Gipuzkoan bizi diren 5.200 pertsona baino gehiagori diagnostikatu zaie Alzheimer gaixotasuna. Gaitz horrek izugarri egin du gora azken urteotan. Urtero 140 kasu berri zenbatzen dira, eta orain 15 urte zeuden halako bi dira gaur egun diagnostikatutako kasuak.
Datu hauek biztanleria zahartzearen ondorio dira: gure gizartean gero eta adineko pertsona gehiago dagoenez, dementzia-moten prebalentziak ere gora egin du. Horrela, nabarmentzekoa da 65 urtetik gorakoen % 8, eta 80 urtetik gorakoen % 30 dementziatuak daudela. Alzheimer gaitzak hartzen ditu, hain zuzen, dementzia-kasu horien guztien % 60.
Aurreikuspenen arabera, egoera urtetik urtera larriagoa izango da (adibidez, 2020. urtean gipuzkoarren lautik batek 65 urte baino gehiago izango ditu). Eta horri aurre egiteko Gipuzkoako Foru Aldundiak neurri bereziak jarri ditu martxan.
Batetik, Alzheimer Plana dauka abian, gaitz horrek jotako pertsonen atentzioa ziurtatzeko. Plan horrekin laguntza berezia eskaintzen zaie gaixoei beren etxeetan eta hainbat erakundetan, eta gaixoen senide eta familiartekoei ere bai.
Bestetik, Sendian izeneko programa ere zabalduz doa poliki-poliki: 100 familia berritara iritsiko da aurten. Horrela, aurten 60 herritako 1.000 familia izango dira trebakuntza eta laguntza psikologikoko ikastaroak jasoko dituztenak eta dementziak jota dauden pertsonentzat jarritako opor-programa berezia disfrutatu ahal izango dutenak.
Zentro gerontologiko eta sozio-sanitarioetan plaza berriak ireki dira eta aurrerantzean gehiago ere irekiko dira. Beharrezkoak dira egunetik egunera ugariagoak diren, eta laguntza eta arreta konplexuak bezain garestiak behar dituzten pertsonak behar bezala artatu eta zaintzeko.