Mutiko batek, trafiko seinale batera hurbildu eta, espraia dantzatuz, bi letra eransten dizkio han idatziari: aurretik e, eta atzetik a. Hartara, lehen stop zioen lekuan estopa dio orain seinaleak. Iragarki bat baino ez da: Estopa musika talde sonatuaren azken diskoarena.
Kontua da iragarki hori aireratzeari uko egin diola hainbat telebista katek, eta Merkatu Komunikazioa Autoarautzeko Elkarteak ere kontrako epaia eman omen du. Lehendik ere banengoen delako elkarte horrena bost xentimoko pupua eta hamar mila euroko trapua ez ote zen, baina oraingo honetan marka guztiak hautsi ditu. Errepideetan jende asko hiltzen dela, eta trafiko seinaleak pintatzea, arriskutsua ez ezik, delitua ere badela, Errepideetako Segurtasun Legearen kontrakoa. Seinaleak lardaskatzea, eta bizikletaz edanda ibiltzea dira, antza, errepide istripuen eragile nagusiak.
Iragarkiak debekatzekotan, bada hori baino mila aldiz arriskutsuagoko iragarkirik telebistetan. Bat baino ez aipatzearren, hor dago Kas freskagarri laranjazkoarena, iragarle horrek »edo haren agentziak» aspalditxo hartu zuen txoro-bidetik. Neska gazte bat ageri da, lasterka, atzetik jende olde bat jarraika duela. Gaizki esan dut, azken bi segundoetan baino ez baita agertzen neska; gainerako hemezortzietan, haren ipurdia baino ez, lehen plano laranjazkoan.
Edan ez ezik pentsatu ere gorputz atal horrekin egiten dugula uste dutela uste dut!
OHARRA: Aukera hau hautatuz gero hurrengo aldietan ez dizu galdetuko ze instantzia erabili nahi duzun.
Aste honetan zenbaki berezia: Genozidioa gelditzeko, Israeli boikot
Herrien arteko elkartasunari gure aletxoa jarri nahi izan diogu. Euskal Herritik, euskaraz, herrien munduaren alde. Geldigaitza dirudien basakeriaren aurrean, duela bi urte bezala, ahotsa altxatzeko beharra sentitu dugu.