Nahizkotik orokorrera


2004ko urriaren 10an
Azken inkesta soziolinguistikoek erakusten digutena da erregularki: euskararen erabilera edo ezagutzaren piramidea adin klaseka, Iparralde demonio honetan, buruz behera dabilela. Bizitza aktibotik kanpo diren adinezkoetan %40az petik dira oraino darabiltenak, 16 urtekoentzat %11etan garelarik. Hogei urte barne, hizkuntzaren ikuspegitik ematen zaion definiziotik euskaldun diren herritarren gaurko %60a beste aldera joana izanen da. Edo ia. Eta sortuko diren belaunaldietan, sortze-tasa apalaren kausaz batetik, eta ehuneko euskalduntze apalagoen ondorioz, beherakadak jarraikiko du.

Ez gara jadanik euskarazko gaitasuna duten jende kopuruetaz mintzatzen ahal hemen. Hauek itoak dira euskarazko zerbait erabil dezaketenen multzo handiago batean, zeinen ahalak, komunikazio arruntaz mintzatzean, oso murritzak diren.

Aurten ere eskola sartze bat egin da. Nonbait han sartze hori lehen aldiz egin dutenen 10etarik 8k ez dute euskara badenik ere jakinen. Ez dira euskaldun sentituko, oso azaletik biziko duten gauza da.

Beti, nonbait han lehenbiziko aldiz eskolako bidea hartu dutenen %20-25ak euskararekin peu ou prou topo eginen du. Ez dakit A ereduan zenbait ordu euskaraz dituztenak zenbaki horretan direnez. Hasteko, B eredukoak dira multzo handiena, izan estatu ala eliztar eskolakoak. D ereduarentzat, aldiz, ikastolen sarea dugu, nahiz entzuten hasten garen eliztar eskoletan ama-eskolei mugatu esperientzia bat abiatzen dela. B ereduan, salbuespenak salbuespen, gorago deskribatu inguramenarekin, euskara ez da haurraren komunikazio tresna gisa txertatzen ahal. Aipa dezagun, beraz, D eredua. Nik ditudan azken datuetan, ikastolen sareak adin klaseko %5a du eskolatzen. Euskara mailari doakionez, aldiz, ez da daturik agertzen, baina sendi da euskara maila apala dela, bederen ingurumen erdaldunetan. Eta nola liteke bestela? Kopuru horiekin babes minimorik ezin da eraiki eta naturala da indar berdinarekin inguramen euskaldunean fruituak izan ditzakeenak, kasik hutsala izatea bestelako inguramenean. Kopuru horiekin, ez du ikastolak euskarazko gaitasuna segurtatzen ahal.

Bizkitartean, jendearen nahikeria aipa dezakegu, gehiengoa euskararen alde baitugu. BAMen haur ttipien burrasoen %56ak bere haurrak euskara ikas dezan desiratzen du. Nahikeria horiek ez direla gero zenbakietan ikusten esplikatzeko, administrazioaren kontrako jarrera aipa genezake, baina aitor dezagun ere desira hauek zinezko nahikeria izatera heltzeko ez dela behar den kontzientziarik, bestela zerbait harro bailiteke engoitik.

Bazen "Euskal Herri 2010" eta laino horien artetik sortu antolakuntza eskeman bozkatu neurrietan bat, zioena 2010a artean haur adin-klaseko %40 elebidun -B eta D- ereduetan eskolatzera heldu behar zela. Ai ai ai, hori miraria!

Deus guti aldatu da 1997az geroz. Orain HPEP (Hizkuntz Politikarako Erakunde Publikoa, delako GIP) horrekin, ez da gisa honetako helbururik aipu, non ez den delako "eskaera soziala" famatu hori, erran nahi baita sustut-sustut ez direla jendeak behartu behar -euskara ikastera bistan dena, euskara ez ikastera hori bai-.

Ematen du pareta bat dugula eraikitzeko »berreuskalduntzea», eta horretarako lan dezakegun materiala harri mokor bakar baten heinekoa dela: D eredua.

Azken aldian gai honetaz zerbait agertu da gure kazetatxoetan. Euskalgintzak bultzatu beharreko eskaeraz da solasa: etorri da garaia eskaera sozialaren tranpa horretarik ateratzeko, eta euskararen irakaskuntza eskola guzietara orokortzeko eskaera bultzatzeko »derrigortzea ez da ondo saltzen». Denak hemen bizi garenez, denek behar dugu euskara ikasi »gure haurrek bederen». Gainera, "ofizialtasunaren" eskaera orain politiko denek aho-mihiz onartzen dutelarik, horretan gelditzen bagara, kontzeptua bera sentsuz husturik gelditzekotan da, ez baitu jadanik jarrera linguizidoak eta aldeko jarrerak bereizteko balio.

Gauza bat argi da hemen. Hemendik hogei urtera, nahikariaren politika honekin segituz, erran nahi baita, nahi dutenek baizik ez ukanez harremana euskararekin, euskaldunen kopurua %20aren petik izanen da, 5ari hurbil gainera. Kasik hila, hila ez errateko. Bestalde, koherentziak berak eskatzen du, ofizialtasuna edo legeztatzea denek aipatzen dutenean, nahikeria edo eskaera soziala baizik aipatzen ez duen politika bat salatzea.

Beharrezkoa da, ene iduriko, eskaintzaren orokortzearen debate hau plazaratzea, ofizialtasunarena plazaratu zen bezala duela zenbait urte, urrats bat gehiago baita ber sentsuan. Naski inposatzen zaigun. Taktikoki, "oro-euskararen-alde" ilusio hori kraskatu behar baita, eta bakoitza berriz kokatzera behartu. Estrategikoki, aldiz, gure ildoa hortik baitoa, hori baita ofizialtasuna finean hobekien irudikatzen duen neurria edozein herritarrentzat. Azkenik hola baita euskaldunen kopurua goitiaraziko aiseenik, sekula, estatuaren ahulezia baten ondorioz, puntu hori lor bageneza.

Bihar, euskaldunen herririk izan behar bada hemen, euskaradunak ditugu behar oroz gainetik eta kopuruan. Kopurua denean, mailaz ere mintza gintezke.


ASTEKARIA
2004ko urriaren 10a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude