John Kerry 1971n: «Herriak askatzeko hil egin ditugu»

Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Detroit-eko 150 soldadu beteranoren ordezkari gisa mintzatu zen John Kerry 1971n Estatu Batuetako kongresuaren atzerri-arazoetarako batzordearen aitzinean. Duela 33 urteko kontuak dira. Eta hala ere, gizon horren orduko testigantzak ez du gaurkotasun askorik galdu.

Bush aberaskume gaztea ofizialki soldadugoan, baina egiatan parrandan zebilen bitartean, Kerry gaztea »bestea bezain aberatsa» Vietnamgo gerran zebilela eta han heroi bat bezala borrokatu zela, horra zer erakutsi zen hauteskunde kanpainaren hasieran. Gero etorri ziren eztabaidak, beteranoak azaldu ziren salatuz Kerryk ez zituela egin berak esandakoak adinako balentriak, salatzaile horiek Bushen kanpainako diruarekin ordainduta zeudela, eta abar.

Hautagai demokrataren merituak auzitan jarri dituzten horiei erantzuteko asmoz, hain zuzen, artxiboetara jo du Kerryren alde ari den intelektual batek, eta pieza eder bat atera du paper zaharren artetik. Todd Gitlin Columbiako unibertsitatean kazetaritza eta soziologia irakasle da eta bere azken liburua Letters to a Young Activist da. Gitlin irakasleak AEBetako kongresuko artxiboetatik hartu eta Open Democracy eztabaida gunean argitaratu du 1971n Kerryk atzerri-arazoetarako batzordean egindako deklarazioa.

«Vietnamgo beteranoak gerraren kontra» elkarteko buruzagia zen John Kerry militar gaztea. 150 beteranok bilkura zabala egin zuten Detroit hirian 1971ko urtarril-otsailean, eta han esan eta entzundakoetan oinarrituta mintzatu zen Kerry urte bereko apirilean Washingtongo kongresuan. Vietnamen AEBetako soldaduek sarraskiak egin zituzten ala ez ikertzen ari zen batzordean, hain zuzen.

Bortxatu, hil, lehertu, txikitu

«Detroiten duela hilabete batzuk bildu ginen 150 beteranoen ordezkari nator honantz. Gauza asko ikertu genuen Detroiten, dominaz betetako beteranoen artean, eta han argi utzi genuen Asia hegoekialdean burututako krimenak ez zirela gertakari bakanak izan, krimenak egunero egiten ziren maila guztietako ofizial guztien jakinaren gainean».

Kerry soldadu gaztea, Kennedytarren oso hurbilean hazia, ikaragarri gordin mintzatu zen batzordean. «Beteranoek kontatu dute nola haiek berek bortxatu zituzten emakumeak, belarriak moztu, gizonei barrabilak kobrezko hariz lotu eta elektrizitatea deskargatu, besoak edo zangoak moztu, gorputzak lehertu, zibilak tirokatu, herrixkak Genghis Khan-en moduan suntsitu, aziendak edo zakurrak jolas eginez akabatu, janari biltegiak pozoitu...»

Egindako eta ikusitako basakeria horiek guztiak ahaztu ezinik, beteranoak »eta tartean Kerry» ohartua zen gerrarekin munstro bat sortu zutela AEBek. Eta bere haserrea azaltzera joan zen Washingtonera. Haserre zegoen gobernuak soldaduak modurik txarrenean erabili zituelako. «1970ean West Point-en, Agnew lehendakariordeak esan zuen: ‘Batzuek gizarteko gaizkileak goraipatzen dituzten bitartean, gure gizonik onenak hiltzen ari dira Asiako arroz soroetan, zertarako eta »gerraren kontra protestan ari diren» gaizkile horiek erabiltzen duten askatasuna zaintzeko’. Esaldi hori geroztik hainbeste aldiz erabili da. (...) Baina hori gezurra da. Gu ez gara herri honetako gizonik onenak inolaz ere, lotsatuta gaude Asia hegoekialdean egin genuenagatik. Eta gaizkile deitu dieten horiek gure alde ari ziren, beste inork ez bezalako ausardia erakutsiz. Han hil direnetako asko itzuli izan balira gaizkile horiekin elkartuko ziren Hego Vietnamgo berehalako erretirada eskatzeko».

Asian egindako basakerien ondoren, etxera itzulitakoan beteranoek jasaten zutena deskribatu zuen Kerryk batzordean. Anputatutako jendea, tetraplegikoak, urte luzez egoera kritikoan bizitzera kondenatutakoak, zaintza urriegiagatik hiltzen zirenak, eta beste. Baina analisi politikoan ere barneratu zen Kerry. Zenbait hitz aldatuta, amerikarrek munduan geroztik egin dituzten gerrei aplikatzeko moduko analisiak. Irak datorkio bati burura.

Vietnamen gerra zibil bat zegoela eta herritarrak komunismotik babestu behar zirela sinetsita joan omen ziren gerrara, baina han »dio Kerryk» «aurkitu genituen herritar gehienek ez zekiten zer ziren ez komunismoa eta ez demokrazia. Arroz soroetan lan eginez bizitzea besterik ez zuten nahi, helikopteroetatik tiroak eta abioietatik napalma jaso gabe. Bakea eman ziezaietela eta beren bizimodua egiten utzi, horixe nahi zuten».

Demokrazia zaintzeko gogoz joan eta hango diktadore ustel bati laguntzen ari zirela ohartu ziren. «Herriak salbatzera joan eta salbatzeko suntsitu egin ditugu».

Gerrako gezur eta miserien kontaketarekin jarraitu zuen Kerryk. «AEBek gorpu kontaketan gezurrak esaten zituela ohartu ginen, eta gero gorpu kontaketak glorifikatu. Hilabetea joan eta hilabetea etorri, etsaia beti zegoen azkenetan. ‘Gizaki orientalei’ egiten genien tiro, eta Europan erabiliko ez genituzkeen armez baliatzen ginen han. Gizonak ikusten genituen muino bat hartzeko borrokan zergatik eta jeneral batek agindu zuelako, zertarako eta handik gutxira berriro Ipar Vietnamekoek berenganatzeko. Galtzea ezinezkoa zen, atzera egin inoiz ere ez: zer axola zenbat gazte amerikarrek hil behar zuen han?».

Gerra nola bukatu, hori zen eztabaidagai 1971n AEBetan. Gaur horrelakorik ez da ageri, alderantzizkoa ez bada, hurrengo gerra non piztu, Sirian, Iranen... Baina beti iristen da atzera egin beharreko eguna. «Estatu Batuek ezin dute onartu mundu osoak dakiena, oker ari dela. (...) Lehendakariak azken hitzaldian garbi adierazi zuen: arazoa komunismoa dela, eta galdera dela ea Vietnam komunismoaren atzaparretan utziko dugun ala hura herrialde librea izatea nahi dugun. Baina kontua da gurekin ere ez direla aske. Vietnam gurekin ez da herri aske bat eta guk ezin dugu komunismoa mundu osoan barrena borrokatu. Honezkero ikasita eduki behar genuen».

1971ko hitz analisi horiek gaur Kerryk berak zenbateraino ote ditu bere? Irakeko gerrari oniritzia eman ziola jakinda, eta munduko gizonik ahaltsuena izateko lehian sartuta, ideia horietatik urrun egon behar du. Baina noizbait pertsona izan zen.

Soldadu baten istorio labur bat ere kontatu zuen 1971ko bere agerraldian John Kerryk. «Nire lagun indio batek »Alcatraz Nazio Indioan bizi da» hau kontatu zidan. Txikitan, erreserba batean bizi zenean, telebistako filmak ikusiz cowboy-ei txalo egiten omen zien indioen kontra tiro egiten zutenean. Vietnamgo gerrara eraman zuten eta egun batean esan omen zion bere buruari: ‘Dios, jende horiei egiten ari natzaie bestek gure jendeari egindako gauza bera!’. Eta utzi egin zuen».


http://www.argia.eus/nethurbil helbidean, gai honi buruzko informazio gehiago eta Interneteko loturak.


Azkenak
Elkarte frankistak debekatuko dituen legea onartu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena


Beste familia bat etxegabetu dute Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kalean

Ostiral goizaldean emakume bat eta bere semea etxegabetu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Jarauta kaleko 82. zenbakian. Espainiako Poliziaren laguntzarekin, epaitegiko segizio judiziala etxebizitzan sartu eta eta bizilagunak kanporatu dituzte.


2100. urtean herritarren %60 urak har ditzakeen eremuan biziko dira Eusko Jaurlaritzaren azterketaren arabera

Bero boladak ohikoagoak eta luzeagoak dira, azken bi mendeetan 20 zentimetrotan igo da itsas maila eta EAEko bataz besteko tenperatura 0,3 ºC igo da hamarkada bakoitzean.


Donostiako Gladys Eneako paumei emandako tratu txarrak salatu ditu Eguzki taldeak

Eguzki elkarte ekologistak salatu du Donostiako parkean gertatutakoa. Parkean bizi diren hainbat paumari lumak erauzi dizkiote, odoletan utzita. Beraz, erasoa izan dela ondorioztatu dute eta ez dela hegaztien lumaberritze prozesu naturala izan. Eguzki


Hamabost migratzaile bizi ziren kanpaleku bat hustu du Getxoko Udalak

Algortako Larrañazubi inguruan dago kanpalekua, eta Getxoko Udaltzainek hori husteari ekin diote ostegun goizean. Alkateak adierazi du han bizi ziren pertsonen "segurtasuna" bermatzeko eta "ingurune natural hori zaintzeko" desegin dutela. Getxoko EH Bilduren... [+]


Zizurren ikasleak komun eta aldageletan grabatzen zituen irakasleak 180 urteko zigorra jaso dezake

Zizur Nagusiko institutu batean 41 pertsona grabatu zituen eta haietako 30 bere ikasleak ziren. Argazki batzuk sare sozialak erabilita lortzen zituen eta adimen artifizialarekin aldaketak egiten zituen.


Jaurlaritzak babestu du Jerusalemgo kolonoentzat CAF egiten ari den tranbia

Beasaingo enpresaren akzioen %3ren jabe da Eusko Jaurlaritza, eta adierazi du CAFek nazioarteko legedia errespetatzen duela. BDZ Euskal Herriak gogorarazi dio gobernuak derrigortuta daudela okupazioa bultzatzen duten proiektuen aurka egitera.


Irungo ‘auzokide patruilen’ atzean, islamofobia, xenofobia eta erailketarako deiak

Maiatzaren 5ean “Lo Vimos en Irun” WhatsApp taldea sortu zenetik, 700 lagun baina gehiago bildu dira larunbatetan patruilak antolatzen dituen taldera. “Segurtasuna bermatzeko” eta “delituak prebenitzeko” aitzakien gibelean, gorrotoaren haztegi... [+]


2025-06-20 | Gedar
Basauriko Sidenorrek 1.207 tona altzairu bidali dizkio arma-ekoizle sionista bati

Egoitza nagusia Basaurin duen enpresak IMI Systemi egin dio bidalketa. Armagintzan bakarrik aritzen da Israelgo Estatuko konpainia hori.


Arabako Mahastiak sor-markari behin betiko itxi dio bidea Espainiako Auzitegi Gorenak

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ezetza eman zion ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteak bultzatutako sor-markari. Elkarteak helegitea jarri zion ebazpenari, eta orain Espainiako Auzitegi Gorenak ezetza berretsi du.
 


Beskoitzen ikastola eraikitzeko lursaila eskuratu du Seaskak

Ikastola 2013an sortu zuten eta ondoko urtean jarri zuten prefabrikatu bat herriko etxearen lursail batean bertatik bideratzeko ikaskuntza. 2022an eraikin sendo bat eraikitzeko proiektua aurkeztu zuten, baina herriko kontseiluak ez zuen horrelakorik onartu. Gatazka gogorra egon... [+]


Osasungintzak guztiz publikoa izan behar duela exijitu du OPA Plataforma Herrikoiak

Jose Ignacio Martinez Ortegak, OPA Herri Plataformako bozeramaileak, salatu du  Eusko Jaurlaritzak “azkar” itxi nahi duela osasun mahaiko eztabaida.


2025-06-19 | Sustatu
AA batek zenbat eta gehiago “arrazoitu”, orduan eta okerrago

Applen lan egiten duen ikertzaile talde batek adimen artifizialaren (AA) esparrurako egindako ikerketa baten emaitza argitaratu dute. Izenburu esanguratsua du: The Illusion of Thinking. Euskaraz, bere izenburu luzean, honela: Pentsatzearen ilusioa: arrazoitzeko ereduen... [+]


Desokupacyl enpresa Donostian dagoela ohartarazi dute

Desokupacyl desokupazio taldeak bideo bat argitaratu zuen atzo sare sozialetan, Luis Nuñez Mané burua eta beste hiru kide Donostian zeudela esanez. Bideoa, Kontxan grabatuta dago, eta “okupatutako” etxeak erostera bultzatzen du bertan Manék:... [+]


Eguneraketa berriak daude