Makina bat kontu


Planeten jatorria kaosa da

Spitzer Space Telescope behategian ikusitakoaren arabera, hainbat izarren inguruan hauts-laino oso distiratsuak daude, osatzen ari diren planeta berriek beraien artean talka egitearen ondorioz, hain zuzen ere. Talka egiten duten planeta berriak mendi-kate baten tamainakoak izan daitezke eta epe luzean aritzen dira talkan.
Ilargia bera era horretara sortu zela uste da eta beronen eta oro har planeten sortze prozesua uste baino kaotikoagoa dela pentsatzen hasiak dira ikerlariak, Arizonako Unibertsitateko (AEB) George Rieke-k berriki adierazitakoaren arabera.
Spitzer teleskopioak duen ikusmen infragorriaren bidez, planeten arteko talkek sortutako hautsa garbi ikusi da. Sortzen ari diren planetek beraien artean talka egitean material puska berriak sortzeaz gain, material elkarketa ere gertatzen da. Gainera talketan sortutako hautsa inguruko izar batek berotzen du eta ikusgarri bihurtzen da infragorri espektroan.
Orain arte uste zen planetak izar gazteen inguruan bakarrik sortzen zirela hainbat milioika urtetan materialak beraien artean talka eginez, baina Riekek eta lagunek eguzkia baino handiagoak ziren 266 izar aztertu ondoren, horietako hirurogeita hamaikak hauts-diskoa zutela ikusi zuten. Badirudi izar zaharrek eraztun gastatu edo dirdira txikienak dituztenak izan beharko luketela, baina ez da horrela gertatzen, hau da, hauts-eraztunik gabeko izar gazteak topatu dira eta oso eraztun distiratsuak dituzten izar oso zaharrak ere bai.
Beraz, astronomo eta ikerlariek badute zer ikertu, planetak eratzeko garaian legerik existitzen bada, behintzat.


Lurrikarei aurreratuz

2002an Rundle-Tiampo Forecast-ek argitara emandako lurrikarak aurreikusteko programa batek oso aurreikuspen zehatzak egiten dituela ikusi da. Adibidez, Kalifornian hamarkada honetan gertatutako 16 lurrikaretatik 15 aurreikusi zituen.
Aurreikuspenak Coloradoko Unibertsitateko (AEB) eta Jet Propulsion Laboratoryko ikerlari-talde batek egin zituen ordenadorez ereduztatutako teknika bat erabiliz. Sistema 1932tik gaurdaino izandako lurrikaren kokaguneaz baliatzen da Richter eskalan 5 baino koefiziente handiagoa izango duten lurrikarak aurreikusteko.
Ikerlariek 4.000 gelaxkatan banatu zuten Kaliforniako mapa, San Francisco badiatik Mexikoko muga bitartean eta gelaxka bakoitzak 10 urteko epean lurrikarak izateko duen probabilitatea kalkulatu zuten. Emaitzak hobeto ikusteko gelaxkak koloreztatu zituzten.
Informazio hau oso erabilgarri ari zaie gertatzen injineru eta arkitektoei zeren, oso fidagarria dela frogatu baita.
Oraingoz, iragan ekainaren 15ean gertatutako 5,2 koefizienteko lurrikara izan da aurreikusi ez den bakarra eta hau San Clemente irlaren azpian gertatu zen. Akats honen arrazoiak topatu nahian itsasoan gertatzen diren lurrikaren inguruko datu-eskasia aipatu da, bertako lurrikarak sismologi saretik at geratzen baitira.


ASTEKARIA
2004ko azaroaren 14a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude