Salzburgoko gogoetak


2004ko azaroaren 21an
salzburgoko hiria mende hartzen duen gain batean geunden, eta Tomas Friedmann adiskideak azalpenak ematen zizkigun ezjakinoi: "Gatzagak beherago zeuden, ibaiaren alde hartan"; "erlijio katolikoak aparteko eragina izan zuen hemen. Mozarten garaian Artzapezpikua zen printze eta buru"; "hango etxe bakarti hura Villa Europa da. Stefan Zweig bertan bizi izan zen inguruko beste villa batean oporrak pasatzen zituenak ihesean jarri zuen arte". Tomas Friedmannek barre egin zuen. "Hitlerrek?", esan genion. "Austriarra zen, baina normalean ez dugu aipatzen. Uste dut norbaitek haren irudiarekin txokolatinak egitea proposatu zuela behin, Mozartenarekin bezala-edo; baina ez zioten ideia aintzat hartu". Tomas Friedmannek barre egin zuen berriro, sardonikoki oraingoan.

Hiriak eta hiriaren inguruak eder ageri ziren egun hotz baina argitsuan, eta ematen zuen Arkitekto Handia zein gainerako arkitekto guztiak txit inspiraturik ibili izan zirela paisaia hura antolatzeko orduan. Baina Hitler handik ibili zela pentsatu, eta pentsatu, segidan, zein zoritxar handia izan zuten Stefan Zweig bezalako juduek, eta zapuztu egiten zen lehen inpresio hura. "Et in Arcadia Ego", zehaztu zuen Tomasek, alegia leku zoragarrienean ere ez dela Heriotza falta izaten. "Begira beheko zelai berde hartan dagoen etxettoa", adierazi zigun. "Ez al da xarmangarria?" Halaxe zen zinez, eskoletako umeek marrazten dituztenen antzekoa. "Ba hor borreroa bizi zen. Ez Hitlerren garaian. Askoz ere lehenago. Enkarguak han goian jasotzen zituen". Harkaitz baten gaineko gaztelua seinalatu zigun.

Jatetxe bitxi batera joan ginen bazkaltzera. Frantziskotarren eliza nagusiaren kanposantu barruan zegoen, hilobiz inguratua. "Eskatu kuia-zopa", esan zigun Tomasek. "Aparta da. Kuiaren beraren pipitekin egindako olio beltzez hornitzen dute". Amore eman genion, eta kuia-zopa hura aurrean izan genuen luze gabe. Eta bai, aparta zen, zoragarria. "Nire bizitza osoan ez dut zopa hoberik jan", azaldu nuen, eta ez zegoen erretorikarik aitorpenean. Koilarakada bakoitzak halako poz-zipriztina ematen zidan. Kantatzeko gogoa ere sortu zitzaidan, nigan oso gogo arraroa dena.

"Et in Arcadia Ego", gogoratu nuen nahi gabe. Eta txarrena izan zen baieztapena irudietan mamitu zitzaidala laster. Hala, etxe xarmangarriko borreroa ikusi nuen ekinean: nola urkatzen zituen lauzpabost gizon; nola garraiatzen zituen gurdian frantziskotarren kanposantura; nola ematen zien lurra jendeak »ni nengoen jatetxe hartan bertan» kuia-zopa poz-pozik ahoratu bitartean. Galde egin nion orduan neure buruari, zein sentimendu izan ote zuten mahaikideek urkatuei buruz. Konturatuko ote ziren gertatzen ari zenaz. Errukituko ote ziren. Galdetuko ote zioten bere buruari sententziaren zuzenaz ala okerraz.

Kuia-zopari makarroi tartaleta bat jarraitu zitzaion, eta hari kafea. Lehengo haritik pentsamenduak, galde egin nion Tomasi: bere ustez, zer ardura zion gizasemeari lagun hurkoaren sufrimenduak? Penatzen al ziren salzburgotarrak urkatuengatik? Ez al zuten bat egiten, beren bihotzetan, Stefan Zweigekin, pertsekutatuarekin? Bruegelen pintura bat gogoan hartu eta Audenek idatzitakoa aipatu zidan berak: "Lagun, nori izan zion ardura Ikaroren erorketak? Inori ere ez. Umeek patinatzen jarraitu zuten; nekazariek, bururik altxa gabe soroan".

Jatetxeko sukaldaria azaldu zen gu agurtzera, eta ikustearekin batera Arzak, Subijana, Berasategi eta Argiñano barneratu zitzaizkidan gogoetan; kinka batean daudela oraintxe, eta, itxura batera, ez daudela bakarrik; lagun dutela jende asko. Esanak esan, Audenek edota pintura maisu zaharrek ez zutela agian arrazoirik pentsatu nuen bat-batean; indiferentzia gure bihotzaren muin-muinean egon arren »bihotza arkaikoa da», ikasi egiten dela bestearen ezbeharra konprenitzen; halaxe egin duela, ikasi, euskal gizartearen multzo handi batek kolperik kolpe, batean Blancorekin edo Ortegarekin eta bestean Lasarekin eta Zabalarekin. Litekeena dela, bestalde, sentitzeko modu hori gure altxorrik onena izatea datozen urte korapilotsuetan.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude