Europaren rapto berria?


2004ko uztailaren 04an

Europar azken hauteskundeek europeitis gaixotasunaren sintoma guztiak azaleratu dituzte, eta ez dut uste emaitza elektoralek garrantzi handia dutenik. Ulrick Beck soziologoari iritzi harrigarri bat irakurri nion aspaldi. Bere ustetan, Europak Europako Batasunean sartzea eskatuko balu, ez liokete aukerarik emango, ez baita demokratikoa. Hor dago bere hutsunea, hor bere akatsa eta, neurri handi batean, Europako populazioak fenomeno hori hauteman egiten du, Europaren ustezko idealaren eta errealitatearen arteko aldeak ez baitio ezer esaten biztanle europarrari, ez baitu bere bihotza berotzen, ez baitu inolako leialtasunik sortarazten.

Europak munduan ideal handiak bete gura ditu, kantiano izan gura du giza eskubidearen baloreen eramaile izanik, baina aseguro etxe batek bezala jokatzen du: ekonomikoki erraldoia baina politikoki ipotxa. Europako izaera bikoitz honek ez dio permititzen jokatu beharko lukeen rolari heltzen: nazioarteko politikan boxeolari txarrak bezala mehatxu iragarpena egiten du, baina ezin jo. Europak zerbait izan nahi badu parametro berrietan, politikoetan, bere izaeraren errebisioa egin beharko du. Europar politikarien etsipenak euren izaera baino ez du islatzen: kasta burokratiko tekniko ulertezin bat izatea. Egunotan, Konstituzioaren inguruko eztabaidetan argi ikusi da gehiago dutela subasta batetik, erronka serio bati aurre egitekotik baino. Bruselatik bueltan Zapaterok honela esan du: "Espainiarren interesak ondo defendatuak geratu dira".

Haatik, ekonomikoki egin dena politikan bikoiztu egin behar dute. Zalantza barik, gure bizitza oso afektatua geratu da Europako Batasunean hartu izan diren erabaki ekonomikoengatik: hainbat sektore produktibok berrespezializatu beharra ikusi du, beste batzuk desagertu, gure eguneroko harremanak ere aldatu egin dira, baina eremu politikora heltzean Europa antzua da. Hori zioen Kaganek orain dela urtebete bat, eta horretan datza Europaren ezintasuna Kosovoko edo Ekialde Hurbileko egoeran. Interbentzionismo ekonomikoari ez dio politikoak jarraitu.

Baina Europa ezin da egungo estatu-nazioen ereduaren hedadura hutsean oinarritu. David Heldek mundu mailako sozialdemokraziaren -kosmopolita- beharra aldarrikatu du (Foreing Policy, 3). Baina Heldek argi dakusa horrelako sistema batek era guztietako subjektuen partaidetza eskatzen duela, ez bakarrik estatuak. Hor leudeke, besteak beste eta estatuez gain, aniztasun kulturalari »nazionalari» dagokion errepresentazio politikoa, nazioarteko erakunde erregulatzaileak, gobernuz kanpoko erakundeak, eta beste hainbat agente transnazional.

Egun, ordea, planteatzen ari diren Europa estatu metaketa bat baino ez da. Egungo estatuzentrismoan oinarrituta ezinezkoa da Europaren ideia erakargarri bat sortu eta sozializatzea. Horrela, sinatu berri den Konstituzioaren lehen artikuluan Europako estatuek eta europar hiritarrek fundatzen dutela esaten da. Kontraesan in terminis nabaria. Hiritarrena ala estatuena, baina zirkulu koadratura ez da ezagutzen eta ezinezkoa omen da. Europako Parlamentuan partidu estatalek agintzen duten bitartean, Europa sozialdemokrata -soziala- ez da posible izango, eta egun daraman dinamikarekin antzutasunerako biderik zuzenena da.

Honek guztiak izan den abstentzioa azaltzen du. Gero politikarien leloak etorri dira: «Ez dugu jakin komunikatzen zertan ari garen». Ezereza komunikatzea oso zaila izan behar duelakoan nago. Egun politikariek makinaria ekonomiko koipetu bat nahi dute, eta, jakina, indarrean dagoen mundializazio neoliberalean, ekonomiak biharko abantaila konparatiboak ekar ditzake, baina etzi eta etorkizunean mundu miseria baino ez du ekarriko. Egungo Europak bide bera darama, eguneroko praktikarekin ezeztatu egiten ditu munduan ordezkatu gura dituen baloreak, bere eraketa ez delako demokratikoa.

Europaren rapto berria? Zeus andrezalea zezen zuri eder batean bilakatu zen Europa neska ezin ederragoa bahitzeko. Egungo ikuspegi neoliberal eta estatuzentrista izango ote da balore unibertsalen eta ederren zezen zuri bahitzaile berria? Badirudi baietz.


ASTEKARIA
2004ko uztailaren 04a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude