Juan Martinez de Irujo: Pilotalekuko Errege berria

  • Ekainaren 6an urtea beteko du profesionaletan Juan Martinez de Irujok, Iberoko aurrelariak. Pilotalekuetara haize freskoa ekarri duen pilotariak, okerrik ez dela, egun horretan jokatuko du urteko partidarik handiena: buruz buruko finala.
Koldo Aldalur
2004ko ekainaren 06a

Kantxan eta kantxatik kanpora lotsa handirik ez badu ere, ezin esan lotsagabea denik. Ausarta bai, gaztea, eta zabalean pilota uzten duen ausardia berarekin erantzuten die galderei. Zuzen.
Astelehen buruzurian egin dugu topo berarekin Uharte Nafarroako herriko kiroldegian. «Egunero bezala, bederatziak aldera etorri eta eguerdi aldera arte lan fisikoa egiten saiatzen naiz hauen laguntzarekin». Hauek, Barriola, Martinez de Eulate eta Chafee dira. «Egin iezazkiok galdera zailak, hala ere ez duk beldurtuko-eta», dio agurtu ere egin baino lehen leitzarrak. «Euskaraz ez bada, ez dago galdera zailik», azkar erantzun Iberokoak. Adar jotzea derrigorrezkoa balitz punta-puntako pilotaria izateko, lehenaz gain, hoberenen artekoa litzateke azken boladan esku pilotak ezagutu duen aurrelari biziena.

Nola hasi zinen pilotan?
Egia esateko, Iberon askoz aukera gehiago ere ez dago. Berrehun lagun inguru gara. Gurasoen etxea, Ezkoz, XVII. mendetik Irujotarren bizileku izan dena, pilotalekuaren aurre-aurrean dago. Herri txikia denez, beti izan ohi da bakarren baten aurka aritzeko modua. Alde horretatik, herri txikietakoak pribilegiatuak gara.

Gainera, zu pilotari kastakoa zara...
Bai, berez ez dakit ez ote naizen zazpigarren edo zortzigarren Martinez de Irujo. Aitona txukun aritzen omen zen, aita munduko txapeldunorde izan zen trinketean, eta osaben artean, Javier, munduko txapeldun izatera iritsi zen. Hasi nintzenean, ordea, ez dakit zergatik, Irujorekin gelditu nintzen, eta hala beharko du.

Sei urterekin aitak Iruñeko Oberena pilota eskolara eraman zintuen. Harrezkero beti eskuz, ala?
Txikitan herrian palaz eta erremontean ere aritu ohi ginen, baina aitari ez zitzaion gustatzen, jotzeko erak ezberdinak direlako. Eskuz jokatzen ikasten duenak ez du gero arazorik erremintaz aritzeko. Baina, alderantziz bada, ohitura txarrak hartzen dira. Orain ohartzen naiz aitak arrazoi zuela.

AFIZIONATU LUZE ETA INDARGEA


Ez zinen izan zu afizionatuetan gainerakoak txikitzen dituen horietakoa.
Ez. Ba omen nuen pilotari sena eta itxura, baina indar zipitzik ez. Luzexka eta meharra nintzen hemeretzi urte ingurura arte. Hilabete gutxian, hamahiru zentimetro luzatu nintzen eta ia hogei kilo hartu. Ondorioz, banekien non jarri nahi nuen pilota eta gainera gauza nintzen desio hura gauzatzeko. Salto ikaragarria jo nuen.

Dena beharko zenuen profesionaletan...
Afizionatu eta profesional mailen artean alderik nabarmenena abiadura da. Debuta egin eta estraineko lauzpabost partidetan lan erdietatik aurrera itota, txikituta, aritzen nintzen, eta lehia ez zen nahi orduko iristen hogeita bira. Ohitze kontua itxuraz. Orain askoz ere arinago egiten zait partida itxuroso hasi eta itxuroso bukatzea.

Zerikusirik izango du Juan Iribarrenek...
Bai, zerikusi handia. Irailetik ari naiz haren aginduetara prestatzen. Entrenamendu entretenigarriak antolatzen dizkigu, eta zertan ari den ederki dakiela iruditzen zait. Hilabete honetan sei kilo gihar hartu ditut eta hori kolpean igartzen da. Eskuz koadro bat gehiago jotzeak eragin izugarria izan dezake. Neure buruarekin harrituta nago, eta era berean pozik, pentsatu ere ez nuelako egiten gaur maila honetan egon nintekeenik.

Gazte mailako kontuak aipatzean, irribarrea ateratzen zaio Iberoko pilotariari. Profesionaletara pasatu zeneko garaira iristean serioago jartzen da, profesionalago.
Bi eskaintzak izan nituen, bata Asegarcekoa eta bestea Aspekoa. Ekonomikoki ez zen alderik bien artean, baina Asegarcek lau urterako sinatzea nahi zuen, eta Aspek bi urteko kontratua egin nahi zidan. Horregatik erabaki nuen Asperekin jokatzea. Erabakia hartzean, pentsatu ere ez nuen egin hain epe laburrean binakako finala jokatuko nuela, eta, pilotaren egun handienean, buruz buruko finalean, kantxan izango nintzela, ez. Nire ustez, kontratu motzak sinatuz pilotari gaztearen motibazioa are eta handiagoa da.

Bi enpresa nagusi eta beste hainbat txikiago izateak ez dirudi kaltegarria pilotariarentzat.
Azken hilabeteetan Aspe eta Asegarceren arteko harremanak normaldu egin dira eta badirudi egoera baretu egin dela. Aukera bat baino gehiago izatea beti da ona pilotariarentzat.

GERTUAGOTIK BEGIRATUTA


Kontaiguzu nolakoa den astegun buruzuri bat zuretzat.
Gosaldu ondoren, Uharteko kiroldegian biltzen naiz besteekin eta hiru bat orduko entrenaldia egiten dugu: barruan, lehendabizi, pesak egin eta malgutasuna eta indarra landu; eta, eguraldia lagun bada, kanpoan gero, pilota goxoarekin edo takoak jarrita frontoian. Arratsaldetan, ahal dudan guztietan, Iruñea erdialdeko AEKra joaten naiz Martinez de Eulaterekin batera, euskara ikastera. Gogorra egiten zait, baina merezi du. Bi ordu eta erdiz aritzen gara egunero. Ea utzi gabe jarraitzen dudan, eta halakoren batean euskaraz hitz egiteko gai naizen. Dagoeneko hirugarren mailan nago, eta gutxika-gutxika aurrera noa.

Nafarra, txapelduna eta euskalduna. Ametsa al da?
Betidanik jakin nahi izan dut euskaraz. Eta gaur egun, nik baino gogo handiagoa duenik ez dagoela esango nuke.

Lagunak ere ez dauzkazu saltzeko.
Ez horixe. Ez dut uste goi mailara hain denbora laburrean heltzeak harrotu nauenik. Bizimodu orekatua gogoko dut, eta oreka horren barruan nire lagunak daude. Haiek uztera behartuko nindukeen zerbait sortuko balitzait, dena delakoa izanda ere, lagunak baino lehenago utziko nuke. Ikaragarri maite ditut.

"XALA" IZANGO DA FINALEAN


Juan Martinez de Irujo erne izan zen Aimar Olaizolak eta Ives Xalaberrik «Xala»k jokatu zuten finalaurrekoari begira. Okerrik ez dela, datorren igandean, hilaren 6an, jokatuko den finalari buruz galdetutakoan ideiak burura eta hitzak mingainera, borborka irristatzen zaizkio.
Niri asko gustatu zitzaidan partida. «Xala» erasoan eta Aimar defentsan. Iparraldekoak bakarren bat huts egin zuen, baina beti tanto gogor baten amaieran izaten zen. Aimarren eskuina ez dago oraindik tope-topera baina erakutsi du kantxan sufritzen badakiela.

Txapelketa honetan, finalaurreko ligaxkan, 15ean utzi zenuen Gernikan finalean aurkari izango duzuna. Antzeko partida espero duzu?
Buruz buruko txapelketan ez dago antzeko partidarik. Gernikan ni heldu nintzen 22ra baina oso partida estua izan zen. Erritmo biziko partida izango da. Urduritasunari eusten dionak txapela etxera eramateko aukera handia izango du.

Urduritasuna. Binakako finalean baino lasaixeago aritu beharko duzu garaipena lortzeko?
Bai, bestela... Nire lehen final handia izan zen profesionaletan eta presaka jokatu nuen. Ordea, lehena izan zen. Finala jokatzeko irrikitan nago.

Nola jokatu behar zaio «Xala»ri?
Nola? Luze atera eta azkar bukatu. Beno, serio hitz egin behar dut. Ez da erraza izango. Berak ere asko luzatzen du pilotakada eta aidez defentsatik erasora pasatzen badaki. Hasieratik behintzat, ez dut sakea zabalera egiteko asmorik «Xala»ren eskuina ez delako Gonzalezena. Ikusiko dugu. Igaro daitezela ahalik eta lasaien azken egun hauek eta ea neure maila emateko gauza naizen.

Zorte on.
Mila esker. Beharko dut.

Kate motzeko galderak

Izen bat esan eta burura datorkizuna bota bizkor. Has gaitezen finalaurreko ligaxkan sartzeko gai izan zareten aurrelariekin:

Aimar Olaizola.
Pilotaria. Seguruenik azkeneko urteetan izan den handiena. Dena egiten du ondo. Banaka zein binaka, erreferentzia da.

Ives Salaberri, "Xala".
Eman beharko litzaiokeena ematen ez zaion aurrelaria. Laster onartu beharko diote zenbat jokatzen duen!

Patxi Eugi.
Ez dute oso ondo tratatu "Xala"ren aurkako partidaren ostean. Jakin behar da, ordea, txapelketa hau zein garrantzitsua den Agoizkoarentzat. Gainera, iruditzen zait denak baino indartsuago zegoela bera. Ikusi al zenuen eskuinez nolako kolpea zuen min hartu aurretik? Penagarria da gertatu zaiona.

Eta "Titin".
Nire idoloa. Ez dago beste inor airez hainbeste aldiz sartu eta alerik ere huts egiten ez duenik. Augusto bakarra da. Joan den irailean, Altsasun, estrainekoz jokatu nuen bere aurka. Atzean aldea eman zidaten, eta irabazi egin genien. Oraindik gogoan dut harrapatu zuen moskeoa pare bat pilotatan traba egin niolako. Ordura arteko nire bizitzako partidarik handiena izan zen.

Olaizola 1- Irujo 22.
Istripu txiki bat. Kantxan eta buruz buru gertatzen diren gauzak. Lasai atera nintzen, eta dena ametsetan bezala gertatu zen. Ez dela errepikatuko badakit, eta ez zait berehalakoan ahaztuko.

Pilotak.
Protagonista ari da bihurtzen pilota, zoritxarrez. Nik Aimarren aurka atera nituenak erabat normalak ziren. Bereak herriko festetako jaialdian jartzeko modukoak. Bi koadro ere ez ziren ateratzen.

Urduritasuna.
Txapelketa honetan erabat lasai ari naiz. Horrek ez du esan nahi finalean hala arituko naizenik. Partida aurreko egunak gogorrak izango dira, eta txapela hain gertu izateak eragina izan dezake. Ikusiko dugu.

Zaleak.
(Maldizioa hasteko) Nireak gehienak Iberokoak, Etxaurikoak eta Bidaurretakoak dira. Zaratatsuak berez, eta finalean inoiz baino zaratatsuagoak. Fenomenoak. Txapelik handiena eskaintzea merezi dute.

Komunikabideak.
Denoi gustatzen zaigu komunikabideetan azaltzea. Beste herrialdeetan dezenteko tartea ematen zaio pilotari, baina Nafarroan-eta gutxiago. Afizionatuek ere gehiago azaldu beharko lukete kirol orrietan.

Euskadi
(Irribarre txikia) Egunen batean denok arrastoan sartuko gara, eta geure nazioa izango dugu.

Txapela.
(Irribarre zabalagoa) Lortzea errazagoa omen da eustea baino. Ni prest nago final egunean etxera eramateko.

Irujoren fitxa
Jaiotze data: 1981/11/4 . Iberon
Altuera: 1,86
Pisua: 84 Kilo
Aurrelaria.
Enpresa: ASPE
Debuta Profesionaletan: 2003/6/6
Palmaresa. Txapeldunorde 2004ko bi-binako txapelketan.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Azkenak
2019-03-25 | ARGIA
2017ko 'Pohang' lurrikara frackingak eragin zuela aitortu du Hego Koreako gobernuak

2017ko azaroaren 13ean Koreako hainbat herri –tartean izena ematen diona– kaltetu zituen Pohang lurrikara bertan erregaiak fracking bidez erauzteko teknikak esperimentatzen dituen estazio geotermiko batek eragin zuela aitortu du herrialdeko gobernuak, gertakizuna ikertzeko izendatutako aditu taldea ondorio horretara iritsi denean.


2019-03-25 | Itzea Urkizu
Fatimetu Zenan: "Feminista naiz, baina feminismo unibertsala nahi dut, eta ez eremu jakin batera mugatutakoa"

Saharar errefuxiatuen kanpamenduetan jaio bazen ere, Fatimetu Zenan (1999) haurra zela iritsi zen Euskal Herrira; Bermeora, lehenik, eta Ikaztegietara, gero. Joan den martxoaren 8ko indar kolektiboa dario, oraindik, bere hitzei, eta feminismoa urte, herrialde, klase eta pertsona guztiengana iristeko modua aurkitu nahi du. Emakume sahararren nortasuna eta garrantzia plazaratzeko eguna antolatu dute bihar, herrian.


2019-03-25 | Txerra Rodriguez
Herri mugimendu hezeak

Allartean blogari txit handiari irakurri nion Txepetxek esan zuela militantzia “erotizantea” izan behar zuela, hau da, sormena eta gozamena dakarren militantzia, konpromisoarekin batera. Beste batean (non demontre? Tomas Villasanteri?) irakurri nuen herri mugimendu eraldatzaileak “hezeak” izan behar zirela.


2019-03-25 | Etzi.pm
"Erraustegiarekin hemendik urte batzuetara gertatuko da amiantoarekin gertatu dena"

Bego Zuza Hernanin (Gipuzkoa) jaio zen, 1960an. Bertan bizi da eta herriko gizarte mugimenduetan inplikatutako emakumea da. Zero Zabor taldeko kidea da. Argia aldizkariko lehendakaria da, baina ez dio karguari garrantzirik ematen. Ikusten dituen bidegabekeriei ematen die garrantzia gehiago. Halakoen aurrean, ez da hitz soiletan edo geldirik geratzen den horietakoa.


Ekozinemaldia 2019: aurten ere erauzketa-goseari hozka

Beste urte bat, Ekozinemaldi berri bat, planetaren egoerari gainbegirada berri bat, eta aise nabari da hazkuntza infinitoaren makinak etenik gabe dirauela parean aurkitzen duen guztia birrintzen eta baliabide naturalak murrizten, hazkuntza kontsakratuaren eta kontsumo geldiezinaren erritmora. (Ikusi Ekozimenaldiaren egitaraua osorik).


Sorgin izan, sorgin esan

Asteburu honetan, Sorgin Ehizaren Historiari buruzko I. Topaketa Feminista egin dugu Iruñeko Katakraken. Zuek lerro hauek irakurtzen ari zaretelarik, topaketan parte hartu dugunok Zugarramurdiko eta Sarako leizeetan egonen gara, hango museoak sorginei buruz helarazten duen mezuaren inguruan hausnartzen eta sorginen iruditeriarekin egiten den komertzializazioa salatzen.


Erabileraren aroa: begirada bat Ipar Euskal Herritik
MULTIMEDIA - solasaldia

Biarritzeko euskara teknikari Eneko Gorriren hitzaldia 2019ko Topaldian.

Hitzaldiaren sinopsia

Urteetako galtzearen ondotik, azken datu soziolinguistikoen arabera badirudi hiztun kopuru absolutua egonkortzen hasia dela Ipar Euskal Herriko hiru lurraldeetan. Zenbaki ofizialek 2011 eta 2016 artean 100 hiztun irabazi ditugula agerian ematen badute, ez dute islatzen jendartean sakonki aldatzen ari den prozesu bat: gaitasunen eraldaketa, familia transmisioaren etenaldia, erabileraren... [+]


2019-03-25 | Uztarria
Pasaiako segadaren 35. urteurrenean, Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak izan dituzte gogoan

Pasaiako segadaren 35. urteurrena gogoratzeko ekitaldia egin zuten joan den larunbat arratsaldean Azpeitiko azoka plazan. Hamaika kasu, aldarri berbera lelo hartuta, aurtengo ekitaldian Espainiako Estatuaren indarkeriaren biktimak gogoan izan dituzte.

 


Artea irekita

Mundu honetan mugarik ezagutzen ez duen bakarra kapitala dela dirudi. Gainerako kontuentzat araudi, kontrol, debeku eta zentsura neurriak non-nahi eta nolanahikoak dira. Ikuspegi honen beste lagin bat erakutsi du Eusko Jaurlaritzak azken egunotan: urtean 12 kultur emanaldi egiteko muga ezarri nahi zien taberna eta areto txikiei.


2019-03-25 | Amaia Ugalde
Hilekoa plazara, artelanen bidez

‘Hilekoa gorria ote’ erakusketan artista eta idazle feministek hilekoari buruz egindako lanak batu eta plazaratu dituzte. Elorrion izan du lehen aldia erakusketak, eta herriz herri zabaltzea da antolatzaileen asmoa.


ASTEKARIA
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude