Gurasoen habian kabitu edo abiatu

  • Gaurko txoritxoak, gurasoen habian lotuta daude. Kanpoan hotz dela, gurasoek dena ahora ekartzen dietela, hegoak baino garatuago dute sabela. Urteekin gorputza hazi arren, gurasoen habian erraz kabitzen dira. Noski, hamaika mota, neurri eta koloretako txoritxoak daude, eta txoritxo bakoitza da bakarra. Baina gurasoen habiatik ez salto egiteak, belaunaldi jauzia etetea dakar: Txoritxoek gurasoen gero eta antza handiagoa dute eta haize korronteen kontra abiatzen diren txoritxo-bandak urritu dira...

2004ko azaroaren 07an

20 urterekin irteten dira gurasoen etxetik batzuk, beste batzuk 35 urterekin gurasoen kontura jarraitzen dute... Zer da, orduan, gaztea izatea? Gazte bakoitza da mundu bat, baina orokorrean, bizitza tarte hau asko luzatu izanaz bat datoz soziologo eta psikologo asko. Orain 20 urte, 15-29 urte inguru artean mugatzen zen gaztetasuna. Egun, Javier Elzo soziologoak 12-34 urte artean deskribatzen du, epe hauetan banatuta: aurre-nerabezaroa, orokorrean 12-14 urte artekoa; nerabezaroa, orokorrean 15-17 urte artekoa; gazte garaia, orokorrean 18-24 urte artekoa; gaztetasun luzatua, 24-29 urte artekoa; eta gazte berantiarrak, 30-34 urte artekoak.

Nerabezaroa eta gaztetasuna desberdintzea da kontua. Nerabezaroa ume arotik ateratzea da. Muga horretan erabakigarria da, sexualitatea bizitzeko modua aldatzen hasten dela. Eta bestalde, gurasoekiko autonomia zabaltzen hasten da. Gaurko gaztetxoek lehenago jasotzen dute autonomia gurasoengandik eta horrek eragiten du aurre-nerabezaroa 12-13 urtera aurreratu izana. Adolezentzia esperimentatzeko garaia da. Orainaldian bizi da nerabea, ez du etorkizunean pentsatzen. Gazteak, aldiz, oraindik autonomia osorik ez duen arren »oraindik gurasoen etxean dago eta ez du lanik», jada pentsatzen hasia da nolakoa izango den bere bizitza independentzia lortzen duenean. Adoleszentzia bizitzako egoera bat da, bizitzan egoteko modu bat. Gaztetasuna, berriz, bizitzarako prestakuntza prozesu bat da. Beraz, desberdintasuna ez dago urteetan, mentalitatean baizik. Badira 17 urteko gazteak, eta 25 urteko adoleszenteak.

Gaztetasunaren prozesua bukatzen da bi baldintza betetzen direnean: gurasoengandik bereiztean, eta lan munduan sartzean. Orduan egiten da heldu, ardura maila handiarekin.

Elzok azaltzen duenez, garai hauetan gero eta gehiago luzatzen ari dena adoleszentzia da, ez gaztetasuna. Jende asko dago 25 urterekin oraindik adoleszentzia egoeran, etorkizunean pentsatzen ez duena. Ez du pentsatu nahi lan egin beharko duenik, ez pisu bat bilatu... "Orainkeria" da bizitzeko modu berria, etorkizuna pentsatzeko eta planifikatzeko zein zail dagoen ikusita, egunean bizi behar dela ikasi eta onartu dute nerabeek.

Nerabezaroa luzatzen duen bizitza eredua

Badira faktore objektibo batzuk, egun etxetik ateratzea zein zaila den azaltzen dutenak. Nagusia, etxebizitzen prezio garestiak dira. Koadroek (7 eta o.orrialdean) adierazten dute etxebizitza prezioen eta gazteen diru iturrien arteko leizea. Gainera, hemen ez dago alokatzeko tradiziorik, eta gehienen helburua etxebizitza bat erostea da.

Eragiten duen bigarren arazoa langabezia dela esan ohi da, eta ez hori bakarrik, arrazoi nagusia lan prekaritatea dela ere azaltzen du Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren, Gazteen eta Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren ekimenez kaleratu den Gazteei eta bazterketari buruzko hausnarketa, Gipuzkoa 2003k. Baina kontrakoa dioenik ez da falta. Hauen arabera, momentu honetan kontua ez da lanik badagoen edo ez, nolako lana dagoen baizik: «Egungo gazteek, sarri, gustuko lana aurkitu arte itxaroten dute eta denek bezala, bilatzen duten lana astelehenetik ostiralerakoa da, iluntzerako libratzeko modukoa eta ahal dela finkoa». Baina Elzok aurreikusten duenez, «gero eta gehiago nagusituko da amerikarren eredu kapitalista, eta lana aldi baterakoa izango da".

Hemengo gazte askok etxetik joateko derrigorra ikusten du lan finkoa izatea. Baina hau ez da horrela munduko beste herrialdeetan: Frantzian, Alemanian, Ingalaterran eta Italian, 20-22 urteko gazteek ez dute lan egonkorrik, eta etxetik ateratzen dira. CSIC-ren (Ikerketa Zientifikoaren Sektorekako Komusioa) ikerketen arabera, lan egiten duten Espainiako 25-30 urte arteko gazteen %60 gurasoekin bizi da. Hiru aldiz gehiago, kasu berean dauden frantziar, ingeles edo alemaniarrak baino.

Lan finkoa bilatzeaz gain, Espainiako estatuko gazteek jotzen dute independizatzeko hilabetean 1.000 euro behar direla gutxienez, INJUVE-k (Gaztediaren Institutua) 2002ko hirugarren hiruhilekoan egindako iritzi sondeoak azaltzen duenez. Beharrezko den gutxieneko diru kopuru hau ere, lan finkoarena bezain subjektiboa da, lotura zuzena baitu gurasoen etxetik ateratzearen truke gaztea eguneroko gastuetan egiteko prest dagoen murrizketekin.

Lanaz kezkatu baino lehen ere, gazteek gero eta urte gehiago pasatzen dute ikasten. Hemengo gurasoen esaldi tipikoa da "bukatu karrera eta gero...". Baina hori ere ez da munduko leku denetan horrela. Emantzipatzeko eta heldutasuna hartzeko, «hori akats larria» dela dio Elzok: «Sistema orokorra aldatu behar da. Jende askok utzi behar lituzke ikasketak lehenago, eta lan munduan sartu. Beste lekuetan horrela egiten da, 18-19 urterekin etxetik atera eta lan egiten pasatzen dute urtebete, mundua ikusten, eta gero pare bat urtez unibertsitatera joaten dira. Ondoren berriro lanean hasi, dirua bildu, eta berriro unibertsitatera itzuli. Hori da aldarrikatzen dudan eredua. Bizitza osoan zehar jarraitu behar da ikasten, baina unibertsitaterako dirua norberak atera behar du. Unibertsitate garaia adoleszentzia da egun».

Gazteak ez, gurasoak independizatu beharra

Javier Elzo soziologoaren esanetan, "gazteak ez independizatzeko arrazoi nagusia ez dago gazteengan, gurasoengan baizik». Gure familia alde batetik modernoa da, onartzen dira guraso homosexualak, familia monoparentalak, eta aukera desberdin gehiago. Baina beste zentzu batean, oso da tradizionala, gurasoek nahi baitute euren seme eta alabek etxean itxaron dezaten, bere etxebizitza eta lana ziurtatzen dituzten arte. Gaurko guraso askoren joera gehiegi babestea dela ohartarazten dute adituek: gurasoek seme eta alaben ordez gauzak egiteak, euren ordez hitz egiteak eta pentsatzeak, euren ordez erabakitzeak, behar duten dena emateak... horrek denak eragina du emantzipatzerakoan. Seme edo alabari ziurgabetasuna sortzen zaio erabakiak hartzerakoan, eta etengabeko babesa behar izatea dakar, etengabe gurasoen orientazioa behar izatea.

Zergatik babesten dira gehiegi gaurko seme eta alabak? Arrazoi askok eragin dezakete. Batetik, gaurko gurasoak, batez beste, nahiko edadetuak direlako, helduak. Bestetik, askok seme edo alaba bakarra dutelako. Bakarrari eskaintzen zaion arreta guztiaz gain, gurasoak konturatzen dira seme edo alaba horrek alde egitean bikotea bakarrik geratuko dela. Elzok deskribatzen duenez, "gurasoek beti nahi dute seme eta alabak etxean egotea. 26 urte dituenean akaso esango diote ‘zoaz etxetik behingoz!’, baina badaezpada ere, aho txikiarekin esaten dute. Hori ez da ona, ez seme-alabentzat, ezta gurasoentzat ere. Gurasoen emantzipazioa ere kontuan eduki behar da. Prozesu konplexua da, momentu honetan bikotea bakarrik geratzen da, eta bizi osoan ez badute bikote bizitza landu eta hezi, bakarrik geratzen direnean, bikoteak pott egiten du askotan. Bizitzako garai horretan dibortzio asko egoten da».

Txoriak hegan ikasi behar du...

...eta gazteen emantzipazioa ere, gurasoekin etxe berean bizi direnetik landu behar dela diote adituek, ez joateko momentuan. Seme-alabak prestatuz joan behar dira bere independentzia onartu dezaten, ondorio guztiekin. Horretarako, gurasoek umeekiko dituzten betebeharrak gero eta gutxiago izan behar dute. Umeen emantzipazioa prestatzearekin batera, gurasoena prestatu behar da. Umeen autonomia indartzeak aldi berean dakar gurasoek umeekiko autonomia hartzea. Adituek aholkatzen dutenez, umeak gurasoekin bizi direnean ere, gurasoek espazio eta denbora hartu behar dute eurentzat. Umeak aurrera ateratzeko, hezteko eta laguntzeko urte askotan gurasoek albora utzi dituzten askatasun espazioak berreskuratu behar dituzte. Beharrezkoa da gurasoak garatu daitezela bikote eta pertsona gisa.

Gurasoenean eroso

Kanpoko eraginez jardun dugu orain arte »etxebizitza, lana, familia, ikasketak...». Saioa Olmo «Emancipator» proiektuaren egileetakoak onartzen duenez, «gure gurasoekin dugun harremana hobea da aurreko belaunaldiek zutena baino, eta gazteok eroso sentitzen gara gurasoen etxean, ez dugu joateko premia larririk». Gainera, gurasoen etxean jarraitzeak esan nahi du, ez ardurarik hartu behar izatea eguneroko bizitzako hainbat arlotan. Motibo bat edo bestea dela, Espainiako estatuan, gurasoen etxean bizi diren gazteen %51k pentsatu zuen emantzipatzea 2002an, eta %49k oraindik ez zuen planteatu ere egin, INJUVE-k egindako iritzi sondeoaren arabera. Hori dela eta, Saioa Olmo, Alex Mitxelena eta Hugo Olaizolak gazteen emantzipazio nahiari aurkitu dioten soluzioa, «Emancipator» gailua, zera da: "Gurasoen etxetik atera gabe emantzipatzeko puzgarria. Ura, argia eta telefonoa gurasoenera konektatzen duzu, horrela, gastua zero da". Gailu horren iragarkiak, gaurko gazte askoren egoera idilikoa saltzen du: "Independentzia osoa lortu dezaket, gurasoen tutoretzapean bizitzeak dituen erosotasunei uko egin gabe". Eta seme-alaba parasitoei zuzentzen die azken keinua: "Emantzipatu zaitezte, etxetik bota arte!".

Delako emancipator hau 3 dimentsiotan diseinatu dute, eta 2 metro luze eta 1,5 zabal dituen zilindro itxurako puzgarria da, gazteak gurasoen etxeko bere logelan bertan jar dezakeena. Arrautza itxurako gailu horrek gaztea isolatzea da emancipatorrek dakarrena, eta Saioak azaltzen duenez, «Emancipatorrek agertzen du errealitatean dagoen egoera bat, ez dugu horren alde edo kontra egiten. Bai, gero eta indibidualistagoa den gizarte bateko produktua da, bizi dugunaren irudia». Kalera atera dira diseinatutako produktu honekin jendea xaxatzera, eta jasotzen duten erantzunaren arabera, baliteke benetakoa egitea eta merkaturatzea. Baina euren helburua, kritika eta ironiaz emantzipazioaren gaia gizarteratzea da.

Emantzipazioak zer dakar familiara?

«Umeak» etxean eusteko gurasoen beharra ikusita, eta gazteek etxetik ateratzeko jartzen dituzten mila eta bat baldintza entzunda, hain txarra eta traumatikoa al da, bada, bereizketa? Elzok azaltzen duenez, «askoz hobe da denentzat, bai guraso eta bai seme-alabentzat, gazteak etxetik askoz lehenago joatea. Noski, etxeko ateak beti egon behar du irekita, baina bakoitzak bere bizitza egin behar du". Emantzipazioak ez du esan nahi seme eta alabei gertatzen zaienaz gurasoak gehiago interesatuko ez direnik, ezta familiako harremana etengo denik ere. Horregatik, ez zaio beldurrik izan behar independentziari, ongi gestionatuz gero, ez dakar hutsunerik. Emantzipazioak nola guraso hala seme-alabak garatzen laguntzen du, eta euren arteko harreman formatu berri bat artikulatzea dakar. Independentzia arduratsu eta kontzienteak benetako askatasuna dakar, guraso eta umeen artean dependentzia desiratu eta orekatu bat ahalbidetzen duena, beharrak eragindakoa izan ordez.

Gizartean zer ondorio ditu gazteak hain berandu emantzipatzeak?

Javier Elzoren hitzetan, «jada ez dago gazte kulturarik. Gurasoen baloreak eta gazteenak, gutxi gorabehera berdinak dira, beti elkarrekin baitaude». Hainbeste denbora elkarrekin egonda, belaunaldi hausturarik ez dago. Gazte belaunaldiaren lana aurrekoen eskemak haustea dela esaten da sarri. Elzok dionez, ordea, «egun, gurasoek pentsatzen duten antzera pentsatzen dute seme eta alabek, bizitza ikusteko molde bera dute». Eskemak errepikatzen dira, eta Espainiako estatuan 2002an independizatutako gazteen artean, %43k bere familia osatzeko egin zuten. Askoz gutxiagok, %23k utzi zuen gurasoen etxean bere independentzia lortzeko, INJUVEk egindako iritzi sondeoaren arabera. Lekutan daude, elkarbizitza eta etxe egitura diferenteak esperimentatu nahi dituzten eredu alternatiboak...

Etxebizitzen zifra zoroak (2003an)
Zenbat

13.897etxebizitza zeuden merkatuan EAEn:
% 95 salgai
% 5 alokairuan
% 25 Babes Ofizialekoak

Zenbatean

EAEn batez beste:
2.678 euro metro koadroko, merkatu librekoak
86.000 euro, hiriburuko Babes Ofizialekoak
82.000 euro, herriko Babes Ofizialekoak
716 euroko errenta hileko, merkatu librekoak
316 euroko errenta hileko, Babes Ofizialekoak

Nafarroan:
148.702 euro, batez beste, merkatu librekoak
78.088,80 euro, gehienez, Babes Ofizialekoak

Iturriak: EUSTAT eta OBJOVI.

Gazteen ekonomia
%19.7 koa da langabezia-tasa EAEko 16-24 urtekoen artean.
%8,2koa, 25-45 urtekoen artean.
%9koa da Nafarroan, 18-34 urtekoen artean.

15.078,55 euro izan zen 2003 bukaeran, EAEko 18-34 urte artekoen batez besteko urteko soldata.
14.470,28 euro, berriz, Nafarroan.

600 euro baino gutxiagoko soldata du bere kabuz bizi diren 25-29 urte artekoen %43k.

Iturriak: EUSTAT eta OBJOVI.

Jose Javier Dean Pinedo. Etxebizitza eta Gizarte gaien sailburuordea: «Alokairu soziala bulatzatzea da gure ardatz estrategikoetako bat»
Giza Eskubideen Deklarazioak 25.artikuluan biltzen duenez, etxebizitza oinarrizko eskubidea da. Aldiz, teilatupe bat modu duinean izatea ukatutako luxu bat da askorentzat. Etxebizitza eta Gizarte Gaien Sailburu orde Jose Javier Dean Pinedorengana (Ezker Batua) jo dugu galdezka.


Dagoen eskaerari erantzuteko, zenbat etxebizitza egitea aurreikusten duzue? Lurzoruak zer limite ditu?
Gure aurreikuspenen arabera, hurrengo 10 urteetan 100.000-120.000 etxebizitza eraiki behar ditugu aurreko hamarkadan ukatutako eskaerari erantzuteko, eta hurrengo urteetan sortuko diren eskaerak asetzeko. Uste dugu horretarako nahikoa lurzoru badagoela, erabilera intentsiboa eginez gero.

Jende askok etxebizitza falta duen bitartean, zenbat etxebizitza daude hutsik EAEn? Zer neurri hartuko dituzue desoreka hau berdintzeko?
30.000 etxebizitza inguru daude etxebizitza politika aktibo batekin gestionatzeko moduan. Bi norabidetan lan egin nahi dugu: Lehenik etxebizitza hutsen jabeak konbentzitzen ari gara etxebizitza hutsak merkatuan jar ditzaten. Jabe hauek Gobernuari uzten diote etxebizitza hutsa 5 urtez, eta errenta kobratzea eta etxebizitza baldintza onenetan berreskuratzea bermatzen zaie. Guk, etxebizitza hauek Etxebiden izena emandako pertsonei alokatzen dizkiegu prezio sozialekin, sekula euren diru sarreren %30 baino gehiago eskatu gabe. Gobernuak beregain hartzen du etxe jabeei ordaintzen zaionaren eta maizterrari kobratzen zaionaren arteko aldea. Bigarren alorra da zergak gehitzea etxebizitza hutsei. Zoritxarrez, hau Foru Aldundien konpetentzia da, eta konformatu beharra daukagu erakunde hauei presioa egitearekin.

Zer politika berezi egiten duzue gazteentzat?
Babes Ofizialeko Etxebizitzen zozketa denetan erreserbatzen ditugu batzuk 35 urtez beherako gazteentzat. Ezker Batuaren ardatz estrategikoetako bat da alokairu soziala bultzatzea, hileko 180 euroko errentan, eta hauen onuradunak bereziki gazteak dira. Urtean 1.200 etxebizitzako erritmoan, gazte askoren beharrari erantzuten ari gara, baita gaztediaren artean aldaketa kultural bat ematen ere, zeinak gero eta begi hobez ikusten duen etxebizitza sozial bat alokairuan hartzea, merkatu librean etxebizitza bat erosteko belarrietaraino zorpetzea baino.

Babes Ofizialeko Etxebizitzetan askoz gutxiago dira alokairukoak. Europan, aldiz, merkatuko etxebizitza guztien %18 alokairu babestukoak dira. Gazteen egoera ekonomikoa ikusita, zergatik ez da alokairu soziala bultzatzen?
Konbentzituta gaude gazteen independizazioa gehien laguntzen duena prezio murritzeko alokairu soziala dela. Ordea, politika horrek baliabide ekonomiko handia behar du. Zoritxarrez, Gobernua bakarrik ari da baliabide hauek eskaintzen. Udaletxe askok bitartean, eurek ere gai honetan ardura duten arren, bultzatzen duten bakarra etxebizitzak Babes Ofizialeko Etxebizitzen prezio garestienean saltzea da, irabaziak lortu baititzakete horrela.

Zer soluzio eman zaio etxebizitzari Europako beste herrialdeetan? Zein dira zuen erreferentziak?
Bi errealitate desberdin dira. Europa erdialdeko eta iparraldeko herrialdeek jada bide egin dute etxebizitzen tamaina mugatzen, eta egonkortu egin dira bere etxebizitza beharretan. Erreferentzia erakargarri zaizkigu alokairu kopuru altua duten ereduak, eta zehazki hauetan alokairu soziala da gehiengoa, esaterako Frantzian edo Holandan. Uste dugu kulturalki garatu egin behar dugula, gazteak goiz emantzipatzera bultzatu behar dira eta gizartean partehartzera bultzatu. Horretarako, enplegu osoa eta duina lortu behar dugu, eta etxebizitza eskaintza malgu eta eskuragarria sortu.

Europan etxebizitza eredu desberdinak daude, gazteen baldintzei egokituagoak. Esaterako, sukaldea, egongela eta komuna konpartitzen dituzten blokeak. Antzerako eredurik pentsatu duzue EAErako?
Antzerako esperientziaren bat jarria dugu martxan Donostian, gazteentzako miniapartamenduak dira, eta zabaldu egin nahi ditugu eta ereduak ugaritu. Gutxi barru beste batzuk jarriko ditugu martxan Gasteizen eta Bilbon.

Zein dira lurraren lege berriaren helburuak eta zer eragin izango du etxebizitzetan?
Lege honek bi helburu ditu: prezio eskuragarrian asetzea merkatu librera sarbiderik ez duten hiritarren beharrak eta lurraren espekulazioa eragoztea. Horrekin lehenetsi nahi dugu etxebizitza eskubidea, lur jabego eskubidearen aurrean. Horretarako erreminta oso berritzaileak ditugu: adibidez, herritarrak izango dira, udaletxeen bidez, herrien garapen urbanistikoa kontrolatuko duten lehenak. Gainera, lortu nahi dugu etxebizitza babestuen merkatua izan dadila etxebizitzen merkatu librearen alternatiba, kopuruz ere handiagoa izan dadila. Konbentzituta gaude legeari esker, espekulazioagatik erabilerarik gabe dagoen lur zati handi bat garatuko dela.

Okupazioa, alternatiba bizia
Francoren diktadura ostetik okupatu dira etxeak Euskal Herrian. Okupazio mota desberdinak daude. Badira okupazio kolektiboak, mugimendu bati lotuak, ezaugarri bereko jendea elkartzen dutenak. Baina beti egon da beste okupazio ikusezin bat ere, familiek edo norbanakoek maila indibidualean egindakoak. Eta beste eredu batzuek, multzoan okupatzen dute, baina bakoitzak bere esparrua gordez, adibidez, etxe bloke bat okupatu, eta bakoitza pisu batean biziz. Azken boladan, badirudi okupazio ikusezina gehiago ugaritzen ari dela, etxe okupatuen batzarrak eta mugimendu bateratuak gutxitu diren bitartean.

Ander Ijurko Donostiako Añorgako gazteak, urtebetean bi etxe okupatu ditu. Iazko irailean Usurbilen (Gipuzkoa), autopista ondoan dagoen Elorretxean sartu zen 4 lagunekin: «Bagenekien hutsa zegoela, eta oso zikina aurkitu genuen, utzita, arratoi hilak zeuden barruan... Euren jabeek esaten dute erabiltzen zutela, baina bistan da urtetan ez dela inor sartu bertara. Etxearen nagusia Goierrin jaio eta Amerikan bizi da, enpresa mordoa ditu, eta Donostian villa batzuk ditu, Goierrin beste etxe bat, Orion ere bai... Etxeak espekulatzeko erosten ditu». Ijurkok eta bere lagunek ez zuten, ordea, etxe horretan asko iraun: «Gu sartu eta ordu erdira ertzainak etorri ziren, identifikatu egin gintuzten eta alde egin zuten. Handik astebetera epaileak deitu gintuen eta deklaratu genuen, gure eskubidea dela etxe bat izatea, eta gure egoera ekonomikoaren berri eman genion. Hortik astebetera ertzainak etorri ziren, ateratzeko edo bestela ostiaka aterako gintuztela esanez». Epaiketa izan dute, eta nahiz eta etxearen jabeak salaketa kendu zuen, fiskalak berak eraman zuen kasua aurrera eta epaileak bost hilabetez eguneko 6 euroko isuna ordaintzea ebatzi du. Beraien abokatu Joseba Belaustegiren hitzetan, «kasua ez zeukaten nondik heldu, hasteko, etxearen jabea denak ez duelako aurkeztu eskriturarik, ez bere jabetza frogatzen duen ezer. Beste hainbat gorabehera egon dela ikusita, kasu honetan nabarmena izan da fiskalak eta epaileak okupazioa kriminalizatzeko duten asmoa. Aurrez erabakita zuten gogor zigortuko zituztela, besteei etsenplua emateko».

Ijurkok adierazten duenez, «gu leku hiletan sartzen gara, bizia emateko. Epaitegira usurpazio delituagatik deitzen gaituzte, baina gu ez gara lapurrak, ez gara ezkutatzen, polizia datorrenean aurpegia ematen dugu». Joseba Belaustegik 8 urte inguru darama okupazio kasuak defendatzen, eta azaltzen duenez, «epaitegietan asko egin dugu atzera. Bi okupazio edo teknikoki esanda usurpazio mota daude: bata indarkeriarik gabea, pazifikoa. Eta bestea pertsonen kontrako indarkeriarekin egindakoa. Okupazio pazifikoa bi garaitan bakarrik penalizatu da historian: XIX. mendeko kode batean, eta Primo de Riveraren diktaduran. 1995ean aldatu zen legea, eta geroztik, okupazio pazifikoa ere penalizatuta dago. Penak isunak dira, baina kondenatua delitu baten aurrekariekin geratzen da, isuna ordaintzen ez duenak ordezko kartzelaldia bete behar du, eta beraz, ez da txorakeria. Isuna gutxienez eguneko 1,5 euro ingurukoa da, eta gehienez eguneko 300 eurokoa». Orain, Elorretxeako okupazioaren sententziari helegitea jarriko dio Gipuzkoako Lurralde Auzitegian, eta garrantzitsua izango da auzitegi honek okupazioarekiko duen jarrera ikusteko.

Lehen etxetik bidali ondoren, beste etxe bat okupatu zuten Ijurkok eta bere lagunek: Errekalde auzoan Donostiako udaletxeak duena. Etxe hau garai batean eskola izan zen, eta lau pisu zeuden kontserge eta irakasleentzat. Ijurkoren hitzetan, «hortik astebetean bota gintuzten, udaltzainek. Gainera, udaltzainak ertzainak baino gogorrago portatu dira». Kasu hau berehala artxibatu zen, Ijurkoren ustez, «udaletxeari ez zaiolako komeni kasua haizatzea eta arazo horretaz gizartean hitz egitea. Donostiako udaletxeak lotsa behar du, gero, hainbeste etxe huts edukita, Babes Ofizialeko Etxeak egiten dituela esateko! Hori ez da konponbidea, diru gehiago ateratzeko modua baizik. Etxe hutsak antolatu behar dira».

Bietatik berehala bota bazituzten ere, Ijurkok garbi du: «Berriro sartuko naiz». Gizartean aldaketak sortzeko okupazioa eraginkorra dela argudiatzen du, «intsumisioa bezala da, denok okupatzen badugu, askoz presio handiagoa egingo diegu erakundeei. Jendea kontzientziatzea lortu behar da, eta horretarako adibide onena da etxe bat okupatu eta bertan bizitzea, jendeak ikusi dezan posible dela. Denbora luzez okupatutako etxean bizi den jende asko dago». Ordea, gizartean ez da intsumisioa bezainbeste zabaltzen. Ijurkok azaltzen duenez, «okupazioaren berri azalduz gero, gazte jendeak ulertzen du bere logika, baina ikusten dut jendeak buruan oso sartuta duela leporaino zorpetzearen kontua, beste erremediorik ez dagoela onartuta dauka».

Okupazioak beste era batera bizitzeko aukera ematen duela gogorarazi du Ijurkok: «Nola lan egin nahi duen aukeratzea bakoitzaren esku dago, baina etxe okupatu batek ez zaitu derrigortzen egun osoa lanari lotuta egotera. Ni egun erdiz ari naiz lanean, eta aurrerantzean ere horrela jarraitu nahi dut. Bizitzeko ez da diru gehiago behar».

Javier Elzo: «Gaur gazte izatea oso zaila da»
«Nork hezten du egun? Gurasoek ez, biek kanpoan lan egiten dute-eta. Eskolak ere ez, eskolari notak eskatzen baitzaizkio, heziketaren gainetik. Gaurko sozializazioan garrantzitsuenak lagunak dira, kalea. Telebista bera baino gehiago. Baina lagunek ere behar dute erreferentzia helduago bat. Horregatik diot, gaur gaztea izatea oso zaila dela, norberak bere eredua egin behar baitu erreferentziarik gabe. Taparik gabe milaka piezako puzzle bat egitea bezala da. Zeuk asmatu behar duzu zure proiektua, zu bakarrik zara zure buruaren erreferente, eta oso gogorra da hori. Etorkizuna oso irekia dago, ez dago mugarik, badirudi nahi duzuna izango zarela, eta ez, ez da hain erraza».

Gurasoen etxeko "askatasuna"

Javier Elzoren hitzetan, «Inkestetan gazteen %80k erantzuten du etxean askatasuna duela, eta gehienek diote, behar baino gehiago, gainera». Askatasuna zeri deitzen zaion da gakoa. Elzok azaltzen duenez, «gazteek ez dute nahi inork esaterik gauean zer ordutan etorri behar duten. Baina gehienek nahi lukete jende helduak baliza batzuk jartzea, markatzea zer den garrantzitsua bizitzan, traineruek ere, nora joan jakiteko behar duten bezala. Bere eremua hain zabala dago, beldurra ematen diela, ez dakitela nola jokatu».

Espainiako estatuko gazteei gurasoek etxean egiten uzten dietena:
%79 logela euren gisa apaindu
%72 lagunak ekarri
%70 bikotea ekarri
%68 ez afaltzera etorri
%59 nahi duen orduan jaiki
%54 gauez nahi duenean etorri
%53 gaua etxetik kanpo pasa
%53 edatea

Gurasoek etxean egiten uzten ez dietena:
%70 porroak erre
%55 bikotearekin oheratu
%35 festa antolatu

Gazteek gurasoez duten irudia:
%59 aita ez da zorrotza/batere zorrotza
%68 ama ez da zorrotza/batere zorrotza

Iturria: INJUVE (Instituto de la Juventud), 2002ko hirugarren hiruhilekoan
egindako iritzi sondeoa

Independentziaren prezioa gazteentzat (18-34 urte)
94.690,65 euroko etxebizitza da EAEko gazteek, batez beste eros dezaketen garestiena.
90.970,85 eurokoa, Nafarrek.

Soldataren %69,8 kostatzen zaio, batez-beste, EAEko gazteari, etxebizitzen merkatuan sartzea.

Iturriak: EUSTAT eta OBJOVI.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude