Gerra korrespontsalak: Gerraren mina eta lotsak zabaltzen


2004ko maiatzaren 09an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Laugarren boterea dela sarritan esaten bada ere, komunikazioaren gizarte honetan, lehenengo hirurek jai lukete, bera gabe. Horrekin jabetuta, agian, saiatzen dira lehenengo hirurak, laugarren hori gertu eta zintzo mantentzen.

Beti ez dute lortzen, ordea. Oraindik amaitu ez den Irakeko inbasioa horren adibide. Nazioarteko gizartearen zati handi batek Azoreetako hirukoaren asmoekin ez zuen bat egin. Desadostasuna erakutsi egin zuen, gainera. Desadostasunak sarraskia geldiarazi ez zuela ikusita, gutxienez jakin egin nahi zen, zer ari zen gertatzen.

Bitarteko apurrik zuen komunikabide orok bidali zuen berriemaleren bat Irakera. Ekintza beliko gogorrenek iraun zuten hiru asteetan, gerra garaian, 2.000 kazetarik jarraitu zituzten gertakizunak Irak bertatik. Kazetari bakarrak ezin du agian gerraren osotasuna kontatzea lortu. Une eta toki jakin bateko triskantzak, ordea, ikusi eta jakinarazi ahal ditu.

Gustuko albisteak

Honen moduko gatazka egoeratan berriemale direnen ahotsetik, informazio garbia lortzeak dituen zailtasunak entzuten dira. Gatazkan inplikatutako aldeek beti nahiko dute hedabideetan, euren gustuko albistea agertzea. Garailetzat joko dituena, aurkariaren trikimailuak agerian utziko dituena, euren ekintzak justifikatuko dituena...

Adibide bezala mundu mailako potentziarik indartsuena jartzearren, Ameriketako Estatu Batuak aipa ditzakegu. CNN telebista katearen bitartekoak lagungarri izan zaizkio, urtetan, munduan berak nahi zuen irudia zabaltzeko. Izan ere, hedabide txikiagoek, urte askotan eta bitarteko gabeziak bultzatuta, zurrutada batean edan dituzte hark esandakoak.

Bestelako garaiak iritsi dira, ordea. Ameriketako Estatu Batuek etsai moduan aurkezten duten mundu musulmanak, lezioa ikasi eta Qatargo Al Jazeera telebista katearen bidez, 1997az geroztik beste ikuspegi bat jarri du mahai gainean. Ordura arte oihartzun eskasa zuen errealitate, jarrera eta jokaerak agerian geratu dira. Nahi ez lituzkeen irudi asko erakutsi dira eta ordura arte iturri eskasia zuten hedabideek, beste errealitate batzuk aurkitu eta ikertzeko bidea aurkitu dute.

Esklusiba gosez

Bestalde, komunikabideen artean sortu eta hedatua den konpetentzia eta esklusiba goseak, gatazkan ahalik eta gehien sartzea ekarri du. Ez beti informazio garbiaren mesedetan; zehaztasunik gabeko informazioak eta kronika horiak errenkadan etortzen baitira.

Edonola ere, potentziak amorrarazi egiten ditu eurei onurarik egiten ez dien informazioa zabaltzeak. Gerrarako erabiltzen duten hizkuntza bera har dezakete, orduan, kazetariengana zuzentzeko. Ikusi besterik ez dago, azken urteetako konfliktoetan hilik suertatu den kazetari kopurua: Iraken, 20 egunetan 11 kazetari hil ziren. Iaz, munduan barrena, 42 kazetari. Aurten, dagoeneko 11 hil dira.

Jon Sistiaga: «Cousoren heriotzarekin, gerraren biktima bihurtu nintzen»
Hainbeste gatazka jarraitu ostean, liburua Gerra bat ez da bestearen antzekoa izenburuarekin argitaratu duzu. Hori da atera duzun ondorio nagusia?
Beti jarri behar zaie liburuei izenburu erakargarri bat. Hau nik uste, badela, eta gainera egia da. Erabat sinesten dut gerra bat ez dela inoiz beste baten antzekoa. Denetan hiltzen dute jendea eta hiltzen da jendea, zibilak gehienetan. Baina gerrara bultzatzen duten arrazoiak, argumentuak, ideiak, hain dira desberdinak… Ñabardura asko daude argitzeko eta horiek argitzean agertzen dira desberdintasunak.

Zentsura ere aldatzen al da?
Gerra guztietan dago zentsura, guztietan dago intoxikazioa, informazioa manipulatu nahia… Guztietan. Irakekoan, hain berezia, gertukoa eta mediatikoa izateagatik, agian gehiago nabaritu da hori, baina guztietan pasatzen da.

Komunikabideek gerrak jarraitzeko duten modua ere aldatzen joaten al da edo denboran zehar mantendu egin da?
Bai. Gainera, teknikaren garapenari oso lotuta dagoen kontua da hori. Gerrak, ia zuzenean transmititzera iritsi gara. Bagdad erori zen unea, zuzenean eman zen, film beliko bat balitz bezala. Horrek formula informatibo guztiak aldatu ditu. Dena momentuan kontatu behar da, batere hausnartu gabe, ikusi ahala. Ez esklusiba baten bila zabiltzalako… Zure alboko kazetariak kontatzen duelako eta zuk ere obligazio hori duzulako baizik.

Zure liburuaren aurkezpenean, Bernardo Atxagak esan zuen, heriotzak, gertu ukitzen duenean, min gehiago ematen duela. Gerra, eta ondorioz heriotzak, hain gertutik bizitzeak, ezin al dio kazetariaren inpartzialtasunari nola edo hala eragin?
Kazetariak beti jo behar du inpartzialtasunera, jakinda inor ez dela inpartziala. Denok ditugu ideiak, argumentuak edo gatazkan gertatzen ari denari buruzko ikusmoldeak. Hori kontuan izan gabe, beste aldean daudenak zer dioten edo zer nahi duten jakin behar da. Zintzotasuna iturri guztiei galdera luzatzea da, iritzi bat osatzeko ahalik eta elementu gehien lortuz.

Irakeko azken gerran, inoiz baino gertuago sentitu duzu heriotza, Jose Couso lankidea hil zutenean. Horrek nola eragin dizu?
Kazetari bezala, ez dut uste eragin didanik, berriz ere joan naiz gatazka guneetara. Pertsonalki, lagun bat galdu nuen. Gerra bat kontatzen ari ginen eta bat-batean gerraren biktima sentitu nintzen. Enpatia berezi eta desberdina sentitu nuen gerraren biktimekiko. Lehen agian ez neukan hori. Heriotza hain gertu tokatuta, biktima bihurtu nintzen ni ere. Elkarrizketatzaile izatetik, elkarrizketatu izatera pasatu nintzen, zer kontatua baneukalako.

Gerra egun gogorretan bizitakoak eta orduan kontatu ezin izan zenituen kontu asko, liburu batean bildu dituzu. Zer aukera eskaini dizkizu horrek?
Liburu bat idazteak duen onena, denbora izatea da: Hausnarketa egiteko denbora, uste okerrak alde batera uzteko denbora, jazo den guztiari eta bizi izan duzun guztiari buruz pentsatzekoa eta ondorioak ateratzekoa. Liburu bat egiteak duen politena, zuzenean, kameraren aurrean bat-batean botatzen dituzun esaldiei, apaindu gabeko esaldiei, adjektiboak jarri ahal izatea da.

Inbasiotik urtebete igaro ostean, hemendik, nola ikusten duzu orain Irak?
Atzean inolako sinesmen eta printzipiorik ez duten ekintza terroristen paradisu bihurtu da. Edozer, Europa mendebaldea, militarrak edota kristauak erasotu nahi dituztenentzat, ekintza suizidak egiten ikasteko eskola bihurtu da. Bere burua lehertzeko gogoa duen edonor, joan dadila orain Irakera, hura paradisua baitu orain.
Urtebete igaro ostean, tamalgarria da hango egoera. Oso gaizki dago. Eta ez da, ez suntsipen handiko armarik aurkitu, ez nazioarteko terrorismoarekin bukatu eta ez da mundu seguruago bat lortu.

Manuel Martorel: «Potentzia handiek idaztea nahi dutenari buruz idazten dugu»
Aldiotan komunikabideek diotenari erreparatuz gero, badirudi munduko gaitz denak Ekialde Hurbil eta Ertainetik datozela. Zergatik zabaldu nahi da irudipen hori?
Nik uste nahikoa argi dagoela. Nazioarteko terrorismoaren, suntsipen handiko armen edota giza eskubideen izenean, egin dituzte Ameriketako Estatu Batuek egin dituztenak. Baina guztiaren atzean, beste asmo batzuk dituzte. Mediterraneoan hasi eta Asia erdi alderaino dihoan lurralde horretan, Ameriketako Estatu Batuek, garai batean Sobiet Batasunak utzi zuen hutsunea bete nahi dute.
Orain arte agintean egon direnek, talibanek edota Husseinen erregimenak esaterako, ez diete nazioarteko egitura berriei egonkortasunik ematen eta horregatik, Ameriketako Estatu Batuek aliatuak ere aldatu egin nahi dituzte. Hori dela eta, orain Iraken, beste herrialdeetara esportatu daitekeen eredu politikoa osatu nahi dute. Eta guztiaren atzean, noski, petroleoa dago, gasa, euren produktu industrialak herrialdeotan saldu nahia…

Komunikabideek ematen al dizkiote ikusentzule edo irakurleari gatazka hauek ulertzeko adina klabe?
Uste dut ezetz. Eta horren arrazoi nagusienetako bat kazetariek duten prekarietatea da. Newsweek, Finantial Times edo The Guardian aldizkariek, egoera ondo ezagutzera eta gatazka arakatzera kazetari bat bidaltzen dute. Agian, hilabetean ez du ezer idatziko, baina idazten duenean, egiten duen ekarpena benetan garrantzitsua da. Baina oro har ez da hori egiten. Kazetari bat bidaltzen da, ez beti espezializatua, eta nahikoa lan du egunean eguneko gertakariak kontatzen. Azalean geratzen dira, ordea, bere kontaketak.

Borrokak, hildakoak, kalteak… ugariak izan arren, segituan ahazten da dena. Bi urte ere ez dira Afganistango gerra bukatu zenetik eta inor gutxik gogoratzen digu han zein egoera makurra geratu den.
Sakonean, nik uste potentzia handiek idaztea nahi dutenari buruz idazten dugula. Agenda eurek markatzen dute. Zergatik dira gatazka batzuk garrantzitsu eta beste batzuk ez? Momentu jakin batean, nazioarteko potentziek, tartean zeure herrialdeak, gatazka horren aurrean jarrera bat hartu duelako eta interes batzuk dituztelako. Horregatik jarraitzen dira gatazka batzuk, eta beste batzuk ez. Adibide garbia da Timor. Orain arte, inor gutxik zekien gatazka zegoenik ere eta ezkerreko taldeak, hamarkadak eman ditu borrokan. Baina momentu batean, Ameriketako Estatu Batuek ikusi zuten komeni zitzaiela Indonesia ondoan aliatu bat izatea. Muturra sartu zuten eta orain Timor independentea da.

Zein rol jokatzen du gatazkan inplikatutako taldeen zentsura eta kontrol nahiak?
Gertakari handi bat gertatzen den unean, esaterako operazio militar handi bat dagoenean, nik uste dut saia daitezkeela informazioa ezkutatzen, nahasten edo atentzioa desbideratzen. Baina bestela, ez dut uste kazetariaren hitzak kontrola ditzazketenik. Niri behintzat ez zait gertatu. Turkiako Kurdistanen nengoen garai batean, prentsa askatasunik ez zegoen, baina atzerriko kazetari bati egin ziezaioketen okerrena, hartu eta kanporatzea zen.
Gehiago eragiten du norberaren komunikabideak informazioari ematen dion trataerak. Hark erabakitzen du informazioa lehen orrialdean edo erdian ezkutatuta atera. Komunikabide bakoitza, jarrera politiko baten ordezkari dela esan dezakegu eta gobernuaren nazioarteko politikarekiko jarrera jakina izango du.

Kazetariak posible al du norabide markatu horren aurka joatea?
Uste dut baietz. Eta apaltasunez diot, uste dut kurduen gaiarekin lortu dudala. Ameriketako Estatu Batuentzako kurduak garrantzitsuak izan aurretik, nik lan egiten nuen egunkarian oso garrantzitsuak ziren. Eztabaidak, ulertu ezinak, argitaratu gabeko testuak eta bromak egon dira tartean. Baina nik uste lortu dudala gaia garrantzitsu egitea. Kazetariek gai berriak proposatu ditzakete, albisteak ondo dokumentatuta eginez jendeari gatazkak ongi azal diezazkiokete… Agian albistea ez diote egunkariaren azalean argitaratuko, baina tokiren bat lortuko du.

Xabier Madariaga: «Telebistan dirudiena baino arrisku gutxiago dago»

Badaramatzazu ia zortzi hilabete Jerusalem inguruetan. Aurretik zenuen irudiarekin bat al dator ikusten ari zarena?
Kasu batzuetan bai. Palestinarren artean, batez ere segurtasun harresia dela eta, espero nituen egoera latzak aurkitu ditut. Israeldarren artean ere, beldurra nabari da kasu askotan. Hori espero nuen. Sharonen gobernuak atentatu selektiboren bat egiten duenean, erantzuna espero dute. Iluntzerako, askotan desertua ematen du Jerusalemek, ez da inor ageri kalean.
Baina beste kasu askotan, nuen iritzia, ez dator bat dagoenarekin. Joan aurretik, gatazkan dagoen alde bakoitzaren inguruan iritzi bat duzu, hemen irakurri eta ikusitakoarekin osatu duzuna. Hara joatean konturatzen zara, zure aurreiritzi horiek ez datozela beti errealitatearekin bat.

Informazioa lortzeko bideak zabalik aurkitzen al dituzu?
Israeldarrek, palestinarrek baino antolatuago dute informazio aparatua. Agintarien artean, zaila da informazioa lortzea. Eurek nahi dutena ematen dute. Gainera, badakite Europako komunikabide askok Sharonen politikarekiko jarrera kritikoa dutela eta horregatik ez gaituzte begi onegiz ikusten. Herritar askok ere, Sharon kritikatzen duen oro antisemitatzat hartzen dute. Kanpotarra izanda, arraro begiratzen zaituzte israeldar askok.
Palestinarren artean, agintarien aldetik informazioa eta adierazpenak lortzea errazagoa da. Mukatan mikrofono bat ateraz gero, hitz egiten dute.

Kaleko jendea agintari horiek ordezkatuta sentitzen al da?
Palestinarren artean denetik dago. Batzuentzat Arafat mito bat da, erabat mitifikatuta dute. Beste batzuentzat aldiz, bai Arafat, bai Mukatan dauden guztiak mafioso batzuk dira. Korrupzio zurrumurru handiak daude. Kalean, jende asko kexatzen da eurak miseria gorrian bizi direlako, eta Mukatakoek, euren semeak atzerriko eskoletan dituztelako eta luxuzko etxeetan bizi direlako. Gizarte mailaketa nabarmena da oso. Jendeak ez du ahazten, Abu Mazen Lehen Ministro egin zutenean nola asfaltatu zioten etxetik bulegorako bide guztia. Askok diote agintari berriak behar direla.
Israelen badaude Ariel Sharonen politikaren kontrakoak, baina harrituta utzi izan naute ni, batez ere jende gaztearen artean aurkitu ditudan jarrera askok. Asko entzuten dira Sharon oso ondo ari dela esanez. Salbatzaile moduan dute. Mugimendu kritikorik apenas ikusten dudan.

Urte askotako gatazka da israeldar eta palestinarren artekoa. Orain arteko bake itxaropenak antzuak izan dira. Itxaropena mantentzen al dute?
Ez. Etsita daude bai palestinar bai israeldarrak. Bere txarrean, israeldarrek, atentatuei beldurra dieten arren, bizitza normal antzekoa egiten dute. Tel Aviveko bizimodua, Europako edozein hiriburukoaren oso antzekoa da.
Palestinarrek aldiz, ez dute horrelakorik. Esate baterako, segurtasun harresiaren inguruan geratu direnak, erabat etsita daude. Ikusten dute mundua harresiaren kontra dagoela, baina hala ere ez dela ezer egin. Antolatu diren manifestaldi askok porrot egin dute, jendea ez da joan, ezer ez dutela lortuko pentsatzen dutelako.

Borroka gune batetik, bisita egin berri duzu beste batera. Zerekin topo egin duzu Iraken, inbasiotik urtebete pasa denean?
Ohituta nago Ramala bezalako herriak ikustera, suntsitutako etxeak, kaosa, soldaduak edonon… Hori aurkitu dut, baina oraindik ere nabarmenagoa.
Gainerakoan herritar asko desesperatuta lan bila dabiltza. Kalean, hemengoa nintzela jakin zutenean, neuri ere etorri zitzaizkidan lan eske Repsolen kontakturen bat ote nuen galdezka. Dirua lortzeko edozer egiten dute. Amanetik Bagdadera eraman ninduen taxistak, 500 tabako pakete zeramatzan kontrabandoan.
Sadam kendu diete eta hasi dira askatasuna zer izan daitekeen ikusten. Lehen ezin zuten hitz egin. Orain bai. Baina bestalde, indar okupatzaileak hor daudela ikusten dute, atzerritarrek hartzen dituztela eurei dagozkien erabakiak.

Arrisku egoera nola neurtzen du kazetariak horrelako egoera batean? Beldurrik pasatu al duzu?
Telebistan dirudien baino arrisku gutxiago dago. Iraken beldur uneak izan dira: Hotelean leherketak entzun eta hurrengoa non izan daitekeen ez dakizunean edo errepidean 20 metrora dagoen konboi estatubatuarra lehertzean.
Jerusalemen, gutxiago. Neurriak ere hartzen dituzu: ez naiz autobusetan sartzen, kafetegiren batean bagaude sarreran jartzen gara nor sartzen den ikusteko…


Azkenak
Piano bikaina, Biarritzen

Zer: Biarritz Piano Festival. Amaierako errezitaldia. Benjamin Grosvenor, pianoa. 

Egitaraua: Schumann eta Moussorgskyren lanak

Lekua: Biarritzeko ‘Espace Bellevue’.

Data: abuztuaren 8a.

-------------------------

Biarritz Piano Festival... [+]


Putin eta Trump ostiralean bilduko dira, baina Zelenskik argi utzi du Ukrainak ez duela “lurralderik oparituko”

AEBetako presidenteak Ukrainarekin su-eten akordio batera iristeko ezarritako epea amaituta, Alaskan bilduko dira Trump eta Putin ostiralean. Bloomberg hedabidearen arabera, Errusia eta AEBak gerra "izozteko" plan bat prestatzen ari dira, Moskuk orain arte Ukrainan... [+]


Aldatu Gidoiak ere salatu du IB3 Balearretako telebistak gaztelerazko edukia areagotu dituela

IB3 telebista publikoaren neurria "katalanaren aurkako erasotzat" jo dute katalanaren normalizazioaren aldeko zenbait eragilek, eta "berehalako zuzenketa" eskatu dute. Zuzendaritza aldaketa izan da berriki kate publikoan, PP eta VOXen botoei... [+]


Amaya, altxor ia ezezagun hori

Zer: Euskadiko Orkestra

Zuzendaria: Diego Martin-Etxebarria. Easo Abesbatza

Zuzendaria: Gorka Miranda

Bakarlariak: Arantza Ezenarro, Gillen Munguía, Marifé Nogales, Lucía Gómez, Juan Laborería, José Manuel Díaz, Darío Maya, Luken... [+]


Sañu Bizirik: “Statkraft enpresari alfonbra gorria jartzetik, herri presioari esker udalak parke eolikoari helegitea jartzera igaro dira”

Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailak ingurumen baimena ukatu dio Piaspe egitasmoari, Statkraft enpresak Azpeitia, Zestoa eta Errezil artean eraiki nahi dituen errotek eta argindarra garraiatzeko azpiegiturek eragingo... [+]


26 urteko nafar bat hil da Pirinioetan

Russell mendian gertatu da ezbeharra, amildegi batetik jausita. Gaztea Iruñekoa zen.


Zarrakazteluko sutea perimetratu eta kontrolpean dute suhiltzaileek

Suhiltzaileek itzaltze lanetan jarraitzen duten arren, egonkortu dute kontrolik gabeko sutea. Espainiako Gobernuak larrialdi aurreko faserako plana onartu du, autonomia erkidegoen eta Espainiako Gobernuaren arteko komunikazioa hobetzeko; dena den, larrialdien kudeaketa autonomia... [+]


HAMABI URTEZ ETXEA EZKUTALEKU
“Zorte asko ukan dugu, eta bizitza interesgarria”

Marijo Louis paristarra da sortzez, 1977an heldu zen Miarritzera Euskal Herriko borrokek erakarrita. Josetxo Otegi zizurkildarrak 1983an pasa zuen muga Gipuzkoatik Lapurdira, Poliziatik ihesi. AEK-ko irakasle eta ikasle zirela ezagutu zuten elkar. 1986an, GALen atentatuen,... [+]


2025-08-12 | Mikel Aramendi
Zergatik halako muga-zerga AEBek Indiari?

Asteko albiste nagusietako bat izan da, zalantzarik gabe: ehuneko 50eko muga-zerga ezarri die Trump administrazioak Indiatik datozkien esportazioei. Brasilekin parekatuta, zerga estatubatuar astunenak pairatu beharko dituen ekonomia handia izango da, aldaketarik ezean,... [+]


2025-08-12 | ARGIA
GOMENDIOAK | Hiru disko fresko, gozatzeko

Goizegi Hiltzeko 
Ødei
Autoekoizpena, 2025
53 min.

Ulertzen nauten herrian ez da musika hau entzuten. Rap musikak akaso urte okerragoak izan ditu Euskal Herrian, baina oraindik ez da beste batzuen altuerara heldua. Denentzat ditu koplak Odei Barroso... [+]


Espainiako Gobernua Kanarietan dauden 827 asilo eskatzaile lekualdatzen hasi da

Auzitegi Gorenak martxoan ebatzitakoari jarraiki, astelehenean irletatik penintsulako adin txikikoentzako zentroetara lekualdatuko dituzte zortzi asilo eskatzaile. Gobernuak adierazi du adin txikikoen babes sarean integratzeaz arduratuko den etorkinen %90 maliar jatorrikoak... [+]


Getariako Salbatore jaietan emakume baten aurkako “eraso larri” bat salatu, eta egitaraua bertan behera utzi dute

Getariako txosnagunean eta Aian egin dute elkarretaratze isila. Jai batzordeak txosnak itxi zituen.


Gizon bat atxilotu dute Erriberagoitian beste bat hiltzea leporatuta

Gizona Bilorian (Araba) hil dute, ustezko hiltzailea atxilotu dute Añanan (Araba).  


Al Jazeerako bost kazetari hil ditu Israelek

Hildako kazetarietako bat Anas al-Sharif da, palestinarren genozidioa zerrendatik kontatzen dutenen artean ezagunenetako bat. Al Jazeera hedabideak adierazi du Israel errudun dela Gazako sarraskia barnetik azaleratzen duten kazetariak nahita hiltzeagatik, eta horrela sarraskia... [+]


Zarrakazteluko sutea kontrolatzeko lanetan jarraitzen dute suhiltzaileek

Larunbat gauean hasi zen sutea Zarrakaztelu eta Figerol lotzen dituen errepideko pinudi batean. Herritarrentzat arriskurik ez dago momentuz, gobernuak adierazi duenez. Gizakiek eragindako sutea dela jakinarazi du gobernuak.


Eguneraketa berriak daude