Mari Karmen Garmendia: «Hizkuntz politikak zerikusi handia du gure herriaren elkarbizitzarekin»

  • Gizonen artean emakumezko bakar izan zen garai batean Zeruko Argian. Rikardo Arregi, Ramon Saizarbitoria, Ibon Sarasola, Xabier Lete... eta Mari Karmen Garmendia, Miren Olarreaga ezizenaren pean gorderik. Irakasle hasi zen Santo Tomas Lizeoan eta bertan ari zen euskaraz ez zekien haur oldea jaso zutenean. Arazoak. Eta elebitasuna. Eta diglosia. Eta hezkuntza ereduak. Geroago, Hizkuntza Politika. Kultura Sailburua. Euskararen uhinetan igaro du bizitza osoa etxeko automobil zaharra Ormaiztegin hartu eta 1968ko Arantzazuko bilerara bakar-bakarrik abiatu zen neska gazte hark.

Zer esan zenezake hazi zintuen herriaz, garai hartako Ormaiztegiz?
Eskola Nazionala datorkit gogora. Nesken eskola, mutilen eskola... Elizako eskola -dotrina esaten geniona-, elizaren presentzia handia, elkarren ezagutza izugarria, gerra ondorena zen, gaurko erraztasunik eta erosotasunik ez zen, telebistarik ez baina jolas egiten bagenekien… Bizimoduaz gozatzen ere bagenekin, gauza gutxirekin izanda ere. Bestetik, gizarte zaila, bere gozotasuna ere bazuen.

Industria ere bazen ordurako zuen herrian...
Bai, ordurako martxan zen Irizar fabrika. "Karroegileta" esaten zitzaion herrian. Gainera, Azurmendi lantegia, gure aitonak sortutako Onena lantegia, gure aitak sortutako Letar -oraindik irauten duena-, teila fabrika ere bazen... Ormaiztegi txiki hartan industria handia zen. Oso gogoan dut 1964an gure aitari Parisera lagundu niola. Ordurako frantsesa ikasia nintzen, eta itzultzaile joan nintzen aitarekin, urte hartan egiten hasi ziren azoka handi batera. Bi urterik behin egiten zen makina-erreminta azoka izan behar zuen. Hauxe dut gogoan: Euskal Herriko enpresen presentzia oso handia. Urola aldetik, Plazentzi aldetik, Bergara aldetik, Durangaldetik… gure aitak esan zidan: "Hemen kontuak egiten hasiko bagina, seguru asko, kopuru aldetik Euskal Herritik etorritakoak oso goian egongo ginateke". Geure buruaz harro sentitzen ginen.

1964an, Mari Karmen Garmendia makina-erreminta azokan, Parisen...
Bai. Garai hartako beste oroitzapen bat, Leizaola lehendakariarena. Azokara etorri zen, bertako euskaldunak bisitatzera; dotorezia berezia zuen baina, aldi berean, oso apal. Gogoratzen naiz alkandora listuta zuela, gastatuta. Hirugarren oroitzapen bat, aurreneko robota izan zitekeena, robot moduko zer edo zer, ikusi nuela bisita hartan. AEBetatik ekarrita izan behar zuen. Tornu automatikoa ere hantxe ikusi nuen lehenengo aldiz. Eta aitari galdetu nion: "Baina, aita, tresna hauek aurrera egiten badute lanpostuak urritu egingo zaizkigu. Honek zer esan nahi du? Horrelako aurrerapena baldin badator tresnetan, pertsonen eginkizunak nolakoak izango dira?". 1964an zen hori…

Herrian hasi zinen ikasten, baina laster zinen Donostiara bidean...
Tira, herriko eskolan ikasi nuen, señorita Romanarekin. Hura zen gure irakaslea. Hil berri da, oso zahartuta. Harekin, eskolan lau urtetan hasi eta 14 urte bitartean. Batxilerra, askok egiten zuen moduan, libre egin nuen, geure kontura ikasi eta azterketak Donostian eginez. Eta batxilerraren beste urte bat, Goierrin askok bezala, Ordiziako Urdaneta akademian egin nuen. Magisterio ikasi nuen, gizarte-laguntzaile egiteko asmotan, baina magisterio egin eta gero, eta gizarte-laguntzaile egin ordez Filosofia eta Letrak ikasi nuen Deustuko Unibertsitateak Donostian zuen campusean.

1971n Hegatsez izeneko liburua argitaratu zuten Juan San Martin eta Serafin Basaurik. "Itz-lauzko bilduma" dio izenburu nagusiaren azpian eta hainbat egileren testuak ageri dira bertan, egilearen biografia laburra eta guzti. Han da zure izena ere. Hona nola egin zuten zure aurkezpena: "Ormaiztegin (Gipuzkoa) jaioa 1947-ko ekainaren 9-an. Maistratza egina du eta Filosofia eta Letrak estudiatzen ari da. Hamalau urterako hasi zen Umeen Deia-n idazten. Zeruko Argia-n maiz kolaboratzen du. Begoña-rekin batean Euskal Alfabetatze Taldeak antolatzen lagundu zuen"...
Umeen deia Altsasutik egiten zen, oker ez banago. Gure etxean euskaltzaletasun handia izan da. Gure aitak ere gauza askotan lagundu eta parte hartzen zuen. Umeen deia egiten zuen hari ere seguru diruz laguntzen ziotela, eta baita banatzen ere. Argitaratu nuen aurreneko lana dela eta, gogoratzen naiz. Frantziara bidali ninduten frantsesa ikastera, eta handik bidali nuen, testu labur bat zen, han egiten genuen bizimodua kontatuz. Gero etorri ziren Zeruko Argia-ko artikuluak.

Eta delako Begoña hori nor zen, jakin baliteke?
Begoña Arregi zen, Rikardo, Joseba eta Mikel Arregiren arreba. Begoñaren ezagutza Rikardoren bidez egin nuen. Irakasle ikasten ari nintzen Donostian, eta andereñoentzako sortu zen erresidentzia genuen ostatutzat. Pakita Arregi zuzendari, eta bultzatzaile, berriz, On Karlos Santamaria, aita Agirretxe, Joxe Murua, Zilbeti botikarioa… hainbat lagunek elkar hartu eta andereñoentzako prestakuntzarako erresidentzia sortzea erabaki zuten. 1964an etorri nintzen. Asko pasatu ginen etxe hartatik, oso ekintza interesgarria izan zen. Ordurako, euskararekin eta beste hainbat gauzarekin kezkatuta nengoen. Nik banuen kezka: "Ni emakumezkoa naiz, baina pertsona ere banaiz…". Eta ez nuen eragozpenik gizonezkoek burutzen zituzten ekintzetan parte hartzeko, izan ikastolak edo beste. Herri Gaztedi-n ere hasita nintzen ordurako. Erresidentzian, Pakita Arregik laguntza ematen zigun, aurrera egiteko eta ekintzetan parte hartzeko, kultura aldetik geure buruak janzteko…

Zeruko Argia-n hasi zinen garaia, gutxi gorabehera...
Han nenbilela hasi nintzen Zeruko Argia-n. Etxetik ezagutzen nuen aldizkaria, uste dut harpidetza gure etxetik kobratzen zela eta partiketa ere gure etxetik egiten zela. Harremanetan jarri nintzen Zeruko Argia-ko zuzendariarekin. Agustin Ezeizarekin, kaputxinoa, gero sekularizatua… Han idazten hasi eta ezagutu nituen Rikardo Arregi, Ramon Saizarbitoria, Xabier Lete, Mikel Lasa, Joxe Manuel Toledo, Ibon Sarasola… haien arten neu nintzen emakume bakarra. Lotsa ematen zidan neure izenaz sinatzea. Erresidentzia hartako lagunen batek esan zidan: "Neska, neska! Asmatuko dinagu izenen bat!". Eta halaxe asmatu ere: Miren Orreaga. Horrela sinatu nuen nik, baina aita Agustin nahastu eta zuzendu egin zuen: Miren Orreaga partez, Miren Olarreaga jarri zuen. Horrelaxe iraun nuen. Uste dut orain dela gutxi jakin dutela Zeruko Argia-n zein zen Miren Olarreaga hura: ni neu, alegia. Emakumezkoen eskubideen inguruko kezka izugarria nuen, eta ataltxoa sortu nuen. "Emakumearen jasokundea" zuen izena.

Nondik sortu zitzaizun izena?
Garai hartan oso boladan jarri zen zera bat: "Promoción de la mujer". Nik, txukun xamar jarri nahi nuen hori euskaraz eta "promozioa" ez nuen erabili nahi. Plazido Mujikaren hiztegian begiratu eta handik atera nuen hitza. Eta horrelaxe: "Emakumearen jasokundea".

Beste atal batean ere jardun zenuen, "Gaztea naiz" izenekoan...
"Gaztea naiz", bai, horretan ere parte hartu nuen. Sarasola, Saizarbitoria, Lete eta aurretik aipatu ditudan horiek ere hartu zuten parte. Pittin bat geroxeago, Begoña Arregi ere idazten hasi zen. Baita Amaia Lasa ere. Garaitsu hartan, geroago, oso gazterik, Odile Kruzeta ere bai, Eibarko kronika eginez. Memoriarik gabeko ginen. Doktoretza egiten jardun nuenean jakin nuen gure aurretik ere emakume asko ibili zela euskalgintzan. Baina memoria txikikoak ginen: gerra ondorena, frankismo bete-betea… Nik, adibidez, Maritxu Barriola ezagutzen nuen gure amaren laguna zelako; Elbira Zipitriaren berri, ikasi egin genuen. Baina gauza askok ihes egin ziguten.

Emakumezko bakarrenetakoa izan zinen, gizonezkoen artean…
Denbora askoan, bakarra.

Hegatsez liburuko testua ere ekarri nahiko nuke aipura: "Emakumezkoa gure herriko literaturan". Bertan, emakumezko idazleak gehiago izatea zerk galarazten duen aztertzen duzu…
Galdera egin nion neure buruari. "Hemen, gure aurretik, bakarren batzuk idazten aritu dira, ezta?". Bila hasi nintzen, orduan genituen bitarteko urriak baliatuz. Koldo Mitxelenaren Historia de la Literatura Vasca, Santi Onaindiaren Milla euskal-olerki eder… galdera hori egin beharrekoa iruditzen zitzaidan. "Zer izan da gure aurretik?". Gaur egun, esate baterako, ugari xamar eta onak ditugu emakumezkoak literaturan, bidea urratu da, baina garai hartan, ausart xamar behar zuen batek gizonezko horien denen artean idazten hasteko.

Urte asko pasata ere, beti Rikardo Arregi gogoan zuk. Sarri ekarri izan duzu hizpidera...
Oso harreman estua zuten Rikardok eta Ramonek, Ibonek, Mikel Lasak, Xabierrek gero… agian izenen bat edo beste ahaztuko dut baina, funtsean, horietxek ziren taldea osatzen zutenak. Senar dudanak ere, Felix Azpirozek, lagundu izan zuen zenbait ekintzatan, alfabetatze lanetan… Eta, txofer, baimena zuen bakarra zelako, Mikel Forcada. Dauphine bat zuen.

Baina zuk beti Rikardo...
Zergatik Rikardo? Nire ustez, urrutira ikusten zuen. Ekonomia ikasten ari zen baina patxadan hartu zuen. Beti esaten zuen: "Gure aitak ordaintzeko borondatea duen bitartean, nik ikasketak eta bestelako lan hauek egingo ditut". Santo Tomas Lizeoko irakasle ezagutu nuen Rikardo. Neu ere irakasle nintzen bertan. Euskara irakasle zen hura, ni baino lehen lanean hasitakoa. Handik aurrera sortu zen Zeruko Argia-n idazteko kontua. Ordurako Rikardok gogoan zerabiltzan euskararen modernizazioa, batzea… eta horiek ez ezik, baita alfabetatzea esan zion hori. Denak ez zeuden ados izendapen horrekin, "alfabetatzea", baina gaur ere halaxe esaten dugu. Alfabetatze kanpainak martxan jartzen hasi zen Rikardo, eta berarekin batera hainbat lagunek jardun genuen lanean. Aurrenengo alfabetatze ikastaroa Donostiako kontserbatorioan egin genuen, Easo kalean, orduan Victor Pradera kalea. Bertan Academia de la Declamación Vasca izeneko zera bat zegoen, eta harexen babesean. Ikasleen artean, oso gogoan dut bat: Joxe Austin Arrieta. Hortxe hasi ginen. Herri Gaztedi-n ere banenbilen eta hitzaldi asko egin nituen herriz herri. Emakumezkoei buruz oso sarritan, neure adineko emakumezkoei esanez: "Aizue, ezin dugu besoak tolestuta geratu, ikasi egin behar dugu, gizartean parte hartu".

Nola janzten zenuen zure burua?
Kezka handiak nituen, eta intuizioak. Gainera, asko irakurtzen nuen Frantzian argitaratzen zena. Simone de Beauvoir askoz geroago irakurri nuen baina neuk jasotzen nituen frantses aldizkariak nituen batetik, eta Rikardok berak uzten zizkidanak, bestetik. Cristian aldizkaria, esate baterako, Rikardok uzten zidan. Emakumezkoei zuzendutako aldizkari bat zen.

Hegatsez liburuan datorren zure testua egile katalanaren aipua dakar hasieran eta bukaeran…
Katalunia ere erreferentzia genuen, garbi-garbi. Maria Aurelia Capmany, esate baterako. La donna a Cataluña liburua zuen idatzia, eta 1966an eskaini zidan. Kezka hori bizi-bizirik genuen. Zeruko Argia, euskalduntze-alfabetatzea, andereñoen erresidentzia -ikastoletarako prestakuntza zena-, udalekuak... Aurrenengo udalekua Barrian egin genuen, 1965ean, eta hantxe nintzen… zer ez genuen egin! Oso garai aberatsa dut nire gogoan. Baina, egia esan, oso gogor egin behar izan nion neure buruari, oso lotsatia bainaiz. Nire gizarte kezka horri, aberri kezka horri, leku eman nion… lotsaren gainetik jarri nuen. Neure buruari kontra eginda. Nik uste, neurri batean, bide-urratzaile izatea tokatu zitzaidala, ez niri bakarrik, jakina, beste batzuekin batera egin nuen. Bidea urratzen lan egin genuela esango nuke.

Euskaltzaindiak Arantzazun egin zuen 68ko bilerara autoa hartuta joan zinela jakin dut. Zeure kasa joan omen zinen...
Egia da. Ez dakit nork esan dizun baina egia da. 1968ko iraila. Joan egin nahi nuen. Gurasoak kanpoan eta senideak nire kargu. Hango lanak egin eta gero, etxeko seiscientosa hartu eta Arantzazura. Bakar-bakarrik. Han zer gertatzen zen jakin nahi nuen.

Eta Anna Frank-en egunkaria?
Rudolf de Rijk-i ere lagundu nion garai batean Anna Frank-en egunkaria euskaratzen. Euskal Herrira etortzen hasi zenean ezagutu nuenn Rudolf. Bagenuen haren berri. 1972an Anna Frank-en egunkaria itzultzea erabaki zuen, baina artean euskaldun berri-berria zen. Hainbat gauzatan neuk lagundu nion. Gero, lan hura Egan aldizkarian agertu zen. Trukean, Rudolf-ek Anna Frank-en aitak eskaini zion Anna Frank-en egunkaria ekarri zidan.

Euskararen aldeko zenuten etxeko giroa, abertzalea…
Bai aitak eta bai amak El día eta Eguna-n idatzi zuten gerra aurretik, gazte zirenean. Alde horretatik beti izan genuen euskararekiko lotura. Aitona ere euskaltzale genuen, aita-amak ere bai. Amaren maixu mina, berriz, aita Patxi Etxeberria izan zen. Gogoratzen naiz nola etortzen zen misioetatik, nola idazten zion gure amari Txinatik eta Japoniatik… hori dena bizi izan genuen. Rudolf de Rijk ere gure etxera iritsi zen, on Migel Mujikaren enkarguz. Hizkuntza irakasle zen Bilbon, euskaltzale handia. Azpeitian ezagutu zuen Rudolf. Hau Euskal Herrira etortzekoa zen batean, On Migel gaixotu -berehala hil zen-, eta gure amari eskatu zion hartaz ardura zedin. Horrelaxe ezagutu genuen Rudolf 1961ean.

Irakasle izan zinen Santo Tomas Lizeoan...
Bi txandatan… 1965ean, irakasle ikasten ari nintzela jardun nuen lehenengo aldiz. Gero utzi egin nuen, Filosofia eta Letrak ikasi nahi nuelako. Beti batera egin nituen biak, ikasi eta lana, baina orduan lana urrixeago egin behar izan nuen, ez nintzen eta dena egitera iristen. Gainera, Patxi Altunak haren euskarazko eskoletan irakasle izateko eskaintza egin zidan. Euskera ire laguna liburua, Patxi Altunarena, kolore morekoa ezagutu nuen nik, liburu izan baino lehen, multikopiatan. Santo Tomas Lizeoko lana utzi egin nuen, beraz. Baina 1970ean berriz deitu zidaten eta 79rarte aritu nintzen bertan. Lizeoa ere oso gogoan dut. Izen asko aipatuko nituzke garai hartan, Aranaldetarrak eta!, baina, bereziki, Mari Karmen Altzueta.

Izango da arrazoiren bat...
Mari Karmen Altzuetak eskatuta, Santo Tomas Lizeoan, batxiler irakasle izatetik eskolaurrera pasa nintzen, ume erdaldunak geroz eta gehiago zetozkigulako. Euskararik ez zekiten familietako haurrak ziren eta gure kezka: "Nola erantzun horri?", eta erreferentzia, berriro ere, Katalunia zen, eta han Miquel Siguán psikologia katedraduna, eta Marta Mata, orain ere hezkuntza kontuetan ardura duena, nahiz eta urteetan aurrera doan. 1974-75ean hasi ginen zetorkigun arazoari -arazo iruditzen zitzaigun eta-, irtenbide bilatzen. Miquel Siguánek antolatzen hasitako mintegiak oso garrantzizkoak izan ziren guretzat. Pittinka-pittinka bidea urratzen hasi ginen, ez zen lan erraza izan, baina 1979an eta Kataluniako ereduari jarraituz, mintegia egin genuen Zarautzen. Bitarteko urriak genituen, eta gure arazoak -arazo deitzen genituen horiek-, handiak…

Zarauzko elebitasun mintegi horrek oraindik ere irauten duten hezkuntza ereduen oinarriak jartzeko balio izan zuen…
Sarritan pentsatzen dut gure bizitzaren adurra izan dela gauzei ekitea, hastea. Horixe gertatu zitzaidan andereñoen erresidentziarekin, alfabetatzearekin, udalekuekin… horixe gertatu zitzaidan, neurri batean, hezkuntza ereduekin. Horrek poz ematen du, batez ere urteak pasa eta gero egindako bidea ikusteko aukera ematen dizunean. "Urteak joan dira, baina ez alferrik!", esateko modua duzulako. Lontxo Oihartzabal, Pello Aierbe, Mikel Lasa... hantxe izan ginen.
Arrasatek ere izan zuen bere eragina. Kooperatibek halako garai berritzailea bizi zuten, bitartekoak ere bazituzten… zenbait egitasmori laguntzeko babesa eskaini zuten. Bilera asko egin genituen Arrasaten. Tartean zen Xabier Mendiguren ere.

Uste nuen Quebec-etik heldu zirela hezkuntza ereduak…
Quebec-eko Laval Unibertsitateko irakasle batek egindako ikerketa oso inportantea izan, Francis McKee. Beste bat, guretzat garrantzi handikoa, Renzo Titone. Gogoan dut nola izan nuen Renzo Titoneren berri. Nire senarrak ere bazuen nire kezken berri eta, behin, Bruselako aireportuan zela, Renzo Titoneren liburua ikusi, frantsesez, Elebitasun goiztiarra, eta opari ekarri zidan. 1967an edo behar zuen. Gero, nire tesirako ikerketan nenbilela konturatu nintzen zer nolako zulo handia genuen gure memorian! Izan ere, gerra aurretik, hezkuntza elebitasunerako batzordea zuen bere baitan Eusko Ikaskuntzak! Eta hor lan izugarria egin zuenetako bat, Altzo kaputxinoa zen. 1936ko uztailaren 21ean Eusko Ikaskuntzak batzarra egiteko asmoa zuen Donostian, La Educación Bilingüe lemapean, eta bertako gonbidatu nagusia, Jean Piaget-en irakaslea, Pierre Beauvoi izan zen. Batzarra egiterik ez zen izan, gerra hasi zelako... Maila horretan ari ginen. Izugarrizko lanak egiten ari ziren…

Gerrak etenarazi zuen hori dena...
Izugarrizko etena ekarri zuen gerrak. Bi kontu besterik ez dut aipatuko, edo hiru. Bata, 1830ean, Pascual Iturriagak Hernanin antolatuko eskola, lau hizkuntzatan. Voltairezalea zela eta itxiarazi egin zioten. Memoria para la conservación de la lengua vascongada idatzi zuen Iturriagak, eta diputazioari aurkeztu. Mendea bukatu baino lehen, 1896an, Azkuek Bilbon, hiru hizkuntzatan jarri zuen martxa eskola, Sallekorrei eskatuta. Gaztelania, euskara eta frantsesa zituen gogoan. Urte horretan, gutxi gorabehera, Sabino Aranak Umiaren lelengo aizkidia idatzi zuen eta handik aurrera, apurka-apurka baina etengabe, 1936 arte, izugarrizko gauzak egin ziren hemen, oso-oso-oso interesgarriak, bai elebitasunaren aldetik eta bai pedagogia eguneratu, berritu, eta orduko kezka eta galderei erantzun nahi zien planteamenduetatik. Maria Montesoriren lanen berri berehalaxe jakin zuten hemen. Ovide Decrolyrekin harreman zuzena zuten. Kataluniarekin ere bai... Eta 36an etena, sekulako etena, izugarrizko etena. Gero ikastolei esker berreskuratzen hasi zen aurreko hura… baina berriz hastea izan zen.

Zenbait pertsonaje ilustre elkarrizketatu dut azkenaldion. Euskararen egoeraz ari eta normalizazioa gora eta normalizazioa behera dabil euskalduna. Garai batean, "diglosia" erabiliko zuten hitzean eta hortzean. Zuk emandako ikastaroren bat edo bestetan ikasle izan nauzu eta diglosiaz jardun zenuen lehenengo-lehenengo saioan. Oinarrizko kontzeptua ematen du. Orain, berriz, ez da aipatzen…
Ez, ez da aipatzen… Kontzeptua Valentziako irakasle baten eskutik etorri zitzaigun guri: Rafael Ninyoles. Hizkuntza Politikarako idazkari nintzela oso garbi nuen kanpoko ikasien, espezialisten eta jakitunen lanen berri behar genuela, eta ahal bagenuen, harreman zuzena izan behar genuela, gerra ostean oso giro itxi eta berezian bizi izan ginen eta. Jakina da zenbat lan egin behar izan genuen irauteko. Hori erabaki eta Joshua Fishman-ekin harremanetan jarri nintzen, eta 1986eko udan etorri zen lehenengo aldiz guregana. Haren bidez, beste zenbait harreman gauzatu genuen. Fishmanez gain, berriz, beste batzuk ezagutu genituen. Garai hartan, Ninyolesek erakutsi zigun kontzeptuaren jatorria jakin genuen. Charles Ferguson zen hitzaren aita, Fishmanen lagun mina, eta Euskal Herrira ere etorri zena 1987an, Mundu Biltzarrera. Egia da orduan diglosia zela eta, jirabira handiak ibili genituela eta gure artean ere eztabaida latzak izan zirela. Egia da, baita ere, gaurko gazteek ez dutela hitz hori behin ere entzun. Modatik pasata balego bezala da…

Euskalgintzan ari direnei ere nekez entzungo diezu hitza. Zer dugu? Ezta tabu bihurtuta ere!
Nik gaur egun ez dut unibertsitatearekin lehen nuen lotura estua eta hezkuntzaren soziologia, soziolinguistika edo antzeko gaiak erakusten direnean horren berri ematen den ez dakit. Baina beldur naiz... ezetz esango nuke, ze aspaldi ez diot inori ez entzun ez irakurri horretaz.

Nola egin zenuen Hizkuntza Politikara jauzi. Elebitasunaz arduraturik zegoen irakasle zinen…
Doktoradutzaren defentsa egin berri-berria nuen 1985eko urtarrilean, Estrasburgoko Louis Pasteur unibertsitatean, eta irakasle nintzen Donostiako Elizbarrutiaren Irakasle Eskolan. Zer izango eta urte hartan, ikasturtearen bukaeran, Ardanza lehendakariaren deia, nirekin hitz egin nahi zuela. Nik ez nekien zer nahiko ote zuen, ez nuen uste nire berri zuenik, ezta gutxiago ere, eta Hizkuntza Politikarako ardura nire gain hartuko nuen galdetu zidan. Aho bete hortz geratu nintzen, duda-mudak izan nituen, ausardia kontu hori eta, baina azkenean baietz esan nuen. Eta hainbat urtez jardun nuen horretan lanean.

Zein izan zenuen lehenengo ardura? Helbururik inportanteena, esan dezagun…
Gure hizkuntza egoerari buruz genituen intuizio eta esperientziak kontzeptualizatzea, horri buruzko hausnarketa egin eta, horrekin batera, hizkuntza normalkuntza. Ordurako, Euskararen legea onartuta zegoen, 1982ko azaroan onartua, eta normalkuntza kontzeptua ezagutzen hasita geunden. Eleaniztasunak ere asko kezkatzen ninduen. Oso garbi izan nuen euskararekin bakarrik euskararen geroa ez genuela ziurtatzen. Alderantziz, arriskutan jartzen genuela. Inguruan ikusita nengoen, euskaldun peto-petoak, baserrian bertan ere bai, erdararen kezka izugarriarekin. Kasuren bat edo beste, oso gertukoa: aitona bat bilobari erdaraz, etorkizuna ziurtatzeko asmoz. Garbi nuen euskararen normalkuntza gaztelaniarekin batera, Iparraldean frantsesarekin batera, egin behar genuela. Horretaz gain… euskararen normalkuntza esaten genion prozesu hori politika alorreko gatazkaren atzaparretatik libratzea nahi nuen.

Aspaldi erakutsi ziguten behi-esnea ez dela esne-behia. Esnea da batean, behia bestean. Hizkuntza politika dela eta, gehiago du politikatik, hizkuntzatik baino...
Bai, politika da, baina nik gatazkaren atzaparretatik libratu nahi nuen euskara, gatazkaren atzaparretatik. Neurri batean lortu dugu, baina ez nahi genuen beste. Begira, nik ezagutzen ditut Neguri inguruan bizi diren zenbait familiatako haurrak, euskaraz eginez. Gure hezkuntza ereduek mugak dituzte, jakina, baina bestela egingo ez genituen gauzak egin ditugu horiei esker. Aipatu ditudan Neguriko horiek euskararen oihartzuna dute nahiz eta, oraindik ere, beraien etxean euskara ezjakinen, baserritarren, nekazaritza girokoen edo hiri girotik aparte bizi direnen zerbait bezala bizi duten. Hemen, Rikardo Arregi ekarri behar dut berriz ere gogora. "Euskararen etorkizuna gorbatadunen eskuetan dago" esaten zuen. Nik, aurrena entzun nionean harritu egin nintzen. "Zer esan nahi du honek?". Baina ondo arrazoi zuen Rikardok. Gaur egun gorbata gutxiago erabiltzen da eta gorbataren lekuan ez dakit zer beharko genukeen, baina irudi horrek balio du. "Euskararen etorkizuna gorbatadunen eskuetan dago".

Iritsi ote gara horiengana?
Iritsi gara gorbatadun horiengana, eta horien haurrengana... alderdi ez abertzaleen boto emaileetara ere iritsi gara. Aurrerapauso ikaragarria egin dugu. Beste muturrean, berriz, edozein herri txikitako neska-mutilak euskaraz biziko dira, baina erdara ere menderatzen dute, eta hirugarren hizkuntza batekin harreman gero eta errazagoa dute. Hori lorpen handia da gure aldetik.
Gatazka aipatu dut. Horri dagokionez, zera esan izan dut, halaxe sinesten dut eta Legebiltzarrean ere halaxe esana dut, eta idatzi ere bai: hizkuntzaren normalizazioak kultura bat dakarrela bere barruan, hau da, gauzak ulertzeko eta bizi izateko modu bat. Hor pauso handiak egin ditugu, baina egiteko dagoena ere asko da. Hala ere, egin ditugu pausoak, e! Hemen, betikoa: zenbateraino bete dugu ontzia, nola daukagu: erdi hutsik edo erdi beteta? Bada, hutsunea badu, baina nik esango nuke betetzen ari garela. Egin dudan ibilbidean barrena zer ikusi dudan, zer hausnartu behar izan dudan, zer nozitu behartu izan dudan gogoratu eta oso argi daukat. Ni Donostiara ikastera etorri nintzenean, 64an, egiten zen euskara eta gaur egun egiten dena, bi mundu dira. Ni oraingoarekin geratzen naiz, ez daukat zalantzarik txikiena ere. Gaur, Irakasle Eskolan edozein gai ikas liteke euskaraz. Orduan, irakasle eskola hartan euskararik ez zen egiten, eta ordu bietatik aurrera, ez dakit nork ordainduta, Diputazioak agian, Milagros Bidegain etortzen zen euskara erakustera. Nik oraintxe urte gutxi jakin dut, gure promozioko 25. urteurrena ospatzeko egin genuen ekitaldian, nirekin magisteritza egindako zenbait jendek bazekiela euskaraz. Oraintsu jakin berri dut.

Euskarari dagokionez, EBPN egin eta onartu zen Kultura Sailburu zinen garaian...
Orduantxe jarri zen abian. Bidean saiatu ginen. Fishmanek erabiltzen dituen kontzeptuak erabiliko dizkizut: corpus plangintza eta erabilera dagokion plangintza. Horiek izan ziren lehenen. Corpus plangintzarako ezinbestekoa izan zen Euskaltzaindiarekin egindako hitzarmena. Ni oso pozik nago ,eta oso harro, Euskaltzaindiarekin egindako lanagatik. Badakit zein egoeratan hasi nintzen Euskaltzaindiarekin harremanetan, 1985eko irailean. Eta nahiz eta oraindik mugak dauden, eta zailtasunak, pozik nago 1989an erakunde publikook Euskaltzaindiarekin hitzarmena egiteko modua izan genuelako, gure Estatutuak dioena gogoan hartuz. Euskaltzaindia hartu genuen corpus plangintzaren arduradun nagusi. Horrekin batera, UZEI ere garrantzi handiko izan zen, baita Labayru ere -Bizkaian-, eta beste eremu batzuetan, baita Elhuyar ere. Corpus alorrean egindako ahaleginari begiratu eta pozik nago. Nahiko nuke orain arte egin ditugun pausoen tamainakoak egingo balira aurrerantzean. Nahiko nuke. Espero dut egingo direla.

Bestelako sektore batzuekin ere harremana gozatu zenuen...
AEKrekin egindako hitzarmenarekin oso pozik nago. Bai. Ahalegin handi bat izan zen. Denbora handia eskaini genion. Erramun Osa aipatu beharko nuke honetan.

Bestalde, zuk aurrera egindako zenbait urrats atzera egin ditu gero Nafarroako Gobernuak. Hori ez da ederra...
Nafarroako Gobernuaren jauregira makina bat joan-etorri egin nuen. Zenbat sailburu tokatu ote zitzaizkidan. Batek esan zidan: "Badakizu UPNkoek zer esaten duten". Bera sozialista zen. "Zer diote?". "Gaizkia mendebaldetik datorrela, eta euskarak nazionalismoa dakarrela". Hori dena gaztelaniaz. Kezkak, fidakaizkeria horiek denak gainditzeko ordu asko eman nituen Iruñera bidean. Badakizu nork esan zidan zera hau: "Mari Karmen, hasi zaitez Nafarroarekin lanean, uste dut ordua iritsi dela". Hitzez, eta idatziz ere esan zidan gero. Aita Villasantek. Aita Villasanteri, Jose Luis Lizundiari eta Jose Mari Satrustegiri, esate baterako, hirurei zor diet UZEIrekin harremanak normaltzeko eman zidaten laguntza. Hirurei.

Atzera jo ahal izango bazenu, zein pauso zuzenduko zenituzke?
Ez naiz damu. Gauza guztietan ez du batek asmatzen. Hori aitortu beharra daukat. Agian, momentu batzuetan ez nuen nire taldearen egituraketan asmatu. Oro har, bai, baina beti-beti ez. Bestetik, hemendik begiratuta esaten dut, neure buruari esaten diot, baina ez dut uste akatsa denik, gehiegi bizi ote nuen nire ardura hori. Batzuetan distantzia gutxitxo hartu ote nuen. Baina horiek izateko moduak dira. Ez dut uste horregatik damu izan behar dudanik. Handik aurrera Historiak juzka dezala. Gauza guztietan ez nuen asmatuko, baina gorputz eta arima aritu nintzen. Egunero-egunero, gorputz eta arima.

Hizkuntza Politika kontuetan ari zara gaur egun ere, ezta?
Bai, baina oso era apal eta xumean. Gauza batzuetan parte hartzen ari naiz. Beste batzuetan lankidetza eskatzen didate. Hizkuntza politikan parte hartzeak, niretzat, zerikusi handia du gure herriaren elkarbizitzarekin. Horrek kezkatzen nau. Ez da zer-nori-nork kontua bakarrik, beste zerbait da.

Gainerakoan...
Nire bizitzako garai honetan nire lanbidea eta nire familia bizitza uztartzen ahalegintzen naiz. Esate baterako, hezkuntza eta kulturari lotutako hainbat lanetan ari naiz, nire kontura, eta nik sekula usteko nuena, telelana esaten zaion hori ezagutzera iritsi naiz. Beste bizitza bat gehiago. Gutxiago edo gehiago, betiko kezkak bizi ditut, nahiz eta garaian garaiko inguruak ere mugak jartzen dizkizun, bai eta aukerak ematen ere.

Zer diozu egoera politikoaz?
Tartea utzita bizi dut politika. Distantzia. Ez dut lehengo ardurarik eta, beraz, tarte bat dago. Gainera, nahi dut tarte hori egotea ere. Nire lehentasunak beste batzuk dira orain, familia, lanbidea... Baina gezur esango nuke ez zaidala axola edo ez dudala jarraitzen esango banu. Egunero jarraitzen dut eta, garbi esango dizut, kezkatu egiten nau egoerak. Badirudi katramila izena duen laino astun eta beltza daukagula gure gainean.

Hizkuntz genozida
«Nire iritziz, euskararen etorkizuna ez dago elebakartasunari lotuta, eleaniztasunari lotuta baizik, nahiz eta bere arriskuak ere badituen. Niri, behin, bakarren batek ‘hizkuntz genozida’ deitu zidan, pankarta batean idatzi, gauzak honela planteatzen nituelako. Min egiten dute horrelakoek, baina zuk eskuartean duzun horretan sinesten baldin baduzu, eta bete-betean ari bazara, eskuzabal, bihotz zabal, gainditzen dira horrelakoak. Baina, egia da zenbait momentu mingots bizitzea ere tokatzen zaiola bati. Bestelakoak ere bai».

Bertsoa

Doinua: Hil da Canovas

Bizitzan zehar hainbeste postu,
hainbeste lan eta neke,
eta atzera begiratuta
ikuspegia zein ote?
Zu ez zarela damu diozu,
hala pentsatu liteke,
baina bizitza bizi ondoren,
hain oso eta hain bete,
bide horretan zein pausorekin
geratuko zinateke?

Nortasun agiria
1947an Ormaiztegin jaioa. 14 urte bete orduko lehenengo lana argitaratu zuen Umeen deia haurrentzako aldizkarian. Zeruko Argian idazten hasi zen Rikardo Arregik bultzaturik eta gizonezkoz inguraturik. Aldi batez, emakumezko bakar izan zen taldean. Irakasle Santo Tomas Lizeoan. Baita Donostiako Elizbarrutiaren Irakasle Eskolan ere. Politikan jardun zuen 1985etik 2001era. Hizkuntza Politikarako Idazkaritza Nagusiaren ardura hartu zuen Ardanza lehendakariaren agintaldian, eta Kultura Sailburu amaitu, Ibarretxeren gobernuan. Egun, hizkuntza politikan ari da, baina telelanean. "Beste bizitza bat gehiago", dio.

Ibarretxeren euskara irakasle
«Jende askoren euskara irakasle izan naiz, eta Ibarretxerena ere bai. Hark euskara ikasteko egindako ahalegina izugarria da. Hark euskaraz ikasteko plana diseinatu nuen, baina ni ez nintzen irakasle bakar izan. Ardura nagusia neraman. Eta, ardura hori hartu nuenean, Ibarretxe ezer gutxi esateko gauza zen, bizpahiru gauza. Nik, haren izakerari antzeman eta esan nion: "Begira, Juanjo, »halaxe esaten nion-eta» utzidazu plana egiten, nik badakit eta iritsiko garela". Zeren berak oso garbi zuen lehendakari izatekotan euskara menderatu behar zuela. Apustu latza izan zen, bai beraren aldetik eta bai nire aldetik ere. Baina irabazi egin genuen».

Tene Mujika, Elbira Zipitria, Julene Azpeitia
«Emakume idazleen bila nenbilela jakin nuen Tene Mujikaren berri eta behin baino gehiagotan izan nintzen Deban, haren etxean. Idatzi ere egiten genion elkarri. Elbira Zipitria ezagutzera iritsi nintzen, lan handia egindako emakumea, baina zaila harremanetarako. Julene Azpeitia ere ezagutu nuen. Eta Zeruko Argian idazten nituen lanak zirela-eta, irakurleetako bat Jautarkol nuela badakit. Nik bera ezagutu baino lehen berak eskutitza idatzi zidan. Karmele Esnal horiek baino askoz gazteago da eta geroago ezagutu nuen. Irakasle ere izan nuen».


ASTEKARIA
2004ko irailaren 05a
Azoka
Azkenak
BOLLOTOPAKETAK
Bollera subjektua erdigunean jartzera datorren hitzordua

Apirilaren 26, 27 eta 28 hauetan iraganen da Euskal Herriko bolleren topaketa, Leitza herrian. Izenak argiki dioen gisara bollerei irekitako jardunaldiak dira, baina, oro har, sexu/genero disidente oro da gomitaturik. Egitarau aberatsa eta askotarikoa ondurik, taldean... [+]


Gorputz hotsak
"Pianoa da konpainia izatea bezala, ez zara inoiz bakarrik sentitzen"

Musika klasikoa, regetoia eta rocka gustuko ditu Jakes Txapartegi pianistak (Hondarribia, Gipuzkoa, 2009). Itsua da, musika klasikoa jotzen du eta poliki-poliki jazza eta inprobisazioa ikastea gustatuko litzaioke. Etxean zuen teklatuarekin Pirritx eta Porrotxen “Maite... [+]


2024-04-28 | Axier Lopez
Dronea, munduko botere harreman desorekatuen ikur eta eragile

Giza asmakizun oro lez, onena eta txarrena egiteko gai dira. Baina, tamalez, dronea, beste ezeren gainetik, Mendebaldeko potentzia kapitalistek munduaren gehiengoa menpean jartzen jarraitzeko tresna nagusietakoa da. Zirrikitu teknologikoetatik haratago, funtsezko pieza da bizi... [+]


Iñaki Soto. Erredakzioko kazetaritza ardatz
"Gure Herriaren etorkizuna eta hizkuntzarena batera joango dira"

25 urte beteko ditu aurten Gara egunkariak. Ez da erraz izan. Teknologiak ekarritako iraultzari neurria hartuagatik ere, Espainiako auzitegietako epaileek erabakitako oztopo arbitrarioek egunean eguneko jarduna baldintzatu dute. Mirari hutsa, Iñaki Soto zuzendariaren... [+]


Migrazio eta Asilo ituna: Europaren legatu kolonialista denon begien bistan

Europar Batasunean berriki onartu den Migrazio Itunak, asko zaildu dizkie gauzak euren herrialdetik ihesi doazen eta asiloa eskatzen duten pertsonei. Eskuin muturraren tesiak ogi tartean irentsita, migratzaileentzako kontrol neurri zorrotzagoak onartu dituzte Estrasburgon,... [+]


Eguneraketa berriak daude