Xabier San Sebastian gitarra jole eta abeslariak Orai bakarkako lehen diskoa kaleratu du NO- CD Rekords diskoetxearekin. Urte mordoxka aritua Izotz eta Alboka taldeetan, tradizioa eta modernitatea uztartu ditu diskoan.
Rosa Valverdek erakusteta paratu du Zarauzko Sanz Enean. Abuztuaren 1a arte dago aukera artista honen lanak ikusteko.
Angel Larrea eta Iñaki Esparzak Arratiako euskarazko idazleen inguruko ikerketa egin dute eta horren fruitua da Arratiako euskal idazle aitzindariak liburua. Inongo bibliografietan ageri ez diren hainbat idazle eta bi lan argitaragabe aurkitu dituzte.
Karlos Alastruey Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleak Ebenseeko Nazioen Jaialdian (Austria) Brontzezko Hartza saria eta UNICA domina jaso ditu, El bosque de la luz film laburrarengatik.
Pok taldearen Euskararen zazpi bekatuak komediak irabazi du Korrika-AEK beka. Aitzpea Goenagak idatzitako antzezlana Ainhoa Aierbe, Niko Lizeaga eta Mikel Martinez aktoreek gorpuztuko dute. Accesit saria, berriz, Ezequiel lanak jaso du. Rocka eta antzerkia uztartzen ditu Antzerkiola Imaginarioak (Ander Lipus) eta Sagarroik (Iñigo Muguruza) garatutako ikuskariak.
Luigi Anselmik Gau Ertzekoak poesia liburua karrikaratu du Pamiela argitaletxearekin. Hainbat urtean idatzitako 44 poema bildu ditu, tristura, bakardadea... gai dutela.