Haurrekin hondar arteko uhinetan


2004ko martxoaren 21an
Herrian bertan, bada gune bat, biotopo bat, erreka eta hondartzaren ingurua babesten dituena. Dunak zirela eta, 1997ko otsailaren 25ean Inurritzako biotopoa izendatu zen, 51Ha-ko azalera babesten zuen. Dunez gain, Inurritza ibai txikiaren estuarioa eta padura babestu ziren, besteak beste. Itsasotik gatozela hondartzaren atze aldean hondarra egonkortzen duten landare multzoek duna finkoak sortzen dituzte. Euskal Herrian oso egoera kaskarrean daude dunak. Oso ugariak ez izateaz gain, gizakiak bertan hiriak eraikitzeko leku paregabeak dira, itsas ertzeko lautada hareatsu eta zingiratsu hauek. Bere kontserbazio maila, eta ekosistema honen urritasuna kontuan izanda, babestu zen bere garaian, Inurritza.

Ibilbidea oso erraza delako, motza eta maldarik gabekoa alegia, haurrekin arratsalde edo goiz pasa egiteko egokia da. Naturak alderdi desberdin bat erakusten digu ibilbide honetan zehar. Padurako zenbait hegaztiren joan-etorri luzeak eta landareek lurrarekiko duten lotura, kontrajartzen dira. Mila kontu ikusi, ukitu eta entzun ditzakete haur, gazte, heldu eta adinekoek. Kontu hauetako batzuk paneletan txukun-txukun azalduak daude.

Oriotik edo A8 autopistatik gatozela, Zarautz zeharkatzen duen errepide nagusiak ibai bat, Inurritza ibaia, igarotzen du. Berehala, eskuinera eginez eraikuntza artean sartuz, ibilgailua utzi eta txangoari ekingo diogu. Inurritza ibaitxoa zeharkatzen duen zubian egingo dugu lehen geldialdia. Ibaitxo honi duela gutxi arte "rio peste" deitzen zitzaion zuen kiratsa dela eta, baina gaur egun kontuak beste batzuk dira eta ibaiaren ur kalitatea asko hobetu da. Baita bere usaina ere. Zubia igaro ondoren ezkerretara doan bideari jarraituz, ibaiaren eskuinaldean behera egingo dugu. Ibaiak itsasoratzen diren lekuetan lur ezegonkor, gozo eta emankorrak izaten dira. Gizakiak bertan baratzean aritzen dira.

Aurrerago araztegia dugu, ibai honen ur kalitatea hobetu duena. Araztegiaren ondoren, zuhaitz batzuk landatu berri dituzte eta hauen artean dago azala bereizgarri duen artelatza. Kortxoa ateratzeko erabili ohi da zuhaitz hori. Haurrei kortxo hau aurkitzeko erronka bota diezaiekegu ibilbidearen zati honetan.

Paduraren alboan goaz. Padura, ibaia itsasoratzen den gunean sortzen da. Ur gezak eta ur gaziak bat egiten dute eta bertako bizidunak gatz kontzentrazio aldaketa honi aurre egin behar izaten dio, behin eta berriro. Hemen bizi direnak oso bereziak dira batez ere urarekin kontaktuan dauden arrain, molusku, alga eta landareak. Egunero bi aldiz ur gazia izaten dute eta beste bi aldiz ur geza. Paisaiari so eginez ibai ertzeko landareetan erreparatuko dugu. Paduraren alboan dauden landareek alfonbrak dirudite, kolore mosaikoa osaturik. Berde tonu bakoitzean landare bat gailentzen da. Moluskuak ere baldintza hauetara egokituak daude, baita arrainak ere. Arrainen kasuan, gaztetxoak ugari izaten dira. Baldintza gogorretako inguru hauek oso emankorrak dira eta elikagaia edonon baino gehiago dago. Janari festa horretara inguratzen dira hegaztiak ere: txirritxoak, itsas mikak, kuliska buztan-beltzak, kurlinta handiak, hegaberak, buztanikarak, lezkariak, ihi txoriak, bernarrizak, buztangorriak eta kaioak, besteak beste. Hemen bizi dira, batzuk udan bakarrik besteak neguan, besteak egun bat edo beste igarotzen dute beren migrazio luzean atseden hartuz. Eta bada urte guztian zehar inguru hauetan bizi denik ere.

Ibaia itsasoratzen denean zubia zeharkatu eta hondartzak eta dunak aurrez aurre topatuko ditugu. Eskuinetara, iparraldean itsasoa eta hegoaldera begiratzen dugunarekin batera hondartza eta duna primarioa. Eta dunetan, mila kontu: dunak nola sortzen diren, hondar pilaketa nola burutzen den, gizakiak nola suntsitu duen... baina batez ere, landare hauek jasan behar izaten duten estres hidrikoa, egarria alegia. Dunak zeharkatuko ditugu, horretarako egokituriko bidezidorretatik eta panelak irakurriz. Bertako landareak ikusi, aztertu eta ukituko ditugu, baina hautsi edo zanpatu gabe. Bidean hondartzara jaitsi eta itsasoa aurrean dugula, San Anton Getariako arratoia ikusiz, Ketaren istorioa kontatu diezaiekegu gaztetxoei, edo zergatik ez, helduei ere.

Ibilbidera itzuliz, dunak amaitzen direnean, ezkerretara jarraituko dugu. Haurrekin gozatu baldin badugu txangoaz, azken abentura proposa diezaiekegu beraiei: zeinek lehenago aurkitu ibilgailua edo zein iritsi lehenago txangoa hasi duguneko puntura.

Errepideen eta etxeen ordez, garai batean, duna primarioak, sekundarioak eta gainerakoak izango zirela pentsatuz helduko gara abiapuntura.

Keta: Getariako arrantzale prestu eta lotsatia
Zarauzko hondartzatik garbi ikusten den lur mutur edo irla dugu San Anton, Getariako Arratoia. Bada istorio mitologiko bat mendixka honen jatorriari buruzkoa eta haurrei zein helduei paisaia paregabe honetan belarriak gozatzeko konta diezaiekeguna:
Kondaira honek dioenez, behin batean arrantzale gazte, langile, lerden eta bihotz oneko bat bizi zen Getarian, Keta izenekoa. Herriko emakume gehienen ametsa zen Keta. Baina, bi emakume Itegi eta Alsakarte izenekoak, mutil harekin maiteminduta zeuden eta nork bereganatuko lehian zebiltzan. Bi neska haiek maite zutela eta, mutikoa oso pozik zegoen, baina aldi berean lotsatuta, eta horregatik ez zien kasu handirik egiten bataren eta bestearen losintxei. Jaramonik eza zela eta, bi emakumeak hasieran aztoratuta ibili ziren, baina gero haserreak hartu zituen, biek uste baitzuten mutilak kasurik ez egitearen errua bestearena zela. Horrela ibili ziren denboraldi batean. Baina, behin batean, Ketak Golindo mendi hegalaren lautada batean, paseatzen zihoala, bi emakumeak borrokan topatu zituen, kolpeka eta tiraka, amorruaren amorruz. Zapuztuta, trukean maitasunik jasotzen ez duten maitaleak zitaltzen diren moduan ari ziren biak.
Hain zen sentibera Keta on puska hura, minduta eta zentzumena nahastuta, ezin izan zuen jasan liskar hark eragiten zion errudun sentimendua eta zeruari harri bihurtzeko eskatu zion. Bere eskaria bete eta berehala itsas barrenetik egundoko hareharrizko uhartea azaldu zen, makurtutako arratoi baten gorputzaren itxurakoa, Getariako badia ixten zuena: horra hor San Anton mendiaren jatorria. Keta harri bihurturiko mendixkaren alboan sortu zen herriak bere izena jaso zuen Ketarri, Getaria.
Baina zer gertatu zen bi emakumeekin? Euren irrika eta lo galtzeen eragilea gizaki izateari utzi eta behin betiko Getariako paisaiaren zati bihurtu zela konturatu zirenean, Itegi eta Alsakarte emakume xalo haiek, lotsaren lotsez, oihuka eta negarka hasi eta eurei ere gauza bera gertatzea nahi zutela eskatu zuten: jainko ahaltsuek entzun eta gaur egun biak han daude harrizko beso bihurtuta, Altxokoarri eta Iteko lurmuturrak baitira. Elkarrengandik hurbil, baina bananduta, eta begirada beti-betiko Ketarengan dutela.

Dunak indartzeko plan berria abian da
Zarauzko Arkamurka Natur Taldeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Zarauzko Udalak Ecologia Litoral enpresa kantabriarraren laguntzaz, hil honen 13an jarri zuten abian dunak indartzeko plan berria. Dunaren higadura murriztu eta bere eremua zabaltzeko helburuarekin, 60.000 landare landatuko dituzte eta baita hondar kaptadoreak jarri ere. Batez ere, zain luzeak dituen eta hondarra heltzen duen Hareondoko deituriko Ammophyla Arenaria landarea landatuko dute, eta jendeak zapalduz eginiko bidezidorretan, adar txikiz eta txilarrez eginiko egiturak jarriko dituzte. Asmoa duna osasuntsuagoa eta handiagoa egitea da.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude