ARGIA.eus

2020ko uztailaren 05a

Argitalpenak

Pilar Iparragirre
2004ko irailaren 12a

Lizarrako
euskara
Pello Etxaniz
Altaffaylla
170 orrialde
15 euro


Lizarraldeko euskara aztergai

Pello Etxanizek egindako lan honen izenburu zehatza Lizarrako euskara. Historia de la lengua vasca en Tierra Estella da, eta Lizarraldeko askok eta askok duten uste oker bat zuzentzera dator, euskara inoiz bertan mintzatu ez delakoan edo, izatekotan, historiaurrean izango zelakoan baitaude. Pello Etxanizek baskoien, nafarren eta euskal jendeen euskara aztertzen du lan honetan, Lizarra inguruan mintzatu ziren hizkuntzak kontuan hartuz ûerromatarren latina, frankoen okzitaniera edota gaztelaniaû. Bere helburua, honoko galdera hauei erantzutea da: Noiz desagertu zen Lizarrako euskara? Nolakoa zen? Ba al zuen batuaren antzik? Eta horretarako ez du teorietara jotzen, inork zalantzan jar ez ditzakeen agiriak eskaintzera baizik.


La radio en Alava
Avelino Amoedo Casais
Avelino Amoedo Casais, Eitb
192 orrialde
18 euro


Irratiak Araban egindako bidea eta izandako bilakaera

Avelino Amoedo Casaisen lan honetan irratiak Araban egin duen bidea aztertzen da, 1934an Radio Vitoria martxan jarri zenetik gaur arte. Hemeretzi urte itxaron beharko zuten arabarrek bertatik emititzen zuen beste irrati bat entzun ahal izateko, 1953an Radio Alava sortu zen arte, hain zuzen ere. Eta bi horiekin jarraitu zuten hirurogeita hamarreko hamarkadaren bukaeran, 1979an, maiztasun-modulatuko irrati emisoreen Plangintza Tekniko Behin-behinekoa onartu zen arte. Nolanahi ere, irrati arabarren benetako ugaritasuna laurogeiko hamarkadaren erditik aurrera ezagutu zen. 1986an, denera hamabi irrati zeuden Araban. Hamar urte beranduago, hogeita hemezortzi. Eta iaz, berriz, berrogeita zortzi.

Drakula
Bram Stoker
Gero
120 orrialde 9,50 euro


Drakula euskara errazean

Gero argitaletxearen Noski saila euskaraz literatura irakurtzen hasi nahi duten ikasle gazte eta helduei zuzendua dago. Bertan argitaratutako liburu guztiek, azken orrialdeetan, lan liburuxka bat daramate, eskaintzen den lana eta haren idazlea literaturaren barruan kokatzen eta liburua ulertzen lagungarri, eta hartaz hitz egin eta idazteko baliagarri izan daitekeena. Aitor Aranak euskaratutako Bram Stokerren Drakula XIII. mendean Transilvanian zegoen familia noble bateko seme baten benetako bizitzan oinarritua dago. Gizon ankerra izan omen zen Drakula kondea, eskualdeko neskatxak bere sexu nahietara makurraraztea oso gustuko zuena. Justiziak ez ei zuen haren aurka ezer egiten, ordea, bere aberriaren aldeko askapenean sutsu borrokatu ondoren heroi nazionala zelako.

Oihan txikiko mamuak
Jose Mari Satrustegi
Ibaizabal
55 orrialde
7,80 euro


Zortzi urtetik aurrerakoentzat

Jose Mari Satrustegik idatzi eta Aitziber Alonsok marraztutako ipuinak eskaintzen dizkie Ibaizabal argitaletxeak zortzi urtetik aurreragoko neska-mutikoei Oihan txikiko mamuak liburuan. Oihaneko animalien gorabeherak kontatzen dira bertan, azeria, otsoa edota hartzaren lagun egiteko aukera irakurleen esku jarriz, animalia horien gaiztakerien eta harrokerien berri duten era berean. Jose Mari Satrustegiren azeria maltzurra da, otsoa gosetia eta inozo samarra, eta hartza, berriz, gaztea eta inuxentea. Ipuinak dastatu ondoren, daukaten oroimen maila nolakoa den jakiten jolastu dezakete irakurleek; esate baterako, ea azeriak txori ama jan duen ala ez asmatuz, edo txerriak oporretan Benidormen ote dabiltzan ala putzuan beren buruak garbitzen.

Linterna gorria
Batzuen artean
Bihotz Bakartien Kluba
56 orrialde


Bihotz Bakartien Klubak eskainitako lanak

Literatura Eskolako ekimena da Linterna gorria, Bihotz Bakartien Klubak bultzatutako aldizkaria. Iñigo Aranbarri, Lutxo Egia, Igor Estankona, Leire Bilbao, Julen Gabiria, Lander Garro, Mitxel Sarasketa, Joseba Sarrionaindia, Maite Toledo, Anjel Erro, Juan Luis Zabala, Miren Agur Meabe, Harkaitz Cano, Jon Benito, Juanjo Olasagarre, Rikardo Arregi, Paddy Rekalde, Jon Gerediaga, Unai Elorriaga, Markos Zapiain, Josu Landa edota Iñaki Uriaren literatur ekarmenak plazaratzen ditu, edonork kopiatu, jendaurrean irakurri, lagunei oparitu, irrati libreetan hedatu edo Interneten lasai jar ditzakeela ohartaraziz. Nondik hartu diren aipatzea eskertuko lukete.

Astigar basoa
Endika Zabalza
Txalaparta
74 orrialde
10 euro


Baldorba bailaran aurkitutako bola magikoa

Bederatzi urtetik aurreragokoei zuzendutako istorioa azaltzen du Astigar basoak, Endika Zabalzak sortu eta Federiko Elizetxek marrazki politez hornitu duen liburuak. Nafarroako Baldorba bailaran bizi diren bi lagun ditu protagonista, Amaia eta Eneko. Halako egun batean gorri biziko hiruki txiki bat duen bola urdin ederrarekin egingo dute topo basoan. Oso gustukoa dute, baina laster ohartzen dira bola hori ukitzen duen guztiak kolore urdin bizia hartzen duela. Baita beraien eskuek ere!


Lurtarra da begiratua
Xabier Etxabe
Elkar
224 orrialde 14,65 euro



Atzoko mundu gogor bezain liluragarri hura

Samurtasun osoz kontatzen ditu Xabier Etxabek bere etxekoen eta haien ingurukoen bizipoz eta minak, Lurtarra da begiratua bere lehenengo liburuan, historian hain gertu egoetagatik era berean hain urrun geratu zaigun atzoko mundu gogor bezain liluragarria islatzerakoan. Hiru urte pasa ditu gazte zarauztar honek bere aitona Jexuxen oroitzapenak ardatz dauzkaten kontakizun hauek biltzen, beraien gainean dokumentatzen eta ondorioztatutakoak idazten, koadrilako lagun dituen Martin eta Xabier Etxeberria anaien konplizitatearekin. Hamaika erromeria alaitutako gizona genuen Beote baserriko Jexux soinujolea, baina dena ez da jai izaten inoren bizitzan, eta hortaz askotxo hitz egin zezaketen haren emazteak eta haurrek ere, Lurtarra da begiratuan azaltzen denez. XX. mende hasierako mozkin gutxiko familia handi baten gorabeherak, Jexuxen amaren adorea, baserrian guztiek zeukaten apusturako zaletasuna, gerrak harrapatu zituenekoa, Jexuxen aitak eta anaia gazteak lurperatu behar izan zituzten fusilatutako gazteen kasua, gerra ondorengo bizimoduaren latza, erbestera joan behar izan zuen anaiaren esperientziak...

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak

ASTEKARIA
2004ko irailaren 12a
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude