Jose Manuel Castells: «Eskuduntzarik gabeko erreferendumera deitzen duena kartzelara joan daiteke»

  • Ibarretxe Plana, Kataluniako egoera politikoa, Espainiako Estatuko martxoko hauteskunde orokorrak eta euskal gatazka delakoa izan ditugu hizpide zuzenbidean aditua eta politikaz interesatua den Jose Manuel Castellsekin.

2004ko martxoaren 07an
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak
Jose Manuel Castellsek 35 urte daramatza unibertsitatean: «EHUko unibertsitatea une onean ikusten dut. Baikorra naiz. Errektore kargurako zazpi hautagai aurkeztu dira »Manu Montero errektoreak apirilean utziko du kargua». Orain arte, bat edo bi hautagai baino ez ziren aurkezten. Azken hauteskundeetan hiru izan ziren, salbuespena. Aldion zazpi izateak lanerako gogoa agertzen du, datu positiboa da».
Gure solaskidea ez da bakarrik irakaskuntzan aritu izan azken urteetan, politikan ere aritu zen behiala. Trantsizio garaian sortutako ESEIko idazkari nagusia izan zen. Alderdi hura 1981ean desagertu zen: «Egun ESEIren esparru ideologikoan mantentzen naiz. Nazionalismo eta ezker moderatu batean kokatzen dut nire burua. Nazionalismo demokratikoa deitua sostengatzen dut», adierazi digu Castellsek. EAEko azken hauteskundeetan EAJ-EA koalizioaren alde agertu zen.

25 urte joan dira demokraziarako trantsiziotik. Trantsizio berri batez hitz egiten da gaur egun. Zer iritzi duzu zuk?
Nik beste une politiko batean gaudela esango nuke. Garaiak zeharo ezberdinak dira. 1978an, trantsizio garaian, ez zen Espainiako Estatua Europako Batasunean sartuko ote zen kontuan hartu, ezta egoera ekonomikoaren larrialdia ere. 1974an, petrolioaren herri ekoizleekin hasi zen krisi ekonomikoa, geroago, krisi industrialarekin, handitu zena. Gurean, euskal industria bertan behera geratu zen. Orduan, Estatuan zazpi erakunde terrorista inguru ziren, orain bakarra izaki. 1978an, halaber, askatasun espresioa zabalagoa zen, baita gaitasun kritikoa ere. PPk Gobernua hartu zuenetik ordea »Suarezen UCD eta Gonzalezen PSOE ez ziren pentsamendua monopolizatzen saiatu» hedabide indartsuenak PPren eta Estatuko botereen alde daude.

Garaiak garai, egoerak egoera, Estatuaren eredua birplanteatzen ari ote da?
Bai, birplanteatzen ari da, baina beste gauza bat da berau aldatuko ote den. Katalunia, Euskadi eta Galiziako BNG Estatuaren eredu berri bat planteatzen ari dira. Dagoen eredua bota gabe, nazionalitateen arteko estatu asimetrikoa eta anitza nahi dute. Estatuko nazioak onar ditzan benetako Estatu bat nahi dute oraingo estatu autonomikoaren ordez. Konstituzioaren 2. artikuluak dioen bezala, nazionalitateen kontzientzia handitzea nahi dute, eta horretarako Konstituzioarekiko koherentzia eskatzen dute. Aldarrikapen teorikoa Kataluniatik dator, indartsu. Katalanek estatu federal asimetrikoa nahi dute.

Testuinguru horretan agertu da hain zuzen Eusko Jaurlaritzaren Estatutu proiektu berria; Ibarretxe Plana deitua. Nola ikusten duzu berau une honetan?
Bigarren lerroan. Izan ere, Kataluniako alderdi gehienek autonomia estatu baten adostasuna lortu dute eta Estatutu Proiektu berria aurkeztuko dute aurten. Honek Ibarretxe Planari protagonismoa kendu dio nolabait. Katalunian, PP kenduta, gainontzeko alderdiek estatutu berri bat eskatzen dute. Nolanahi ere, proiektu horrek aurrera egiten badu »egiten badu diot, CiU oposiziora pasa baita, eta beste proiektu alternatibo bat aurkeztuko balu egoera alda liteke» Katalunian aterako den estatutu proiektua Ibarretxeren planaren ildoan joango da funtsean.


Kataluniako Gobernu berriak bi krisi bizi izan ditu ETA eta Carod-Roviraren afera dela medio. Zer iritzi duzu gertatuaz?
Beste lurralde batean gertatu izan balitz, krisiek Gobernuaren haustura ekarriko lukete ziur aski. Katalanen sen politikoak baina, Kataluniako egoera eta une politikoa ez direla Espainiakoak agertu du berriz ere. Katalanek imajinazioa dute eta Gobernu hirukoitzak aurre egin dio krisi larri horri. Aznar eta Raxoi, behin eta berriro, Pasqual Maragallen Gobernua eta ETA uztartzen saiatu dira, baina Genelaritateko presidenteak honela erantzun die: «Guk ETAren aurkako itun bateratu bat nahi dugu. Beraz zabal ezazu ‘Terrorismoaren aurkako’ ituna alderdi politiko guztietara eta batu gaitezen».
Maragall PSOEko kidea da eta itun horren baitan dago, baina bere Gobernuko beste alderdientzako tokia eskatu du. Maragallek Espainiako Gobernuari estatu mailako Ajuria Enea moduko mahai bat proposatu dio. Maragallek katalanek politikarako duten dohainak erakutsi ditu, baita Katalunia Espainiako sistema gutxiesgarri eta erredukzionistatik, eta gaiztoen eta onen eskematik kanpo dagoela ere. Katalunia beste mundu politiko bat da.

Katalanak aurrerago al daude politikan?
Katalanak abangoardia izan dira, baina ez beti. Gure Autonomia Estatutua beraiena baino lehenago gauzatu zen. Euskaldunok aurrea hartu genien. Ibarretxe Plana, testu artikulatu edo proiektu moduan, lehena da.

Espainiako Gobernuak Plana Auzitegi Konstituzionalera eraman du Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzea debekatua izan dadin. Zer esan nahi du horrek zuzenbidearen alorretik begiratuta?
Espainiako Gobernua Auzitegi Konstituzionalean sartu da, ez dagokion alor batean alegia. Zuzenbide administratiboko eskuliburuek diotenez, lege proiektu baten tramitazioa Parlamentuari dagokio, bera da arduraduna. Lizentziatura mailan erakusten den oinarrizkoa da. Haatik, errealitatea bestelakoa da. Nire lankide batzuek, adibidez, jakintsuak oso antza, Auzitegi Konstituzionalak Estatutu Proiektuaren aurka ekitea ontzat ematen dute. Prozedura hori zuzena dela argudiatzen dute edo ahalegintzen dira behintzat.

PPren eragina unibertsitateraino iritsi da.
PPk iritzi korronte bat sortu du maila guztietan, unibertsitatean nahiz intelektualen artean, eta oso zintzoki ari zaizkio. Orain arte oinarrizko eskubideen aurkako gehiegikeriak gaizki hartzen zituzten irakasle horiek, liberalak nonbait, PPrekin lerrokatu dira. Alegia, ETA eta bere inguruaren aurkako guztiak balio du, baita nazionalismo demokratikoaren aurkakoa ere. Funtsean, PP ez denaren guztiaren aurkakoa.

Estatutu Proiektua eztabaidatzeko aukera ikusten al duzu?
Auzitegi Konstituzionala legelariek ordezkatuta dago. Gehiengoen eta gutxiengoen arteko jokoa da. Alabaina, gai hau ez litzateke horren arabera ebatzi beharko. Nolanahi ere den, ustekabeak izan daitezke.

Baikorra zara, beraz?
Baikorra, baina bere neurrian.

Demagun proiektua eztabaidatzen dela. Eusko Legebiltzarreko gehiengoaren baietza izango balu Espainiako Gorteetara joango litzateke, Kongresu eta Senatura. Orduan lege organikoa izateko tramitatuko litzateke. Baina, PPk berriz ere gehiengo osoa lortzen badu...?
PPk gehiengo osoa lortzen badu proiektua mahaiko tiraderan sartuko da eta hurrengo batera arte. Aitzitik, Gobernuaren osaketan beste alderdi batzuek esku sartzea izango balute, baliteke beste autonomia itun bat gauzatu ahal izatea. Ez da, hala ere, Ibarretxeren Planari baiezko osoa emateko moduko egoerarik izango, baina Planaren hainbat alderdi landu litezke. Puntu batzuk moldatu edo behartu litezke nolabait. Baina ez gara horretara iritsi.


Planak Estatuaren ordenamendua alda dezake?
Espainiako ordenamendua autonomikoa da. Baina, adibidez, Espainiako Estatua Europako Batasunean sartuz gero zazpi eskuduntza esklusibo galdu ditu: moneta, armada, itsas eskuduntzak… Horiek Estatuaren erreforma moduko bat ekarri dute. Espainiak, Konstituzioa batere erreformatu gabe, subiranotasun maila bat galdu du Europarekiko. Estatua egitateen indarrez aldatu da. Estatua Estatutuen erreformaren bidez erreformatu daiteke. Konstituzioaren erreforma ez bada ere, gauzatu daiteke Autonomia Estatutuen erreforma estalia edo ez formala, nolabait.

Ibarretxe Plana gauzatzeko ez da Konstituzioa aldatu behar, teorikoki behintzat.
Katalanek beren proiektuan Konstituzioaren irakurketa berri bat aipatzen dute.

Planaren puntu garrantzitsu bat erreferenduma da. Herri kontsulta egin ahal da legearen bidetik aparte?
Hori herriari deiadarra egitea da. Iruñeko Gaztelu plazako aparkalekuari buruzko kontsulta adibide bat izan zen. Erreferenduma jarri zen martxan eta Udaletxeak justiziaren administraziora jo zuen. Nafarroako Auzitegi Gorenak horrela esan zuen: «Erreferenduma inkesta moduko bat da, zeinean herritarrei iritzia eskatzen zaigun...». Bide hori onartu zen, baina harrezkero, legearen erreforma berriak erreferendumaren deia egitea zigortzen du sei urteko kartzelaz. PPk erreforma hori Senatuan burutu zuen abenduan; inoren emendakinik onartu gabe. Eskuduntzarik gabeko erreferendumera deitzen duena kartzelara joan daiteke.

Martxoko hauteskundeak hizpide orain, nola ikusten dituzu berauek?
PP eta PSOEren arteko polarizazioak baldintzatuko dute kanpaina. Katalunian, ERCren inguruan gertatutakoaren ondoren, aldaketa sumatzen da. ERC diputatu bat izatetik zortzi izatera pasa daiteke. Hego Euskal Herrian, berriz, Nafarroa Bai-ren emaitzak adierazgarriak izan daitezke. EAJ sendo atera daiteke, halaber. Finean, PPk gehiengo osoa berrituko ote duen edo ez, horixe da gakoa.

Azkenik, Batasuna legez kanpo izaki, nola ikusten duzu gatazkaren ebazpena?
Espresio, asoziazio eta antolakuntzaren askatasun ikuspegitik ikusita, demokrazia oso kaltetua dago. Gatazkaren ebazpenerako oso da kaltegarria. Adibidez, Irlandan, IRAren amaiera Sinn Feinen bidez iritsi zen, IRAren adar politikoa. Sinn Feinek IRAren borroka armatua bukatutzat eman zuenetik IRArekin elkarrizketak sendotu ziren, alegia, oso jarrera garbia hartu zuen unetik. Sinn Fein klabea izan zen Irlandako eta Ingalaterrako Gobernuarekin izandako negoziazioetan. Hemen ordea, ‘bertako Sinn Fein’ legez kanpo utzi dute. Nola gauzatu daiteke Ajuria Eneko Itunean idatzi zen bukaera elkarrizketatua? Urte bat barru, Batasunak Eusko Legebiltzarra eta Nafarroako Parlamentuko azken gotorlekuak galduko ditu, ordezkaritzarik gabe geratuko da. Batasuna eta ETA gauza bera dela erabaki dute, ez dago mintzakiderik, eta hori oso larria da. Irtenbide bat behar da, lehenik hitz egiteko eta gero negoziatzeko. Pedro Arriolak, Zurichen ETArekin elkarrizketatu zen Aznarren ordezkariak esan zuenez: «Gatazka bat dago eta negoziatu behar dugu. Konstituzioa eta Estatutua ez dira mugiezinak».


Azkenak
Aste Nagusia manteroen erreparaziorako eta justiziarako aukera gisa

Polizia jarduera arrazistak dira araua Bilbon. Manteroei salgaiak konfiskatzen dizkiete, dirua eta objektu pertsonalak kentzen dizkiete, tratu txarrak ematen dizkiete eta mespretxatu egiten dituzte, indarkeriazko murrizketekin, identifikazioekin eta atxiloketekin.


Sexu-indarkeria Antartikako ikerketa-base estatubatuarretan

AEBko Zientzia Fundazioaren Antartikako Programak (USAP) jakitera eman duenez, Antartikako ikerketa-baseetan 2022-2024an egin duten galdeketan, parte-hartzaileen % 41k adierazi du sexu-erasoa edo sexu-jazarpena jasan duela.


Gasteizen kalean bizi diren maliarrak Oñati eta Tolosara mugituko ditu Jaurlaritzak

50 maliar inguru ari dira kalean bizitzen Gasteizen beren asilo eskaeren ebazpenaren zain. Eusko Jaurlaritzak Oñati eta Tolosako harrera zentroetara mugituko ditu Espainiako Gobernuaren pasibotasunaren aurrean, horren eskumena baita eskaerak ebaztea eta ostatu alternatiba... [+]


Feng Shui pianoan

Fitxa: Musika Hamabostaldia. Victoria Eugenia Zikloa. Mitsuko Uchida (pianoa).
Egitaraua: Beethovenen hiru azken sonatak.
Lekua: Donostiako Victoria Eugenia Antzokia.
Data: abuztuaren 18a.

Mitsuko Uchidak Musika Hamabostaldia bisitatzen duen hirugarren aldia da. Bere estiloak... [+]


Zangozako Muga meategia finantzaketarik gabe geratu da, txinatar inbertitzaileek atzera egin ostean

Txinako Qinghai enpresak atzera egin eta ez ditu 257 milioi euro inbertituko potasa meategi proiektuan. Finantzaketarik gabe ez ezik, Muga meategia ustiatzeko lizentzia ere ez du proiektuak, 2024ko urrian Nafarroako Justizia Auzitegiak bertan behera utzi... [+]


2025-08-20 | Ahotsa.info
Ibaitik itsasoraino, Tuteratik Hendaiara, Palestinaren aldeko ibilaldia irailaren 10etik 20ra

Ibilaldiaren helburuak dira, alde batetik, Euskal Herrian kausa palestinarra babesteko sarea ikusaraztea eta aktibatzea, eta, bestetik, sionismoarekin kolaboratzen duten enpresa eta erakundeak salatzea, hala nola CAF, Teva, Carrefour, Zara eta Bardeako tiro poligonoa. Euskal... [+]


Manteroen kanpalekua desegin du Poliziak Bilbon, eta konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu dute

Bilboko Udaltzaingoak kale saltzaileak Bilboko Gas plazatik kanporatu ditu, bertan bizi baitira kale egoeran Aste Nagusian salmentak handitzeko asmoarekin. Bilboko Konpartsek eraso arrazisten kontrako protokoloa aktibatu, eta elkarretaratzea egin dute.


2025-08-20 | ARGIA
Jaurlaritzaren publizitate banaketa
Hedabide erdaldunen zakua, gero eta gizenago

Hedabideen artean erakunde publikoek urtero publizitatearen bidez banatzen duten diru-zakua milioika eurotan zenbatu daiteke. Baina sistema garden eta justu baten faltan, medio batzuk argi eta garbi irabazten irteten dira banaketa horretan, eta Eusko Jaurlaritzaren... [+]


Zizur Nagusian emaztea hil zuen gizonak behin-behineko espetxealdia etxean beteko du

85 urteko gizonak bere emaztea hil zuen uztailean, eta Poliziaren ikerketaren ondoren behin-behineko espetxealdian zegoen. Orain, Nafarroako Auzitegiko Bigarren Atalak esan du gizonak "ageriko narriadura kognitiboa" daukala eta "zaurgarria" dela.


Europak Israeli masiboki armak erosten jarraitzen du: Elbit taldeak 1.600 milioi euroko kontratua sinatu du Serbiarekin

Gazako palestinarren aurkako genozidioa aurrera doan bitartean, Europak Israelgo armagintza industria hauspotzen jarraitzen du. Elbit Systems Israelgo armagintza enpresa ezagunak joan den astean iragarri zuen Europako herrialde batekin 1.600 milioi euro baino gehiagoko kontratua... [+]


2025-08-19 | Gedar
22 langile kaleratuko ditu Bridgestonek azpikontratatutako Serveok

Plantillak astelehenean ekin dio grebari, kaleratzeei ezetz esateko. Espedientearen kontsulta-aldia abuztuan hasi izana salatu du Hego Uribeko LASek, enpresaren asmoa "langileen mobilizazioa eta erantzuna oztopatzea" izan delakoan.


Jordaniak derrigorrezko soldadutza ezarri du “Israelgo eskuin muturraren mehatxuaren” aurrean

Komunikazio ministro eta gobernuaren bozeramaileak iragarri du neurria. Berehala galdetu diote ea mehatxuren batek bultzatu duen erabakia, eta horri erantzun dio "mehatxua Israelgo eskuin muturretik" datorrela.


Bi langile hil dira lan istripuetan pasa den astean

Abuztuaren 13an, 54 urteko Nafarroako garraiolari bat hil zen Bartzelonan deskarga lanak egiten zituen bitartean. Hurrengo egunean, Errenteriako Merkaoiartzunen 58 urteko langilea hil zen istripu ez-traumatiko baten ondorioz.


Portugaletik Turkiara, Europa hegoaldea sutan

Bero boladek, haizeak eta lehorteek suteak pizteko aukerak bikoiztu dituzte Europan. Portugal, Espainia, Grezia eta Turkia pairatzen ari dira suterik handienak. Milaka suhiltzaile eta herritar ari dira suaren kontra borrokan Europa hegoaldeko herrialdeetan.


Eguneraketa berriak daude