Sarea

Tantaka iritsi ziren. Lehendabizi, Palacios eskuin muturreko kontseilaria, Nafarroako Parlamentuak bi aldiz gaitzetsia, Euskalerria Irratiari baimena ukatu ziona. Gero, Iturbe zinegotzi sozialista ohia, UPNk ederki saritua. Ondotik, Opus Deiko Unibertsitateko goi ordezkari bat UGTko beste kide goren batekin solas ederrean. Haien atzetik, Diario de Navarrako kazetari, iritzi emaile, eragile larderiatsu horietako bat eta, jarraian, Merkataritza Ganberako burua. Gainaren gaina Iruñean modan dagoen jatetxean bazkariz bilduta.

Horra Nafarroa ia goitik behera mendean hartua duen sarearen talde eragilea, Nafarroari buruzko erabaki potolo-potoloak hartzen dituena. Konparazio batera, mahai horretan erabaki zuten euskarari ateak ixtea, Lizarberen ordez Chivite paratzea, erromatarren aztarnak txikitzea, Euskal Jai xehatzea… Indarrean dabiltza, azken mende laurden honetan sasoi betean ibili diren bezala. Sarekide asko dituzte, gainera. Gero eta gehiago. Batzuk konbentzimendu osoz arrimatzen zaizkie. Beste batzuk abaguneak bultzatuta, ikazkinarekin beltz eta errotazainarekin zuri jokatzen dutenak. Ez baita erraza sareari aurre egitea, oso lanabes eraginkorrak baititu jendea otzanarazi eta haren erranetara makurrarazteko. Bestela, galdetu enpresa aunitzi, dirulaguntza jaso ala ez euskara ez erabiltzeari lotua dagoenean. Alde horretatik, zerrenda bat ba omen dute Industria Departamentuan: euskararen aldeko sentiberatasuna dutenak daude hartan sartuak.

Erran bezala, sarekideak aunitz eta plantakoak dira, arlo honetakoak eta hartakoak. Luze joko luke guztien aipamena egiteak, baina hona hemen mordo bat: Nafarroan entzun, ikus eta irakurtzen diren gaztelaniazko komunikabide gehien-gehienak. Beti berberak agertzen dira, Del Burgo, Barcina eta Fernando Sebastian. Azken hori Iruñeko artzapezpikua da, gizon buruargia, sareari zerbitzu ezin hobea eman diona; UGT, CCOO eta UAGN sindikatuak; Nafarroako Aurrezki Kutxa eta bere Fundazioa »kutxako zuzendariak meritu bakarra zuen kargu horretarako: katalanaren kontra gogor jardun izana Bartzelonan bizi izandako urteetan»; Nafarroako Gobernuak eratutako sozietate publiko guztiak; FCC multinazionala; Pilota eta Futbol Federazioak; Porland eskubaloi eta Osasuna futbol taldeetako zuzendaritza taldeak; unibertsitate pribatua eta berriki Opus Deik zabaldu duen CIMA medikuntza ikerketarako zentroa, pentsamendu erlijioso estuak erabat baldintzatua; eta gizartean dauden era askotako elkarte, mugimendu, erakundeak… gazte jendea ere erruz. Ikusi besterik ez baitago zenbat eta zenbat zinegotzi gazte dituen UPNk han eta hemen. Etorkizuna lantzen ari dira eta lurra ederki arotu dute.

Zabaltzen duten mezua ez da batere korapilatsua, argia eta zuzena baizik: Foru Komunitatea Espainian, oparotasuna, Indurain, kalderetea eta patxarana. Eta azkenaldi honetan, zementua eta prehistoria. Kito. Aski dute. Oso abilak izan dira, gainera, Sanferminak, zapi gorria, jotak, Oteiza, Hemingway, iragana eta beste gauza aunitz bahitzen eta bahetzen. Gure herrialdearen izena eta izana neurri gabe puztu dute, nazkatzeraino kasik, baina jendeak, oro har, dena irensten du eta men egiten die. Jakina, mezu horretan ez da inola ere ageri sare-kideak elkarren artean lotzen dituen itsasgarria, diru gosea, alegia. Noizbehinka, sarekide bat edo beste sakrifikatu behar izaten dute, itxura egiteko, noski. Horregatik, urkamendira eraman zituzten Roldan, Urralburu eta koadrila hura eta, horregatik, berriki gorriak ikusi ditu UPNko alkate ohi Galipienzok. Baina, sareak, korapiloak, matazak bere horretan dirau den mendrenik laxatu gabe, moteldu gabe. Noiz arte?


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude