Gizen gehiago, gaixo gehiago eta bakarti gehiago


2004ko irailaren 05ean
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Horiexek dira Espainiako Aurrezki Kutxen Konfederazioak babestuta argitaratu berri den "Osasuna eta bizi-estiloak Espainian. Azken hamarkadan izandako aldaketen azterketa" izeneko ikerketaren datu aipagarrienetako batzuk. Gaixo kronikoen eta akutuen intzidentziak gora egin du, ohitura dietetikoak ez dira egokiak, sedentarismoa nagusitu da gure gizartean eta osasunaren alorrean egindako gastu publikoa maila bertsuan mantentzen da duela urte batzuetatik, eskariak etengabe gorantz egin duen arren.

Txostena zifraz josia dago, baina oro har esan daiteke ikerketa horrek itzal gehiago erakusten dituela argia baino. Kezkatzeko moduko datuak ugariak dira txostenaren atal gehientsuenetan: adibidez, inolako laguntza sozial eta afektiborik ez duten pertsonen kopurua oso altua da, eta horrek gaixotasunak errazten ditu. Esaterako, 3,2 milioi pertsonak ez du nork lagundurik, gaitzen bat dela medio ohean gelditu behar badu. Edo ia 7 milioi pertsona helduk ez du jasotzen inoiz edo ia inoiz gonbidapenik beste pertsona batzuekin irteteko.

Hiritarrek euren osasunaz duten pertzepzioak ere okerrera egin du. Azken ikerketan %9,6 dira beren osasuna txar edo oso txartzat jotzen duten hiritarrak, 2003. urtean iritzi hori zutenak %7,1 besterik ez ziren bitartean. Eta iritzia beti gauza subjektiboa den arren, frogatua dago gaitzen bat duela uste duen pertsona gehiagotan joango dela medikuaren kontsultara, batetik, eta gaizki daudela uste dutenen artean bizi-itxaropena murriztu egiten dela, bestetik.

Irribarre batekin amaitzeko, esan beharra dago, hala ere, ongi sentitzen direla dioten pertsonen proportzioa ere oso handia dela, %47 ingurukoa, hain zuzen ere.

Hurrengo alean jarraituko du.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude