dituzte asilo eskaera tramitatzeko lehen txandak: bederatzik lortu dute, irailerako. Eusko Jaurlaritzak ebazpena arintzea, eta migiratzaileak ostatzeko zentroetara mugitzea eskatu dio Espainiako Gobernuari.


Alberto Alonso (Gogora): “Txiki eta Otaegi ez dira erreferente; indarkeria, beldurra eta terrorea erabili zuten”

Aurten Txiki eta Otaegi fusilatu zituztela 50 urteko beteko direnean, Alonsok adierazi du ETAko bi kideek ez zutela nahi Franco osteko gizarte demokratiko bat: "Diktaduraren aurka borrokatzen ziren, baina diktadurak erabilitako tresna berberekin".


Jai eredua neurodibergentziatik aztertzen

Bilboko Aste Nagusia pertsona autistentzat irisgarriagoa izateko zenbait gako dakartzate Oihan Iriarte Eletxigerrak eta Iker Boveda Martinek, euren esperientziatik.


Ostiraletik aurrera berriz debekatuko dituzte nekazaritza jarduerak Nafarroan

Tenperatura igoera dago aurreikusita datozen egunetarako, eta, sute arriskuak ekiditeko, ostegun iluntzeko 20:00etatik aurrera debekatuta egongo da uzta lanak egitea. Aurretiaz ere neurriak hartuta zituen gobernuak, baina Zarrakazteluko sutea kontrolpean izanda, neurriak malgutu... [+]


Auzo ibilbideak
Atzoko eta gaurko borrokak gogoan

Ezagutu dezakezu Euskal Herria gure txoko eder eta famatuenak bisitatuta, Instagramerako edo postal baterako argazkiak aterata zure buruari, kostaldeko paisaietan edo monumentu bisitatuenetan irri eginez. Baina ez duzu Euskal Herria guztiz ezagutuko. Horretarako, hobe zenuke... [+]


Ipar Euskal Herriko 158 herritan ur murrizketak ezarriko dituzte, alerta egoeraren ondorioz

Ostiraletik aurrera ur murrizketak ezarriko dituzte Euskal Hirigune Elkargoak barne hartzen dituen eta alerta egoeran dauden 158 herritan, eta metereologia zerbitzuek abisu horia ezarri dute trumoien arriskuagatik. Hego Euskal Herrian, berriz, leku ugaritako termometroek 40... [+]


Jaurlaritzak Bailen Energia enpresari Oionen bi parke fotovoltaiko eraikitzeko baimena eman dio

Bakoitzak 1.680 eguzki panel izango ditu, eta megawatt bateko potentzia. Enpresak hiru urteko epea izango du Muga eta Val izeneko instalazio fotovoltaikoak eraikitzeko. 


Delitugile migratzaileak zuzenean deportatzea proposatuko du Erresuma Batuko Gobernuak

Erresuma Batuko gobernuak proposatu du delituak dituzten migratzaileak berehalakotasunez deportatzea, ekainean onartutako legearen bide beretik. Lege horrek baimentzen du sententzien %30 beteta dutenak deportatzea; igandeko proposamenarekin ez dute zigorrik bete beharko... [+]


7 urteko ume bizkaitar bat hil da Errioxako kanpin batean, zehaztu gabeko arrazoiengatik

7 urteko umea oporretan zegoen Fuenmayorren (Errioxa). Logroñoko San Pedro ospitaletik Nafarroako ospitalera eraman zuten eta bertan hil zen. 


Israelek gutxienez ehun palestinar hil ditu azken bi egunetan, eta Gaza hiriaren aurkako erasoak gogortzen ari da

Astelehenetik asteazkenera bitarte eginiko aire erasoetan gutxienez ehun palestinar hil ditu Israelek, horietatik gehienak Gaza hirian, hura osorik okupatzeko asmotan. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 2023ko urriaren 7az geroztik 227 lagun hil dira elikagai eskasiagatik... [+]


Txikik eta Otaegik Zarauzko Udalaren aitortza behar dutela aldarrikatu du Sortuk

Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50. urteurrenaren harira jarritako olana kendu du Zarauzko Udalak. Sortuk salatu du udalak, EAJ eta PSE-EEk osatuta, "zaborra izango balitz bezala" tratatu zuela olana. Zenbait herritarrek berreskuratu eta Azken Portuko plazan ireki dute.


Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


2025-08-13 | Nagore Legarreta
Ibaiak begirada itzuli zigunekoa

Munduko hainbat txoko zeharkartzen dituzten ibaiek, bizirik dauden heinean, euren begirada propioa dute mundua bera ikusteko. Gizakiaren garapenaren testigu isilak dira: hirigintza, gerra, kutsadura, uholdeak... dituzte ikusmiran, baita euren bazterretan etengabe ernetzen diren... [+]


Eguneraketa berriak daude