Ñabarduraren etorkizunaz


2021eko uztailaren 28an
Nola aldaraziko ditu hirugarren mundu gerra honek gure kultur jokabideak? Lehendabizikoaren ondoren, inperio zaharren errautsetan erregimen totalitarioak ernaldu baziren »eta, haiekin batera, bizitzaren zentzu kolektibo orojale bat», eta bigarrenak hotza omen zen blokeen arteko gerra ekarri baldin bazigun »eta, harekin batera, kontzeptu geopolitiko deshumanizatuen nagusitasuna», nolakoa izango da oraingoaren ondarea?

Bere izaeran bertan dakar oraingo gerrak lehendabiziko ondorioa: guda-oin zehatzik edo atzeragoardia garbirik ez izateak areagotu egiten ditu, arindu beharrean, gerrak berezkoen dituen tasun-keriak oro, eta, horietan lehena, mesfidantza. Ez, hainbeste behintzat, arabiar etorkinenganakoa »lehenagotik zebilen hori gurean, eta lasai asko ibili ere, ijitoen aurrean erakutsi ohi dugun jokabide berdintsuaz: "ni ez naiz arrazista, baina…"», ez eta gure arteko terroristenganakoa »bai baitakigu, besteak beste, horiek, mendebaleko burges ttipi arruntenen tankeran, ez direla batere autoinmolazio zaleak».

Ez. Oraingo gerrak dakarren mesfidantzak erro sakonagoak ditu gure kultur sisteman, eta, beraz, gure eguneroko bizimoduan: ñabarduraren amaiera iragartzen digu nagusitzera bide doan mesfidantzak. Datorkiguna ez da, alegia, zibilizazioaren antolamendu hierarkizatuak berez dakarren disidentzia eta disidentearekiko beldurrean bermatutako mesfidantza, ez eta etsaia ugaltzeari zor zaion izu guztiz gizatiarra ere.

Gaur, ekintzailea da, alde batean zein bestean, erabateko nagusia, eta ekintzaileak, jakina, garbi behar ditu gauzak, ñabardurarik gabeko gardentasunean soilik bilatzen baitu indarra soinean daraman lehergailuarekin batera lehertzeko edota Guantanamon etsai presoak gizatasuna ebatsi arte umiliarazteko. Horrelakorik egiten dituenak, pitzadurarik batere gabeko ziurtasuna behar du, eta gorrotoz begiratuko dio, ezinbestez, ñabardurarik txikiena begi aurrean jartzera ausartzen zaionari.

Zergatik, adibidez, aurkeztu nahi zaigu mendebaldarroi oraingo gerra "zibilizazioen arteko gatazka" izen apokaliptikoan bildua? Horrelako izen-izanik merezi duen talkarako prest egoteak erabateko koherentzia eskatzen du ahari talde bakoitzaren baitan, eta hori da ekintzailearen ametsa: ahari talde trinko fidela, obeditzera emanagoa, ñabardurak bilatzera baino.

Batzuetan, hala ere, gauzak ez dira ateratzen ekintzaile nagusien estrategek aldez aurretik programatu bezala. Batzuetan »Espainiako azken hauteskundeetan, adibidez», ekintzaile nagusien morroien baldarkeriak pitzadura sakon samarra eragiten du eraikuntzaren zoko batean. Gerta liteke, baita ere, ekintzaile nagusien etxea bera pitzatzea, eta, demagun, Bushek hauteskundeak galtzea… Eta, jakina, ez da inondik inora ere berdin bi adibide horietara ekarritakoak alderantziz gertatu izan(go) balira. Baina, funtsean, arazo nagusiak bere horretan dirau: segurtasunaren aldarean, ñabardura sakrifikatzen jarraitu nahi izango dute ekintzaile nagusiek. Eta gainerakook, sormenaren indar guztiak ñabarduraren alde jarri ezean, "zibilizazioen arteko gatazka" formulazioak bere baitan daraman kontraesan gaindiezina gure kultur ekimen guztietan eta bakoitzean, salatu ezean, "segurtasuna versus askatasuna" amarruaren amaraunean eroriz gero, aukera bakarra izango dugu laster begien aurrean jarri nahi izango diguten bidegurutzean: "gurutzada" markatzen duen bide zabaletik abiatzea, armak hartuta Arma intelektualak edo bestelakoak, ez baitakigu-eta nolakoa izango den ekintzaileek "gure zibilizazioaren alde" eskatuko diguten konpromisoa…


Azkenak
Netanyahuk ez dauka “gerra osteko” planik Gazarako

Yoav Gallant Israelgo Defentsa ministroak publikoki leporatu dio Netanyahuri “gerra” amaitzerako planik ez izateak Israel behartuko duela Gazan kontrol militar eta zibila inposatzera. Palestinako Aginte Nazionalaren egitekoari buruzko eztabaidak talkak sortu ditu... [+]


2024-05-17 | ARGIA
LGTBIfobiaren aurka egingo dute ostiral arratsaldez manifestazio ugaritan

LGTBIfobiaren aurkako eguna da maiatzaren 17an eta arratsaldez mobilizazio ugari izango dira Euskal Herrian barrena. Albistearen bukaeran ematen dizuegu horietako batzuen berri.


Eguneraketa berriak daude