Minimoa eta maximoa


2004ko apirilaren 25an

Amsterdamen izan zen, duela hogeita bost urte edo. Van Goghen museotik gertu, eskultura handi bat zegoen zutik, hiru burdinazko xafla ikaragarriz eraikia. Kanpotik, egia, eskulturak ez zirudien gauza arranditsuegia: burdinazko forma bertikal erraldoi bat baino ez, belardi baten gainean jarrita. Ez dakit zenbat metro edukiko zuen garai, baina sekulakoa zen eskulturatzarra, hamabi metrokoa edo. Ene gogoan handi eta zutun geratu zen, betirako itsatsia, erraldoi eta itzel. Eskulturatzarra.

Aztarnarik ere ez neukan zer arraio ote zitekeen hura. Sekula ez nuen ikusi halako eskulturarik, gogoetarik ere ez nuen egundo egin eskulturaren funtzioaz. Kontua da, halako batean, eskultura haren barnera sartu eta hiru xafla haien artean aurkitu nuela harrapaturik neure burua. Hiru lauki zuzen baino ez ziren, elkarren kontra zutik jarrita. Hori bai, begiratzen zenuen gorantz eta, han goian, zeru zati bat ikusten zenuen triangelu batean magikoki harrapatuta. Perfekzio sekulakoa. Mistikoa izan zen han barnean eskulturak eragin zidan zirrara.

Minimalista zela esan zidan baten batek, eta orduan entzun nuen estreinakoz hitz harrigarri hori. Zer ote da minimalista izatea? Baina ez nuen adorerik izan inori ezer galdetzeko, ez nuen gogorik ezjakintzat har nindezaten. Gerora baizik ez dut ikasi zer den minimalismoa eta gaur da eguna, artegintzaren bide hori oraindik ere definitzera ausartzen ez naizena. Beti izan naiz gehiago, Arte Poveraren aldekoa: Kounellis, Mertz... Nolabait esateko, material beroagoen eta artebide zabarragoen adierazpenak ditut askoz ere maiteago.

Ezin ukatu, ordea, Amsterdameko eskultura hark bide berrien zantzua erakutsi zidala. Arte kontuetan, hobe direla leihoak zabalik itxita baino, ezagutzen ez den txori ederra pausa bailiteke, uste gabean, norberaren arimako hegian.

Zorionez, gainera, ordurako ezagutzen nituen Ad Reinhart pintore amerikarraren lanak eta haren teoria batzuk ere bai. Badakizue, Malevitxen bidearen ondotik, beltzaren gainean beltzez margotzen zuen erradikal huraxe: ez formarik, ez argirik, ez kolorerik... Oso gaztetan iritsi zitzaidan esku artera liburu bat eta, irakurritako guztia ulertu ez banuen ere, jabetzen nintzen arteak badaukala arrazoiaren bidetik harrapa ez daitekeen zerbait. Areago: osagai adierazi ezinezko bat eduki behar duela arteak, benetakoa izango bada.

Nire ezjakintasunean, Minimal Art izenekoa, Espresionismoaren bestalderako bidea izan zitekeela, pentsatu nuen. Bai, horixe pentsatu nuen. Beroaren lekua, hotzari eskaintzen zion zerbait zela. Ariketa geometriko minimoen bitartez, adierazpen sotilak lortzeko bide eder bat izan zitekeela Minimal deituriko bide berri hura. Gerora, Oteizarekiko hurbiltasunak eta parrandek, hori baino gehiago ere badela erakutsi zidaten, baina, tira, ez nintzen zeharo erraturik ibili hastapeneko neure juzkuan.

Bai, Amsterdameko eskultura hura Richard Serra handiarena zen eta benetan diot, harrez gero itsua naizela eskultore zintzoen lanarekiko. Pinturaren gainetik maite dudala eskultura, alegia. Niretzakoagoa dela iruditzen zait. Marrazten oso baldarra naizelako izango da, seguru asko, edo koloreekin ez naizelako ondo moldatzen. Ez dakit segur. Nolanahi den, eskultura askoren aurrean sentitu dudan estasirik (Tony Cragg, Richard Long, Mendiburu...) ez zait gertatu ez eta Las Meninas edo Guernicaren aurrean ere. Anormal xamarra izango naiz, seguru asko. Soilik Anselm Kiefer germaniarraren pintura bibliko batzuk iruditzen zaizkit eskulturen pareko. Bai, anormala izango naiz, zeharo.

Izanak izan, Amsterdameko egun hura mugarri gertatu zen niretzat. Richard Serraren pausoak jarraitzen saiatu naiz harrez gero han eta hemen. Haren lanik inon bada, ikusten eta, batez ere, sentitzen saiatzen naiz, eta beti jaso dut hiru xafla haien artean bizi izandako zirrararen oihartzuna. Serenitate moduko bat. Serrak ez dit oraino kale egin. Handia da estatubatuarra, benetan. Ene irudikoz.

Egia da, hala ere, bere lanean kurbak sartzen dituenean okerrago moldatzen naizela. Guggenheim Bilbao Museoa-ko Snake erraldoia da horietako bat. Atsegin bazait ere, ez zait sekulako eskultura begitantzen. Hobeak baditu Serrak. Askozaz ere.
Eta, lerro honetaraino iritsita, esango duzue: zer dabil orain Etxeberria, arte kontuez idazten, horretaz zerbait baleki bezala? Eta arrazoi duzue harritzeko, arrantza baizik ez baitezake astoak. Baina beste biderik ez zait bururatu Serrari diodan miresmena egiazkoa dela zuoi aitortzeko. Izan ere, pozarren behar bainuke albistearekin: lau metro garai diren zazpi eskultura itzel jarriko ditu Guggenheim Bilbao Museoak "Fish" izeneko salan, "Arraina" aretoan, alegia. Bai, pozik behar nuke "bizirik dagoen eskultore handienaren" lan horiek, 16.000.000 euro "bakarrik" ordainduko ditugulako. Neu izango naiz lehenengoetakoa obra horiek ikusten eta gozatzen, nahiz eta pentsatu, barruan baino, kanpoan behar luketela leku, izatekotan. Edukiko duten tamainarekin, absurdoa dela halako lanak teilatupean erakustea, zerua eta lurra bestelako osagai minimorik behar ez dutenean. Natura luketela osagai derrigorrezko eta berezko, alegia, Amsterdamgoaren antzera.

Ordea, Serrak berak esandakoa da, mundu guztian, Bilbon bakarrik egin diezaioketela gaurko egunean halako enkargu sekulakoa. Akabo ba! Non kabituko dira Bilbon ez bada?


Azkenak
Mutil-dantzak indartu eta babesteko deia luzatu du Plazara Dantzara elkarteak

Baztango lehen festak hastearekin batera, mutil-dantzak dantzatzera bultzatu nahi dituzte baztandarrak; hala adierazi dute Plazara Dantzara elkarteko kideek publikatu berri duten prentsa-oharrean. Aurreko urtea Baztanen bazterketarik gabeko lehenengo urtea izan zen eta horri... [+]


Gazako osasun zentroan %80 zerbitzuz kanpo dago

Gazako osasun sistema kolapsatzeko zorian dagoela jakinarazi du Osasun Ministerioak, erregai faltaren eta erasoen ondorioz. Urriaren 7tik 500 mediku eta 138 erizain hil ditu Israelek, eta 33 ospitale suntsitu. Rafah-tik 300.000 pertsonak egin behar izan dute ihes azken egunetan,... [+]


Heziketa perfektuaren sindromea: nekeak jotako gurasoak eta presioak itotako haurrak

Heziketa perfektua jasoko duen seme-alaba perfektua izateko nahiak eta espektatiba eta lorpenetan oinarritutako kulturak estresa, antsietatea eta jarrera arazoak sortzen dituzte, eta zabalduta dagoen fenomenoa da gainera. Hala dio ikerketa berri batek.


Ezinbesteko egoera

Apirilaren 2 eta 3an Parisen iragan zen epaiketa, dudarik gabe, judizialki memento historikoa izan zen. Lehen aldikotz euskal afera judizialetan, defentsa eta estatuaren ordezkariak aho batez mintzatu ziren.


Hil egin da Lizarrako langile bat, gidatzen zuen kamioian istripua izan ostean

51 urteko garraiolariaren kamioia irauli egin da Ejea de los Caballerosen (Aragoi). 2024an hiltzen den 23. langilea da.


Eguneraketa berriak daude