Javier Balza


2004ko uztailaren 4an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Biscuter Balza. Ala Javier Biscuter. Berdintsu dio. Atzera martxarik gabea. Eta aurreraka ere, mugatua oso. Gazteek ez baldin bazuten ezagutu ere, escuterren teknologiaren gainean kotxearen karrozeriaz komertzializatutako ibilgailua zen Biscuter haren antza hartzen diot nik Javier Balza honi. Ezin atzera jo, hark bezala. Eta aurrerantz hiru martxa, besterik ez. Bere txikian aparkatzerakoan arazoak, txoferrak zamari ipurditik heldu eta atzeko gurpilak altxatuz espaloiaren kontra ezarri behar izaten baitzuen eskuz, bidearen erditik, enbarazutik kendu nahi baldin bazuen, behintzat. Eta hala ikuskatzen dut nik E. J.-ko barne sailburua hernaniar Kontxi Santxizen heriotzaren aurrean, bere bertsio ofizialaren zepoan harrapatuta eta atzera egiteko ezinean. Ez dauka zaila bere bertsioa enbarazutik kentzea, begi-bistakoa onartuz, leku egokitik helduz eta behar bezala aparkatuz ekidin baitezake lotsagarrikeria, bide erdian lotsagarriki enbarazu egiten daukana, ondorio zamatsua ekar liezaiokeena. Funtzionario publikoaren balio gorena jendartearen konfiantza izanik, gezurra ez dirudi oinarri egokiena bere jardunerako, karguaren iraupenerako. Izan ere, Biscuterra arinegia baita horrelako karga batentzat.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!