Laxaro Azkune: «Hezkuntzak ez du oraindik planteatu haurrari hizketan erakutsi behar zaionik»


2004ko azaroaren 21an
Frankismo gorrian jaioa inguru euskaldun-euskaldunean, zer giro jaso zenuen etxean?
Gauza kurioso samarra da. Gure familian, baserrikoak izan, eta amonak ez zekien euskara besterik, amak ere ez daki. Baina gure aurrekoetan, gurasoetan, ez da izan abertzale tradiziorik. Oso erlijiosoak ziren. Oinatzera etortzen ziren apaizak gure etxean erretiratzen ziren, han egiten zituzten otorduak, eta apaizak beti izan dira oso etxeko gurean. Nik ere mutil koskorretan esaten omen nuen apaiza izan behar nuela. Beraz, gure etxeko jokabide politikoak apaizen aholkuei esker hartzen ziren. Horrela, aita, osaba-eta, Francorekin gerran ibilitakoak dira. Baina nik ez diot aitari sekula gerrako konturik entzun. Hori itxitako ate bat izan da beretzat.

Giro horretan hazita nola lerratu zinen euskararen eta Euskal Herriaren aldeko mugimendura?
Azpeitiko Maristetan ibili eta gero seminariora bidean jarri ninduten, mojen ikastetxe batean, Donostiako Mira Kontxa Pasealekuan. Erdara hutsean irakasten ziguten, guk ez genekien tutik ere, eta lehendabiziko kolpea ezagutzen ez genuen hizkuntza arrotzean ikasi beharra izan zen. Egurra ematen ziguten ez genekielako. Horrela familia abertzalekoak zirenak edo nolabait euskararen aldeko jarrera genuenak elkartzen joan ginen, eta hamar hamabi urte bitartekoen euskararen aldeko taldea osatu genuen. Lagunarte bat sortu zen handik, eta seminarioan ere segitu zuen horrek. Babes modukoa ere bazen, euskaldunak ez zirenengandik marjinazioa bizi genuelako, "baserritarrak", "kaxeroak" esaten ziguten. Hizkuntzaren eta herriaren aldeko jarreran talde hori izan zen niretzat lehendabiziko pausoa. Adibidez, Francoren irudia zapalduta opari ematen genion elkarri. Horiek gure etxean ez ziren ongi ikusiak.

Seminarioa uztea ere ez zen ongi ikusia izango, baina zu handik atera eta maisutza ikasten hasi zinen. Apaiz izateko ametsa irakasle izatekoarekin aldatu zitzaizun?
Egia esan nik ez nuen irakasle izateko bokaziorik. Baina guri beti irakatsi izan digutena da gure mundu honetako eginkizuna guk egin behar dugula, hori ez duela beste inork egingo. Eta nik hori positiboki baloratu izan dut beti, eta egin behar duen hori bere buruaren mesedetan ez ezik besteen mesedetan egiten badu askoz onura gehiago ematen dizkio bai norberari, eta bai gizarteari. Filosofia hori oso barneratua izan dut, eta horrek gidatu nau gero ere. Bide horretatik hasi nintzen maisutza ikasten, nire eginkizuna horretan ikusirik. Nahiz eta maisutzan oro har oso irakasle talde eskasa izan genuen, eskolaz aparte gau eskolak egiten genituen eta han ikasi genuen. Guk ekartzen genituen irakasleak, Xalbador Garmendia, Andu Lertxundi, Ibon Sarasola, Federico Zabala... Historia, literatura, euskara bera, maila horretan prestatzen ginen iluntzero.

Gero irakaskuntza utzi eta irratira. Hogeita bat urte pasa dituzu Loiolako Herri Irratian. Audientziak zenbat kezkatu zaitu?
Ez didate inoiz exijitu izan. Nire irratsaioak ez dira ordu aldetik audientziarik gehiena izateko modukoak izan. Begiratu bai, eta baita erreferentzian beste medio batzuekin alderatu ere, baina audientziek zeukaten presio hori gabe egin izan dut nik lana. Badakit irratsaio batzuek horren presioa gehiago dutela. Batez ere diren programak direlako eta dauden orduan daudelako.

Irratian hitz egitean norbait konkretua ikusten al zenuen beste aldean entzuten?
Figura konkreturik ez, baina hori zehazten joaten da pixkana, egiten duzun lan horrek oihartzuna non izaten duenaren arabera. Izan dira pertsonak nire irratsaioaren jarraitzaile izan direla jakin dudanak. Bai kantariak, bai idazleak, kultura munduko jendea, jende arrunta... Badakit oso jende gazteak ez dizkidala aipamen horiek egin, orduan nik euskal mundu horretan mugitzen den jende helduaren figura izan dut buruan, eta ni ere neurri batean horri zuzendu natzaio.

Euskaldun askok kontsumitzen ditu erdarazko komunikabideak, irratiak tarteko, zer dela eta?
Euskaldungoari beti eman izan zaio erdarazko eskaintza. Lehendik datorren kontua da, euskara ez da izan prentsatik eta komunikabideetatik jaso duen hizkuntza. Jendea ohitu da komunikabideetatik, edo udaletxeetatik, edo berdin elizatik, beti erdaraz jasotzen informazioa. Ikasi ere erdaraz egin du jende gehientsuenak, erdaraz ikasi duen horrek, erdaraz entzuten duen horrek, eta erdaraz irakurtzen duen horrek, askoz erosoago egiten du erdara. Azpeitian orain ari gara, Uztarria eta Hitzarekin, ea jendeari euskal letrenganako fobia hori kentzen diogun. Pixkanaka badirudi ohitura hartzen ari direla. Baina arazoa da estatu mailako komunikabideek indar gehiago dutela, bitarteko gehiago, eta informazio mailan ematen duten ugaritasuna eta aberastasuna euskara hutsean ari denarena baino handiagoa dela. Orduan egoismo ikuspegitik entretenimendu hutsari begiratzen bazaio, eta ez baldin badago halako militantziarik, gerta liteke euskarazko irratia baino atseginago izatea erdarazko beste irrati bat, edo irratsaio bat, eta jendeak horiek entzutea, normala den bezala.

Horren soluzio bezala jarri izan dira hedabide elebidunak. Loiolako Herri Irratia irrati elebiduna da. Komunikabide elebidunak zer egiten du erdalduna euskarara hurbildu, ala euskalduna erdaraz kontsumitzera jarri?
Hori ez dakit garbi, baina hedabide elebidun bat kolpetik hastea euskarazko tartea goratzen eta euskaraz funtzionatzen ez da erraza. Errentagarri izateko diru publikoaren babesa beharko luke. Eta gaur egunean laguntza publikoak programa jakin batzuentzat bakarrik daude. Irratiak euskaraz egiten duena egiteagatik ez dauka laguntza publikorik, hizkuntza politikatik ez dator dirurik. Soil-soilik euskara hutsean ari direnentzat. Nik injustizia ikusten dut hor. Medio publiko batzuk euskara hutsez eta erdara hutsez funtzionatzen baldin badute eta biak diru publikotik bizi baldin badira, euskaraz eta erdaraz ari den komunikabide batek ere behar luke gutxienez diru publiko horren babesa. Ez dakit zer tamainatan baina daukana baino gehiago. Bestela, enpresa ikuspegitik begiratuta, ikusten bada euskaraz egin eta galerak datozela, normala da erdarari leku gehiago egitea. Badakit garai batean Herri Irratiak diru gehiago jasotzen zuela. Baina gu sartu berritan eskumena Diputaziotik Jaurlaritzara pasa zen eta Jaurlaritzak ez zituen bere egin. Gainera norbaitek halako intentzio gaiztoz esan zuen "Herri Irratiak euskararen aldeko borroka horretan lortuta daukan izenarekin, laguntzarik ez emanda ere ez dio euskararen presentziari uko egingo". Baina hori oso epe motzeko apustua da, gerora ikusi da Herri Irratiak euskara mailan aurretik egin zituen urrats horietan ez duela aurrera egin ez duelako izan horretan lagunduko dion diru publikorik. Bien bitartean estatuko irrati saldo hori guztia hor dago erdara hutsez arro ari dena eta inolako ondoriorik gabe, inolako betebeharrik gabe.

Zu irratian sartu zinen garaitsuan atera ziren Euskal Telebista eta Euskadi Irratia. Orduan amesten zenituen bezalakoak ikusten dituzu orain?
Hemen gertatu dena izan da, lehen telebista bakarra izatetik, aukera asko edukitzera pasa garela. Eta aukera asko edukitze horretan ez dakit produktua hobetu egin den, aukera zabaldu egin da, baina produktua hobetu den sentsaziorik ez daukat. Ni gero eta gutxiago tentatzen nau telebistak, eta esango nuke irratiak berak ere baietz, ez baldin badira gauza jakin batzuk. Denbora librean nahiago dut liburu bat edo aldizkari bat irakurtzen jardutea.

Telebistan esaterako, zer botatzen duzu faltan?
Ordu normalagoetan ikusiko nituzke era guztietako tertuliak, edo erreportajeak. Baina nik behar dudanean ez dago, eta baldin badago goizeko ordu bietan. Ikusten denez, jendeak beste zerbait eskatzen du.

Ia ahaztua dago komunikabideen alderdi hezitzailea?
Garai batean garbi zegoen komunikabideek egin behar zutena eginkizun hezitzailea zela. Nik uste hori frankismo ondorenean nabarmenago izan zela batzuen aldetik. Gaur egunean komunikabideetan iruditzen zait produktibitatea edo programa batek zenbaterainoko audientzia eta dirua ematen duenaren baitako politika dela nagusi. Heziketarena ez dakit zenbatgarren postuan dagoen. Eta esango nuke, publiko zein pribatu, biei eskatu behar zaiela betebehar hori. Komunikabide pribatu batek ere, lizentzia ematen zaion momentutik, minimo batzuk bete egin behar ditu. Hemen edozer gauzak ezin du balio. Alderdi batzuetan oso zorrotzak baikara, baina beste batzuetan ikaragarri eskuzabalak.

Zure bidera itzuliz, nola gogoratzen duzu Loiolako Irratian azken agurra bota eta etxera itzuli zinenekoa?
Lasaitasun puntu batekin gelditu nintzen. Erabaki hori gertatu aurretik, hori etor zitekeela banekien, eta etorri zenean ez nintzen gehiegi izutu. Gainera niretzat tentagarri izan zitekeen beste lanpostu bat eskaintzen zidaten, eta alde horretatik lasaitasunez. Bestetik etapa bat bukatu denaren sentsazioarekin. Badakit ikastolatik irratira pasa nintzenean pertsona batzuk min hartu zutela, eta orain ere konturatu naiz irratia utzi eta beste lanera pasa naizelako batzuk min hartu dutela, eta haserre hori erakutsi ere egin dute. Baina horrelakoak dira bizitzaren gorabeherak.

Orain ahoz aho dabil euskara jatorra, zuzena, eta egokiaren gaia. Zuk zein hobetsi izan duzu?
Nire ahalegina beti izan da euskaraz ahal dudanik eta ondoen hitz egitea. Eta ondo hitz egiteak esan nahi du okerrik gabe hitz egitea batetik, baina bestetik hizkuntza hori hizkuntza erosoa izatea, atsegina, ulergarria. Ez ibiltzea beti hogei duroko hitzen bila, eta inori erakutsi beharrez nik euskara asko dakidala, baizik eta nik esaten dudan hori jendeak atsegintasunez eta gozo entzutea, zailtasunik gabe, gustura.

Irakasle, irrati esatari, bertsotan gai jartzaile, ahozko adierazpenean katedraduna zara. Gaurko gazteengan alderdi horretatik dagoen miseria nola konpon liteke?
Hor denen ahalegina beharko da. Hezkuntzak zer egin asko dauka. Nik uste hezkuntzak ez duela oraindik planteatu haurrari hizketan erakutsi behar zaionik. Ez dut uste inon dagoenik curriculumik edo ezer prestatua »orain Joxerra Gartziak, Andoni Egañak eta Kike Amonarrizek egin dutena ez bada» hitz egitea bera lantzeko. Hitz egitea hain gauza garrantzitsua izan pertsonaren bizitzan eta eskolak zeinen garrantzia gutxi eman dion horri! Gure garaian azterketa ahozkoak pasatzen genituen idatzizkoez gainera. Eta talde lanak egin eta gero jende aurrean aurkeztu beharra ere izaten zen, nahiz eta niri ez zitzaidan batere gustatzen. Gaur egun, berriz, hizketarako gaitasuna zeinek dauka? Jendearen aurrean ibiltzera derrigortuta dagoenak. Izan irakasleak, izan bertsolariak, edo politikoak. Hortik aparte jendearen aurrean hitz egiteko ohiturarik ez duenak ez baldin baditu bere tresna horiek lantzen, eta inon erabiltzen, ez du aurreratuko eta aberastuko bere burua. Ez du jakingo diskurtso bat nola antolatu behar duen.

Zuen garaian Azpeitiko kalea ere ez zen unibertsitate txarra izango ahozkotasuna lantzeko, ezta?
Nik haurtzaroko bertsolaritzari buruzko irudia daukat gogoan. Guretzat bertsoa lagunartean elkar probatzeko modua izaten zen, borrokan egitea bezala, edo pilotan jokatzea bezala. Batek igual harri jasotzen izango zuen abildadea, besteak aizkoran, besteak korrika, eta besteak bertsotan. Eta hizketan abila zenak prestigioa zeukan lagunartean. Hemen zirian adarra jotzea, bestea jokoz kanpo harrapatzea, bi zentzutan hitz egitea, besteak esanari buelta ematea, oso ohiko jolasa izan da. Eta gero eta gutxiago dago gaur eguneko gazteen artean.

Oraintxe atera du Eusko Jaurlaritzak Kulturaren Euskal Plana. Eztabaida piztu da euskal kultura euskaraz haratagoko kultura ere badela esaten delako. Zer diozu?
Aspaldiko eztabaida da hori. Nik dudarik ez dut egiten Euskal Herrian egiten den kultura Euskal Herrian egindakoa izango dela, baina euskal kultura esaten dudanean nik nire ulermenean behintzat euskarazkoa ulertzen dut. Bestela hizkuntzak traizionatzera goaz, hitz berriak asmatzen joan beharko dugu. Euskal kultura euskaraz egiten den kultura behintzat bada, eta horrek behar luke babes eta bultzada. Euskal kulturaren izenean euskarazkoa ez denari ematen baldin bazaio horri hainbeste edo gehiago ez dakit euskal kultura ari ote garen indartzen, edo beste zerbait ari ote garen indartzen.

Eta euskal kultura, bertsoa, herri kirolak, erdaldunengana hurbiltzen asmatu al dugu?
Nik uste erdal munduak beti izan duela Euskal Herrian produzitzen denarekiko halako interes falta. "Nik ulertzen dudana ez da, eta ez zait interesatzen". Interes falta horrek eraman du mundu horretaz ezer ez jakitera. Gerta liteke niri erdal munduko beste gauza batzuekin gauza bera gertatzea ere. Dena den hemen bertan jaiotako jendeak izan du joera euskal berezitasun horiek guztiak zokoratzeko. Hizkuntza baztertzen joan den bezala, hizkuntzarekin batera zeuden kultur identitate guztiak joan dira baztertzen. Bai kirolarenak, eta bai beste hainbat usadio.

Gai jartzaile ere bazaren aldetik, saio batean gai jartzaileak zenbateraino izan behar du inprobisatzaile?
Nik uste hori saioan ezinbestekoa dela. Nahiz eta gidoia egin, gidoi horren nondik norakoak aldatu behar izaten dira batzuetan, eta aldatzea komeni izaten da gainera. Horretarako bertsolariaren eta gai jartzailearen arteko komunikazio elkarlana funtsezkoa da.

Azken txapelketan Euskal Herriko gatazkari buruzko gaietan bi aldeetako paperak jarri ziren, bai presoen senidearena, bai ETAk hildako baten senidearena. Zer bilatzen zen? Zer aurkitu da?
Gure garaia baino lehenago, frankismo ondorenean, gai batzuk propio jartzera jo zen bertsolariek horretaz hitz egin zezaten. Momentua zen gauzak esateko, eta bertsolari batzuk problemak ere izan zituzten esan zituztenengatik. Geroago askatasun gehiago etorri zenean, gai horietaz gehitxo kantatzera ere heldu zen. Gu izan ginen gero, nolabait, 1986tik aurrerako txapelketa batzuetan gai politikoen kontua konprometitua ere izan zitekeela esan genuenak. Badakit horri buruz egon direla jokabide ezberdinak, horren kritikak ere eduki ditugu, eta azkeneko txapelketan gai horietan ere bertsolariek busti egin behar zutela eskatzen zen. Hausnarketetan esandako gauzak ziren, eta gaiak jartzera joan ginen, bi diskurtsoak egon zitezen. Imajinatu izan dugu entzuleak baduela heldutasun puntu bat nahiz eta batek zerbait esan Ertzaintzaren alde, edo kontra, ez dela nahi eta nahi ez berak pentsatzen duena esaten ari, baizik eta papera interpretatzen ari dela. Hori hala pentsatu arren, konturatu ginen txapelketan, Egañak txistu batzuk entzun zituela. Jendea ez zen momentu hartan ertzain baten ama entzuten ari, baizik eta Andoni Egaña ari zen esaten berak entzun nahi ez zituenak. Ez dakit gizartean sekula emango den pauso hori, eta badakit jende aurrean kantatu behar duenarentzat arriskutsua ere badela. Beraz horren aurrean berriz ere txapelketara begira hausnarketa egin beharko da.

Bizitza guztia euskararen aldeko lanean eman duenari, zer datorkio burura euskara hiltzera kondenatua dagoela entzuten duenean?
1800. urtean Humboldtek esan omen zuen: "Ehun urte barru ez da euskararik izango." Ehun urte barru segitu zuen, berrehun urte barru segitzen du, eta nik pentsatzen dut, Txirritarena bezala, beste laurogei urtean ere izango dela.

Lehen zuzenekoa
«Irratian sartu eta nire lehen zuzenekoa aizkolarien txapelketakoa izan zen. Behin ere bakarrik joan gabe nengoen. Irratian esplikatu zidaten nola erabili behar ziren tresnak, konexioak nola egin behar ziren, non zeuden eta hori dena. Hara joan, konexioak egin, martxan jarri, eta ez zela seinalerik sartzen. Egia esan, ni zuzenekoetan ibili naizen hamar bat urtean Telefonicarekin beti izan ditut arazoak. Aizkolarien txapelketa horretan ez zen seinalearena konpontzerik izan, eta zerua gainera erori zitzaidan. Orduan aizkolarien txapelketa nagusi bateko finala eman gabe uztea... gainera babesleak zituena... Otu zitzaidan Tolosako zezen plazatik irten eta telefono kabina batera joatea. Halaxe eman nuen txapelketa hura, ordu laurdenetik ordu laurdenera kabinatik kronika emanez».

Bertsoa

Doinua: Lagundurikan danoi

Despedida bat egin
dik esatariak,
hortara eramanda
norbaiten argiak?
Nahiz eta motibatu
erronka berriak,
mundu beretsukoak
izanik gu biak,
mikroa itzaltzean
pena hartu diat.

Nortasun agiria

1950eko martxoaren 26an jaio zen Oinatzen, Azpeitian. Zortzi urte arte Oinatzeko eskolan ibili zen, eta handik Maristetara pasa Azpeitira. Gero seminariorako bidea hartu zuen, eta Donostian egin zituen hemezortzi urtera arteko ikasketak. Apaiz izateko bidea utzi eta majisteritzan sartu zen. Tartean Afrikan soldadutza eginagatik ere, bukatu zuen majisteritza, eta 1975ean hasi zen Azpeitiko Karmelo Etxegarai ikastolan irakasle. 1983an maisutza utzi eta Loiolako Herri Irratira eraman zuen kasualitateak. Han egin ditu ordutik honako urte guztiak herri kirolen, baserriaren, euskararen eta euskal kulturaren inguruko gaiak jorratzen. Irratian izan diren aldaketak medio, mikrofono aurreko lana utzi eta Jesusen Lagundiarentzat itzulpen lanak egiten hasi berri da. Bertso saio askotan gai jartzaile izateaz gain, Azpeitiko Uztarria koordinadorako zuzendari ere bada.

Ikusi dizut
«Euskarak asko galdu du baserri mundutik industria eremura jaitsi denean. Industria eremua erdalduna etorri zen, orduan txoko asko gelditu dira euskarak bereganatu gabe. Eta dekadentzia hori nik nire belaunaldian ere bizi izan dut. Adibidez, nik mutil gaztetan entzun nuen lehendabiziko aldiz ‘ikusi dizut’ esaten, edo ‘kalean ikusi diat’. Hori niretzat ikaragarri arraroa zen. Orain normala da ia. Eta fenomeno berria da hitanoa nahastea. Hitanoan mutilei bezala hitz egiten diete gaur egunean mutilek neskei, neskek elkarri... Eta hori, dakitenek ere halaxe egiten dute, besteek halaxe egiten dutelako. Gauza hori bera gertatu zen ‘ikusi dizut’ esaldiarekin. Hori ondo nola esan behar zen bazekitenek ere lagunartean ez nabarmentzeagatik halaxe esaten zuten».

Herri kirolak galtzear
«Herri honetako kulturako ezaugarri asko desagertzen doazen bezala, herri kirolak ere nik ikusten ditut pixkanaka-pixkanaka, ez dakit zenbat denboran, baina desagertzen. Momentu honetan herri kirolak, bai harri jasotzea, bai sokatira, eta bai aizkora eta txinga eta horrelako kirolak mantentzen dira batzuen zaletasunagatik, txapelketak antolatzen direlako, txapelketetarako gutxi edo gehiago batzuk prestatzen direlako, eta diru apurra dagoen bitartean bakarren batzuk egongo dira kirol horietan ibiliko direnak. Baina ez garai batean zegoen prestaketarako gogoarekin, eta apustua egin orduko eramaten zuten jende pila horren inguruan. Kirol apustu giro hori ez da berriz ezagutuko».


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude