Kontuz igerilekuko kloroarekin


2004ko uztailaren 18an
Belgikako bi unibertsitatetan egindako azterketa medikoak frogatu omen duen bezala, bada loturarik igerilekuetan erabiltzen den kloroaren eta asma izateko joera duten haurtxo txikietan agertzen diren biriketako gaixotasunen artean.
Kloroaren eragin kaltegarriei buruzko eztabaida ez da oraingoa, urte asko dira lehenengo alarma-deiak jo zirenetik. Baina orain hiru bat urte, Belgikan bertan osasun-agintariek arazoa nolabait baretzea lortu ondoren, herrialde horretako Ingurumenaren Kudeaketarako Institutuak ikerketa bat eskatu zion Lovainako Unibertsitate Katolikoan Toxikologia Unitateko arduraduna den Alfred Bernard irakasleari. Txostena »frantsesez irakurri nahi duenak Interneteko www.ibgebim.be helbidean eskura dezake» udaberri amaieran kaleratu zen, eta bertan Brusela inguruko ume talde batekin egindako proben berri ematen da.
Bernard irakasleak egindako ikerketaren arabera, asma eta biriketako hantura izateko arriskua nabarmen gehitzen da klorodun igerilekura maiz samar joanez gero. Txostenak dioenez, gaixotasun horiek izateko joera duen ume bat astean ordubete joaten bada igerileku kloratu batera bi urtetan, arrisku hori %60 handiagoa da. Eta umea 2 urtetik beherakoa baldin bada, arriskua are gehiago hazten da. Izan ere, txostenak dio bi urteren inguruan dagoela arnas gaitzak jasateko arriskurik handiena. Adibidez asma, bronkitisa, ekzemak eta arnas sintomak »txistu-hotsak, katarroak eta abar» jasateko arriskua.


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 18a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude