Irantzu Mendia: «Emakumezkoen aldarriak aberriaren kontrakoak izango balira bezala hartzen dira»

  • Emakumezkoen elkarteek jendarteko egitura birsortzeko duten potentzialtasuna ikertu nahi du Mendiak. Unesco-etxeak antolatutako Gizarteak berreraikitzen izeneko jardunaldietan parte hartu du Bilbon.

2004ko urriaren 24an
Gerrek zenbaitetan andrazkoari bere rol tradizionalarekin apurtzeko aukera ematen omen diote, esparru pribatutik irteteko prozesua ahalbideratzen dutelako. Balkanetako gerratean horrela suertatu zen?
Emakumezko batzuk gerran sartu ziren, baina ez dator bat Salvadorreko iraultzak 80ko hamarkadan zabaldu zuen errealitatearekin, adibidez. Rol tradizionalaren aldaketaren bidea andrazkoek sortu zituzten elkarteei dagokie, gehienbat, horietako batzuk biktimei laguntza eman ez ezik, emakumezkoak kontzientziatzen ere jardun dutelako. Yugoslavia herrialde komunista izandakoa zen eta emakumezkoak esparru publikoan ere murgiltzen ziren, bai hezkuntza, bai etxez kanpoko lanari dagokionez. Aitortu behar da, baina, esparru pribatuan aginte nagusia gizonezkoak egikaritzen zuela. Bosnia-Herzegovinako gerran, emakumeek sortutako elkarteek gerraondoko gizarte zibilaren oinarria osatu zuten eta jendarteko harremanak berreraikitzea, neurri handi batean, andrazkoak gidatzen ari dira.

Nola bizi izan dute gerraondoa?
Balkanetako gerran bi milioi inguru lagunek euren etxea utzi behar izan zuten. Hainbat profil aurki daitezke, bizitako egoerari lotuta. Kanpora -desplazatu gisa- jo behar izan zuena dugu adibide bat: behin etxera bueltatu eta gero, bere etxearen gaineko jabetza eskubidearekin arazoak ditu, are gehiago, andrazkoa izateagatik. Beste bat senideak galdu dituen emakumea izan daiteke, derrigorrez familia burua bihurtu dena. Gerraondoko herrialdeak pobrezia handian bizi dira, dena eraikitzeke dagoelako eta langabezia tasa altuak eragiten dizkie, batez ere, andrazkoei. Emakumezkoek ondoriorik larrienak pairatu ohi dituzte. Prostituzioak, esaterako, hedapen ikaragarria du. Egoera ekonomikoak horretara behartutako andrak asko dira. Emakumezkoen trafikoa erabat antolatuta dago Balkanetan, guda amaitu eta ia hamar urtera. Nazioarteko merkataritza sareak eratu dituzte. Greziako olinpiadak zirela-eta, Balkanetako hainbat emakume eraman dituzte Atenasera.

Zergatik ematen da prostituzio fenomenoaren hedapen hori?
Militarismoan eta gizarte patriarkala sostengatzen duen sistema ideologikoan ditu oinarriak. Soldaduak non, prostituzioa han. Balkanetako gerran, NBEko kasko urdinen inguruko salaketak ugaritu ziren. Guda garaian loratzen da prostituzioa. Afrikan, esaterako, umezurtz geratu diren hainbat neskato desagertu direla salatu da. Inork ere ez daki non dauden, egotekotan. Chiapasen ere, Mexikoko soldaduek lurraldea hartu eta, komunitate indigenetan alkoholismoa eta putetxeak izugarri ugaritu ziren.

Eraikitze prozesuak gerraurreko status quo-ra eraman ditu emakumezkoak ala beste errealitate bat sortzeko aukera izan dute?
Gerran bizitakoa ahaztu eta rol tradizonaletarako bidea errazten da, guda ahalbait lasterren ahazteko aitzakiapean. Bosniaren kasuan, genero ikuspegia baztertu duten hiru arrazoi aurki ditzakegu. Lehenik, kultura militarista lurralde osora hedatu da. Oraindik ere, armak zirkulazioan daude herrialdean. Bigarrenez, nazionalismoaren diskurtsoak interes nazionala lehenetsi ohi du. Emakumezkoen aldarriak aberriaren kontrakoak izango balira bezala hartzen dira. Alde horretatik, ikusteke dago Saharar herriak zer norabide hartuko duen. Andrazkoek lortutako botere kotak mantenduko ote dituzte? Bosnian ezin izan dute eta horren muinan, hirugarren arrazoia, fundamentalismo erlijiosoa dugu. Garbiketa etnikoa zela-eta, bortxatutako hainbat emakume derrigorrez haurdun geratu ziren, eta buruzagi erlijiosoek abortua onartu zuten hainbatetan. Normaltasunera itzulita, hau da, gerra zuzenik ez dagoen garaian, horrelakorik ukatu ez ezik, jendarteko oposizioa ere zabaldu da. Gerraurrean eta gerratean ezaguna zen genero indarkeria mantendu eta intentsifikatu da. Bikote arteko erasoak, bortxaketak, behartutako prostituzioa eta emakumeen merkataritza ugaldu dira.

Zer dela-eta tratu txarren kasuen ugaritzea?
"Albistegiondoko sindromea" edo "CNN sindromea" izenekoa zabaldu zen Balkanetan. Albistegiek horren berri eman eta segituan, bikote arteko erasoak ugaltzen ziren. Nazioari eraso egin izana, gerra eta horrelako albisteek erasoen zenbateko izugarriak pizten zituzten. Emakumezkoen aurkako indarkeria zilegitzat jotzen duen sisteman ematen da, andrazkoen kontrako bortxakeria kulturak onartuta dago.

Yugoslaviako gerran ere andrazkoaren gorputza arma moduan erabili zen.
Garbiketa etnikoaren helburupean, emakumezkoen bortxaketa masiboa estrategia militar gisara erabili zen, baina Yugoslavioako guda ez zen horretan aitzindari izan. Bosniako gudan (1992tik 1995era) soldaduek bortxatutako 20.000-50.000 emakumeren testigantza lortu ahal izan da -badira horren berri eman ez dutenak-. Ruandan, 1994an, bost bider gehiago izan zirela uste da. Yugoslaviako gerrak prentsan izan zuen isladak, beharbada, nazioarteko komunitatearen arreta bereganatu zuen. Emakumezkoen elkarteek bortxaketa guda krimen moduan har zezaten borrokatu zuten.

Gerra krimentzat hartu bazen, gerraondoak emakumezkoen egoera kontuan hartu zuen?
Ez, gerraondoak ez zuen genero ikuspegirik aintzat hartu. Emakumeek ez zuten parte hartu bake hitzarmenetan eta bakea negoziatu zuten gizonezkoek ez zuten andreen egoera kontuan izan. Genero indarkeriari ere ez zioten erreparatu, gerran hildakoak eta gero, orain andrazkoek populazio gehiena osatu arren. Emakumezkoek osatutako taldeek baino ez zituzten indarkeria sexualaren ondorioak konpontzeko baliabideak. Gaur egun, ez dakigu zenbat emakume bortxatu zituzten soldaduek, hainbatek ez duelako nahi izan horren berririk eman. Estigma soziala dakarrela kontuan hartu behar da eta, euren komunitatean, harremanak normalizatzeko zailtasunak izaten dituzte orain. Bake prozesuan genero ikuspegi hori garatu ez zenez, ez zitzaion konponbiderik eman, ez eta bortxaketa masiboek hedatutako sexu bidezko gaixotasunei ere, HIESa batik bat. Are gehiago, gerran laguntzen jardun zuten taldeak baztertu zituzten negoziazioek, horien artean, emakumezkoen elkarteak.

Zer lehenetsi dute andrazkoen elkarteek gerraondoan, orduan?
Gizarteko harremanak osatzeko eginkizuna betetzen dute emakumezkoek, ohikotasunera bueltatzeko. Askatasun ekonomikoa berreskuratzea dute lehen helburu. Lanbide proiektuak abiatzen dituzte, mikrokredituak ematen dituzte. Bigarrenez, genero indarkeria salatzen dute, emakumeen trafikoa ere bai. Azkenik, aberria goraipatzen duten diskurtsoak aintzat hartu ez eta beste komunitateetako andreekin harremanetan jarri dira. Etnia guztietako emakumeak biktimak izan direlakoan daude, gerra euren izenean egin ez delako kontzientzia dute. Beste emakume askok, baina, normaltasunera bueltatzeko presioen aurrean etsi dute. Ez dute hausnartu gerratean izandako generoen arteko harremanen berrikuspenaz, ez dute horren kontzientziarik. Adibidez, bortxaketei dagokienez, sarritan ez dizkiete genero ezberdintasunean oinarritutako egiturei egozten. Ez dute euren artean loturarik ikusten. Gaixotasun patologikoak, alkoholismoa, drogak eta horrelakoak aipatzen dituzte arrazoi gisara. Etsaiaren indarkeria izan delakoan daude. Euren komunitate eta herriko gizonezkoek -euren heroiek, senideek, neba-arrebek, bikotekideek- jarduera bera burutu dutela ohar daitezen lan egin behar dute talde feministek.

«Emakumezkoen trafikoa erabat antolatuta dago Balkanetan, guda amaitu eta ia hamar urtera. Nazioarteko merkataritza sareak eratu dituzte. Greziako olinpiadak zirela-eta, Balkanetako hainbat emakume eraman dituzte Atenasera»


Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude