Orain gutxi arte uste zen berotegi efektuan abioiek duten eragina erregaia erretzetik bakarrik zetorrela. NASAko Langley ikerketa zentroko Patrick Minnis ikerlaria, abioiek bere ibilbidean sortzen dituzten lainoak aztertuta, hauek ere berotegi efektua laguntzen dutela frogatzeko bidean da.
Oso altu hegan egiten duten abioiek kondentsazio-lainoak sortzen dituzte bere ibilbidean eta hauek zortzi edo bederatzi mila metroko altueran zirruak sortu ditzakete. Izotzez osatutako laino hauek eguzki izpiak igarotzen uzten dituzte, baina lurretik askatutako beroaren zati bati ez diote espaziora joaten uzten. Argudio honen inguruan 20 urte daramatza Minnis ikerlariak saiakerak egiten eta irailaren 11n gertatutako atentatuei esker oso neurketa garrantzitsuak egiterik izan zuen. Izan ere, irailaren 12an Virginia eta Pentsilvania arteko 20.000 kilometro koadroko zeruan sei abioi militar baino ez ziren ibili. Aipatu espazioan egunero ehunka abioi handi ibiltzen dira batera eta bestera, eta sortzen dituzten lainoak izugarriak dira.
Berotegi efektuaren arrastoak uretan
Mundua benetan berotzen ari ote den jakiteko zientzialariek gero eta gehiago begiratzen dute itsasoetara. Hain zuzen, itsas gainazalaren tenperaturen mapa ahalik eta zehatzenak lortu nahi dira.
Zergatik, bada itsasoari so egin? Itsasoak munduan dauden bero-metaleku handienak dira. Gainazaletik bi metro sakonera bitartean gordetzen den beroa, atmosfera osoan gordetzen denaren adinakoa da eta itsasoan, oro har hartuta, atmosferan baino 1000 aldiz bero gehiago metatzen da. Itsasoa lurrazalaren %71 da eta eguzkitik heltzen zaion bero gehiena metatzen du, hortaz, Lurraren "bateria" dela esan daiteke. Itsasoen tenperatura aldatzeko energia eta denbora asko behar dira, beraz, datuen segimendu zehatza eginez, hauen aldaketak zerbaiten adierazgarri izan daitezke.
Itsasoko datuak koordinatuko dituen GODAE erakundeak hainbat sistema eta produktu garatuko ditu, itsasoko edozein lekutan sei orduro hamar kilometro koadroka tenperatura emateko.