Correo Español eta Prensa Española »ABC-ren argitaratzailea» taldeak elkartuta sortu zen Vocento talde euskal-madrildarra izango da, zalantzarik gabe eta epe ez oso luzera, Espainiako estatuko burtsan kotizatzen hasiko den hurrengo komunikazio taldea. Orain dela bi urte adierazi zuen burtsan kotizatzeko asmoa zuela, hain zuzen ere multimedia prentsan, eskualde mailakoan, ikus-entzunezko prentsa digitalean, teknologia berrietan, eta abarretan negozioak dituen komunikabide talde boteretsu hori eratu zen egunean bertan. Une egokienaren zain dago. Zalantzarik gabe Telecincok burtsan izaten duen bilakaera ikusi nahiko du, horren kapitalaren %13 kontrolatzen duenez interes ekonomiko handiak baitauzka bertan.
Testuinguru horretan, Alejandro Echevarria Telecincoko buru eta Vocentoko administrazio kontseiluko kideak joan den ekainean honela erantzun zion Telecinco burtsan kotizatzen hastearen inguruko galdera honi: "Vocentok azarora arteko epea jarri al dio bere buruari burtsan sartu ala ez erabakitzeko?" Honela erantzun zuen: "Aurten burtsan sartzen direnak zein diren ikusita eta finantzen merkatuko egoera orokorraren arabera hartuko ditu Vocentok bere erabakiak".
Vocento taldeak Madrilen dauka egoitza soziala eta Bizkaian helbide fiskala. Bi familia ahaltsuk osatzen dute: ABC kontrolatzen zuen Luca de Tena familiak eta Correo Español taldea kontrolatzen zuen Ybarra familiak. Administrazio kontseiluan bi familietako kideak badaude ere, Ybarratarrak dira une honetan Vocento taldea zuzenkiago kudeatzen ari direnak. Ez dugu ahaztu behar Prensa Españolako akzionistek kontrolatzen dutela talde berriaren %21,05 eta Correo Españolekoek kontrolatzen dutela holding berriaren ia %79. Talde berriaren organigrama ikusi besterik ez dago: Guillermo Luca de Tena »ohorezko lehendakaria», Santiago de Ybarra (lehendakaria), Jose Maria Bergareche »lehendakariorde exekutiboa eta kontseilari delegatua », Nemesio Fernandez Cuesta (lehendakariordea), Enrique de Ybarra (lehendakariordea), Alejandro Echevarria »lehendakariaren ondokoa». Sei kideetatik, taldeko eguneroko lanean garrantzitsuenak diren lau kideak Correo Español taldetik datoz.
Vocento taldeak lehengo urtean hirukoiztu egin zituen bere diru sarrera garbiak, eta 183,6 milioi euro lortu zituen (64,8 milioi euro lortu zituen 2002an). Grupo Vocentoren negozio kopuruak %3,6 egin zuen gora 2003an eta 647,8 milioi euro lortu zituen »2002an, berriz, 625 milioi euro». Publizitatearen bidez lortutako diru sarrerei dagokienez, sektorean beherakada orokorra izan bazen ere, taldearen sarrerak %1 hazi ziren, eta aleen salmentatik etorritako diru sarrerek %2,7 egin zuten gora. Azkenik, funts propioak »horiek izaten dira enpresaren indar finantzarioa erakusten dutenak» 376,8 milioi eurora iritsi ziren »236,2 milioi eurokoak izan ziren 2002an». Beraz, %59,6ko igoera izan zen hor ere.