Xabier Silveira: «Abantaila handia da bizitzan zer norabide izan nahi duzun jakitea»


2004ko ekainaren 27an
Bertsoa herentzian jaso omen zenuen.
Amaren osaba zahar-zahar bat hil zenean herentzian bertso zintak jaso genituen, txapelketa zaharretakoak eta. Eta nire anaia Jonek eta nik behin eta berriz entzuten genituen zinta horiek. Gustatzen zitzaigun. Bertsoa ezagutzen ez nuen garaia ez dut ezagutzen, edo oroitzen behintzat. Gainera, nik uste dut bertsolaritza, heavy-a bezala, odolean ekartzen dela.

Bertsoa ezagutzen ez zenuen garaia ez duzu oroitzen, oroitzen duzu mutil koxkorra zinenekoa?
Egia esan askotan saiatzen naiz oroitzen argiago edo irudi gehiagoz haurtzaroa, zeren eta deskubritzen hasi nahi dut non izorratu ninduten hainbeste. Baina apenas ikusten eta bereizten dudan txiki-txikitan zer gertatzen zen. Adibidez, ez naiz oroitzen askotan zer arraio egingo nuen ikastolatik ateratzerakoan. Zerbait gertatu da nire buruan, zeren hamalau-hamabost urtetik aurrera memoria oso argi daukat. Agian orain naizena hor hasten delako izango da. Txikitakoaz oroitzen naizena da, ametsetan, edo jaikita behintzat, amesten nuela norbaitek niri atentzioa deitzen zidala, "begira, begira", alegia ni nintzen inguru horretako protagonista. Hori dena bide bat da azken finean, ate bat zabaltzen hasi nuena, ez dakit noren begiradak baina nireganatzeko. Hortaz, orain bezalakoa izango nintzen baina handiagoa, nahiz eta kontrakoa gertatzen zaion jende gehienari.

Euskal Herriko finalean kazetari batek finalistak aurkezterakoan zera idatzi zuen: "tontoena lizentziatua". Zu askoz ere tontoagoa zara hori baino.
Ni beti konturatu izan naiz baboa ez naizela, txerria igual bai, baina tontoa ez. Hamabi urterekin eskolarteko txapela jantzi nuenean, nola bertsotan egiteko kapaz nintzen eta ikasteko ez, amari burua jaten hasi zitzaizkion, "ume hau da ikastolara inoiz etorri den inteligenteena" esateraino. Eta orduan bai nire etxean ez zutela ezer ulertzen: "Putaseme honek ez du ikasten, ez duelako nahi". Garai zaila izan zen. Ikastolan ez zuten onartu nahi izan nire bidea markatua zegoela, eta nire ustez umetatik ikusten zaio bakoitzari nondik nora jo dezakeen. Gaurko irakasle gehienen gabezia da hori, zenbakiak bezala tratatzen dituzte ikasleak, eta bide bakarrean sartu. Eta bide horretan sartzen ez bazara baboa zara. Baina hori bai, ni beti konturatu izan naiz baboa ez naizela.

Zergatik ez zenuen ikasten?
Azkar konturatu nintzen ikasteko ez gogo ez dohain ez neukala, gehienbat gaur egungo irakaskuntza memoria gaitasunarekin dagoelako oso lotua, eta memoria eta atentzioa ere oso lotuta daude. Atentzioa jartzen ez duenak detaile horietaz gogoratzea zaila da. Orduan ni txikitatik, edo behintzat ikastolan bai, txoroarena egitera dedikatu nintzen. Nahiko artista nintzen ozen irakurri behar izaten genuenean. Beti bazegoen hitz bat letra bat aldatzen bazenion beste hitz bat bihurtzen zena. Nik uste nire ikaskideek nirekin nahiko ondo pasatzen zutela. Baina gero ni nintzen marroi denak jan behar izaten zituena, eta hortik estuasun asko etorri zitzaidan. Ikastolatik dudan oroitzapena kontraste hori da, besteen irri artean nire trantzea. Lazkako-Txikik esaten zuena askotan: «Beti barrea eragin nahian nahiz eta barrutik negarrez bizi». Hala ere, aitortu behar dut institutuko urte eta erdian gauza batzuk ikasi nituela. Institutua Beran geneukan, eta ni egunero joaten nintzen. Bota ninduten eta joaten jarraitzen nuen, jendearekin egoten nintzen. Azken batean hamabost urterekin piper egilearen bizitza gaizkile bizitza da, ibili behar duzu hara eta hona, eta tabernetan karta jokoak perfekzionatzen bukatzen duzu, apustuak egiten, behintzat jolas orduan bokata pagatzeko.

Barraren kanpoaldean kartetan ikasi zenuen; zer eman dizu barra barrualdeko lanak?
Diru gutxi eta sufrimendu asko. Baina bertsotan aurrera egin dudana, behintzat bertsoaren edukian, tabernari izan naizen artean egin dut. Kaleko bizitzan edo tabernetan hogei urte daramatzaten berrogei urteko horiekin bizitzaz aurrez aurre hitz egitea, eta beraiek, arrazoia eman edo ez eman, beren denbora zurekin konpartitzeak ziurtasun bat ematen dizu gero edozeinekin hitz egiteko. Badakite bizitza zer den.

Azken txapelketako gaia: "Zure inguruan depresio asko ikusi dituzu". Bete-betean asmatu zenuen, horrelako asko ikusi al duzu?
Bai. Badauzkat lagunak psikiatrikotik pasatakoak. Gure bizimodua, gure taberna, erdi gaupasa, droga mundua... Drogak berez ez dira txarrak, baina ez dira onak. Drogak substantziak dira, gero pertsonak daude. Pertsonak buruarekin jolasten hasten garenean, denetik gerta daiteke. Eta nik ikusi dut errealitateari aurre egiteko gai ez den jendea , eta nahiko gaizki bukatu duena. Pertsona hori desfasatzen hasten den momentutik gaizki bukatzen duen arte urte batzuk joaten dira, eta bat baino gehiagoren prozesua ikusi dut. Hortik ateratzen zaizkizu batetik bertsoak, bestetik malkoak. Konturatzen zara jendea askotan konturatzen ez den gauzetaz. Barrutik ikusten dituzu, analizatzen duzu, eta zergatia ere aurkitzen duzu askotan. Eta gauza horiek gertatzeko arrazoi nagusia bizitzaren norabidea ez ezagutzea da. Hor galtzen da jendea gehienbat. Ez dut uste ez gabeziek ez gehiegikeriek, droga izan daitekeen bezala, hondatzen dutenik pertsona, baizik eta norberak bere burua ez kokatzeak eta bere lekua ez aurkitzeak. Hori da gehienbat izorratzen gaituena.

Zuk bertsotan bilatu duzu zure lekua?
Egia esan, orain hasi naiz sinesten honetarako jaio nintzela. Orain hilko banintz, behintzat funtzio bat izan dut, eta bide logiko bat nire bizitzan. Jende askok ez dauka hori. Eta abantaila nahiko handia da bizitza honetan jakitea zer norabide izan nahi duzun, edo zer norabide daramazun. Bestela, beti bueltaka zabiltza eta ez dakizu aurrera edo atzera zoazen.

Eta norbere lekua bilatzeko zer egin behar da? Ibili, ikusi, pentsatu...
Lehenengo gauza, pentsatu, eta zarena ezagutu. Gaur egun txikitatik eskolan sartzen gaituzte. Egon zintezke hogeita hamar urtez eskolan, edo hamalau urterekin eskola utziz gero, biharamunean lanean zaude. Bizitza lotuegia daukagu. Ni, uste dut, ezer-ezer egin gabe egon nintzen bi urtetan heldu egin nintzela. Hamasei-hamazazpi urte izango nituen, dirurik batere ez, ezin beti parrandan ibili, ezin hau edo hura egin, eta denbora askoan aspertua egon behar izan nuen, baina burua ez da pausean inoiz egoten. Norbera ezagutzeko kristoren bidea da hori, eta norbera ezagutzea da lehenengo gauza, besteak ezagutzen hasteko. Zeren eta leku batean beti zara zu gehi lekua eta lekua gehi zu, berdin du lekua aldatzeak zu aldatzen ez bazara, edo berdin du zu aldatzeak ere lekua aldatzen ez bada.

Askotan egon izan zara pentsatzen zure baitan? Non zauden, zertarako...
Nik uste baietz. Asko edo gutxi, ez dakit, baina pentsatu dut. Ez dut esango nik arrazoi absolutua dudanik, baina bai nire bizitzari egokien doakiona, nire arrazoia bilatu dut. Egiten ditudan gauzak motibo batekin egiten ditut eta horrek ekartzen dit damutzekotan egin ez ditudan gauzez damutzea, eta ez egin ditudanez.

Eta bertsoak bilatu al du bere lekua?
Ez erabat, ni bertsoa frontoietan eta zineetan ikusteaz nazkatua nago. Bertsoa gehiago ikusten dut bertso afari, bazkari eta formula horietan. Hor zuk erabakitzen duzu noiz nahi duzun jendea barrez jartzen saiatu eta noiz negarrez. Hor hasi naiz nire lekua ikusten. Eta, bidenabar, konturatzen beste bertsolari gehienak ere, ni bertsozale paperean jarriz gero, askoz hobeak iruditzen zaizkidala beraien buruez bakarrik dependitzen dutenean. Gai jartzaile bat etortzen denean bertsolariak baino gehiago ikasi duela edo dakiela erakustera, bertsolariek asko galtzen dute. Nire ustez gai jartzaileak inprobisatzailea behar luke, mahai-inguruetan egoten diren moderatzaileen moduan gutxi gorabehera. Gai jartzaile gehienek utzi egin beharko lukete. Baina zer gertatzen da? Hor dabilenak zera bilatzen du: zein da plazak egiteko B opzioa? Gai jartzaile izatea. Nire ustez gai jartzaileekin egin beharko liratekeen saioak beti beharko lukete txapelketa izan. Zeren eta ez badugu lehiatu behar, zertarako behar dugu seriotasun hori? Bertsoa izango da kirol bakarra, kirola bada, beti lagunarteko partidak jolasten ari garena.

Orduan bi aukera daude: jaialdiak bertso afari formulara moldatzen dira, edo asteburu oro txapelketa jokatzen da.

Kontua da oraingo txapelketaren itxura gehiago dela koparena: eliminatu jende pila bat zortzi finalista gelditu arte. Nik interesgarria ikusiko nuke, adibidez, liga bat egingo balitz, liga bat hogei bertsolarirekin edo hemezortzirekin. Hiru jaialdi, asteburu oro puntuatuko liratekeenak, eta sailkapen bat irailetik ekainera arte. Lehen maila, bigarren maila, igo, jaitsi... Nik uste askoz gehiago jarraituko lukeela jendeak, zeren eta gaur egun iruditzen zait bertsozale asko urruntzen dela lehiakortasun eza hori ikusita. Oso jende gutxi dago, Mendiluze bakarrik dela ez esatearren, jaialdietako bakarkako gaietan beti saiatzen dena kaña ematen. Nik zazpi puntuko edo bederatziko oso gutxi bota dut jaialdi normal batean. Hamarreko batean hasten zara, gainetik kendu, eta ez diozu zure buruari apenas erdia exijitzen. Eta nik ikusten dut zalea konturatu dela guk ez dugula eman dezakegun guztia ematen.

Horregatik etorri da behera 90eko buelta hartako bertsolaritzaren booma?
Behera etorri da guk ez dugulako asmatu bertsoa gazteak dauden lekuetan txertatzen. Boom hura bertsolari belaunaldi batek lortu zuen, bere belaunaldiko jende dena erakarri zuelako. Hori da gure belaunaldia egiteko gai izan ez dena. Ez da urte haiek urte haiek zirelako, gehiago da gu gure gurasoei abestera joaten garelako. Eta gure gurasoek nahikoa egin dute gu hezten orain gu agoantatzen jarraitzeko.

Eta bertsokerak ez al du zer ikusirik? Jorratzen diren gaiek, erabiltzen diren esaerek...
Hori ere bada. Gure hiztegia aberatsa baino gehiago inpresionista dela esango nuke nik, inpresionatzeko erabiltzen duguna. Ez da hitz horiek duten erran nahia literarioki, baizik eta kanpotik begiratuta eman nahi den itxura. Jende gazte askok ez du hurbileko ikusten ez hizkera hori ezta jorratzen ditugun gaiak ere. Zeren gai jartzaile gehienen pasioa izanik jende oso burutsua dela argi uztea, entzule gehienak bere burua tontotzat dauka. Tontoago sentiaraziko zaituen norbait entzutera ez dut uste inor joango denik.

Eta, hala ere, zu gero eta gehiago identifikatzen zara garai bateko bertsolarien bertsokerarekin.
Niretzat, Txirrita, Pello Errota... Denboraren makina bat baneuka garai hori da bizi nahiko nukeena. Garai horretara arte ez zegoen txapelketarik, saio bakoitza erronka bat zen. Gero txapelketekin gaiak etortzen dira eta hor hasten da galtzen bertsoa. Gu orain "Zaharrak Berri Xou" sortuz horretan saiatu gara, erronka hori berreskuratzen. Ondo abestuz, errimatuz eta ziri joko horretan sartzea lortuz, jendeari gustagarri egiten zaio bertsoa. Irakeko gerraz hitz egin behar baduzu, gainera gurea ez den ikuspuntu batetik, jende gutxik bilatzen du hor interesgarritasuna.

Amurizak bide berriak zabaldu zituen, Egañak bide horiek aurrerago urratu, orain nork eta nondik berrituko du bertsolaritza?
Momentu honetan gehien ikusarazi didana Maialen Lujanbio izan da, gehienbat bakarkako lana lantzeko moduan. Gu, urte gehiegiz, Egaña imitatzera jokatzen egon gara, eta Egaña hiltzen den arte ez du inork berak baino hobeto egingo. Egaña herri gehienetan egon da eta hurrengo urtean joaten bagara gu berak egin duena hobeto egin nahian, denek ikusiko dute tranpa, ez dituzte bertso onak entzungo, eta horrela hamabost urte daramatzagu. Horregatik, azken boladan, Maialenekin flipatu dut gehien. Maialenek bakarkakoarekin egin duena da kontzeptu bat eta errima bat hartu, eta ikusi, bere buru barrutik ikusi eta kantatu. Bere bertsokera bat garatu du, bere estiloa, eta batez ere, bertso hori berez dena baino hobea izateko kantatzen ari den bitartean segundo oro saiatze hori. Orain gehien eskertzen dudana hori da, bertso osoa. Bost bukaerako hamarreko bat, baina ez bukaera orain arte egiten dugun bezala: bukaera jarri, eta tak-tak errimatu. Ez, baizik eta esaldiak, esanahia duten esaldiak.

Zuk ere ekarri duzu iraultza txiki bat oholtzan egoteko moduan: sentsazioak kaleratzea. Askok bestela usteko du, baina ez duzu inkontzienteki egiten, ezta?
Ez dut esango aurten planeatuta neukanik bakarkakoa bukatuta ostiko bat jotzea, baina kontziente nintzen, daramadan aurretiko jarrera hori da, bururatzen zaidana egin behar dut: gola sartzen badut hegazkinarena eta kanpora botatzen badut, zortzi aulki txikitzen ditut. Hori bi gauzagatik: bat, bestela bertsolaritza super estatikoa iruditzen zaidalako, eta bi, jendearentzat nahiko erakargarri izaten delako norbait pailazokeriatan ibiltzea. Gainera, nire oihartzun mediatikoa lortzeko, saioak egin ditzadan, hori behar dut nik. Zeren badakit, edo uste dudana da, agian final batean ez dudala ongi abestuko, baina bertso afari batean edo "Zaharrak Berri Xou" batean zerbait arraroa gertatu behar zait bertsotan ondo ez egiteko .

Inoiz zalantza izan duzu sentsazio bat kaleratzerakoan, edo atzera egin zerbait egiten hasita?
Aurtengo txapelketarako izan banuen zalantza zerbait egin edo ez egin, gero apenas zalantzarik neukana kartzelara eramango ninduela. Horregatik ez nuen egin, baina burutik ezin dut kendu munduan edo Europan zabaltzen bada Euskal Herrian preso politiko modernoak badaudela, abesteagatik kartzelan dagoen norbait, indarra izan dezakeela. Tira, uste dut urrutiegi joaten ari naizela. Dena den, bertsotan arazo politikoak salatzea, edo errepresioaren aurkariak goraipatzea, nire betebehar bat bezala ikusten dut. Lagun gehiegi daukat ihesean edo kartzelan, horiek ez baleude bezala jarduteko.

Eta bertsolariak, salatzeaz gain, zer gehiago egin dezake Euskal Herriko egoera konpontzeko?
Gauza asko. Bertsolaria beti izan da herriaren ispilua, horregatik daude ideologia desberdinetako bertsolariak. Gozategik esaten zuen: "Lortuko degu baina denok alkartuta", baina denok elkartzeko ikusi behar baditugu Arnaldo, Josu Jon eta Errazti mahai berean jai daukagu. Aldiz, aurrera egin daiteke jendeak ikusten badu hiru horiekin identifikatzen duen jendea bat eginda, eta horren eredu da bertso eguna, han biltzen garelako afaritan tendentzia guztietako euskaldun abertzaleak. Beraz, Bertsozale Elkarteak eta baita bertsolari guztiok ere ardura handia dugu, eta subjektu politiko inportante bat izango gara prozesu hori hasten denean.

Amaitzeko, ez zara gogoratzen zure burua non zegoen hamar-hamabi urterekin, baina hemendik hamar-hamabi urtera non ikusten duzu?
Azken hamar urteotan nire bizitza bertsoetara zentratuko zen egoera bat bilatu dut, eta egoera hau lortzen hasi naizenean gertatzen hasi zaidana da heriotzari izugarrizko beldurra hartu diodala. Orduan, entzun dizudanean hamabi urte barru, pentsatu dut: "Ba ez banago hila, oxala bertsotan jarraitzea". Baina ez pentsa, bertsoez gain, nik ere baditut nire ametsak, agian esan ezin direnak baina esango ditudanak: gangster edo horrelako zerbait izan nahiko nuke, nahiz eta Euskal Herrian oso zaila den. Euskal Herrian ez dugu ezta gangster izateko eskubiderik ere!

Curriculuma
- Jaio: Lesakan, 1976an.
- Bertsolaria

Ibilbidea
- Gazte mailako Euskal Herriko eskolarteko txapeldun 1994an.
- Xalto sarian txapeldun 1995an.
- Bertso paperetan sari batzuk irabaziak ditu.
- Nafarroako txapeldun 1997an eta 2004an.
- 2001eko Euskal Herriko Txapelketa Nagusian finalerdietara iritsi zen.
- Nafarroako txapeldun 1997an eta 2004an.

Lanak
- Tabernaria.
- Hainbat komunikabideetan iritzi gile.
- Gestionik taldeko kantari izan zen.
- Zaharrak Berri Xou bertso saio bereziarekin herriz herri dabil.

Poesia
«Egunero bi edo hiru egunkari irakurtzen ditut eta gauza zentzuzko gutxi aurkitzen dudanez, orekatzeko, poesia irakurtzen dut. Poesiatik gehien betetzen nauena buruan dauzkazun mila zalantza edo mila teoria hor bi lerrotan plasmatuak ikustea da. Dena esan gabe, ikusteko moduan. Gaztelerazko poeta zaharrak irakurtzen ditut, telebista aroaren aurrekoak eta pentsatzen duen jendearekin hitz egitea bezalakoa da. Ez da askotan gertatzen».

Dena da posible
«Hamahiru urterekin kalean Xebastian Lizaso ikusi eta zera esan nion: "Zuk ez dakizu nor naizen, baina jakingo duzu". Eta badaki. Hori izan da dena posible dela eta gure ametsak betetzeko daudela erakutsi didana. Hori bai, ametsak ahalik eta urrutien kokatu behar dira. Zeren helmuga urrun baduzu, ez zara helmugara helduko, baina bide horretan nahiko urrutira bai».

BERTSOA
Doinua: Hil da Canovas

Helburu eta norabideak
markatu eta jarraitu,
horrek egiten duzun guztia
zentzuzko bihurtzen baitu.
Baina bidean aurreratzean
hiltzeak kezkatzen zaitu,
eta agian behar zenuke
bideko martxa lasaitu,
helmugaraino inguratu bai
baina ez dadin amaitu?


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude