Pedro Horrillo: «Pentsatzen ez duen txirrindularia ere ez da existitzen»


2004ko azaroaren 07an

Haurra zinela txirrindulari izan nahi al zenuen?


Ez nuen nik motibazio handirik txirrindulari izateko. Baina nahiko mutiko aktiboa nintzen eta kirol dezente egiten nuen. Besteak beste, nire auzoko beste mutil batek, Igor Astarloak, eta nik bizikletan ibiltzeko afizioa genuen. BMX bizikletetan ibiltzen ginen, gora, behera, auzoan. Gu bizi ginen Ermuko auzotik gora hasten da Urko mendia, eta mendira ere dezente joaten ginen. Denborarekin errepideko bizikletan ibiltzera jauzi egin genuen. Eibar-Ermua ingurua bizikleta munduan oso sartua dagoenez, beti zenuen ezagunen bat Orbean lana egiten zuena eta bizikletaren bat salduko zizuna. Horrela lagunen artean hasi, gero bizikleta eskolan eman izena, eta azkenean aurrera atera eta bizitza bizikletatik irabazten dugu biok. Zortea izan dugu gure pasioa dugulako lanbide.

Eta gaztetan filosofo izan nahi zenuen?
Egia esan, nik UBI bukatu nuenean, txirrindularitzan nire burua erakusten hasia nintzen. Ordurako banuen ilusioa nire bizitza txirrindularitzarekin irabazteko, baina ez nion ikasteari utzi nahi. Beraz bizibidea nondik atera bilatu ordez gustatzen zitzaidan zerbait ikasi nahi nuen. Hasieran ez nuen hain argi, eta ingeniaritza ikasten hasi nintzen. Baina bizpahiru hilabetean ohartu nintzen bide okerra aukeratu nuela; ingeniaritza utzi eta filosofian murgildu nintzen. Niri gustatzen zitzaidana hori zen, eta ikuspuntu pertsonaletik aberasgarriena izango zitzaidana ere bai.

Batak besterako laguntzen dizu, txirrindularitzak filosofiarako, filosofiak bizikletarako?
Filosofiak lagundu izan dit urte hauetan txirrindularitzan parean tokatu zaizkidan egoerei aurre egiteko. Filosofia oso jakintza abstraktua denez errealitatearekiko lotura zuk nahi duzun lekuan bila diezaiokezu, zuk nahi duzunean aplika dezakezu, eta zentzu horretan noiznahi etortzen zaizkit gogora orain dela zenbait urte ikasitakoak.
Eta txirrindularitzak filosofian? Berdin. Batez ere txirrindularitza nik bizitzaren metafora bezala ikusten dudalako, lasterketan bata bestearen atzetik gertatzen doazenen kate bat. Eta egoera kritiko askotan, zuk milarenetan erabakiak hartu behar dituzu, erratzeko beldurrik gabe, eta aurrera jo. Gauza horiek denek filosofian eta bizitzan ere laguntzen dizute, bizitzaren filosofia ere antzekoa baita.

Zein dira filosofiatik gehien interesatzen zaizkizun gaiak?
Zaila zait esatea. Gustukoenak eta gehien filosofatzen ditudan gaiak naturarekin lotutakoak dira: cosmosa, unibertsoa, filosofiaren gai handiak. Erakusten dizutelako beti urrunago joan zaitezkeela eta aldi berean ezin duzula aurrera egin. Horiek dira gehien gustatzen zaizkidanak, baina edozein izan daiteke.

Eta txirrindulari batzuk lotu daitezke filosofo jakin batzuekin?
Bai. Askotan konparatzen ditut filosofo batzuen jarrera edo bizitza ikuskerekin. Adibidez, egoera konkretu batean, norbait justua ez baldin bada eta gizalegez jokatzen ez badu, esaten duzu "begira hau Makiavelikoa da". Eta txirrindulari bat baino gehiago daude, ez Makiavelikoak bakarrik, oso-osorik Makiavelo direnak.

Zu txirrindulari bezala zein filosofiatatik sentitzen zara gertuen?
Niri gustatzen zaidana txirrindularitza anarkikoa da. Ez zait gustatzen zuzendari batzuk proposatzen duten txirrindularitza, eskema arbelean, irratia belarrian, eta hori aplikatu behar da gertatzen dena gertatzen dela. Gero ikusten dituzu txirrindulari batzuen jokaldi absurduak, galdetu ea zergatik egin duten hori eta erantzuten dizute "zuzendariak bileran esan digulako hau gertatuz gero guk beste hori egin behar genuela". Akzioa eta erreakzioa. "Bai, ûesaten diozuû hau gertatu da baina beste modu honetara, ez zuek planteatua zenuten bezala". "Bai, baina nola zuzendariak hori esan digun...". Badira txirrindulariak ez direnak gai gogoeta hori eramateko, arbelean idatzitakoa eta lasterketako egoera kontrastatzeko. Eta zuzendari batzuk ere badira izen handikoak izan arren ezer aportatzen ez dutenak. Nik nahiago dut gauzak gertatu arau txirrindulariak berak hartzea erabakiak, eta ez egotea zuzendariak agintzen duenaren mende. Iban Mayo adibidez horietako bat da. Ibani argi bat pizten baldin bazaio eta pentsatzen baldin badu erasoa jo behar duela, berdin zaio nola dagoen lasterketa, zer esan dion zuzendariak, eta edozein gauza. Berak erasoa jotzen du eta kito. Hori da espektakulua.

Anarkia zalea izateaz gainera klasika zalea zara. Zure ametsa Paris Roubaix irabaztea da. Zergatik?
Paris Roubaix-k (PR) barrutik bizi izan baino lehen ere liluratzen ninduen. Ikusten nuen beste lasterketen erabat ezberdina zela. Profesionaletako lehen urtean hara joateko zoria izan nuen eta zoratzen nengoen. Are gehiago euria ari zuela ikusi nuenean. Nik uste PR dela irteeran txirrindulariak zoriontsuen dauden lasterketa. PRn Tour osoan batek daraman hogei eguneko tentsio guzia egun bakarrean kontzentratua ikusten da. Shakespeare-ren tragedia bat irakurtzea bezalakoa da, drama handi bat non badagoen hasiera bat, bilakaera bat eta bukaera bat. Sufrimendu batetik atera ez eta beste batean sartzen zara. Eta bigarren horretatik atera gabe hirugarren batean, eta laugarren batean... PRn ehungarren kilometroan lehenengo harbidean aurkitzen zara eta oraindik beste ehun eta hirurogei falta zaizkizu helmugarako. Eta horrela zabiltza beti, sartu eta irten, sartu eta irten, badira tarte luzeagoak edo motzagoak, baina harbide bakoitza helmuga bat da, helmuga bat da sartzea, eta beste bat ateratzea. Zuk beti duzu gogoan bukaerako helmuga horren ideia, baina aldian-aldian hura baino lehen dauden helmuga txiki horiek planteatuz joaten zara, eta gainditzen duzun helmuga bakoitza garaipen bat da. Nik uste PR dela indartsuenak irabazten duen lasterketa bakarra. Gerra irabazteko aurretik hogeita bost bataila irabazi behar baitira.

Hizketan antzematen zaizu lasterketarekiko duzun pasioa. Bestalde, lehen esan duzu txirrindularitza dela zure pasioa lanbide bihurtua. Eztabaida filosofikoa da pasioa ez ote den alienazioa.
Parte batean bai. Baina denek behar izaten dugu neurri batera arte zerbaitengandik alienatuak egon. Berdin dio arrazionala izan, edo irrazionala izan. Baina alienatua egoteak alde batera zerbaiten parte izatera eramaten zaitu, eta ezeren parte ez izatearen nahasmen horrek askotan inora ez iristea eragiten dizu. Gertatzen dena da zu zerbaitean ixten baldin bazara, gauza batzuk kanpoan uzten ari zarela, eta hori da ahaztu behar ez dena, mundu horretatik kanpora beste mundu batzuk ere badaudela.

Karl Marx: "Lan alienatua norbere sakrifizioa da, eta mortifikazioa".
Mortifikazioa zentzu honetan esaten du: pertsona bere buruaren esklabo bihurtzen da. Funtsean dilema hau da: bizitzeko egin lan, edo lan egiteko bizi. Marxek proletargoari hitz egiten dio. Proletargoa bere baitan klase sozial bat bihurtzen da eta bere helburua proletario izatea da, bere semeak proletarioak izatea, eta estraktu sozial bat izatea. Batzuetan txirrindularitzan ere gertatzen da hori, baina gero errealitatearen aurka gogor egiten duzu talka. Zeren eta bat proletario izan daiteke erretreta hartu arte, baina txirrindularitzan erretreta hogeita hama piko urtetan iristen da, eta zure laneko bizitza ez da hor bukatzen. Askotan gertatzen da jendeak bizikleta zintzilikatzen duenean pareta baten aurka jotzea. Arazoa da pareta hori ez zuela ikusia. Hurbiltzen eta hurbiltzen joan da, baina ez du ikusi, eta derrepente talka egin du. Eta nahiko ohikoa da, txirrindularitza uzten duten txirrindulariak depresio batean erortzea. Urtebetean edo bian depresioarekin egoten dira. Hori da mortifikazioa nahi bada. Baina hor hausnarketa prozesu bat hasten da, berriz jaiotzen zara, eta beste pertsona bat izaten hasten zara.

Descartes: "Cogito ergo sum" û»pentsatzen dut beraz existitzen naiz»û. Txirrindularia pentsatzen duen bitarte existitzen da?
Nik zuzendari bat izan nuen, Javier Minguez, eta lehen urtean kalapita bat izan nuen harekin. Hark esaten baitzuen txirrindulariaren buruak gauza bakarrerako balio duela: kaskoa eramateko. Berak esaten zizun: "Nik pedalei eragiteko ordaintzen dizut, pentsatzeko hemen nago ni". Hasieran broma bezala esaten zuen, baina aldian-aldian broma gero eta handiago egiten joan zen, eta iritsi zen eguna azkenean esan behar izan niona: "Begira, nire buruak kaskoa eramateko bakarrik balio badu, tori nire kaskoa, tori nire bizikleta, nire arropa, eta joan popatik hartzera!". Txirrindulari baino lehen pertsonak gara gu, eta pentsamendu gabeko pertsona bat ez bada existitzen, pentsatzen ez duen txirrindularia ere ez da existitzen.
Arazoa da zuzendariek zure baitan egon daitekeen erreflexio guztia anulatzen dutela beraiek agindutakoa egitearren. Orduan pedalei eragiteko bakarrik balio duen makina bat bezala sentitzen zara, animalia bat bezala. Niri ez zait gustatzen hori, baina horrelako zerbait gertatzen zaizunean pentsatu behar duzu: "Tira, hau da nire lana, hau egiteagatik ordaintzen didate, eta egingo dut". Mertzenario bat zara, zure indarra saldu duzu eta kito.

Dena den lehenik pertsonak zaretela esan duzu. Pertsona hartzen badugu indibiduo kontziente bezala, ongia eta gaizkia bereizten dituena, bere bertutea arrazoia dena, Pedro Horrillo pertsonak zer iritzi du dopingaz?
Ikuspuntu horretatik begiratuta, pentsatzen dut jokoak lege batzuk dituela, eta pertsona batzuk elkartu baldin bagara zerbait jokatzeko, joko arauak errespetatu beharko ditugula. Bestela gure jokoa ez da justua. Ondorioz ikuspuntu horretatik begiratuta, dopinga ulertuz normatik ateratzea bezala, iruditzen zait dopinga ez dela positiboa.

Pedro Horrillo txirrindulariari galdera, dopingaz ari garela, Makiaveloren esaldi ezaguna: "Helburuak justifikatzen ditu bitartekoak"?
Garbi dago txirrindularitza profesionalaz ari baldin bagara, amateurretan ez bezala jendeak bizitza hortik irabazten duela. Orduan jende batek baldin badaki normala ez den modu batean jokatuz lortuko dituen emaitzak hobeak izango direla, eta horrek esan nahi badu diru gehiago irabaztea, fama gehiago edukitzea, dena delakoa... Denek ez dute etika berdina, eta beraz bada jendea araudia bost axola zaiona. Arazoa sortzen da berdintasuna hausten denean, eta denak ez garenean baldintza berdinetan lehiatzen ari. Zer gerta liteke? Hain zuzen ere kirol profesionalean gertatzen dena, marea hori aldian-aldian gero eta handiagoa egiten ari dela, eta azkenean gehiago direla marearen alde txarrean daudenak marearen alde onean daudenak baino. Batzuk kontzienteki sartu ziren eta beste batzuk olatuak harrapatu ditu.

Eta horrek azkenean ez al ditu denak behartzen horrela jokatzera? Bestela ezin duzu lehiatu.
Nik uste kirola ez dagoela oraindik maila horretan. Baina orain doan bidetik segituz gero etorkizunean hori gerta daiteke.

Gai hauetaz mintzatzean kazetariak irrazionalak dira?
Irrazionalak, edo beharbada arrazionalegiak. Talde mediatikoen interesengatik, edo dena delako interes partikularrengatik, batzutan interesatzen zaie ikuspuntu konkretu bat ematea. Eta ikuspuntu hori emango duten pertsonak bilatzen dira, ez da informazio kontrastatu bat ematen. Informazio partziala ematen da, guztiz erreala da, baina partziala. Hori gertatu da dopingaren aferarekin. Konkretuki Manzanoren auzian.

Aurten bi garaipen lortu dituzu, baina zu gregario bezala fitxatu zaitu Rabobankek, Freireri esprinak bideratzeko. Paper aproposa eskubide eta bete beharrez pentsatzeko.
Hara, profesionaletan urte batzuk daramatzazunean kontzienteago izaten hasten zara zein dituzun bertuteak, eta zein hutsuneak. Hori kontrastatzen duzu mundu profesionalean ikusten zoazenarekin, eta ohartzen zara zein den zure lekua tropelean. Eta behin tropelean zure lekua zein den badakizunean, baduzu bete beharraren nozio bat, taldeak bete behar konkretu baterako fitxatzen zaituelako. Istorioa hasten da egun batean gregarioa liderrari gailentzen zaionean. Kasu horietan nozio horrek mami gehiago du. Hori gertatu zen esaterako Bettini eta Bartolirekin. Talde barruan tirabirak ere sortzen dira. Zergatik? Nik 200.000 euro irabazten baldin baditut eta zuk 100.000, taldeak nik irabaztea nahi du. Horrela justifikatzen du ordaintzen ari zaidana. Hor dago diruak sortzen duen korrupzioa. Baina hala ere, epe luzera begira bideak bakoitza bere lekuan jartzen du.

Poesia idatzi ohi duzu?
Oso maila pertsonalean. Niretzat, nire neska-lagunarentzat, lagunen batentzat... Bestela ez.

Eta Chava Jimenezi idatzitako poemarena nola izan zen?
Chavak nirekin zeukan adar jotze batetik hasi zen. Nik berari poema bat idatz niezaion nahi zuen bera ligatzera joateko. Urteak eta urteak zeramatzan horrela, eskatu eta eskatu, eta Espainiako itzulian egunero aritzen zitzaidan lata ematen. Esan nion, "begira, etapa bat irabazten baduzu, idatziko dizut". Eta irabazi zuen. Orduan esan nion "ez, ez, begira broma bat zen, beste bat irabazten baduzu idatziko dizut". Eta bigarrena irabazi zuen. Biharamunean eske etorri zitzaidan, berak irabazi zuela bigarrena ea non zegoen poema, eta ni non sartu ez nekiela. Berriz berdina esan nion, "ez, broma bat zen hori ere, beste etapa bat irabazten baduzu idatziko dizut, oraingoan bai". Eta jo eta hirugarrena irabazi zuen! Etorri zitzaidan berriz ere, "zer poesia ekarri didazu?". «Joder, ba ez dizut egin» esan nion. Haserretu egin zitzaidan: "Ez didazula egin! Zu zara putasemea!". Eta ez nuen etsi beste erremediorik izan. "Zu lasai Chava, hemen daukat, egina dago". Eta egun horretan idatzi nion.

Beste etapa bat irabazteko esan behar zenion, poemagatik bakarrik laugarrena aterako zuen...
Kar-kar-kar-kar, bai baina hiru aldiz esan nion jada! Kontua da idatzi niola, baina eman aurretik garbi utzi nion, ezagutzen bainuen eta banekien zerbait egingo zuela: "Begira, hau zuretzako opari bat da eta zuk egin nahi duzuna. Baina egunkariren bati edo kazetari bati ematen badiozu, esaiozu zure zale batek eman dizula, eta ez esan ez zein den, ez ezer". Nik boligrafoz idatzia eman nion, eta mutilak ez zuen nire idazkera ulertzen. Orduan, Marcako kazetariarengana joan zen, eta esan zion: "Aizu, leitu iezadazu poema hau, Horrilloren idazkera ez dut eta ulertzen". Irakurri zion, eta laster deitu zidaten Marcakoek esanez poema eskutan zeukatela eta ea zenbat diru nahi nuen. "Ez, poema hori ez da nirea, Chavarena da". "Beraz publikatu dezakegu?". "Begira, egin ezazue nahi duzuena, baina publikatzen baduzue esan Chavarena dela, nire izenik ez aipatu". Eta handik gutxira ASekoen deia, jakin zutela Marcakoek nire poema zeukatela, eta ea zenbat nahi nuen beraiek publika zezaten. Nik ezetz eta ezetz, eta berrehun mila pezeta eskaini zizkidaten, "jakin baitugu Marcakoek ehun mila pezeta eskaintzen dizkizutela". "Begira, ez dut nahi ezer ere", esan nien. Orduan El Paisekoek deitu zidaten kexaka, "aizu Pedro, zuk gurekin kolaboratzen baduzu, nola ari zara zerbaitetan beste egunkari batekin, jakin baitugu poema ASi saldu diozula". Haien artean deitzen ziren, eta askatu beharrean, korapilo berriak sortzen zituzten. Azkenean esan beharra izan nien: "Begira, poema hori Chavarena da, eta egin ezazue nahi duzuena! Chavarena da eta nik ez dut ezer jakin nahi". Azkenean Marcan atera zen. Chavak Marcakoei eman zien. Gerora Chavaren heriotza gertatu zenean berriz atera zen argira.
Nortasun agiria
1974ko irailaren 27an jaio zen Ermuan. Auzoko lagunekin hasi zen bizikletan ibiltzen, eta pixkana gora egin zuen. Bost urte eman zituen afizionatuetan Baque taldean (1993-1998). Hamazazpi garaipen eskuratu zituen denera, tartean Valladolideko itzulia eta Balentziaga saria. Seguros Vitalicioren eskutik igo zen profesionaletara 1998an, eta Mapein eta Quick Stepen ibili ostean Rabobankek fitxatu berri du Freire adiskideari laguntzeko. Bost garaipen baditu palmaresean idatziak, eta horietako bi aurten eskuratu ditu, bat Paris Nizan. Filosofian lizentziatua da EHUn.

Bertsoa
Doinua: Mutil koxkor bat

Txirrindulari probatan lagun
ohi duzu literatura,
filosofoak irakurtzea
delako zure ohitura.
Nietzsche aipatu izanak zerbait
helarazi dit burura;
malda goratan jotzen al duzu
logelako liburura
gogoratzeko Nietzschek zioen
supergizonaren hura?

Artikulugile El Paisen
«Aurten Tourrean eta Espainiako Vueltan idatzi dut. Tourra korritu ez nuenez etxetik idazten nuen, eta Vueltan berriz, lasterketatik bertatik. Lasterketan idazten dudanean momentu hori baliatzen dut egoeratik ihes egiteko, lasterketatik eta txirrindularitza mundutik alde egiteko, eta oso ongi etortzen zait erlaxatzeko. Baita lasterketetan gertatzen diren gauzei buruz gogoetatzeko ere. Horiei buruz ez baduzu beroaldi horretan gogoetatzen ahaztu egiten baitzaizkizu. Gainera inoiz lasterketan bertan hasten naiz pentsatzen, eta etapa bukatzerako idatzia dut buruan artikulua».

Liburuak bidailagun
«Beti eramaten ditut nobelak, eta filosofiako libururen bat. Askotan eraman ohi dudan bat Nietzsche da, orrien artean saltoka ibiltzeko, esaldiren bati heltzeko... Noizbait Kanten liburu bat ere eraman izan dut. Baina lasterketa batean edo kontzentrazio batean ez dut aski arreta biltzen Kant irakurtzeko. Kantek eskatzen du bere munduan, bere hizkuntzan, sartzea, bestela ez duzu ulertzen. Tratatuak ere eraman izan ditut. Bestela, gaur eguneko autoreen liburuak, behar bada filosofoak ez direnak, baina filosofia egiten dutenak. Mundialerako esaterako, Espainiako Vueltako maleta bera eraman nuen, eta barruan neramatzan Nietzscheren Zarathoustra, eta nobela bat, zabor kulturari buruzkoa, nolabait esateko».


ASTEKARIA
2004ko azaroaren 07a
Azoka
Azkenak
Haritu: "Familia batzuek sei hilabete daramatzate hotel batean"

Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Harituk Iruñeko Udalak etxegabeentzat eskaintzen dituen baliabideak kritikatu dituzte: "Ogi apurrak dira", adierazi du Martin Zamarbide Harituko kideak. Behin behineko zenbait "aukera" ematen... [+]


2024-04-16 | ARGIA
Ia 15.000 erabiltzaile ditu Puntueus domeinuak, sortu zenetik hamar urtera

Puntueus domeinuak hamarkada bete du apirilaren 15ean, eta EITBren Bilboko egoitzan ospatu du Puntueus fundazioak. Gaur arte lortutakoa goraipatu dute, eta 2024 urterako kanpaina berria iragarri.


Errendimendu akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak Ipar Euskal Herrian

Ongi doazen ikasleak talde batean, zailtasunak dituztenak, bestean; maila akademikoaren arabera banatuko dituzte ikasleak datozen ikasturtean, Frantziako Estatuan. Ikasleak sozialki eta akademikoki sailkatu eta bereiztea, desoreka areagotzea eta egoera okerragoan daudenak... [+]


Eguneraketa berriak daude