Eztiorrazi


2004ko irailaren 19an
Dirudite futbol klubek. Zalegoen gozatzeko ahaleginetan, disputan dabil zenbait euli eztia eskastu omen duten orrazien ondotik. Ez dute onura pertsonalik nahi, ez dute beraientzat deus bilatzen, ongileak ditugu. Gasteizko Alaves ez bezala, Donostian, Iruñean eta Bilbon ez daude klubak salgai, zorrak sortzea baldin badute ere bilgune. Poza ematen du barnizadun etxeetan sortutakoak hain eskuzabal ezagutzeak, beren aurrekoengandik jaso ondasun eta nortasunari zentzu soziala eman nahian dabiltzala ikusteak. Izan ere, sosa pilatzen, bereganatzen hezitakoek ez dute eskasiaren eremutan eskarmenturik eta zorra etekin bilakatzeko artean maisu izan daitezke. Zenbat eta gehiago gastatu, orduan eta eroso, orduan eta aberatsago. Ez ditut nik horiek ezagutu Kaikun, Santurtzin, Koxtapen, San Pedron, Ur Kirolaken, hauek goi mailako kirol klubak bilaka daitezen beren talentuak eskaintzen. Futbolzaleak izaki eta ez arraunzale, errugbizale, eskubaloizale. Ez diet ezagutzen ahaleginik, Txantrean, Touringen, Arenasen, Vitoriako Aurreran, partidatan bildu zalegoa afaltzen gonbidatzeko, bertan zozketatutako urdaiazpia aski izaten duten klub horietan, urdaiazpia bera herriko norbaiten erregalia izaten duten horietan. Haatik, hauek ez dira klandestinitatean haziak. On dagiela.


Eguneraketa berriak daude