Ugutz Robles-Arangiz: «Euskara lokarri»


2004ko maiatzaren 02an
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu
Muga psikologikoa dela aipatzen dugu, eta egia erran, alde batetik muga hori existitzen da. Baina badira arrazoi sakonagoak ere: Iparraldea azkeneko mende honetan frantsestu egin da eta Hegoaldea espainoldu.

Maiz gertatu zait Iparraldeko eta Hegoaldeko abertzale batzuk zirikatzea, bai Frantziaren eta bai Espainiaren kontra. Batzuetan bakoitzari bere barneko frantses edo espainol sentimendua ateratzen zaie. Mintzatzen direlarik, beti bestearen defektoak ikusten dituzte euskarari dagokionez. Adibidez, duela urte batzuk ostatu batean solasean aritu nintzen Hegoaldeko idazle batekin. Erran nion, behinola ezagutu nuen neska batek zein ongi erabiltzen zuen euskara. Neska suediarra zela. "Blonda" zela erran nion. Berak "ha ha ha!" irri eginez erantzun zidan. "Blonda hitza frantsesa da». Noski baietz! «Zuk nola erraiten duzu?» Eta berak lasai erantzun zidan: «guk rubioa". «Euskara ote da hori», erran nion. Egun hartan konturatu zen "rubioa" espainoletik heldu zela.

Bertze batek "automobila" erran nuelako: "Hori ez da euskara", erran zidan. Euskaraz "kotxea" da. Horrek ere ez zekien "kotxe" hitza, Viena eta Budapest arteko posta edo diligentziak gelditzen ziren herri baten izenetik heldu dela. Kocs izeneko herria. Italiarrek "koxio" egin zuten, frantsesek eta espainolek "coche".

Iparraldekoak espainoletik heldu bada hitz bat laster ohartzen dira. Aldiz, beraiek frantsesez erraiten dituztenak normalak iruditzen zaizkie.

Hegoaldean eta Iparraldean gero eta gehiago mintzatzen da espainolez eta frantsesez. Hortaz, pentsamoldea aldatzen doa gero eta gehiago, batzuk espainolduz eta bertzeak frantsestuz. Euskaraz erranaldi bat egiterakoan erdaraz pentsatzen dute eta horrela, "egarri naiz", "gose naiz" edo "hotz naiz" erraiteko ordez "egarri daukat" "Gose daukat" edo "hotza daukat" erraiten dute. Baita ere, adibidez, "helduen arau" edo "datorren ber", "datorren arabera" erraiteko ordez, erdaratik egindako itzulpena erabiltzen da "segun zelan datorren". Iparraldean gazte batzuek, berriz, "hola izanik ere" edo "hala bada ere" erraiteko ordez "meme hala bada". «Baina» hitza, berriz, frantsesez erraiten dute: «mais». Ageri du gero eta gehiago erdaraz pentsatzen ari dela jendea eta horrek elkarrengandik urruntzen gaituela.

Duela zenbait urte inkesta bat irakurri nien euskaldun gazte batzuei egina. Ea euskaraz edo erdaraz mintzatzen plazerra hartzen zutenez edo gustura zirenez galdegiten zioten: % 70ak erdaraz gusturago zirela erantzun zuten.

Ene ustez, euskaldun izateko moldea eta karakterra hizkuntzatik heldu zaigu, mintzairaren bidez gure arbasoen eta antzinetik izan diren belaunaldien edo gizaldien ikus moldea edo biziarenganako zuten ulertzeko manera.

Mintzairaren bidez herri baten karakterra pasatzen da, gizaldiz gizaldi, baina espainolaren eta frantsesaren presioa gero eta handiagoa da, eta gure mintzaira bere nortasuna gero eta gehiago galtzen ari da. Beraz, mintzaira batek kultura baten pentsamoldeak pasatzen ditu, onerako edo txarrerako. Adibidez, espainolez, norbait gaiztoa edo maltzurra dela erraiteko: "Es un judio" erraiten da. Tontoa dela erraiteko: "Engañar como a un chino". Lanean gelditu gabe ari denari, euskaraz ere, "beltza" bezala lanean ari dela diogu.

Euskal kulturako bi pertsonaia ezagunak aipatu nahi ditut: Jan Battitt Elizanburu eta Gabriel Aresti. Elizanburu euskalduna zen bainan frantses estudioak egin zituen eta hori ageri da kantu batzuetan "Nere etxea" diolarik edo "Nere alaba Kattalin". "Nere" hori arrunt erdalduna da. Betidanik "gure etxea" edo "gure alaba" izan da. Senar batek "gure emaztea" erran izan du beti, eta andreak "gure gizona". Gabriel Arestik, berriz, "Nere aitaren etxea" dio "Gure arbasoen etxea" errateko ordez. Bizkaian norbaiti etxekoak ontsa direnez galdegitean, "Etxean ondo zagozie?". Erantzuna beti "Geurean bai" zen. Iparraldean beti erran izan da "gure etxea" "gure aita-amak", "gure anaia", "gure arreba", bai eta "gure herria". Beti erantzunak gehiengoan edo pluralean ematen ziren, elkartasuneko kultura baitzen. Orain, aldiz, joera indibidualista gero eta gehiago agertzen da mintzairan. Gaztek "nere" hori erabiltzen dute "gure" baino aiseago. Beste adibide bat: berrikitan, ikastola batean, haur bati, ez baitzen aski gora mintzo, irakasleak erran zion: "mintza hadi azkarrago". Frantsesetik itzulia: "parles plus fort".

Gobernuek izan duten jokaera beti izan da euskaldungoaren aurka. Batetik euskara debekatuz eskoletan, baina hori aski ez bazen, jendeari buruan konplexu bat sorraraziz. Euskarak deusetako balio ez duela erranez. Horrek ondorio txarrak izan ditu. Berrikitan "inspecteur d'académie" batek erran zuen: "il faut que nous aidions pour que la langue basque ait une mort douce" (lagundu behar dugu euskarak heriotza ezti bat izan dezan). Haurra nintzelarik euskaldungoaren harrotasuna zuten gehienek, nahiz eta beren burua frantsesa zela uste bazuten ere, beti erraiten zuten: "ni euskalduna nuk, edo ez niz kaskoina edo ez niz frantximenta". Euskaraz mintzatzea ainitz maite zuten eta frantsesez mintzo ziren euskaldunei trufa egiten zieten. Kantuak ere baziren frantsesez ari zirenaz trufatzeko, hala nola "Tupintegiko Roxali"renak, edo Ligueixen "Boneta eta txapela".

Ez ziguten gure historiaz deusik erakutsi, aldiz, beraien historiako mitoak gure historia balitz bezala. Oroit naiz, haur ttipiak ginelarik, Frantziako historia liburu zahar batean ikasten genuen, eta Orreagako gatazka aipatzen zuelarik, ezarria zen euskaldunek desegin zutela "Charlemagne"ren armada. Irakasleak atxingitu edo borratu zuen euskaldunak eta "Zarrazinoak" zirela ezarri.

Nafarroa ez ziguten aipatzen, eta historia guztia Parisko inguruan gertatutako gauzak ziren. Irakasleek Frantziaz gain ez ziguten bertze deusik aipatzen. Euskaraz mintzatzen baginen zigortuak izaten ginen. Bertzeak etxera joaten zirelarik, ordu batez idatzi behar genuen: "ez naiz gehiago euskaraz mintzatuko" (Je ne parlerai plus en basque). "Marseillaise"a, "Le chant du départ", "Le régiment de Chambre et Meuse", denak iraultzako kantuak kantarazten zizkiguten.

13 urteekin Bilbora joan nintzen, eta han, berriz, "Formación del Espíritu Nacional" delakoan Espaina frankistaren kantu "patriotikoak" kantatzen erakusten ziguten. Batez ere "Gibraltar Gibraltar, tierra Hispana de nuestra nación" edo "Memoria de la Historia que a veces tiene que llorar", baita "Viva España, alzad los brazos hijos del pueblo Español". Iparraldean eta Hegoaldean gure garuna garbitu beharrez ari izan ziren.

Nor ziren Elkano, Urdaneta, Ravel, Abadia eta hainbertze gizon jakintsu, ez ziguten egundaino aipatu. Euskaldun hitza bera tabu bat zen, bai Iparraldean bai Hegoaldean. Historiak gauza askotan diferenteak egin gaitu nahiz eta oraindik euskara dugun lotura bakarra.

Kortesia eta politeziaz, berriz, Iparraldean, zaharrek hitz batez erraten dugu euskaraz: Jendetasuna. Jendetasun hitz horretan sartzen baitugu errespetua, elkartasuna, hitza errespetatzea, esku zabala izatea, eta gizakiak dituen bertute guztiak. Euskal Herria eraikitzeko lehenik bizi euskaraz, elkar ulertzea da bidea. Euskararik gabe ez dugu deusik eraikiko. Beraz, Hegoaldea eta Iparraldea hurbiltzeko behar dugun tresna euskara da. Gaur egun euskara batua bakarrik ez da urrun joanen, euskalki guztiez ez bada sustatzen eta aberasten, euskara administratibo eta mekaniko bat baizik ez da izanen, nire ustez. Ipar eta Hegoak behar dute elkar ezagutu. Gazteak bide horretatik doaz, eta arrazoi dute. Mundu hau laster globalizatzen ari da, eta ez bagara ernatzen, gero berantegi izanen da.

Lehen, Aberri Egunak elkar ezagutzeko eta hurbiltzeko okasioa edo aitzakia ziren. Gaur, erran nezake, ez dela gehiago Aberri Eguna, baina alderdien eguna. Aberri Egunak egiten dira, baina bertze izen batzuekin: Nafarroa Oinez, Korrika, Herri Urrats, Kilometroak, Nafarroaren Eguna, eta abar.

Gazteek adineko edo pertsona helduekin harremanak gehitu behar dituzte, horiek oraindik Iparraldean segurik euskara erabiltzen eta bizitzen baitute, baita euskaraz pentsatzen ere.

Hegoaldean diren gauza erakargarrienak gaur egun, batetik, ekonomia eta horretatik sortzen ahal diren aberastasunak dira. Bereziki kulturaren laguntzeko, baita gazte gehienek bere lurrean bizitzeko aukera izan dezaten ere. Iparraldean, aldiz, herritik alde egin behar dute bizibidea bilatzeko, eta ordainez Frantzia barnetik erretiratu guztiak hona etortzen dira, kostalde guztia bereganatuz. Ziburun batez ere, gorago erran dudan bezala, %60a arrotzen eskuetan da. Bertzalde, Hegoaldean, elkarren artean bai ostatuetan edo bertze toki anitzetan, harreman handiak dituzte eta aberasgarriak. Iparraldean, aldiz, gero eta gehiago etxetan egoten dira.

Euskaldun gazteriak, abertzaleen munduan bederen, elkarren ezagutza egiten ari dira, bainan erdaldunak, erran nahi baita gehiengoak, ez dute elgar ezagutzen. Ipar eta Hegoaldea biltzen ahal dituena euskara da lehenik, eta gero, kirolak edo beste kulturaren alde egiten diren bilkurak eta ekimenak. Ordea, gaztelerak eta frantsesak bereizten ditu, kultura desberdinak izanki eta, mundua ikusteko eta sentitzeko manera desberdinak baitira.

Espainiaren eragina Hegoaldean handia izan bada ere, lau Herrialdeek beti izan dute beren nortasunaren kontzientzia. Iparraldean, aldiz, Iraultzak desegin zuen Iparraldekoen memoria historikoa.

Euskal Herri osoa Europako ikurrinaren izar bat izatea, ez dakit amets ero bat denentz, baina hori da, eta izanen da ene betiko ametsa. Agian, amets bat baino gehiago bihurtuko da noizbait.

* Ugutz Robles-Arangiz istorio eta ipuin kontalaria da.


Azkenak
Eguneraketa berriak daude