Etxean uso izan eta Europan otso ageri


2004ko ekainaren 27an
Gu, erabakigune ez garenok, hautestontzirako bidean bizitzera kondenatuta gauzkate erabakigune propioa duten beste horiek. Paradoxa dirudi gureak: aukera egiteko eskubiderik izan ez eta etengabe hautesle bihurtuak. Informazio-autopistak nagusi diren honetan hizkeraren perbertsioa itzela da. Hitzak inoiz ez dira hain hutsalak izan. Hitz berak aho batetik edo bestetik aterata kontrako esangura izan dezake. Askatasuna, demokrazia, burujabetza, eskubideak, esku hartzea, jasangarritasuna.... nire pentsaeraz beti ere, izana ez duten izenak dira.

Hiztegia hartu dut. Hauteslea: «Hautatzeko eskubidea duena». Hautatu: «Aukeratu, zenbait gauzaren artean bat edo batzuk hartu; boto bidez aukeratu». Azken urte eskasean hiru bider jaso dut etxean, nire izenean, hautesle-zerrendan izanaren ziurtagiria. Baina ni ez naiz hautesle, aukera egiteko berezko dudan eskubidea ukatu egin didatelako, berriz ere; nonbait, nire eskubide horrek ez du euren legeetako hitzetan lekurik. Jite kontua seguruenik, talantea edo, baina otsailekoen jitea eta ekainekoena jite bera da, zezen-larruko erabakigunean sartzen ez dena ukaziora daroatenen jitea.

Europarako hauteskundeak izan dira azkenak. Hemen demokrazia izan balitz, eskubide guztiak, aukera egitekoa barne, herritar guztiontzat izan balira, batzuek zein besteek, Euskal Herria ezkerrean edo eskuinean, hau funtsezkoa izanda ere, baina erabakigune nahi dugunok zein erabakigune bakarra zezen-larrua dutenek, boto-plazan izango ginatekeen proiektu politikoen derrigorrezko lehia demokratikoan, eta euskal gizarteak hautatuko zuen azkenean. Lehia horretan Europa ulertzeko hamaika bide egongo ziren plazan aukeran, eta Euskal Herriak Europa horretan beharko lukeen lekuaz beste hainbeste.

Baina hemengo demokrazia itxurazkoa da. Batzuoi ukatu egin digute botoa gure konfiantzazkoari ematea, aukera-eskubidea beraz. Eta ez da lehenengoa izan. Etengabeko ukazioan bizi gara, are gehiago azkeneko hilabeteetan, hauteskunde-zerrendetatik haratago ere. Sinn Féineko hautagai batek esana du, HZ legez kanpo utziaren harira: «Egitez, euskaldun izatea debekatu dute». Esaldi motzak ezin hobeto islatzen du gure errealitatea, legez kanporatze horrekiko hainbat abertzalek izan duten azaleko jarrera dudazkoak baino: bai, baina... Ukazio globalaren garai honetan lastima ematen du abertzale batzuek Europaren neurrigabeko apologian aritzen ikusi izanak. Horien esanetan, Europako paradisuan ditugu euskaldunok gure eskubideak gauzatuko. Fede larregi eskatzen du sinesmen horrek eta ni euroezkorra naiz. Ez dakit zergatik behar dugun Europa bat, handi eta libre eraiki behar, hurbileko erabakiguneen etsai, are gehiago merkatariena bada. Baina tira, hor gara.

Galderak datozkit segidan burura, lortuko ote dugu euskaldunok urruneko boteregunean hurbileko estatuek ukatzen digutena? Zelan egin barruan euskaldunok kanpo hurbilean gure erabaki esparrua onartu dezaten? Zelan Herri legez agertu kanpo guztietan? Lehengoan, enpresaburuekin egindako mahai-aldi batean, HZrekin biltzeko mahairik ez omen, Ajuria Eneko lehendakariak kontzeptuak malgu hartu behar direla bota zuen "Europako Batasunean burujabetzak eta independentziak tokirik ez dutelako". Ederra gero! Tira, Europako beste nazio guztiek daukaten burujabetza eta independentzia falta bera nahi dut nik euskaldunontzat ere, ez gehiago eta ez gutxiago. Estatua ona bada besteentzat euskaldunontzat ere, eta bestela denok euroeskualde izan eta kito. Izan gaitezen serio, ozenago esan daiteke baina ez argiago, eta zezen-larruko erabakitzaileek argi dute esana egunotan: "Europa berrian estatuen mugak zabaldu egiten dira »monarkak ezkontzen ez badira behintzat», baina ez desagertu". Eta sinistuta nago horrela dela.

Dena dela, ukaziorik ukazio, hemengo panorama politikoa argituz doa: nork-nori-zenbat. Betiko ezker abertzaleak pragmatismo hitza sartu du bere hiztegian, eta, kontuak kontu, Euskal Herrian diren eragile politikoen artean lasaien ageri da, azken sasoian hartutako bidean gerorako urrats sendoak emanez; horra HZren emaitzak. Izan ere, datozen hauteskundeak Ajuria Enekoak dira eta kotoi-froga ezin hobea izango dira batzuen esanak ekinetan neurtzeko. Berriro zerrendak legez kanpo utziko ote? Berriro hitzetan geratuko ote, nor eta hauteskunde-deia egin behar duena? Eszenatoki ezin hobean antzeztuko dira autonomikoak.

Baina gehiago argitu behar da. Euskal Herria erabakigune nahi dugunok elkarlanean aritu behar dugu, barruan zein kanpoan hori ukatzen digutenekin lehia demokratiko sutsuan. Baina Euskal Herria neoliberala nahi ez dugunok ere elkarlanean aritu behar dugu, barruan zein kanpoan erabakigune honen edo haren izenean gaurko globalizazioaren bidetik eraman nahi gaituztenekin lehia demokratiko sutsuan. Azken finean, sutan jartzean probatzen da nolakoa den eltzea. Euskal eltzeak euskal sua du behar, badaezpada ere. Eta gaur-gaurkoz sukaldean beste su-mota dela, presio-eltzea behar dugu, euskal sukaldaritza benetan berria izango bada. Eta horretan benetan hautesle izango naiz. n


ASTEKARIA
2004ko ekainaren 27a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
#3
Nagore Iturrioz Lopez  |  Yolanda Porres García  |  Steilas sindikatua
#4
Zigor Olabarria Oleaga
#5
Gorka Peñagarikano Goikoetxea
Azoka
Azkenak
2024-04-30 | Gedar
Pertsona afroamerikar bat erail du Poliziak AEBetan, belaunarekin lepoa estutu ostean

Istripu batetik ihes egin zuela aitzakiatzat hartuta, taberna batera sartu, lurrera bota eta buruz behera lotu zuten poliziek 53 urteko gizona. Zortzi minutuz izan zuten lurrean.


Nola landu desirak, aniztasun sexuala edota identitatea 12-18 urteko ikasleekin?

Gorputzak, identitateak, desirak, justizia soziala, ahalduntzea eta memoria: sei arlo horien bueltako unitate didaktikoak kaleratu dituzte, DBH eta Batxilergoko ikasleekin lantzeko. LGBT+ pertsonen testigantzak, diskriminazioa eta aldarrikapenak oinarri, “armairuan... [+]


Eguneraketa berriak daude