Okupazioa, alternatiba bizia


2004ko azaroaren 7an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Francoren diktadura ostetik okupatu dira etxeak Euskal Herrian. Okupazio mota desberdinak daude. Badira okupazio kolektiboak, mugimendu bati lotuak, ezaugarri bereko jendea elkartzen dutenak. Baina beti egon da beste okupazio ikusezin bat ere, familiek edo norbanakoek maila indibidualean egindakoak. Eta beste eredu batzuek, multzoan okupatzen dute, baina bakoitzak bere esparrua gordez, adibidez, etxe bloke bat okupatu, eta bakoitza pisu batean biziz. Azken boladan, badirudi okupazio ikusezina gehiago ugaritzen ari dela, etxe okupatuen batzarrak eta mugimendu bateratuak gutxitu diren bitartean.

Ander Ijurko Donostiako Añorgako gazteak, urtebetean bi etxe okupatu ditu. Iazko irailean Usurbilen (Gipuzkoa), autopista ondoan dagoen Elorretxean sartu zen 4 lagunekin: «Bagenekien hutsa zegoela, eta oso zikina aurkitu genuen, utzita, arratoi hilak zeuden barruan... Euren jabeek esaten dute erabiltzen zutela, baina bistan da urtetan ez dela inor sartu bertara. Etxearen nagusia Goierrin jaio eta Amerikan bizi da, enpresa mordoa ditu, eta Donostian villa batzuk ditu, Goierrin beste etxe bat, Orion ere bai... Etxeak espekulatzeko erosten ditu». Ijurkok eta bere lagunek ez zuten, ordea, etxe horretan asko iraun: «Gu sartu eta ordu erdira ertzainak etorri ziren, identifikatu egin gintuzten eta alde egin zuten. Handik astebetera epaileak deitu gintuen eta deklaratu genuen, gure eskubidea dela etxe bat izatea, eta gure egoera ekonomikoaren berri eman genion. Hortik astebetera ertzainak etorri ziren, ateratzeko edo bestela ostiaka aterako gintuztela esanez». Epaiketa izan dute, eta nahiz eta etxearen jabeak salaketa kendu zuen, fiskalak berak eraman zuen kasua aurrera eta epaileak bost hilabetez eguneko 6 euroko isuna ordaintzea ebatzi du. Beraien abokatu Joseba Belaustegiren hitzetan, «kasua ez zeukaten nondik heldu, hasteko, etxearen jabea denak ez duelako aurkeztu eskriturarik, ez bere jabetza frogatzen duen ezer. Beste hainbat gorabehera egon dela ikusita, kasu honetan nabarmena izan da fiskalak eta epaileak okupazioa kriminalizatzeko duten asmoa. Aurrez erabakita zuten gogor zigortuko zituztela, besteei etsenplua emateko».

Ijurkok adierazten duenez, «gu leku hiletan sartzen gara, bizia emateko. Epaitegira usurpazio delituagatik deitzen gaituzte, baina gu ez gara lapurrak, ez gara ezkutatzen, polizia datorrenean aurpegia ematen dugu». Joseba Belaustegik 8 urte inguru darama okupazio kasuak defendatzen, eta azaltzen duenez, «epaitegietan asko egin dugu atzera. Bi okupazio edo teknikoki esanda usurpazio mota daude: bata indarkeriarik gabea, pazifikoa. Eta bestea pertsonen kontrako indarkeriarekin egindakoa. Okupazio pazifikoa bi garaitan bakarrik penalizatu da historian: XIX. mendeko kode batean, eta Primo de Riveraren diktaduran. 1995ean aldatu zen legea, eta geroztik, okupazio pazifikoa ere penalizatuta dago. Penak isunak dira, baina kondenatua delitu baten aurrekariekin geratzen da, isuna ordaintzen ez duenak ordezko kartzelaldia bete behar du, eta beraz, ez da txorakeria. Isuna gutxienez eguneko 1,5 euro ingurukoa da, eta gehienez eguneko 300 eurokoa». Orain, Elorretxeako okupazioaren sententziari helegitea jarriko dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta garrantzitsua izango da auzitegi honek okupazioarekiko duen jarrera ikusteko.

Lehen etxetik bidali ondoren, beste etxe bat okupatu zuten Ijurkok eta bere lagunek: Errekalde auzoan Donostiako udaletxeak duena. Etxe hau garai batean eskola izan zen, eta lau pisu zeuden kontserge eta irakasleentzat. Ijurkoren hitzetan, «hortik astebetean bota gintuzten, udaltzainek. Gainera, udaltzainak ertzainak baino gogorrago portatu dira». Kasu hau berehala artxibatu zen, Ijurkoren ustez, «udaletxeari ez zaiolako komeni kasua haizatzea eta arazo horretaz gizartean hitz egitea. Donostiako udaletxeak lotsa behar du, gero, hainbeste etxe huts edukita, Babes Ofizialeko Etxeak egiten dituela esateko! Hori ez da konponbidea, diru gehiago ateratzeko modua baizik. Etxe hutsak antolatu behar dira».

Bietatik berehala bota bazituzten ere, Ijurkok garbi du: «Berriro sartuko naiz». Gizartean aldaketak sortzeko okupazioa eraginkorra dela argudiatzen du, «intsumisioa bezala da, denok okupatzen badugu, askoz presio handiagoa egingo diegu erakundeei. Jendea kontzientziatzea lortu behar da, eta horretarako adibide onena da etxe bat okupatu eta bertan bizitzea, jendeak ikusi dezan posible dela. Denbora luzez okupatutako etxean bizi den jende asko dago». Ordea, gizartean ez da intsumisioa bezainbeste zabaltzen. Ijurkok azaltzen duenez, «okupazioaren berri azalduz gero, gazte jendeak ulertzen du bere logika, baina ikusten dut jendeak buruan oso sartuta duela leporaino zorpetzearen kontua, beste erremediorik ez dagoela onartuta dauka».

Okupazioak beste era batera bizitzeko aukera ematen duela gogorarazi du Ijurkok: «Nola lan egin nahi duen aukeratzea bakoitzaren esku dago, baina etxe okupatu batek ez zaitu derrigortzen egun osoa lanari lotuta egotera. Ni egun erdiz ari naiz lanean, eta aurrerantzean ere horrela jarraitu nahi dut. Bizitzeko ez da diru gehiago behar».


Azkenak
Eguneraketa berriak daude