Jazza hemen eta orain: Inprobisatzera kondenatuta

  • "Euskal Herrian jazza jotzea Alabaman toreatzaile izatea bezalakoxea da. Han, zezena eskatu eta astoa emango dizute eta montera beharrean, biseratxoa. Hemen, jazzari dagokionez, berdin: ez dago baliabiderik, ez kulturarik, deus ere ez". Kike Lafuente kontrabaxu joleak bota dizkigu hitzok, gurean jazzak duen egoera deskribatu nahian. Adierazpenok irakurrita, udako jazz jaialdiekin akordatuko da, agian, irakurlea: Ez al zen bada Euskal Herria "jazzaren hiriburu"? Ez al daude lau jazzaldi sonatu? Udako jaialdien laratzetik kanpo, ordea, urte osoko jazzaren tenperatura zeropetik dago Euskal Herrian. Euskal musikariek, baina, bero-bero dute odola, jazza baitute zainetan.

2004ko irailaren 26an
Kike lafuente gasteiztarrak 29 urte ditu eta jazz musikaria da, euskalduna. Kontrabaxua jotzen du jazz talde batean. Bea Hurtado lasartearra ere gaztea da, pianoa maisuki jotzen du eta jazz musikaria da bera ere. Zuri&Beltz taldea sortu du Olatz Prat abeslariarekin batera, baita lehendabiziko diskoa kaleratu ere. Agian ezagunagoa da Itxaso Gonzalez kantari getxotarra. Getxoko Jazz Jaialdiko saria eskuratu zuen »saria etxeratu duen emakume bakarra ei da» eta Bartzelonan bizi izan da orain arte. Aurreneko diskoa ere, Lur berria, han grabatu zuen, Dani Perez eta Gorka Benitez euskal musikariekin batera.

Bartzelona, euskal jazzaren hiriburu

Ez da erraza izan hiru musikari hauek topatzea. Euskal Herrian jazz musikariak egon badaude. Beti egon dira. Ezagunenen artean dira Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, De Diego anaiak, Josetxo Goia-Aribe, Mikel Andueza, Gorka Benitez, Iñaki Askunze edo Dani Perez. Gehienak, baina, Bartzelonan bizi dira. Egungo musikari gazteak ere handik izan dira: Sant Pau 44 talde arabarraren kideak, Jon Urrutia piano jolea edo Borja Barrueta bateria jolea.

Bartzelona Europako jazzaren gune garrantzitsuenetakoa da. "Jazz zirkuitua dago han: kontzertuak eskaintzeko aretoak, diskoetxeak, jazz zaletuak eta, noski, baita jazz musikari mordoa ere. AEBetatik joandakoak ere bai", azaldu digu Itxaso Gonzalezek, hirian urteak eman dituen kantariak. Ama izateko itzuli da Bilbora. Nolanahi ere, Bartzelonatik bueltatzea nekeza izan zaiola dirudi: "Izugarri ondo nengoen han, nire lana gustatu zitzaien eta babesa izan nuen. Bigarren diskoa grabatzeko nire zain dira diskoetxekoak", adierazi digu Gonzalezek. Kike Lafuentek ez du Bartzelonara joateko asmorik: "Niretzat zaletasuna da jazza. Dena den, ulertzen dut honen kontura bizi nahi dutenek Bartzelona joan behar izatea. Gogoa eta izerdia entseatzen jarri ondoren, hemen kontzertua emateko aukera izan eta ikus-entzuleek adarra jo eta 30 euro pagatu dizutela konturatzen zarenean, ernegatu egiten zara". Bartzelonan lanari atarramentua (ekonomikoa bereziki) ateratzeko modua dago, Euskal Herrian geratuta, gutxi batzuek lortuko luketena. Bada salbuespenik, Iñaki Salvador kasu.

Euskal Herrian, egoera eskasa

Panorama beltz margotu digute gure hiru elkarrizketatuek. "Euskal Herrian musikariak egon badaude, baina mugimendu pixka bat dagoen tokietan biltzen dira: Donostian ikasle asko dago, Jazzle eskola beteranoa eta Musikeneren jazz saila Gipuzkoako hiriburuan baitaude. Jazz kontzertuak antolatzen dituen zenbait areto dago: hala nola, Altxerri edo Branka. Be Bop taberna donostiarrak ere kontzertu sorta antolatu du bere 20. urtemuga ospatzeko. Usurbilen Olarrondo zabaldu berri dute eta Lasarten, berriz, Jalgi dugu", kontatu digu Bea Hurtado musikari lasartearrak. Kike Lafuente gasteiztarrak ere bat egiten du Hurtadorekin: "Zer edo zer egotekotan, Donostian dago". Gasteizen, ezer gutxi. "Bada ostegunero jazz kontzertuak ematen dituen Man on the Moon taberna, programazio finkoa duen bakarra da. Gaztetxeak ere badu jazzarekiko nolabaiteko ardura. Dublin izeneko bat ere bada, noizean behin kontzertuak eskaintzen dituena. Hoteletan ere, noiz edo noiz izaten dira jazz emanaldiak", esan digu.

Nafarroan eta Iparraldean ere berdintsu, agian okerrago. Iruñean ez da jazz programazio finkorik duen aretorik. Nafarroako hiriburuko O'Conors-en eta Baionako La Luna Negra-n , noizean behin kontzerturen bat edo beste antolatzen dituzte.
Bizkaiko egoera ere ez da etxafuegoak botatzeko modukoa. Elorrion azaroan egiten dute jaialdia eta tabernei dagokionez, Bilbaina Jazz Klubekoek 12 urte daramatzate Bilboko Nafarroa kalean alokatuta duten aretoan kontzertuak eskaintzen; ostegunero, kosta ahala kosta, zuzenekoa egiten dute. Elkarteko kideek Bilbao Distrito Jazz ekimena antolatzen dute otsailean. Bilboko Udalarekin elkarlanean, hiriko hainbat kultur etxetan jazz kontzertuak eskaintzen dituzte. "Gainerakoan, ez da jazz zirkuiturik", esan digu Itxaso Gonzalezek.

Babesgabe

Horrela sentitzen dira jazz musikariak. "Erakundeen aldetik ez dugu inolako laguntzarik. Ez dago jazz musikariak biltzen dituen zerrendarik, existituko ez bagina bezala da", nabarmendu du Gonzalezek etsituta. Eta Kike Lafuentek gaineratu: "Politikarien errua da batez ere, ezjakin hutsak dira, eta kultura eurek programatzen eta sustatzen dutenez..."

Donostian jazz emanaldiak astero-astero eskaintzen dituen Altxerri tabernaren arduradun Ana Diezek agertu digunez, aretoak zabalik daramatzan 20 urteotan ez dute erakundeen partetik txakur txikirik ere jaso: "Gure diru-iturri bakarra bezeroek tabernan gastatutakoa da. Ekimen-pribatuak ez du hainbesterako ematen. Gogorra da batzuetan".

Erakundeek hezkuntzan ere izan dute hutsunea. Orain arte, jazza jotzen ikasi nahi zuenak atzerrira jo »Bartzelonara edo Boston aldera, Berklee unibertsitate famatura, han ikasi zuten Iñaki Askunzek edo Mikel Anduezak» ala irakasle pribatua hartu behar zuen. Donostian Jazzle eskola sortu zuten orain zenbait urte eta harrez geroztik, erreferentzia izan da jazz eta musika modernoaren irakaskuntzan. Ikastaroak ere badira: uda partean Zarautzen Nazioarteko Jazz Mintegia izaten da (5. urtez antolatu dute). Gezurra badirudi ere, orain gutxi sortu du Musikenek, Euskal Herriko Goi Mailako Kontserbatorioak, jazz saila. Iñaki Salvador buru du eta irakasle paregabeak ditu: Salvador bera, Mikel Andueza, Iñaki Askunze...

Hedabideak eta publikoa

Komunikabideok ere ez dugu panorama gozatzen laguntzen. Jazz disko baten promozioa egitea eta ur handitan galtzea biak bat ei dira. Izan ere, telebistan eta prentsa idatzian nekez ikusiko dugu jazzaren inguruko erreportajerik. Eta irratiei dagokienez, banaka batzuek baino ez dute jazza jartzen, goizeko ordu txikitan beti ere. Internetek du aldaketarako giltza. Horren adierazle da Carlos Perez tronpeta joleak abiatutako "Club de Jazz" irratsaioa; astean hiru egunez sarean entzun daiteke musikari iruindarraren saioa (www.tomajazz.com/clubdejazz).

Eta jendeak, zer dio? "Hemen punk eta rock asko egon da, musika mota hori egiten ez duena tipo arraroa da", erantzun digu Kike Lafuentek. Bea Hurtado baikorragoa da: "Nik uste jendea gero eta gutxiago harritzen dela jazza jotzen duzula esatean, gainera, ezusteak izaten dituzu maiz, espero ez duzun jendea entzuten geratzen delako, gustura". Jendearen jarrera horren baitan arrazakeria ere badagoela uste du Lafuentek: "Gurasoak gusturago egongo dira bere umetxoak biolina ikasten badu kontserbatorioan. Jazza beltzen musika izan da historikoki!".

Entzuleen artean, denetik

Jazzak beti izan du musika elitistaren ospea. Bilbao Distrito Jazzeko kontzertuetara joandakoen profila honakoa izan da aurten: gizonezkoa, 40 urte ingurukoa eta maila ekonomiko eta kultural handikoa. Hori aipatu eta berehala erantzun digu Itxaso Gonzalezek: "Ez dut uste jazza elitista denik, jazz zaleek oso talde heterogeneoa osatzen dute. Makina bat musikari gazte dago: Gorka Barrueta, Jon Urrutia... Nondik irten dira musikariok, jazza helduek bakarrik entzuten badute?". Altxerri Club-eko arduradun Ana Diez ere, iritzi berekoa da: "Kontzertuetan denetik ikus dezakezu: 50 urte inguruko gizon helduak, 22 urteko gaztetxoak eta 35 inguruko koadrilatxoa".

Emanaldi guztietan, baina, ez da zale amorratu edo ikus-entzule belarri-finik izaten. "Denetik tokatu zait. Behin telebista piztuta zuten taberna batean jo genuen, futbol partida ematen ari ziren, eta gu jotzen geundela, gola kantatu zuen jendeak!", kontatu digu Kike Lafuentek. Izan ere, jazz musikariek intimitatea nahi izaten dute jotzean. Oroitzapenen mataza desegin du Itxaso Gonzalezek: "Bilboko plaza berrian eman nuen kontzertua dut ondo gogoan. Jende dezente zegoen baina giro berezi hori lortu genuen, bazirudien elkarrengandik oso gertu geundela". Egia ere bada, arras diferentea dela jazza instrumentala edo abeslari batekin jotzea. "Ahotsak asko laguntzen du, jendeari ikaragarri gustatzen zaio, pieza bera instrumentala egiten baduzu publikoari gehiago kosta tuko zaio jarraitzea, abesten baduzu, adi egoten da ikus-entzulea", adierazi digu Bea Hurtadok.

Etorkizunari so

Bistan denez, jazzaren egoera Euskal Herrian ez dago ezti-bitsetan. Nolanahi ere, ilusioz begiratzen diote etorkizunari gure musikariek. "Gustatuko litzaiguke laster zer edo zer grabatzea. Emanaldi batzuk ere baditugu aurrera begira eta gainera, gure helburua gozatzea da, gero gerokoak", esan digu Bea Hurtado piano joleak. Kike Lafuentek ere ikuspuntu bera du: "Niretzat zaletasuna da jazza. Aurrerantzean, orain arte bezala jotzeko aukera badut, primeran!". Itxaso Gonzalezek, bestalde, bigarren diskoa du buruan: "Panorama negargarria izanik ere, jazzak badu ilusio parte bat, musika barru-barrutik ateratzen zaigu-eta".

Jazzaldi beste kritika
GUTXI izango dira munduan hain leku txikian hainbeste jazz jaialdi dituzten herriak. Gurean, gainera, segidan dira denak, uda sasoian. Aurrena Getxokoa, uztailaren hastapenetan, ondoren Gasteizkoa eta Baionakoa hilaren erdialdean eta Donostiakoa uztailaren akaberan. Getxokoak eta Gasteizkoak 28 urte bete dituzte, eta Donostiakoak 40. edizioa du ate joka. Arrazoi turistikoez gain, Donostiako Jazzaldiaren zuzendari Miguel Martinek uste du "Euskal Herrian musika eskaintza onaren egarria" dagoelako dagoela hainbeste jazzaldi.

Arrazoiak arrazoi, kontua da urtero jazzaren izar handiek dir-dir egiten dutela Euskal Herriko zeru eta eszenatokietan. Zehaztapena egin digu honen harira Bea Hurtado piano joleak: "Donostiako aurtengo jaialdian, jazz gutxi zegoen. Ez dut esan nahi musika txarra zenik, baina ez zen jazza". Eta haratago joan da Itxaso Gonzalez kantaria: "Jazzaldietan ez dituzte euskal musikariak aintzat hartzen. Gasteizen aurten ez da euskal musikari bakar bat ere egon, Donostian esfortzua egin egiten dute eta Getxon... Badirudi euskal musikariak AEBetakoak baino hobeak izan behar garela jaialdietan jotzeko". Ez da kexatzen den bakarra, Espainiako Estatuan egoera salatzeko plataforma eratu dute jazz musikariek eta zaletuek. Besteak beste, jaialdietan talde espainiar gehiago izatea eskatzen dute. Piztu da eztabaida. Donostiako zein Getxoko Jazz Jaialdietako zuzendariek kontrakoa diote, bertako musikariak zaindu eta programatzen saiatzen direla. Gasteizko Jazzaldiaren zuzendari Iñaki Añuak bestelakoa nabarmendu du: "Bertako taldeak entzuteko aukera gehiago izaten dugu, hementxe bertan ditugulako. Gasteizko Jazzaldian hutsunea betetzen saiatzen gara eta ekartzen zailagoak diren atzerriko taldeak programatzen ditugu. Gainera, garrantzitsuagoa deritzogu, gure taldeak kanpoan jotzeari; hori gauzatzeko, Gasteizkoa Nazioarteko Jazz Jaialdien Erakundearen partaide da". Altxerri aretoko zuzendari Ana Diezek beste lepotik du burua, ordea. Adierazi digunez, "bertako musikariak alde batera uztea hanka sartzea da, hemengoa babestu eta bultzatu behar da. Musikariak etxean behar du plataforma".

Nolanahi ere, jendeak jazzaldiak maite ditu. Adin eta gizarte-maila guztietako lagunak inurrien moduan joaten dira udako jaialdietako emanaldietara. "Esnobismo handia dago, jazzaldietara jendetza joaten da baina non dira Gasteizkora joan diren 60.000 lagun horiek neguan?"esan digu Kike Lafuente kontrabaxu joleak. Paradoxikoki, elkarrizketatu ditugun hiru musikarietatik bik udako jaialdiei esker deskubritu zuten jazza, bada zerbait.

Euskarak badu swinga
Hala esan digu behintzat Bea Hurtado jazz musikariak, Olatz Pratekin batera Zuri&Beltz taldea osatu duenak. Euren aurreneko diskoko 14 kantuetatik bost euskaraz dira. "Ingelesezko kantak dira, baina Juan Gartzia idazleak euskaratu ditu. Eskerrak bere laguntza izan dugun" azpimarratu digu Hurtadok. Itxaso Gonzalez abeslariak ere, eskarmentua du euskara eta jazza nahasten. Bartzelonan grabatu zuen bere lehendabiziko lanean (Lur Berria, Fresh Sound) euskaraz kantatutako zenbait abesti dago. "Jazza adierazteko modu bat da, hizkuntzak ez dira muga. Bartzelonan nengoela erabaki nuen diskoko abesti batzuk euskaraz izatea, herriminak jota egin nuela uste dut, omenaldia egin nahian-edo".
Euskarazko jazzaren erregina, aldiz, Miren Aranburu dugu. Bi disko atera ditu: Etorkizunaren memoria (IZ) eta Gorri isila (Gaztelupeko Hotsak, Errabal zigilua, jazzari propio eskainia). Bietan Aranburuk euskaraz sortutako kantak dituzue entzungai.


Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude