Etorkizuneko Botoak


2004ko ekainaren 27an

Eusko Jaurlaritzak eman berri duen pausoak etorkizunean boto sistema elektronikoek izan dezaketen garrantziaz ohartarazten gaitu. Jaurlaritzak hilaren 14an onartu zuen boto elektronikoa emateko lege-proiektua. Hala, Eusko Legebiltzarrak oniritzia ematen badu, udaberriko hauteskunde autonomikoetan Demotek sistemaren bidez bozkatu ahal izango du hainbat herritarrek. Izan ere, lege-proiektuak aurrera eginez gero, aipatu sistema ez da Autonomia Erkidegoko hauteskunde zentro guztietan aplikatuko. Hasiera batean, hautesleku bakar batzuetan baino ez da izango botoa Demotek sistemaren bidez emateko aukera.

Boto sistema elektronikoez hitz egitean, funtsean, bi sistemez ari gara: hautestontzi eta boto txartel elektronikoak nahiz pantaila ukigarriak bezalako bitartekoak erabiltzen dituenaz eta Internetez. Europako hauteskundeetan, hainbat herrialdeko hautesleek erabili ahal izan dute pantaila ukigarria oinarri duen sistema, nahiz eta orokorrean proba pilotu gisa aplikatu den. Portugal eta Frantziako sei hauteskunde kolegiotan, esaterako, Indra konpainia espainiarraren Poin&Vote sistemaren bidez bozkatzeko aukera izan zuten herritarrek, proba pilotu moduan. Hautesleek nahikoa izan zuten pantaila batzuetan agertzen ziren alderdietako baten izenaren gainean behatza jartzearekin. Gainera, Vandoeuvre-lés-Nancy udalerrian sistema hau modu ofizialean aplikatu zen, emaitzak aintzat hartuz.

Bestalde, hautestontzi elektronikoak erabiltzen dituen sistemaren ezaugarriek, arrazoi desberdinak direla-eta, hedabideetan oihartzun dezente izan zuten EHUko errektoretzarako hauteskundeetan. Aurrerago berriz ere hizpide izango ditugun hauteskundeotan erabilitako hautestontziek ohikoen aldean ez dute desberdintasun nabarmenik, azken finean, hautesleek bertan sartu behar baitute boto txartela. Alde horretatik, Demotek sistemak ez dakar berrikuntzarik. Botoa eman nahi duenak derrigor joan behar du mahaira. Hara iristean, nortasun agiria erakutsi eta botoa ontzian sartuko du. Hori bai, boto txartel elektronikoa ez da kartazal batean sartu behar. Nahikoa da hura markatutako lekutik tolestearekin. Txartelak banda magnetiko bat dauka eta hura irakurtzen du hautestontziak.

Internet bidezko boto sistemari dagokionez, ordea, sarera konektaturiko edozein ordenagailutik bozka daiteke. Interneti esker, abstentzioa murriztu egiten da, atzerrian bizi diren herritarrek zein mugikortasun arazoak dituztenek botoa emateko aukera gehiago baitaukate. Gurean, gainera, bada bozkatzeko askatasuna benetan berma dadin lortzeko Internet beharrezkoa dela dioenik, arrazoi politikoak direla-eta mehatxupean bizi diren herritarrek botoa askatasun osoz emateko zailtasunak izaten omen baitituzte sarri.

Boto sistema elektronikoek bozketa prozesua izugarri arintzen dute eta hori da duten abantaila nagusia. Botoak kontatzeko zein emaitzak helarazteko unean denbora dezente aurrezten da, bi prozesuak automatikoki egiten baitira, hautestontziak itxi eta berehala.

Mesfidantza sortzen dute

Hauteskunde prozesu demokratiko guztietan, badira derrigorrez bete behar diren baldintza batzuk: pribatutasuna, fidagarritasuna, gardentasuna eta anonimotasuna bermatzeaz gain, botoak sekretua izan behar du, norberak behin bakarrik bozka dezake, botoa ezin da faltsifikatu ez saldu, azken emaitzetan boto guztiak azalduko dira (nuluak barne) eta emaitza horiek konprobatzeko aukera izan behar da. Ezaugarri horiek dira, hain justu, boto sistema elektronikoarekin mesfidati agertzen direnek euren kritikak arrazoitzeko aipatzen dituzten argudioak. Askorentzat, sistema hauek ez daukate guztiz ziurtatzerik norberaren botoa sekretupean geratuko denik edo emaitzak manipulatzerik ez dagoenik.

Gainera, Internet bidezko bozketa sistemari buruz zalantzak are handiagoak dira, hackerren nahiz birusen erasoez gain, kontuan izan behar baita norberaren benetako identitatea ezkutatzea posible dela. Alegia, ez dago ziur jakiterik botoa ematen ari dena benetan izena erregistratu duena denik.

Zalantza horiez gain adituek beste puntu bat ere aipatzen dute. Herritarrek teknologia berrien inguruan duten ezagutza. Boto emaileak sistema onartu eta ezagutu egin behar du, honek mesfidantzarik ez sortzeko, eta oraindik bide luzea egin behar dela argi dago. Herritarrak konbentzitzea ez da hain erraza. Are gutxiago askori arrotz zaien bozketa sistema baten inguruan. Hautesleek ez dute mutur aurrean jartzen zaien edozein makina erabiliko.

Gainera, bada aipatutakoarekin lotura duen beste ezaugarri negatibo bat, batez ere Interneten kasuan nabarmentzen dena: haustura digitala. Teknologia berriak ez daude guztion eskura eta horrek zatiketa digitala handituko ez ote duen galdetzen du zenbaitek.

Eta boto nuluak?

Aurrez esan dugu bozkatze sistema orok bete beharreko baldintza dela boto guztiak kontuan hartzearena. Bada, boto elektronikodun sistemek ez dute hau bermatzen, boto nulurik ezin baita eman. Botoa aukera konkretu bati eman behar zaio derrigorrez. Euskal Herrian, zenbait alderdi politikok hauteskunde prozesu desberdinetan boto nuluaren aldeko boza eskatu duela kontuan izanik, aipatutakoak garrantzia berezia hartzen du. Europako hauteskundeetan, adibidez, Demotek sistema erabili izan balitz, Hego Euskal Herriko hautesleek ezin izango zioketen botoa Herritarren Zerrendari eman. Eusko Jaurlaritzak onartu berri duen lege-proiektuak ere ez du boto nulua aurreikusten eta alderdi politikoek lege-proiektua Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzean, ez da dudarik aipatutakoak zeresan franko emango duela.

EHUko errektoretzarako hauteskundeetan ere boto nuluak ez ziren onartu eta horrek eman zuen zeresanik.

EHUko errektoretzarako hauteskundeak

EHUko errektoretzarako hauteskundeak iragan martxoan eta apirilean egin ziren. Aurreneko itzulian zazpi hautagaietako batek ere ez zuen botoen erdia lortu eta, ondorioz, boto gehien jaso zituzten biak (Juan Ignacio Perez Iglesias eta Iñaki Antigüedad) igaro ziren bigarren itzulira. Bigarren itzulian Juan Ignacio Perez Iglesiasek irabazi zuen. Hauteskunde horietan Eusko Jaurlaritzako Hauteskunde Prozesuen eta Agirien Zuzendaritzak bultzatutako Demotek sistema erabili zuten. 78 hautestontzi elektroniko paratu ziren EHUko Gipuzkoa, Araba eta Bizkaiko campusetan eta guztira bi milioi boto-txartel egin ziren. Demotek sistemak ondo funtzionatu zuen, baina hala ere hainbat kritika jaso zuen. Haserre handiena lehen itzulian hirugarren lekuan geratu zen Francisco Doñate hautagaiak erakutsi zuen. Askorentzat sektore konstituzionalista ordezkatzen zuen hautagaiak Demotek sistemaren fidagarritasun eza salatu zuen: "Sistemak ez du garantiarik. Botoak ez dira eskuz kontatu; elektronikoki kontatu bezain pronto boto txartelak apurtu egin dituzte. Ez da emaitzak inpugnatzeko aukerarik izan". Doñatek "putxerazo" baten itzala ere ikusi zuen bozkatze sistemaren atzean.

Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak argi utzi nahi izan du kexarik egonez gero mahaietako presidenteek mekanikoki kontatu ziren botoak atzera berriz ere eskuz kontatzeko obligazioa zutela, baina halakorik egiteko eskaerarik jaso ezean, legeak txartelak apurtzeko baimena ematen duela. Bestalde, Iñaki Goirizelaia EHUko Elektronika eta Telekomunikazio Saileko irakasleak ere botoak manipulatzea ezinezkoa dela adierazi zuen eta mahai batzuetan botoak eskuz ere kontatu zirela ziurtatu zuen.

Boto sistema elektronikoek sorrarazten dituzten zalantzek argi erakusten dute horiek aplikatzen hasi aurretik gauza dezente hartu behar direla kontuan. Gainera, oraingoz hauteskunde legeak ez ditu sistema hauek onartzen.

www.euskadi.net/botoelek helbidean, boto elektronikoari eta Demotek sistemari buruzko informazio gehiago.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude