Sexuaren loraldia dator

  • Urtaro berriarekin mila aldaketa gertatzen dira gure inguruan; zelai eta zuhaitzak loretan lehertzen dira, badatoz hegazti migratzaileak zalaparta batean, animalia askok hibernazioa utziko dute eta martxan jarriko dira nagiak atereaz. Ugalketa garaia dator, hasi da udaberri festa, zoramena.

2004ko apirilaren 25an
Udaberria da animalia askok neguko hotzak ahaztuta irrika eta gogo biziz itxaroten duten garaia, orduantxe hasten baitute araldia naturaren deiari jarraituz. Hegazti arrek beren lumaje ederrenak eta kanturik goxoenak erakusten dituzte ea emeren batek tentazioari heltzen dion ikusteko. Gorteiatzeak askotan oso landuak izaten dira eta arren arteko lehiakortasuna handia izaten da, iskanbilatsua; hain ezagunak ditugun etxe-txolarre edo usoak ditugu honen adibide. Animalietan nolako aldaketak ematen diren aztertzen hasi gara, eta tartean gizakiaren kasuan ere zein aldaketa ematen diren ikusi beharko dugu; sexu-festa honetan parte hartzen ote du gizakiak? Hainbat ikerketek adierazten duten bezala, gizakiak ere hormona dantza izugarriak bizitzen ditu. Aditu askok diote, bestalde, sentimenduek ere nolabaiteko oinarri biokimikoa dutela. Hala ote da?

Landareak ere udaberri festara gehitzen dira

Landareek euren lorerik ederrenak eta erakargarrienak agertzen dituzte. Izan ere, loreek ere zantzu sexuala dute, azken finean landareen organu sexualak baitira. Lore batzuk arrak dira, estaminak dituzte eta polen garauak sortuko dituzte; beste lore batzuk emeak dira, bere horretan ernaldua izango den obulua dutenak. Lore asko eta asko hermafroditak dira ordea, eta organu sexual ar eta emea lore berean barneratzen dituzte; basa marrubia da, adibidez, honelakoa. Polinizazioa ere udaberriaren parte da, eta honek kalteak eragiten dizkio gizakiari, alergiak direla-eta. Era edo eta mota guztietako loreak izango ditugu: sinpleak, konplexuak, itsusiak, ederrak, usaintsuak... eta horrek polinizatzeko moduarekin zerikusia izango du. Sinpleenak aire edo ur bidez polinizatzen dira; konplexuenak, ederrenak, koloretsuenak, usaintsuenak, noski, animalien laguntzaz polinizatzen dira. Intsektuek lan handia egiten dute honetan; eta hegazti txiki askorentzat ere loreen nektarra edo ezti gozoa oso tentagarria gertatzen da.

Ugaztun askok sexu-jokoa hasiko dute urtaro berriarekin batera

Ugaztun asko neguko hotzarekin moteldu egiten da, bizi aktibitatea erruz jaisten dute; testuinguru honetan koka ditzakegu animalia hibernatzaileak ere, alegia, negua lozorroan pasatzen duten horiek. Baina udaberriko tenperatura igoerarekin aktibitatea berpiztu eta badirudi animalia askok bestelako beroaldiak ere bizitzen dituztela, udaberriaren zorabioak harrapatuta-edo. Hona hemen zenbait adibide: Azkonarrarekin hasiko gara, aurpegiko orban zuri eta beltzak ezaguterraza egiten dute. Mustelidoen artean soziableena da haragijale txiki hau. Benetan abila da azkonarra zuloak egiten, hatzapar egokiak baititu lurra aztarrikatzeko. Ez da hibernatzailea baina udaberrian bereziki aktiboago bihurtuko zaigu, emeekiko interes bizia pizten baitzaio. Ugaztun hibernatzaileen artean ezagunenak diren beste bi animalia aipatuko ditugu ondoren: soro-muxarra eta marmota, alegia. Marmotak karraskarien artean handienak dira, ezagunak ditugu goi-mendietan ikusi ditugulako, basoen mugen gainetik. Espezie hau Pirinioetan egindako sartzapenen ondorioz asko ugaritu zen. Animalia taldezalea eta altruista da gero, eta hibernaziotik esnatu orduko berehala hasi ohi da "lanean". Itxura berezia du soro-muxarrak ere, belarri handi, buztan luze eta antifaz beltzaz hornitua. Eskalatzaile bikain honek ere martxoan hasten du ugalketa garaia. Ez dakigu ordea eskalatzen bezain abila den sexu-jokoan.

Gizakiengan ere udaberriak eragina du

Gizakiengan hormona dantza eragiten duela aipatu dugu. Polinizazioaren eztandak udaberrian alergia egoera ezerosoak sortzen dituela ezin da ahaztu batetik; eta era berean norbanakoan egoera psikologikoa aldatzea ere eragiten du, garai honetan agertzen baitira sarri depresiorako joerak ere. Baina bestetik, bestelako sexu-joerak ere pizten omen ditu gizakiengan udaberriak.

Jakin badakigu ikerketa ugari egin direla ugaztunen feromonen existentziaren inguruan; feromonek substantzia kimiko lurrinkorrak omen dira, emeak igorri eta arrak erakartzeko balio dutenak. Baina feromonik ba al dute gizakiek? Ikerketak batzuek berau baieztatzen dute. Batzuek izerdian daudela diote, eta erakarpen sexualaren oinarria direla. Industria kosmetikoak aspaldian erabiltzen omen ditu feromonak. Internet sarean era guztietako perfumeak ditugu salgai, feromona kontzentratuak dituztenak, sex-appeal-a bat-batean pizten omen dutenak... Sarean, gainera, giza feromonak eraginkorragoak izateko zenbait aholku bila ditzakegu nahiko interesgarriak gertatzen direnak: kirola egiteak hormona hauen eraketa laguntzen duela, izerdia ez omen dela berehala kendu behar, usain fuertedun desodoranterik ez erabiltzeko...

Gorteiatze landuenak hegaztiek egiten dituzte

Aipatu dugu hegaztiak kontrapasan datozela abiada bizian, hegaztientzat zoramena izaten baita udaberria. Bikote-kidea bilatzeko lana serio hartzen dute, eta era guztietako estrategiak garatzen dituzte. Arrak lurraldekoiak izaten dira askotan, fermuki defendatuko dutelarik lurraldea beste ar lotsagabeen aurrean. Hala moduz lehiakortasun izugarria pizten da bikote emea lortzeko, lumajerik politenak agertzen dituzte harrotasunez, kantuan aritzen dira arrakasta ziurtatzeko eta batzutan arrek mugimendu bereziak ere egiten dituzte gorteiatzerakoan. Hegazti emeak, nola ez, aukeraketa egiten du ar interesgarrienen artean; eta badirudi hau ere hautespen naturalaren aldekoa izango dela noski, ugalketak ahalik eta arrakastatsuen izan behar baitu. Kopulazioaren ondotik arrautza eta txiten zaintza dator, ar asko oso arduratsuak izaten dira kume berrien heziketan.

Narrastiak eguzki-berotan suspertu eta araldian sartzen dira

ugandilak, sugeak, muskerrak... eguzkiaren goxotasunarekin sekulako beroaldiak bizitzen dituztela dirudi, berehala ugalketarako prestatzen baitira. Intsektu-jale hauen adibide mordoak eman ditzakegu, esaterako, Txaradi-sugandila. Azken hau oso noizean behin agertzen da baina dagoeneko hainbat tokitan nahiko ugaria da. Edo Suge Berde-horia, 2 metroko luzera izan dezakeena. Interes berezikoa bezala katalogatua dago, eta Gipuzkoan bi inguruetan topa dezakegu.

Urtaro berrian igelek sekulako orgiak antolatzen dituzte inguruko putzuetan

Anfibioen ordezkari, Hegoaldeko Zuhaitz-igela edo «Ranita» famatua aukeratu dugu, desagertzeko arrisku bizian dauden animalien zerrendan baitago. Sekulako jauziak egiten omen ditu, jauzi bakarrean intsektuak irentsiz. Oso leku jakinetan aurkitu dezakegu «ranita». Orain gutxi gainera, topa dezakegun hezegune berriak aurkitu dituzte. Beren etorkizuna bermatzeko nahitaezkoa da bizi direneko habitaten iraupena ziurtatzea. Bizi diren hezeguneetako putzuetan, hain zuzen, orgia handiak egiten dituzte, udaberria iristean.


ASTEKARIA
2004ko apirilaren 25a
Azoka
Azkenak
Uztailean hasi nahi du Erresuma Batuak migratzaileak Ruandara deportatzen

Rishi Sunak lehen ministroak jakinarazi du deportaziorako "baliabideak" prest dituela "legez kanpoko migratzaileak" kanporatzeko. Auzia etenda dago Auzitegi Gorenaren erabaki baten eraginez, baina parlamentuak Sunaken lege bat onartu berri du horren gainetik... [+]


Eguneraketa berriak daude