Demokrazia partehartzailea Araban


Gaurkotasun eta interes handiko edukiak landu zituen UEUk Biarritzeko Soziologia sailaren jardunean, «Demokrazia parte-hartzailea: erronkak eta esperientziak» izeneko ikastaroan.

Bi egunez, gogoeta teorikoak eta adibide praktikoak tartekatuz, gure gizarteko zein mundu osoko kasuak aipatu eta aztertu ziren: metodologia parte-hartzailea, herritarren parte-hartzea Europan, aurrekontu parte-hartzaileak, Brasileko eskarmentuak, gazteriaren parte-hartzea, Amorotoko Herri Batzarra, Urdaibaiko erreserbaren esperientzia, Berako kultur politika parte-hartzailea, Zornotzako herri kontsulta eta Altzako plan komunitarioa, hain zuzen ere.

Saio horien ardura zuen Parte Hartuz taldearen lana merezi bezala gorestearekin batera, azpimarra dezagun gaiak egun duen garrantzia; izan ere, indarrean dauden baldintza demokratikoak, gurean nahiz munduan, ez dira oso sendoak. Adibidez, hiritarren «nahigabe edo atsekabe politikoa» »political dissatisfaction» AEBko aditu unibertsitarioek aspaldidanik landutako gaia dugu, mendebaldeko sistemaren ohiko ahulezia gisa. Hori ez ezik, azken urteotako bilakaera politikoa, oro har, ez da demokraziarantz bideratu, kontrako norabiderantz baizik. Horregatik, demokrazia partehartzaileak izan dezake leku berezia demokrazia biziberritzeko asmo berrietan.

Horren harira, itzul gaitezen beraz Biarritzeko saioetara. Bertan, 1979an Amoroton sortu zen Herri Batzarraren berri eman zen eta esperientzia horrek Araban dauden Kontzejuak »Concejos» edo Administrazio Batzarrak »Juntas Administrativas» gogorarazi zizkidan. Mendez mende iraun duen herri antolamendu hori ia guztiz ezezaguna zen bertan bildutakoen artean, horiek guztiak partehartze zuzenaz oso interesatuta egon arren. Arabako Kontzeju horiek tradizioan errotuta ditugu eta, seguru asko, beste herri eta kultur jatorretan ere halako edo oso antzeko antolamendu mota leku askotan egongo da. Azal ditzagun, segidan, antolamendu «babazorro» horrek dituen ezaugarri nagusi batzuk.

Kontzejuak ohiko herrixketan edo auzoetan dute oinarri. Ondoren, duela hamarkada batzuk, gaur egun indarrean dagoen udalen antolamenduan bilduak izan ziren. Hartara udal batek kontzeju bat, bi, hiru edo gehiago izan ditzake; baita bakar bat ere ez. Kontzejuak 1924 eta 1954an toki-administrazioko arauen egokitzapenetan aipatzen baziren ere, Franco ondoko erakundetzetik kanpo gelditu ziren; hau da, toki-administrazioaren lege-arautze berrian ez ziren kontuan hartuak izan.

Hutsune hori bete nahi izan zuten Arabako Biltzar Nagusiek,1995eko martxoaren 20an onartu zuten Foru Arauarekin »Arabako Lurralde Historikoaren Aldizkari Ofizialaren 38. zk.». Foru arau horrek, Arabako kontzejuen izaera berdintze aldera, euren osagaiak »lurraldea, biztanleria eta antolamendua» zehazten eta mugatzen ditu; era berean, herri-erakunde hauek dituzten eskumenak, baliabide eta eskubide ekonomikoak, auzolana, herri-ondarearen »adibidez, soro eta basoen» zainketa eta erabilera finkatzen ditu ere. Arau horrek zioenez, 324 kontzeju zeuden Araban; kopuru ugaria, nonbait, kontuan izanda, batetik, Lurralde Historiko horretako udalerriak, 51 baino ez direla eta, bestetik, udalerri guztietan kontzejurik ez dagoela.

Foru arau horrek zenbait bereizketa aipagarri egiten du; adibidez, herriko bertako bizilagun guztiak ez dira kontzeju-kideak, nahiz eta bertan erroldatuta egon. Kontzeju-kide izateko, herrian erroldatuta egoteaz gain, urtean gutxienez zazpi hilabetez bizi behar da bertan. Baldintza horiek bete ezean, auzotarrak ez dira kontzeju-kidetzat hartzen eta kontzeju-batzarretan ez dute ahotsik ezta botorik ere.

Halere, hemen azpimarratu nahi dugun ikuspuntua Administrazio Batzar horietako batzuen oinarri demokratikoarena da, herriaren kudeaketan eta arduran herritarrek zuzenean parte hartu dezaten ahalbidetzen baitute. Kontzeju batzuena diogu, hori ez baita guzti-guztietan horrela izaten; soilik kontzeju irekietan, izan ere badaude herri-batzarrik ez duten kontzeju itxiak ere. Kontzeju ireki horien aginte gorena Herri-Batzarretan datza, eta bertan auzotar »kontzeju-kide» heldu guztiek dute parte.

Horregatik, hain zuzen, Biarritzeko saio horretan Amorotoko Herri Batzarraren berri izateak Arabako toki-erakunde berezi horiek gogorarazi zizkidan, biek baitute herria ardura publikoaren oinarri. Esperientzia bizkaitar eta arabar horiek duten beste berezitasun komun bat, hauxe da: barne-agintarien hautaketa alderdi politikoen eragin zuzenetik kanpo egitea, hau da, auzokideek bertatik bertara erabaki bezala.

Halere, Amoroto eta Arabako kasu horien artean ezberdintasun sakonak egon badaude; lekurik ez, ordea, horiek hemen azaltzeko. Demokrazia parte-hartzaileaz interesa duen orok orain badaki Araban duela aztergai eredu historiko iraunkor eta interesgarri bat.


ASTEKARIA
2004ko abuztuaren 01a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude