Etorkinak euskaraz eskolatzeko errezeta bila

  • Galdera horiek eta gehiago azaldu ditu Amelia Barquínek orriotan. Bera Mondragon Unibertsitateko irakaslea da eta Kultur Arteko Hezkuntza irakasten du, besteren artean.

2004ko azaroaren 21an
Dakigunez, azken urteotan euskal gizartera milaka lagun heldu dira beste herrialde batzuetatik. Datuek hauxe esaten digute: 2003an Nafarroan 35.000 etorkin bizi ziren, populazioaren % 7; Euskal Erkidego Autonomoan, berriz, 2004ko apirilean 39.800 etorkin zeuden, biztanleriaren %2 gutxi gorabehera. (Iparraldeko daturik ez dugu aurkitu; hala ere etorkinen kopurua nabarmen txikiagoa da).
Espainian 2003ko urtarrilean 2.672.596 etorkin zeuden, biztanlegoaren %6,3; Frantzian %7 dira, Alemanian %8.

Zenbat dira eskolan etorkinak?

Ia 7.000 ikasle etorkin eskolatu ziren Nafarroan 2004-2005 ikasturtean, ikasleria osoaren %8,2. EAEn, ostera, 2003-2004 kurtsoan 10.041 izan ziren, %3 gutxi gorabehera. (Espainian milioi erdi ikasle ziren, eskolatutako umeen %5,9).

Zalantzarik gabe, lagun gehiago etorriko dira datozen urteotan. Duela aste gutxi, Anjeles Iztueta Hezkuntza sailburuak aurreikusten zuen EAEn etorkinen umeen matrikulazioa %40 haziko zela urtero: 2010 urtean 72.000 inguru izan daitezke.

Zenbakiak esanguratsuak dira; ez gaude gertaera anekdotiko baten aurrean. Autoktonoen jarrerek eta arauek eragin zuzena dute etorkinen bizitzan, baina baita alderantziz ere: etorkinek hartuko dituzten erabakiek ere eragingo dute autoktonoen bizitzaren hainbat alorretan. Baita alderdi kultural eta linguistikoan ere.


Zein eredutan daude eskolatuta Espainiako estatutik kanpoko umeak? Pasa den ikasturtean, EAEn etorkinen seme-alaben %50ak A ereduan ikasi zuen, %29k B ereduan eta %21ak D ereduan. Ikasle guztien datuek, berriz, adierazten dute, 2004-2005 ikasturtean, %26,5 A ereduan dagoela, %23,1 B ereduan eta %50 D ereduan.

Nafarroan, aldiz, pasa den ikasturtean etorkinen umeen %99,8k G ereduan egin zituen ikasketak (A eredua bezalakoa da baina euskara asignatura ez da eskaintzen). 6.745 ikasletatik 20k baino ez zuen ikasi A eta D ereduetan. Ikasturte honetan ikasle guztien %55 dago G ereduan; %23k D aukeratu du (eta lehenengo aldiz eskolara joaten direnen %28k), % 21ak A, eta %0,16k B.

Deigarria da etorkinen eta autoktonoen eredu aukeraketan dagoen aldea. EAEn B eta D ereduetan matrikulatzen diren etorkinen umeen kopurua hazten da urtez urte; hala ere distantzia nabarmena da oraindik. Eta are nabarmenagoa Nafarroaren kasuan: zonifikazioak eta hegoaldean (eremu ez euskaldunean) dagoen etorkin kopuru handiak ez ditu muturreko zenbakiak justifikatzen. Zerikusia dute, ziur asko, Nafarroako Gobernuaren jarrerarekin: etorkinen trataerarako sortu dituen dokumentuetan, adibidez »Eusko Jaurlaritzak sortutakoetan ez bezala», euskara ez da aipatu ere egiten.

Zein faktore izan kontuan?

Umea eskolatzen denean, erabaki behar da zein hizkuntzatan egin (batean?, bietan?, zeinetan?) hainbat faktore kontuan hartuta: umearen adina, bere ezaugarriak (adimen urritasuna, itsutasuna...), bere komunikazio premiak (zein den eskola dagoen eskualdeko giro hizkuntza, besteak beste), familiaren asmoa (herrialdean geratuko diren eta zenbat denbora...), umea lehenago eskolatuta egon den, irakurtzen eta idazten dakien...

Eta faktore horiek jakinda, zer? Ez dago errezetarik. Gainera, ez dago modu bakarra zirkunstantzia multzotik ondorioak ateratzeko: egoera berberean profesional batek pentsa dezake umea euskaraz eskolatu behar dela, eta beste batek gaztelaniaz. Baina ez dugu helmuga ahaztu behar, Euskal Eskola Publikoak aldarrikatzen zuena: "Ikasle guztiek, baldintza beretan, derrigorrezko irakaskuntza-aldia bukatzean bi hizkuntza ofizialen ezagupen praktikoa izango dutela bermatzea, euskararen erabilera bultzatuz eta normalkuntzari lagunduz". Helburua argi egotea lagungarria da, zailtasunak faltako ez badira ere.

Eta hala ere...

Eta hala ere, badakigu, askotan etorkinen seme-alabak gaztelaniazko ereduetan eskolatzen direla gehiegi hausnartu gabe. Alde batetik, zenbait hezkuntza profesionalek ekibalentzia automatikoa egiten dute: etorkina = gaztelania. Bestalde, eredu euskaldunetako irakasleentzat, liberazio bat izan daiteke "zaila" kontsideratutako ikasle mota hori A eta G ereduetan kontzentratzea. Gainera, EAEko A ereduko hainbat ikastetxetan, euskara ikasi ez duten irakasleen "zeregina" bihurtu dira ikasle horiek.

Edozein modutan ere, aztertu behar da guraso etorkinen erabakia: zergatik aukeratzen dituzte batez ere gaztelaniazko ereduak? Nondik dator hezkuntza sistemari buruz jasotzen duten informazioa (zein eragile autoktonorengandik, zein eragile propiorengandik)? Zeintzuk dira eragile horien arrazoiak? Nola esku hartu eragile horiekin?

Familia etorkin batek hezkuntza sistemari buruz galdetzen duenean, noski, ez da nahikoa ereduak modu aseptikoan azaltzea. Informazioa konplexuagoa izan beharko litzateke eta elementu soziolinguistiko batzuk eskaini beharko zaizkio: zer esan nahi duen gizarte honetan euskara ez ikasteak, zer aukeratzen duten autoktonoek eta zergatik, zer dela-eta ez diren joaten ume autoktonoak eskola jakin batera eta zeintzuk diren alternatibak...


Kontua da hainbat etorkinen seme-alabak ez direla euskara ikasten ari. Horrek ondorio batzuk dauzka epe erdira:

- Gizarte honetan, ume batek eskola uzten badu bi hizkuntzak jakin gabe, ez ditu besteek dauzkaten aukerak izango; ez lan munduan aritzeko, ez, oro har, gizartean integratzeko. Eta Euskal Herriko kultura aberastasunaren zati handi bat galduko dute, jakina.

- Ikasle horrek beranduago euskara ikastea erabakitzen badu, zerbitzu hori ordaindu beharko du. Gaur egun eskolaz kanpoko euskalduntzea (euskaltegien edo dena delakoaren bidez) ez da dohainik. Zenbait etorkin horretaz kexatu dira: izan ere, helduentzako hezkuntzan posible da gaztelania ikastea, baina ez euskara. Batez ere bi hizkuntzak ofizialak diren lekuetan, zergatik ordaindu behar dute haietako bat ikasteko, bestea ez bezala? Herri batzuetan neurriak hartu dira hori konpontzeko (Sakanan, besteak beste), baina ez da nahikoa.

- Etorkinen seme-alabak EAEn A ereduan matrikulatzeak duen ondorio bat hauxe da: eskola jakin batzuetan (publikoetan) kontzentratzea; ikastetxe horiek getizazio eta desprestigio bidean sartzen dira autoktonoek haietatik ihes egitean. Kontzentrazio horiek ez dute, jakina, autoktonoen eta kanpotik etorritakoen bizikidetza ahalbidetzen.

Euskara ikastea

Inmigrazio garaikidearen zenbait ezaugarriren aurrean, euskal ereduek zailtasun batzuk aurkituko dituzte. B eta D ereduak eta bere aparatu pedagogikoa gaztelania edo frantses-hiztunarentzat daude diseinatuta (antzekotasun asko dauzkaten hizkuntza erromanikoak dira). Baina gaur Hego Euskal Herrira etorritako umeen %30 baino gehiagok ez daki gaztelania; hemen, beraz, bi hizkuntza ikasi beharko lituzkete. Bestalde, ume horiek ez daukate zubi hizkuntzarik irakaslearekin eta horrek zailtasuna ekarriko du murgiltze ereduan. Irakasleak ikaslearen hizkuntza ez jakitea oztopo bat da hemengo hizkuntzak bereganatzeko ikasleak izango dituen zailtasunak kontuan hartzeko orduan (hitz egiten duen hizkuntza eta ikasi behar duenaren egitura ezberdina dela-eta, haien arteko alde fonetikoa dela-eta...). Hori guztia ez dugu ahaztu behar esku hartzea hobetze aldera.

Etorkinen hizkuntzak

Eta zein da etorkinen hizkuntzei aitortuko diegun begirunea? Nahi al dugu etorkinek haien hizkuntzak ahaztea gureak erabil ditzaten? Norberaren lehen hizkuntza autoestimuaren eta identitatearen parte oso garrantzitsua da. Ez dago zertan kultura propioa galdu gizarte berrian egokitzeko, sustraiak beste nonbait garatzeko. Jatorrizko hizkuntza galtzekotan, ezin izango da "integrazioaz" hitz egin.
Eskolak bilatu beharko ditu ikasleen hizkuntzak baloratzeko moduak. Irakasleek, esaterako, zuzen ahoskatu beharko dituzte ikasleen izenak (haien familiek egiten dutenaren ahalik eta antzekoen), ikastetxearen dekorazioan ere arreta jarri beharko da (eta ikasleen hizkuntzak eta alfabetoak islatuta geratuko dira), eskolako festetan ikasleen hizkuntzetan entzun beharko lirateke abestiak... Badago ikastetxe bat, jatorri portugeseko hainbat ikasle dauzkana, non portugesa hizkuntza ikasgai eskaintzen den ume guztientzat; halako zerbait egin daiteke arabiar hizkuntzarekin ume marokoar ugari dagoen ikastetxeetan. Kasu.

Inperatibo pedagogiko ezaguna da, bestalde, umeak bere lehen hizkuntza garatzen jarraitu behar duela, berdin da zein den. Ikerketek frogatu dutenez, lehen hizkuntza ondo jakitea, beste hizkuntzak arrakastaz ikasteko baldintza da. Familiari eskatu behar zaio, beraz, haien hizkuntza ahalik eta erregistro gehienetan erabiltzen jarraitzeko.

Gure aldetik arrazoiak dauzkagu hizkuntza minoritario eta minorizatuekin sentsibilitate berezia izateko. Zorroztasun horrek ikusaraziko digu Hego Amerikatik datozen gaztelaniadunen artean ketxuak, maputxeak eta aimarak daudela. Ez da beti erraza izango hori antzematea: prestigio "gutxiko" hizkuntzen hiztunak ezkutatzen baitira batzuetan. Gauza bera ipar Afrikatik heldutakoekin: denak ez dira arabiarrak; asko eta asko beste etnia batekoak dira: berbereak. Izan ere, etorri berriak askotan sailkatzen ditugu jatorrizko estatuaren kultura eta hizkuntza nagusien arabera, batzuetan haiekin zapaltzaileak diren arren.

Euskaldun berri potentzialak hor daude. Norbaitek pentsatu badu euskarak aurrera egiteko ezinbestekoa zela Euskal Herri homogeneoago bat, orain badaki baldintza hori ez dela etorkizunean beteko. Etorriko dena kontrakoa da: gero eta aniztasun handiagoa hainbat alorretan (mundu ikuskerak, sinesmenak, ohiturak...). Euskara denona izango da edo ez da izango.


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude