Xabier Mendiguren: Bihozberaren irmotasuna

Bost liburutan izan nuen Martin Ugalderen editore izateko zorte eta ohorea, eta oroipenen altxorrean gordea dut harekin izandako harremana. Lehenengoan, ni artean mutil gazte autogabe eta bera sasoiko gizona, bere autoan joan ginen biok Bilbora, aurkezpena egitera; azkenekoan, bera ordurako etxean gaixo, lanak zituen hitz egiteko, eta nik ere bai hark esan nahi zidana behar bezala ulertzeko. Lehenengotik azkenekora, Martinen irudia geratu zait, ereduzkoa beti: samur, lagun, argi, eskuzabal, dotore, xehetasunekiko arreta ageri zuena baina benetan garrantzizkoaren ikuspegi orokorra galdu gabe.

Pertsona baten izaera eta balioa hura ezagutu zutenen gogoan geratu ohi da, hura maite izan zutenen gogoan batez ere. Martin Ugaldek jende asko ezagutu eta tratatzeaz gainera, ibili den leku guztietan utzi du jatortasun eta adiskidetasunezko arrasto sakona, eta, horrenbestez, asko gara Martinekiko zordunak, harenganako onginahi eta maitasunezko sentimenduak bizi-bizi dauzkagunak. Horren erakusgarri argiak dira egunotan kaleratu diren iritzi ugari bezain ahobatekoak; nahiko lan izango nuke horiei guztiei ezer berririk gehitzen, eta ez dut ezer erantsiko beraz.

Egia da, ordea, oroipen garbi eta indartsu hori gehienoi lausotu egingo zaigula asteak eta urteak igaro ahala, ez dugu deus berririk deskubrituko denbora errukigabearen higaduraz. Ugalderen kasuan, baina, bere obra geratuko da, bai ezagutu genuenon oroigarri, bai ezagutu ez zuten guztien jakingarri. Eta, edozein idazleri buruz esan baldin badaiteke egilea bere idazlanetan ezagutzen dela, baieztapen horrek are-eta esanahi beteagoa hartzen du Martinen kasuan. Haren eleberri nahiz ipuinetan, izan ere, hezur-haragizko gizona agertzen baita, zuzenean edo zeharka, fikziozko pertsonaien atzean.

Zer ikus liteke Ugalde gizonaz Ugalderen literaturaren bitartez? Batez ere, nire ustez, jendearenganako ardura: gizon-emakume ahul, historiaren jopu, injustizien eta halabeharraren biktima dira sarritan bere pertsonaiak, eta haiekiko maitasun egiazko bat sumatzen zaio, erruki kristautik baduena baina errukia baino harago doana: giza arimaren barrunbeak ez ezik, historiaren mekanismoak ere ezagutzen ditu, eta badaki, hortaz, bidegabekeriak badituela, kaltedunak bezala, bere onuradunak ere.

Historiaren umiliatuekiko elkartasunarekin batean justiziaren aldeko jarrera hori azpimarratuko nioke Ugalderi. Zintzo eta on dena »modako literatura eta zinemaren eraginez beharbada» bigun eta belaxka imajinatu ohi dugu maiz, eta Martinek kontrakoa erakutsi zigun, literaturan bezala bere bizitzaren ereduarekin: malgu eta apal jokatu zuen beti, baina malgutasun horrek ez zuen haize-alde jarri, apaltasun horrek ez zuen handikien aurrean makurrarazi.

Bizi bagara, urteetako lana daukagu ikasgai hori geureganatzen. Martinen oroipenak lagunduko ahal digu!


Azkenak
Lan banaketak

Gizakiok ez bezala, erlauntzako hiru partaideek jaiotzetik dituzte eginkizunak argi.


2024-05-06 | Nagore Zaldua
Arrosarioa, sexu-estrategia aurrerakoiaren adierazle

Itsaso zabalean bada izaki lirdingatsu bat, gorputz gardenekoa, bitxi bezain ezezaguna. Aitzitik, ezin esan genezake ezohikoa denik, haren banaketan munduko itsaso gehienetara zabaltzen baita, Kantauri itsasoa barne. Batzuetan bakarka topatu daitezke, besteetan aldiz lepoko edo... [+]


2024-05-06 | Jakoba Errekondo
Intsusa lore edariak

Edanari emateko prest? Uda atari hau aproposa da gero berokoak etortzean ez lehortzeko edariak destilatzeko. Hezetasunari eustea garrantzitsua da gorputzari bere onenean atxikitzeko, eta etxean sortutako mamarekin bada zer esanik ez.


2024-05-06 | Garazi Zabaleta
Erlauntzako airea arnastearen onurak

Eladi Balerdi erlezainaren eta Jose Manuel Atxaga erleen zale sutsuaren arteko elkarlanetik egitasmo berritzailea sortu da duela gutxi. "Arnastu erlauntzaren airea" eta "Erleen sauna" jarduerak proposatu dituzte, konbentzituta baitaude onuragarri direla... [+]


Adimen artifizialaren esku utzi du palestinarren hilketa Israelek

Titularra irakurri eta baten batek pentsatuko du esajerazio bat dela, neurriz kanpoko orokortze bat egin duela kazetariak. Israelgo informazio zerbitzuetako sei langile ohien lekukotasunetan oinarrituriko 'Lavender': The AI machine directing Israel's bombing spree in... [+]


Eguneraketa berriak daude