Zaharrak ospitaletik egoera kaxkarrean ateratzen dira


2004ko maiatzaren 23an
Horixe da Espainiako Medikuntza Geriatrikoko Elkarteak (SEMEG izenekoak) kaleratutako txosten batek salatzen duena. Adineko pertsonak ospitaletik irteten direnean, zein osasun-egoerarekin joaten dira etxera? Gezurra dirudien arren, "hirutik bitan ospitalera sartzean ez zuen ezintasun edo arazoren bat eramango du zaharrak etxera" eta arazo horietatik erdia baino gehiago saihesteko modukoak izaten omen dira, gainera.

Baina hitz gogorragoak ere jaurti dituzte SEMEG elkartekoek. Jesus Lopez Arrieta geriatra elkarte horretako idazkaria da eta bere hitzetan, "sistema sanitarioak adineko pertsona diskriminatu egiten du". Hiru defizit edo akats nagusi azpimarratzen ditu Madrilgo Gregorio Marañón ospitaleko medikuak: zaharrek diagnostiko frogetarako eta tratamenduetarako sarbide gutxiago dituzte; sistema sanitarioak "soluzio sozial" desegokiak eskaintzen dizkie adineko pertsonen osasun arazoei, eta azkenik, zaintza espezializatua eta integrala eskatzen du adin-talde berezi horrentzat.

SEMEGeko presidentea den Rodriguez Mañas ere ez zen isilik geratu eta gauzak gordin azaldu zituen. Bere ustez, gure gizartean lortu da muga biologikora iristea (83-84 urte batez beste), eta adin aurreratuenetan "gaixotasunak ez du bizi-itxaropena aldatzen". Eta horrela, 75 urte bete arren, gizonezko batek oraindik bederatzi urteko bizi-itxaropena dauka, eta emakume batek, berriz, hamabi urtekoa, beren bizitzaren seiren bat. Baina, zoritxarrez, denboraldi horretan kontzentratzen dira gehiena patologia kroniko gaiztoak eta adin horretan eragiten dute. Ondorioa: gehiago bizi bai, alegia, urte gehiago, baina hobeto bizi? Hori beste kontu bat da, itxuraz oso modu airosoan betetzen ez dena.


ASTEKARIA
2004ko maiatzaren 23a
Azoka
Azkenak
'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude